Robert Hooke (Freshwater, Wight uhartea, Erresuma Batua, 1635eko uztailaren 18a - Londres, Erresuma Batua, 1703ko martxoaren 3a), natura filosofo eta arkitekto britainarra izan zen.

Robert Hooke

katedradun

1665 -
Bizitza
JaiotzaFreshwater (en) Itzuli1635eko uztailaren 18a (juliotar egutegia)
Herrialdea Ingalaterrako Erresuma
HeriotzaLondres1703ko martxoaren 3a (juliotar egutegia) (67 urte)
Hobiratze lekuaSt Helen's Bishopsgate (en) Itzuli
Familia
AitaJohn Hooke
AmaCecily Gyle
Ezkontidea(k)ezkongabea
Hezkuntza
HeziketaChrist Church (en) Itzuli
Wadham College (en) Itzuli
Westminster School (en) Itzuli
Oxfordeko Unibertsitatea
Tesi zuzendariaThomas Willis (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
latina
antzinako greziera
Irakaslea(k)Robert Boyle
Christopher Wren (en) Itzuli
Richard Busby (en) Itzuli
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakarkitektoa, astronomoa, fisikaria, eguneroko-idazlea, unibertsitateko irakaslea, filosofoa, asmatzailea, biologoa eta naturalista
Lantokia(k)Oxford
Epsom eta Londres
Enplegatzailea(k)City of London Corporation (en) Itzuli
Gresham College (en) Itzuli
Royal Society  (1677 -  1683)
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaRoyal Society
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaanglikanismoa

Find a Grave: 10309088 Edit the value on Wikidata

Zientziaren historian pertsonaia garrantzitsua izan zen eta biologia, medikuntza, kronometria, mikroskopia, fisika, nautika eta arkitektura [1]bezalako arlo desberdinetan aritu zen. Londresko Royal Society of London elkarte zientifikoaren sorreran hartu zuen parte.[2]

Zientziaren historiaren parte bilakatu dira Isaac Newton-ekin grabitazio unibertsalaren legearen inguruan zituen eztabaidak: [3]badirudi Hook-ek ez zituela garatzen bere ideia originalak.


1662. urtean Londresko Royal Societyko esperimentazio zuzendaria izan zen eta 1677an idazkaria izatera ere heldu zen. Zientziaren alorrean prestigioa lortu arren, bere aztarnak St Helen elizan (Bishopsgate), City of London-en daude, baina bere hilobiaren kokaleku zehatza ezezaguna da.[4]

Azken urtetan, historialari eta zientzialari batzuk  ahalegina egin dute "ahaztutako jenioa” (Stephen Inwood biografoetako baten hitzak) aldarrikatzen.[5] 2003an, Hookeren heriotzaren hirugarren mendeurrenean, Greenwicheko Errege Behatokia-k  (Londonen kokatua) bere asmakizun eta aurkikuntza bikainak erakutsi zituen.[6]

Biografia

aldatu

Hookeren bizitza goizitiarra bere autobiografiarengatik ezagutzen da hein handi batean. 1696an hasi zen idazten baina ez zuen amaitu. Richard Waller-ek “The Posthumous Works of Robert Hooke, M.D S.R.S” izeneko obraren sarreran aipatu zuen, 1705. urtean inprimatua. Wallerren lanak John Ward-en "Lives of the Gresham Professors" eta John Aubrey-ren "Brief Lives" lanekin batera, Hookeren garaikideek idatzitako obra bikainen hirukotea osatzen dute.

Bizitzako lehen urteak

aldatu

Robert Hooke 1635ean jaio zen Freshwater-ko Wight uhartean. John Hooke eta Cecily Gyles-en semea zen. Robert izan zen lau seme-alaben artean gazteena (bi mutil eta bi neska). Bere aita Ingalaterrako Elizako elizgizona eta Santu Guztien Elizako parrokoa zen. Bere bi anaiak (Roberten osabak) ere ministroak izan ziren. John Hooke bertako eskola batetaz arduratu zen eta ondorioz Roberti irakasteko gai izan zen, gutxienez etxean balitz ere (txikitako osasun ahularen ondorioz agian). Monarkiaren aldekoa zen eta ia zalantzarik gabe, Igalaterrako Karlos I.a errespetatzera joan zen talde bateko kidea, hain zuzen ere,  erregeak Wight uhartera ihes egin zuenean. Robert, elizgizona eta monarkiko amorratua izateko hezia izan zen.[7]

Behaketak, obra mekanikoak eta marrazkigintzak Robert Hooke liluratu zuten bere gaztaroan baina bizitzan zehar modu ezberdinetan mantendu zituen interes hauek. Letoizko erloju bat desmuntatu zuen eta egurrezko erreplika eraiki zuen. Diotenez, “ongi” funtzionatzen zuen. Berak prestatutako ikatz-marrazki, klera eta burdin oxidoaren pastarekin marrazten ikasi zuen.

Bere aita hil zenean, 1648. urtean, Hookek 40 libera jaso zituen oinordetzan eta bere irakaskuntza ordaindu zuen diru horrekin; mekanikarako erraztasuna zuenez, bere aitak uste zuen erlojugilea edo ilustratzailea izango zela, nahiz eta margolaritza ere interesatzen zitzaion. Hooke ikasle ona zen eta Londresera bidaiatu zuen. Samuel Cowper eta Peter Lely-ren ikaslea izan zen eta ondoren Westminister School-en sartu zen Richard Busby-ren tutoretzapean. Hookek azkar menderatu zituen latina eta greziera, hebreera ikasi zuen, Euklidesen elementuak sakonki ezagutu zituen eta mekanikaren azterketa iraunkorrean abiatu zen.[8]

Esan bezala, Busby izan zen bere irakaslea eta garaiko iturrien arabera Hooke eta bere ikaskideak ez ziren asko joaten eskolara. Busby monarkiko sutsua zen eta Karlos erregearen Ingalaterran loratzen hasi zen ikerketa zientifikoaren espiritua babesten saiatu zen nahiz eta protektoratuaren irakaskuntza bibliko literalekin bat ez etorri.

Oxford

aldatu

1653an, Hookek (organoaren inguruko 20 lezio musikalek osatutako ikastaro bat burutu zuen) Oxfordeko Christ Church-eko abesbatzako kidea izatea lortu zuen.[7] Thomas Willis miresten zuen eta honek “kimikako laguntzaile” gisa lana eman zion. Bertan, Robert Boyle filosofo naturalarekin topo egin zuen eta bere laguntzailea izan zen 1655. urtetik 1662. [9]urtera arte. Urte horietan “machina Boyleana” edo Boyleren aire bonbaren eraikuntza, eragiketa eta frogaketa burutu zituzten. 1659an Hookek hegaldiaren metodo batzuk deskribatu zizkion Wilkins-i, baina ohartu zen giza muskuluak ez zirela gai hori lortzeko. 1662 edo 1663. urtera arte ez zuen Oxfordeko maisutza lortu.

Oxford garrantzitsua izan zen Hookerentzat arrazoi ezberdinengatik. Batetik, zientziarenganako zuen pasioan oinarrizkoak izan zirelako bertan bizitako egunak eta bestetik, bertan egindako lagunak ezinbestekoak izan zirelako bere karreran, batez ere Christopher Wren. John Wilkins-ek eragina izan zuen Hookerengan eta ingurukoengan. Wilkins, Busbyren antzera, monarkiko sutsua zen eta garaiko nahaste eta ziurgabetasunaz kontziente zen. Protektoratuak mehatxatutako lan zientifikoak kontserbatzeko beharra zeukan. Wilkinsen estudioan egindako “bilera filosofikoak” garrantzitsuak izan ziren zientifikoki eta intelektualki nahiz eta bilera horien edukiak ez duten biziraun, Boylek 1658an gauzatutako esperimentuak izan ezik. Talde hau Royal Society-ko nukleoa izatera pasatu zen. Hookek, Ralph Greatorex-en aire bonba kontuan hartuta, beste aire bonba bat sortu zuen Boyleren esperimentuetarako. Izan ere, Hookere hitzetan Greatorexen aire bonba ez zen egokia edozein lan egiteko (“Too gross to perform any great matter”).[10]

Jakina da Hookek intuizio berezi bat zuela eta matematikari trebea zela, Boyle aldiz ez. Gunther-ek iradokitzen du, seguruenik Hookek egin zituela behaketak eta Boyle-Mariotteren legearen matematikak ere berak garatu zituela. Hala eta guztiz ere, argi eta garbi dago Hooke Boyleren laguntzaile garrantzitsua izan zela eta elkarrekiko errespetu handia zutela.

Willisen De anima brutorum liburua Wellcome Libray-n aurkitzen da. Liburuak eta Hookeren eskutik datorren inskripzioak, Wilkinsek eta bere inguruak Hooke gaztearengan izandako eragina islatzen du.

Royal Society

aldatu
 
Hookeren omenez Rita Greer-ek egindako erretratua (2012)

Royal Society 1660an sortu zen eta 1661eko apirilean beirazko hodi mehetatik uraren irteeraren inguruko hitzarmen laburra egiteko proposamena plazaratu zuten. Hookek jakinarazi zuen uraren igoera eta beraz, honen altuera, hodiaren diametroarekin zuela zerikusia (gaur egun kapilaritate bezala ezagutzen dena). Geroago, fenomeno horri buruzko azalpena argitaratu zen Micrography Observ-en eta dokumentu horretan, “grabitatearen jariakortasuna” ere aztertu zuen. 1661eko azaroaren 5ean, Sir Robert Moray-k gizartea esperimentuz hornituko zuen pertsona bat izendatzeko proposamena egin zuen eta aho batez Hooke hautatu zuten kargu horretarako. Hookeren izendatzea azaroaren 12an izan zen eta Boyleri eskerrak eman zizkion.

1664. urtean, Sir John Cutlerrek urtero 50 libera ezarri zituen Royal Societyn Mekanika Konferentzia bat sortzeko asmoarekin eta Hookeri egokitu zitzaion lan hori. 1664ko ekainaren 27an kargua eman zioten eta 1665eko urtarrilaren 11n Curator by Office izendatu zuten betiko. Culterrek urtero 30 liberako soldata gehigarria eman zion.[11]

Hookek Royal Societyn burutu beharreko eginkizuna esperimentuen erakustaldiak burutzea zen, bere metodoak edo kideen iradokizunak erabiliz. Bere lehen jarduerak anitzak izan ziren:

  • Airearen izaerari buruzko eztabaidak.
  • Beirazko burbuilen inplosioa non behin aire beroarekin berotuta zigilatu egiten diren.
  • Pabulum vitae-a eta flammae-a berdinak zirela demostratu zuen.

Gainera, toraxa irekita duen txakur bat bizirik mantendu zitekeela frogatu zuen, beti ere, biriketan eta biriketatik kanpo airea ponpatuz eta zain-odola eta odol arterialaren arteko aldea aztertuz. Era berean, grabitatearen inguruko esperimentuak gauzatu zituen: objektuen erorkera, gorputzen pisua eta presio atmosferikoaren neurketa altuera ezberdinetan. Grabitate indarra penduluaren bidez neurtu zitekeela ohartu zen lehena ere izan zen.

 
The posthumous works of Robert Hooke-n azaltzen den ilustrazioa (Acta Eruditorum, 1707)

Royal Societyko kideen artean instrumentu ezberdinak asmatu zituzten: eguzkiaren edo beste izarren mugimenduak neurtzeko instrumentuak, bolboraren indarra neurtzeko instrumentuak eta batez ere, erlojuak egiteko engranaje motorra non eskuz egin zitezkeenak baino askoz hobeagoak ziren. Hooke hil ondoren, azken asmakuntza honen erabilerak jarraitu egin zuen.[12]

1663 eta 1664an, Hookek mikroskopia behaketak egin zituen eta 1665ean Micrographia-n bildu ziren behaketa horiek. 1664ko martxoaren 20an, Gresham College-ko geometriako irakaslea izan zen [13]Arthur Dacres-en ondoren eta fisikako doktore titulua jaso zuen 1691ko abenduan.

