Mikroskopioa (grezieratik: μικρόν, mikron, "txikia" + σκοπεῖν, skopei, "begiratu") begi hutsez ikusi ezin daitezkeen gauza txiki-txikiak begiratu eta aztertzeko tresna optikoa da.

Mikroskopio optikoa

Historia aldatu

Lehen erabiltzaileen artean Zacharias Janssen (1590) eta Galileo Galilei (1609) aipatzen dituzte. Anton van Leeuwenhoek-ek mikroskopio optiko sinplea asmatu zuen 1674an eta Ernst Ruskak mikroskopio elektronikoa 1931an.

Teoria zelularra aldatu

Lehen mikroskopioen laguntzaz, XVII. mendean zelulak aurkitu ziren. Horrela, 1860an Matthias J. Schleiden, Theodor Schwan eta Rudolf Virchow zientzialariek teoria zelularra proposatu zuten. Teoriak honela dio:

  • Izaki bizidun oro zelulaz osatua dago.
  • Izaki bizidunen oinarrizko unitatea zelula da.
  • Zelula guztiak beste zelula batetik eratorriak dira.

Mikroskopio motak aldatu

Mikroskopio optikoa aldatu

 
Begi biko mikroskopio optikoa
 


Mikroskopio optikoak, argiaren uhin-luzera ikusgaiak erabiltzen dituelako, mikroskopio mota errazena eta hortaz erabiliena da. Azken ikerketen arabera, mikroskopio sinpleenek, baita leiar txikiak dituztenek ere, irudi izugarri gardenak eman zizkieten zientzialari aitzindariei. Gaurko mikroskopio elkartuek, hau da, leiar hurrenkerak dituztenak, zientzia arlo ugaritan dira erabilgarri, batez ere biologia eta geologian.

Mikroskopioaren zatiak:

  • Zati optikoa: Zenbait leiar mota desberdinez osatua dago.
  • Zati mekanikoa: Zati optikoak funtzionatzeko beharrezko gainontzeko tresnak dira.
    • Diafragma: behetik sartzen den argi kantitatea doitzeko.
    • Kondentsadorea: laginaren gainean argi izpiak kontzentratzeko.
    • Objektiboa: laginetik igarotako argiaren irudia handitzeko.
    • Okularra: irudia islatu eta handitzeko.
    • Lagina: begiratu nahi duguna. Porta batean jartzen da eta normalean hobeto ikusteko tindatu egiten da. Lagina ikusteko prestaketa bat egin behar da: Ehun batean dauden zelulak ikusi nahi baditugu lagina oso fina izan behar da argiak zeharkatu ahal izateko. Laginak mozteko mikrotomo izeneko makinak erabiltzen dira. Eta zelulak likido batean badaude, likidoa portan zabaldu behar da. Lagina ikusi aurretik zelularen finkapena egin behar da. Horretarako alkohola edo formaldehidoa erabiltzen da. Produktu hauek tindaketan ere lagunduko dute. Zelularen ikusi nahi dugun zatiak koloratzailearekin (adibidez metileno urdina) erreakzionatzen du. Amaitzeko, lagina estali behar da ezer gerta ez dakion.

Ikusten den irudia, lagina baino handiagoa da eta alderantziz dago.

Mikroskopio elektronikoa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «mikroskopio elektroniko»
 
Mikroskopio elektronikoa

Mikroskopio elektronikoak argi izpiak erabili ordez elektroi izpiak erabiltzen ditu. Elektroiek, argi ikusgaiak baino uhin-luzera askoz txikiagoa dutena, bereizmen handiko irudiak ahalbidetzen ditu. Honetan, optikoan baino 200 aldiz handiagoa ikusten da irudia. Gailuaren tamaina ere askoz handiagoa ere bada.

Elektroi izpiak hutsetik igaro behar du, aire molekulek izpia sakabanatu baitezakete. Azeleragailu batekin, elektroi-kanoitik ekoizten diren elektroien abiadura handitzen da. Elektroi hauek eremu elektromagnetikoei esker nahi den lekura bidaltzen dira. Hauek lagina zeharkatu eta atomoekin topo egitean ibilbidea aldatzen dute. Lagina, kobrezko sare baten gainean jartzen da.

Mikroskopioaren zatiak: Elektroi kanoia, elektroi izpia eta lagina.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu