Natalia Ginzburg
Natalia Ginzburg (jaiotza-izena: Natalia Levi; Palermo, Italia, 1916ko uztailaren 14a - Erroma, Italia, 1991ko urriaren 7a) italiar idazle, saiakeragile, antzerkigile eta politikaria izan zen.
Biografia
aldatuNatalia Ginzburg Palermon jaio zen, 1916ko uztailaren 16an, jatorriz Triestekoa zen familia batean. Ama, Lidia Tanzi, abokatu sozialista baten alaba zen; aita, Giuseppe Levi, anatomiako irakaslea zen unibertsitatean.[1] 1919an, aita Turinera bidali zuten, eta familia guztia hara mugitu zen. Amak hezkuntza katolikoa jaso zuen, eta aita, familia judu bateko semea bazen ere, librepentsalaria zen; ez bata ez bestea ez ziren praktikanteak, eta Ginzburgek heziketa laikoa jaso zuen. Bigarren hezkuntzako ikasketak Alfieri institutuan egin zituen.[2]
1933an, bere lehen kontakizuna argitaratu zuen, I bambini, Solaria aldizkarian.[1]
Ezkontza, antifaxismoa eta Einaudi argitaletxea
aldatu1938an Leone Ginzburgekin ezkondu zen. Jatorri errusiarreko intelektual antifaxista zen, eta errusiar literaturako eskolak ematen zituen; 1934 eta 1936 urteen bitartean kartzelan egona zen, bere ideologiagatik. Ginzburg senar-emazteek harreman handia izan zuten Turineko intelektual antifaxistekin, batez ere Einaudi argitaletxearen ingurukoekin; izan ere, Leone Ginzburg Einaudi argitaletxearen sortzaileetako bat izan zen 1933an. Esate baterako, harreman estua izan zuten Cesare Paveserekin eta Carlo Levirekin.
Erbestea eta senarraren heriotza
aldatu1940an, Mussoliniren gobernuak Italiaren erdialdeko Abruzzo eskualdeko Pizzoli herrira erbesteratu zuen Leone Ginzburg, eta familia guztia hara joan zen bizitzera. Hiru seme-alaba izan zituzten: Carlo (1939) eta Andrea (1940), Turinen jaio zirenak, eta Alessandra (1943), Pizzolin jaioa.
1942an, Ginzburgek bere lehen nobela argitaratu zuen, La strada che va in città (Hirira doan bidea), Alessandra Tornimparte izengotiarekin argitaratu ere. 1945ean berriz argitaratu zuen, orduko hartan gerora beti erabiliko zuen izenarekin: Natalia Ginzburg.[1]
1944an, senarra atxilotu eta Erromako Regina de Coeli kartzelara eraman zuten, non heriotzaraino torturatu baitzuten.
Gerraostea: bigarren ezkontza eta argitalpenak
aldatuUrte bereko urrian, Natalia Ginzburg Erromara itzuli zen, jada erbestealditik askatua, eta Einaudi argitaletxean lan egiten hasi zen, non bere nobelak argitaratu baitzituen. 1945eko udazkenean Turinera joan zen bizitzera; gurasoak eta seme-alabak ere hara joanak ziren, okupazio alemanak iraun zuen hilabeteetan Toscana eskualdean babestu ondoren
1945ean bigarren nobela argitaratu zuen, È stato cosí, eta Tempo saria irabazi zuen. Etsipenez, bortizkeriaz eta tristuraz gainezka egiten duen liburua da.[1]
1950ean bigarrenez ezkondu zen. Senarra, Gabriele Baldini, idazlea, unibertsitateko irakaslea eta ingeles literaturako aditua zen, eta Londreseko Kultura Institutu Italiarreko zuzendaria zen. Bi seme-alaba izan zituzten: Susanna (1954-2002) eta Antonio (1959-1960).
1952an Tutti i nostri ieri argitaratu zuen. 1961ean, berriz, Le voci della sera (Arratseko ahotsak) nobela laburra idatzi zuen, 2003an Salvador García Ruiz zuzendari espainiarrak zinemara egokitu zuena, Las voces de la noche izenburupean.
Liburu gehiago, senarraren heriotza eta politika
aldatu1963an Lessico famigliare (Familiako lexikoa) liburu autobiografikoa argitaratu zuen, eta, arrakasta handia lortzeaz gain, izen handiko Strega saria irabazi zuen. Urte berean, Betaniako Mariaren papera jokatu zuen Pier Paolo Pasoliniren pelikula batean, Il Vangelo secondo Matteo; hori izan zen zineman egin zuen sartu-irten bakarra.
1969. urteak inflexio-puntu bat ezarri zuen 53 urteko idazlearen bizitzan. Batetik, senarra hil zitzaion; bestetik, Milaneko Piazza Fontanako sarraskiaren ondoren, tentsioaren estrategia abiatu zen Italian. Garai hartako ezkerreko militante intelektual italiar askoren antzera, Ginzburg gero eta gehiago eman zitzaion Italiako bizitza politiko eta kulturalari.[3] Nolanahi ere, idazten jarraitu zuen, familia-harremanek osatzen duten mikrokosmosarekiko gero eta interes handiagoa erakutsiz. Horren erakusgarri dira hurrengo urteetan argitaratu zituen liburuak: Caro Michele (1973), Famiglia (1977), La città e la casa (1984) eta La famiglia Manzoni (1983), liburu luze bezain sailkaezina, italiar idazle handiaren etxeko kontuei buruzkoa.