Nortasuna eta gatazkak

aldatu

Hooke odolbero eta harro agertzen zen bere lehiakide intelektualen aurrean baina Wadham Collegen ezagutu zituen monarkiko sutsuen lagun leiala ere bazen, bereziki Christopher Wren-en laguna. Isaac Newton-ekin edukitako liskarrak fama txarra eman zion Hookeri. Grabitazioa, planeta eta argiaren teoriaren inguruko lanen ospea zegoen jokoan eta hau izan zen gatazkaren arrazoi nagusia. Bestalde, Oldenburg teologo eta filosofo alemaniarrarekin ere izan zituen liskarrak.

Newton, Royal Societyko presidentea zenean, Hooke eklipsatzen saiatu zen. Diotenez, bere etsaiaren erretratu ezagun bakarra suntsitu zuen edo behintzat ez zuen babestu. Hookeren ospea XX. mendean berriztatua izan zen Robert Gunther eta Margaret 'Espinasse-ren ikerketen eskutik.[14]

Hookek enkriptatutako testuak erabili zituen bere lorpenak babesteko. Royal Societyko esperimentuen zaintzaile gisa, bera arduratzen zen gizarteari zabaldutako ideiak frogatu edo egiaztatzeaz. Hooke lanpetuta zegoen eta beraz, ez zeukan denbora asko bere aurkikuntzak egiteko. Aurrerapen zientifikoen garaia izan zen hura, non hainbat aurkikuntza garatu ziren aldi berean baina leku ezberdinetan.

Baina Hookeren asmamena eta erraztasun esperimentala ezin dira oharkabean utzi. Grabitazioaren inguruan proposatu zituen ideiak garrantzitsuak izan dira. Bestalde, asmakizunentzat patente asko eskuratu zituen eta baita hobekuntzak ere elastikotasun, optika eta barometria esparruetan. Royal Societyn Hookeren idazki berrien agerpenak(Newton presidente izan ostean desagertutakoak), zientzialariaren birbalioztatze modernoa ekarri zuen.

Asko idatzi da Hookeren nortasun desatseginaren inguruan. Richard Wallerren[12] (Hookeren lehen biografoa)  arabera, Hooke “pertsona mespretxagarria, melankoniatsua, mesfidatia eta jeloskorra” zen. Wallerrek bi mende baino gehiagotan eragina izan du beste idazle batzuengan eta ondorioz, horrela proiektatu da Hookeren irudia: berekoia, antisoziala eta humore txarreko pertsona erretxina gisa. Idazle hauek diotenez, liburu eta artikulu zaharrak interesatzen zitzaizkion. Esate baterako, Arthur Berry-k dio Hookek [15]“garaiko aurkikuntza zientifiko gehienen kreditua edo ospea erreklamatu zuela”. Sullivanek idatzi zuen Hookek ez zuela eskrupulurik eta Newtonekiko harro agertzen zela. Manuelek, “zakarra, bekaizkorra eta mendekati” gisa deskribatu zuen eta More-k “izaera ziniko” eta “mingain kaustikoa” zituen pertsona bezala. Andrarde ulerkorragoa izan zen baina hala ere, “zaila”, “susmagarri” eta “kolon narritakor” hitzak erabili zituen Hooke deskribatzeko.[16][17][18]

1935ean, Hookeren egunerokaren argitalpenak[19] beste alderdi pertsonal batzuk agerian utzi zituen eta 'Espinasse-k arretaz zehaztu ditu. Berak dio, gehienetan Hooke pertsonaia bakarti, triste eta bekaizkor moduan marrazten dela koadroetan eta hori guztiz faltsua dela.[20]

