Ireki menu nagusia

Juan Díaz de Garayo

Serieko hiltzaile arabarra
Sakamantekas» orritik birbideratua)

Juan Diaz de Garaio Ruiz de Argandoña (Egilatz, Donemiliaga, 1821eko urriaren 16a - Gasteiz, 1881eko maiatzaren 11), izengoitiz Sakamantekas eta Zurrumbón deitua, XIX. mendeko serieko hiltzaile arabarra izan zen.

Juan Díaz de Garayo
Sacamantecas.jpg
Bizitza
Izen osoa Juan Díaz de Garayo y Ruiz de Argandoña
Jaiotza Egilatz1821eko urriaren 17a
Herrialdea  Araba
Heriotza Gasteiz1881eko maiatzaren 11 (59 urte)
Heriotza modua heriotza zigorra: Garrotea
Jarduerak
Jarduerak serieko hiltzailea eta nekazaria
Izengoitia(k) Zurrumbón eta Sacamantecas de Vitoria

1870 eta 1879 bitartean, 13 eta 55 urte arteko sei emakume bortxatu eta hil zituen, horietatik lau prostitutak. Biktima batzuk mutilatu zituen. Horrez gain, zapuztutako hainbat hilketa ahalegin egotzi zioten. 1880an atxilotu zuten eta heriotza zigorra jarri zioten. Gasteizko Sutaustegi Zaharreko presondegian garrotez hil zuten. Sakamantekas berehala oso famatu egin zen eta, geroztik, haurrak beldurtzeko kontatzen diren istorioetako protagonista da. Haren bizitza eleberri eta filmera (Cuerda de presos) eramana izan da.

BizitzaAldatu

Juan Diaz de Garaio Egilatzen jaio zen 1821eko urriaren 16an. Arabako Lautadako hainbat herritan jardun zuen laborari eta morroi lanetan: Agurain, Alaiza, Izartza, Okariz eta Añuan.[1]

1870eko udaberrian burutu zuen lehen hilketa. Prostituta zahar bat izan zen biktima eta estrangulatu ondoren, gorpua bortxatu eta labanaz sabela ireki zion. Hurrengo urteko udaberrian, gauza bera egin zuen beste adineko prostituta batekin. Hurrengo bi krimenak 1872ko abuztuan izan ziren, elkarren segidan. Hirugarrena 13 urteko neskatoa izan zen, eta laugarrena berriro ere prostituta, baina aurrekoak baino gazteagoa. 1873 eta 1874an bi saiakera egin omen zituen baina, kasu hauetan, biktimek -beste prostituta bat eta eskale bat- ihes egitea lortu zuten.[1]

Urte batzuk pasatu ziren Diaz de Garaiok bere helburu makurra berriro lortu arte. Ofizialki behintzat. Izan ere, badira leporatu zitzaizkion baino hilketa gehiago egin zituela pentsatzen dutenak. Lau aldiz ezkondu zen Garaio eta hiru aldiz alargundu. Emazteak erraztasun harrigarriz hil zitzaizkion, baina ez zuen inork frogatu ahal izan heriotza horietan senarrak zerikusi zuzenik izan zuenik. 1878 eta 1879an, berriro, Sakamantekasen bi saiakerak alferrikakoak izan ziren, baina urte horretako irailean bosgarrena erori zen eta handik bi egunera seigarren eta azkena. Biak inguruko nekazari gazte eta sasoikoak ziren eta hauekin Garaiok bere sadismoa muturrera eraman zuen gorpuak mutilatuz.[1]

Ordurako Arabako Lautadan beldurra errotuta zegoen eta Sakamantekasen mitoak Arabako lurrak gainditu zituen berehala. Hiltzailea bilatzeko ahaleginak ere gero eta handiagoak ziren. Baina azkenean kasualitateak eraman zuen Diaz de Garaio justiziaren aurrera. Egilaztarra baserri berri batean sartu zen morroi eta inoiz ikusi ez zuen haur batek hatzarekin seinalatu eta “Hori aurpegia! Sakamantekas ematen du!” bota omen zuen. Garaio atxilotu zuten orduan eta, polizien harridurarako, atxilotuak bere krimen ilunak aitortu zituen. Gasteizko Polborinean garrotez hil zuten 1880an.[1]

Garaiko kronikoek diotenez, Garaiok “Neanderthalen kaskezur eta kopeta du, masailezurra ohikoa baino handiagoa eta aurpegian asimetria ugari dauka”. Cesare Lombrosok bere L'uomo delinquente liburuan deskribatu zuen kriminalaren profila zuen -gaur egun, noski, Lombrossoren teoriek ez dute baliorik, ezaugarri fisikoek ez baitute jarrera kriminalean zerikusirik-. Hil ondoren, hamar forensek aztertu zuten haren garuna Gasteizen eta Madrilen. Ondorioetan bat egin zuten denek: Garaio ez zegoen eroa, bere erabakiak erabat kontzienteki hartu zituen.[1]

MitoaAldatu

Sakamantekas Diaz de Garaio baino gehiago da. Hainbat belaunalditan Euskal Herrian, eta hemendik kanpo ere, haurrak izutzeko erabili den mitoa da. Baina Egilatzeko hiltzaileak une eta toki egokian egin zituen bereak titulua jasotzeko. Mitoa XIX. mende erdialdean sortu baitzen, burdinbidearen etorrerarekin batera. Zaldi eta gurdietara ohitua zegoen gizarteak errezeloz hartu zuen burdinazko tramankulu erraldoi hura; 100 km/h abiadura harrigarria zen garai hartan, harrigarriegia gauza onerako. Zurrumurruak zabaldu ziren berehala: abiadura haren sekretua gurpilei ematen zieten olio finean omen zegoen, eta olio hura haurren gantz samurretik baino ezin zitekeen lortu. Horregatik trenaren jabeek gaizkileak kontratatzen zituzten haurrak bahitu, Manchester edo Liverpoolera eraman eta bertan galdara erraldoietan urtzeko. Beldurrak bi lan egin zituen Sakamantekasen kasuan: lehenik mamua sortu zuen; ondoren, mamuari benetako identitatea eman zion, Diaz de Garaioren hilketak aprobetxatuz.[1]

ErreferentziakAldatu

  1. a b c d e f Irazustabarrena, Nagore «Ihesi: Balloko haitzetan gora, Sakamantekasen beldur» Argia astekaria, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported lizentzia . Noiz kontsultatua: 2018-06-09.

Kanpo estekakAldatu