1983an Italiako Alderdi Komunistako diputatu hautatu zuten.
Saiakerak, antzerkia eta itzulpenak
aldatuKontakizunak eta eleberriak ez ezik, saiakerak eta antzerki-lanak ere idatzi zituen, eta itzulpen-lanak ere egin zituen.
Antzerkiari dagokionez, azpimarratzekoak dira Ti ho sposato per allegria (1970) eta Paese di mare (1972) lanak. Hasierako antzezlanak enkarguz idatzi zituen, baina, zaletu egin zen, eta ia-ia hil arte jarraitu zuen antzerkirako lanak idazten.
Itzulpenei dagokienez, berriz, frantsesetik itzulitakoak dira arrakasta handiena lortu dutenak: Marcel Proust, Gustave Flaubert eta Maupassant.
Erroman hil zen, 1991ko urriaren 7an, 75 urte zituela. Erromako Cimitero del Verano hilerrian lurperatu zuten.
Lana
aldatuGinzburgek eleberri neorrealistak idatzi zituen, eta nabarmenak dira haietan ironia, jakinduria, argitasuna eta linealtasuna. Bereziki azpimarratzekoa da Ginzburgek familia-bizitza deskribatzeko zuen trebetasuna; familiarteko harremanak aztertu zituen; batez ere, emakumeek harreman horietan betetzen duten zeregina. Horixe izan zen, hain zuzen ere, bere lanetako gai nagusia, eta bai gaiagatik bai zerabilen estilo informalagatik bere obrak eragin handia izan du italiar idazle gazteengan.
Aurretik beste eleberri batzuk kaleratu ostean, halako batean bere familiaren historia kontatzea erabaki zuen, egiazko izenak aipatuz.[4] Asmo horren emaitza Lessico famigliare (1963) izan zen.
Bi lan itzuli dizkion Pello Lizarralde Larrazak dioenez, Natalia Ginzburg ez da kanon batean agertzen, hainbat arrazoirengatik: emakumea zen, eta gizon handi asko zituen inguruan (Pavese, Montale, Calvino, Passolini...); ez zuen landu genero jakin bat, eta bere literatura isiltasunaren literatura da. Bere ustez, horrek azaltzen du, neurri batean, gaur egun idazle ezagunagoa ez izatea.[4]
Obra
aldatuNobela eta kontakizunak
aldatu- La strada che va in città , 1942
- È stato così, 1947
- Tutti i nostri ieri, 1952
- Valentino, 1957
- Sagittario, 1957
- Le voci della sera, 1961
- Lessico famigliare, 1963
- Caro Michele, 1973
- Famiglia, 1977
- La famiglia Manzoni, 1983
- La città e la casa, 1984
Saiakerak eta memoriak
aldatu- Marcel Proust, poeta della memoria, 1956.
- Le piccole virtù, 1962
- Mai devi domandarmi, 1970
- Vita immaginaria, 1974
- Serena Cruz o la vera giustizia, 1990
- È difficile parlare di sé. Conversazione a più voci condotta da Marino Sinibaldi, 1999 (1991ko udaberrian Radio 3 irratian egindako elkarrizketa autobiografiko batekin)
- Non possiamo saperlo. Saggi 1973-1990, 2001
Antzerki-lanak
aldatu- Ti ho sposato per allegria, 1966
- Ti ho sposato per allegria e altre commedie, 19680 [Ti ho sposato per allegria; L'inserzione; Fragola e panna; La segretaria]
- Paese di mare e altItzulpenakre commedie, 1971 [Dialogo; Paese di mare; La porta sbagliata; La parrucca]
- Teatro, 1990 [Paese di mare e altre commedie, L'intervista eta La poltrona]
Itzulpenak
aldatu- Vercors, Il silenzio del mare, 1945
- Marcel Proust, La strada di Swann, 1946
- Gustave Flaubert, La signora Bovary, 1983
- Molyda Szymusiak, Il racconto di Peuw, bambina cambogiana, 1986
- Sirkku Talja, Non mi dimenticare, 1988
- Guy de Maupassant, Una vita, 1994
Euskaraz
aldatu- Hirira doan bidea (Igela, 2004; itz.: Pello Lizarralde Larraza)
- Arratseko ahotsak (Igela, 2003; itz.: Pello Lizarralde Larraza)
- Gure etxeko kontuak (Igela, 2004; itz.: Fernando Rey Escalera), 2021ean Familiako lexikoa gisa berrargitaratua (Igela, 2021; itz.: Fernando Rey Escalera)
- Bertute txikiak (Alberdania, 2021; itz.: Irene Hurtado de Saratxo)
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b c d SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-10-08). «Natalia Ginzburg: Gauza txikiak kontatzeko handitasuna erakutsi zuen idazlea» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-10-09).
- ↑ Txantiloi:Cita web
- ↑ Vedi: Angela M. Jeannet, Giuliana Sanguinetti Katz "Natalia Ginzburg: a voice of the twentieth century University of Toronto Press, 2000.
- ↑ a b [|Lizarralde, Pello]. (Bideoa) Ehun urte bete dira Natalia Ginzburg jaio zela. (Noiz kontsultatua: 2017-08-02).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Sautrela (ETB1, 2016-12-17): Ehun urte bete dira Natalia Ginzburg jaio zela Pello Lizarralde eta Fernando Rey itzultzaileen iruzkinekin. Noiz kontsultatua: 2017-08-02.