Harremanei dagokienez, Thomas Tompion eta Cristopher Cocks bezalako artisau ezagunekin erlazionatzen zen. Erlojugilea eta instrumentu fabrikatzaileak ziren hurrenez hurren. Christopher Wrenekin ere elkartu zen, interes asko konpartitzen baizituzten eta John Aubrey-ren laguna izan zen urte askotan. Bere egunerokoak Robert Boylerekin bizitako kafetegi eta tabernetako bilerak eta afariak aipatzen ditu. Laborategiko laguntzailearekin (Harry Hunt) tea maiz hartzen zuela ere aipatzen du. Bestalde, familiaren barruan iloba bat eta lehengusu bat zituen etxean eta matematika irakatsi zien.

Robert Hooke, Wigh uhartean, Oxforden eta Londresen bizi izan zen. Ez zen inoiz ezkondu baina bere egunerokoaren arabera besteengandik maitatua sentitu zen. 1703ko martxoaren 3an hil zen Londresen, Gresham Collegeko bere gelan. Bertan, kutxa batean 8.000 libera aurkitu zituzten urre eta txanponetan. Hil aurretik esan zuen ondare eskuzabala emango ziola Royal Societyri (ondorioz liburutegi, laborategi eta konferentzia ikasgelari bere izena jarriko zioten) baina testamentuan bere lehengusu analfabeto bati utzi zion dirua, hain zuzen ere Elizabeth Stephens-i.[5] St Helen’s Bishopsgate-n hobiratu zuten baina ez da bere hilobiaren kokapen zehatza ezagutzen.

Lan zientifikoa

aldatu

1660an, Robert Boyleren laguntzaile gisa lanean ari zen bitartean, gaur egun Hookeren elastikotasun legea bezala ezagutzen dena formulatu zuen. Lege honen arabera, gorputz elastiko batek lortu dezaken luzeera beregan erabilitako indarraren araberako da, hots, proportzionala da. Hau ezinbestekoa izan zen malguki helikoidalaren asmakuntzan.

 
Zelulak kortxoan (Michrographia, 1665)

1665. urtean MicrographIa liburua argitaratu zuen, 50 behaketa mikroskopiko eta teleskopiko deskribatu zituen marazki zehatzekin. Liburu honetan agertzen da lehen aldiz “zelula” hitza eta bertan fosilen inguruko azalpen sinesgarriak azaltzen ditu. Berak aztertu zituen lehenik, 1667an, landare zelula handituak (kortxoarenak) eta zelula hitza biologian erabiltzen hasi zen. Esan bezala, Hookek zelulak aurkitu zituen mikroskopioaren bidez kortxo-orri batean. Ohartu zen, kortxo-orria poliedro formako zulo edo hutsunez josita zegoela eta zulo bakoitzari zelula deitu zion. Behatzen ari zena, hildako landare-zelulak ziren. Bera da, halaber, landare fosilen eta bizien anatomia konparatuaren sortzailea.[21]

40 urtez Londesko Royal Societyko idazkari eta liburutegiko kidea izan zen eta gizarteari astero esperimentu bat aurkezteko beharra zuen.[22]

Micrographía liburuan argitaratutako behaketa eta elastikotasun legearen formulazioaz gain, Hookek mugimendu planetarioaren teoria mekanika arazo gisa formulatu zuen, eta bere etengabeko liskarrak mantendu zituen Isaac Newtonekin argiaren teoria eta grabitazio unibertsalaren legearen inguruan.[23]

1674an, Hookek tratatu bat argitaratu zuen, eta horren arabera, ilargiaren mugimendu orbitala, lerro zuzenean mugitzeko duen joera eta lurrak duen indar erakargarriaren arteko konbinazioaren emaitza da. Newtoni idatzi zion ideia horiei buruzko iritzia eskatzeko. Edmund Halley eta Newton 1684an elkartu ziren. Beraien asmoa 3 liburuetan banatutako obra bat idaztea zen. Obraren bigarren liburua argitaratzean, Hookek publikoki adierazi zuen 1679an idatzi zituen gutunetan Newtonek beranduago garatu zituen ideiak jasotzen zirela. Ondorioz, Newton haserretu egin zen eta obraren hirugarren liburua ez argitaratzeko mehatxua egin zuen. Azkenean, lan osoa argitaratu zuen, baina aurretik, Hookeri egindako erreferentzia guztiak ezabatu zituen. Lehen aipatu bezala, argiaren teoriaren harira ere liskarrak izan zituzten, izan ere, Hookeren arabera, teoria bere Micrographia obran azaldu zuen.[24]

 
Hookek erabilitako teleskopioa

Astronomiari dagokionez, berak sortutako teleskopioarekin lehen izar bitarra aurkitu zuen (gamma Arietis),[25] Jupiter planetak bere buruari emandako bira antzeman zuen eta Urano planetaren inguruan ezagutzen den lehen deskribapena egin zuen. Grabitazioari buruzko ideiak formulatu zituen kometak behatuz eta lurrak eguzkiaren itzulian egiten duen mugimendu eliptikoa frogatzen saiatu zen.[26]

Asmakuntza mekanikoak eta neurketarako tresna zientifikoak izan ziren Hookeren sorkuntza zientifikoaren eremurik aberasgarriena. Robert Boylerekin batera huts ponpa diseinatu zuen. Bere asmakuntza ezagunenak giltzadura eta lehen barometro, higrometro eta anemometroak dira. Berak ezarri zuen uraren izozte puntua termometroaren erreferentzia finko gisa.[27]

Zalantzarik gabe, Hooke eruditu eta asmatzailea izan zen. Diafragma optikoa eta erlojuen malguki espirala ere berak sortu zituen. Fisikaren esparruan hauekin dira lan eta aurkikutnza nagusienak:[28]

  • Gorputz trinkoetan deformazioaren eta tentsioaren arteko proportziozko harremana finkatu zuen eta 1678an bere izenez ezagutzen den legea azaldu zuen, hau da, elastikotasun legea edo Hookeren legea.
  • Kristalen egituraz ikuspegi zehatza eman zuen ezagutzera.
  • Grabitazioari buruz eta argiaren uhin izaerari buruz hipotesiak moldatu zituen.
  • Eter izena asmatu zuen argiaren eroalea izendatzeko.
  • Errefrakzio eta interferentzia gertakariak aztertu zituen.
  • Fisikako tresna asko hobetu zituen. Horrela 1658an aire bonba eta mikroskopioa hobetu zituen eta 1684an optikazko telegrafo bat asmatu zuen
  • Grabitate indarra penduluaren bidez neurtu zitekeela ohartu zen lehena ere izan zen.

Hooke arkitekto gisa

aldatu
 
Willengo eliza

1666ko sutearen ondorioz, eraikuntza-inspektore izendatu zuten. Hiriburua berreraikitzeko, bere lagun Cristopher Wrenekin egin zuen lan bera baitzen koroaren lehen arkitektoa.[4]

Hainbat eraikin diseinatu zituen: Bethlem Royal Hospital-a, Medikuen eskola, Ragley Hall-a Warsickshiren eta eliza parroquia (Willen) Milton Keynes hirian.[4]

Christopher Wrenekin egindako lankidetza bereziki emankorra izan zen. Greenwicheko Errege Behatokia edo Londresko Sute Handiaren monumentoa (62 metroko altuera) nabarmentzen dira. Hookek, monumentua erabiltzen zuen grabitatearen inguruko teoriak egiaztatzeko. Londresko San Paulo Katedrala eta Montagu House ere azpimarratzekoak dira.[4]

Erretratuak

aldatu

Ez dago Robert Hookeren benetako erretraturik eta askotan esan ohi da Hooke eta Newtonen arteko gorrotoagatik dela.[22] Hooke bizirik zegoenean, Royal Societyko kideak Gresham Collegen batzen ziren, baina Hooke hil ostean Newton izan zen presidente berria eta beste topaleku bat bilatzeko planak egin zituzten. Elkargunean aldatzean, 1700. urtean, Royal Societyko Hookeren erretratua desagertu egin zen eta oraindik ez da aurkitu.

Time aldizkariak 1939ko uztailaren 3an argitaratu zuen, ustez Hookeren erretratua zena. Hala eta guztiz ere, Ashley Montagu-k erretratuaren iturria ikertu zuen baina ez zuen egiaztatu Hooke-ren erretratua zela. Bestalde, Montaguk Hookeren fisionomia deskribapen ugari aurkitu zituen eta elkarrekin bat egiten zuten baina ez Timek argitaratutako erretratuarekin.[29]

2003an, Lisa Jardine[30] historialariak Hookeren erretratu bat aurkitu zuela adierazi zuen baina William Jensen-ek (Cincinnati Unibertsitatea) ezeztatu zuen. Jardinek identifikatutako erretratua Jan Baptist van Helmont-i dagokio.

Hookeren beste irudi posible batzuk:

  • Hookek erabilitako zigilu batean gizon baten profila ageri da eta batzuen ustez Hooke bera da gizon hori.
  • 1728an, Chambers Entziklopedian grabatutako frontispizioak Hookeren bustoa irudikatzen du baina ezin da egiaztatu bera denik.[31]
  • Londresko leihate batean Hookeren irudia zegoen baina diotenez ez zen bera.[32]

2003an, Rita Greer margolariak “The Rita Greer Robert Hooke Project” izeneko proiektu autofinantzatua martxan jarri zuen. Helburua, Hookeren irudi errealak edo sinesgarriak sortzea zen. Horretarako, Jonh Aubrey eta Richard Waller garaikideen deskribapenez egokitu zen, Hookeren garaikideak baitziren.[33] Rita Greer-ek sortutako irudiak Erresuma Batuko eta Estatu Batuetako telebista programetan erabili izan dira, baita liburu eta aldizkarietan ere.

Eponimia

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. «England's Leonardo - Robert Hooke» web.archive.org 2011-03-06 (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  2. Hooke, Robert. (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  3. «Blogger» accounts.google.com (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  4. a b c d «England's Leonardo - Robert Hooke» www.roberthooke.org.uk (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  5. a b 1947-, Inwood, Stephen,. (2003). The man who knew too much : the inventive life of Robert Hooke, 1635-1703. Pan ISBN 0330488295. PMC 59355860. (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  6. (Ingelesez) «Robert Hooke: the man who knew everything» Royal Museums Greenwich | UNESCO World Heritage Site In London 2015-08-17 (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  7. a b ...), Jardine, Lisa, (1944-. (2003). The curious life of Robert Hooke : the man who measured London. HarperCollins ISBN 0007149441. PMC 493087392. (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  8. «Hooke biography» web.archive.org 2010-07-16 (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  9. Steven,, Shapin,. Leviathan and the air-pump : Hobbes, Boyle, and the experimental life : including a translation of Thomas Hobbes, Dialogus physicus de natura aeris by Simon Schaffer. ISBN 0691083932. PMC 12078908. (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  10. Fulton John F.. (1960-07-01). «The Honourable Robert Boyle, F. R. S. (1627-1692)» Notes and Records of the Royal Society of London 15 (1): 119–135.  doi:10.1098/rsnr.1960.0012. (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  11. Lisa., Jardine,. (2004). The curious life of Robert Hooke : the man who measured London. (1st American ed. argitaraldia) HarperCollins ISBN 006053897X. PMC 53276386. (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  12. a b (Ingelesez) Waller, Richard. (1705). he Posthumous Works of Robert Hooke, M.D. S.R.S.. London: Sam. Smith and Benj. Walford..
  13. De Milt, Clara. (1939). "Robert Hooke, Chemist". Journal of Chemical Education 16 (11). , 503-510 or..
  14. «Robert Hooke Day at Christ Church, Oxford» hooke.chem.ox.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  15. Berry, Arthur. (1898). A Short History of Astronomy.. London: John Murray, 221 or..
  16. Manuel, Frank E.. (1968). A Portrait of Isaac Newton.. Cambridge, Massachusetts: Harvard University Press., 138 or..
  17. More, Louis Trenchard. (1934). Isaac Newton. New York: Charles Schribner's Sons., 94-95 or..
  18. Andrarde, E. N. De C.. (1950). Isaac Newton.. New York: Chanticleer Press., 56-57 or..
  19. Hooke, Robert (1935). Robinson, H. W.; Adams, W., eds. The Diary of Robert Hooke, M.A., M.D., F.R.S., 1672-1680. London: Taylor & Francis.. (1935). Robinson, H. W.; Adams, W., eds. The Diary of Robert Hooke, M.A., M.D., F.R.S. London: Taylor & Francis., 1672-1680 or..
  20. 'Espinasse, Margaret (1956). Robert Hooke. London: William Heinemann Ltd. p. 106.. (1956). Robert Hooke. London: William Heinemann Ltd., 106 or..
  21. (Ingelesez) Hooke, Robert. (1667). Micrographia: Or, Some Physiological Descriptions of Minute Bodies Made by Magnifying Glasses, with Observations and Inquiries Thereupon. Science Heritage (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  22. a b (Ingelesez) «BBC - History - British History in depth: Robert Hooke, Natural Philosopher» www.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  23. (Gaztelaniaz) Enciclopedia Británica. 2019-03-07 (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  24. «Disputa Newton y Hooke Las Orbitas Elípticas de los Planetas» historiaybiografias.com (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  25. D., Purrington, Robert. (2009). The first professional scientist : Robert Hooke and the Royal Society of London. Birkhäuser ISBN 9783034600378. PMC 489215692. (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  26. Wieviorka, Michel. (2015-05). «Ulrich Beck (1944-2015)11La primera versión de este homenaje fue publicada en el diario Liberation, el 5 de enero de 2015. Disponible en: <http://www.liberation.fr/debats/2015/01/05/hommage-a-ulrich-beck_1174370> [Consultado el 10 de abril de 2015. Traducción del original en francés, Lorena Murillo.»] Revista Mexicana de Ciencias Políticas y Sociales 60 (224): 349–352.  doi:10.1016/s0185-1918(15)30013-1. ISSN 0185-1918. (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  27. 1963-, Windelspecht, Michael,. (2002). Groundbreaking scientific experiments, inventions, and discoveries of the 17th century. Greenwood Press ISBN 0313006938. PMC 51854214. (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  28. r01e00000ff26d465bca470b8832717fd08b75808, r01e00000ff26d46714a470b8a1722c041adf5ce5. (2012-06-01). «Lur Entziklopedia Tematikoa» opendata.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  29. «A Spurious Portrait of Robert Hooke (1635-1703)» Isis 33 (1): 15–17. 1941-03-01  doi:10.1086/358521. ISSN 0021-1753. (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  30. Jardine, Lisa. (2003). The Curious Life of Robert Hooke.. Harper Collins., 15-19 or..
  31. «Robert Hooke : "the greatest Mechanick this day in the world"» she-philosopher.com (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  32. «Robert Hooke» web.archive.org 2012-07-17 (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  33. Aubrey, John. (2009). Brief Lives.. Boydell Press; New edition.
  34. (Ingelesez) Blue, Jennifer; International Astronomical Union; Working Group for Planetary System Nomenclature; Astrogeology Research Program (Geological Survey); Astrogeology Research Program (Geological Survey); Planetary Geomatics Group; Geological Survey (U.S.); International Astronomical Union. (1999). Gazetteer of planetary nomenclature. U.S. Geological Survey PMC 44396779. (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  35. «Planetary Names: Crater, craters: Hooke on Mars» planetarynames.wr.usgs.gov (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  36. «HORIZONS System» ssd.jpl.nasa.gov (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).

Kanpo estekak

aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Robert Hooke