Kanon (literatura)
Literaturan, kanona garaian garaiko ospe handiena dituzten idazlanen multzoa da. Ospe hori denboran zehar aldatzen den heinean, kanona ere aldatu egiten da. Mundu akademikoak eta kritikariak izaten dira kanona zein den ebazten dutenak. Zenbait literatura-sarik ere idazlan batzuk goraipatzeko ahalmena duten heinean, idazlan batzuk kanoniko bihurtzen dituzte denboraren lerroaren une jakin batean.

Literaturan, garai bateko kanona zein den eztabaidatu ohi da. Historiari begiratzen zaionean, eztabaidatzen da zeintzuk diren garai jakin bateko libururik esanguratsuenak, zeintzuk bihurtu diren literatura klasikoak. Behin baino gehiagotan gertatu izan da bere garaian kanonetik kanpo zeuden idazlanak, geroago bere baitan biltzea.
Literaturaren kanonean maiz sartu izan diren obra batzuk beren balio historikoengatik, beren balio literario bainoago. Halaber, hainbat hizkuntzetako literaturen kanonetan, jatorriz hizkuntza horretan sortutako obrak sartu ohi dira, baina literatura batzuetan itzulpenak ere sartu egin dira, literatura horretara ekarritako itzulpen batzuk kanonikoak bilakatu dira.
Etorkizuneko kanonean sartzeko aukera handia aurreikusten zaien idazlanei abangoardia etiketa jarri izan zaie XX. mendetik aurrera.
« | Baten baino gehiagotan uste izan dut gure gazteentzat eta ez hain gazteentzat ere beharrezkoa litzatekeela irakurketa proposamen on eta kalitatezkoak bilduko lituzkeen zerrenda edo kanon bat. Baina kanon hori, zerrenda eredugarri hori, honela uste dut orain, ez luke marmolezko habe-harri sendoa izan behar, baizik eta etengabeko ur-jario malgua eta eztabaidagarria, aberasgarria. Hauxe liteke kanon batek lukeen alderik interesgarriena, idazle berriak sar daitezkeela, aurretik izan ez direnak. Bil ditzakeela egungo ardurak eta betikoak, norbanakoarenak eta unibertsalak. | » |
—Miren Billelabeitia. Norberak maite duena. Pamiela. 2022. |
Kanonean zer sartu
aldatuKanonean zeintzuk obrak sartu eta zeintzuk baztertu eztabaidagarri izan da beti. Zenbait instituziotan sortzen den dialektikaren edo eztabaidaren emaitza da kanon literarioa baina 'erabaki' guztiak behin-behinekoak izan ohi dira.
« | Instituzioa osatzen duten taldeak eta haien kanonizazio-bideak: akademiak (literaturaren historietara zer egile-obrak pasatzen diren), hezkuntza-erakundeak (curriculumetan, berdin), kultura-erakunde publiko eta pribatuak (han-hemengo sari nazionalak, Nobel saria), kritika (zer obra goretsi, gaitzetsi edo isildu), idazle- eta oro har literatura-elkarteak (Goncourt saria), argitaletxeak (Planeta saria, Bibliothèque de la Pléiade)… Kultura-boterea osatzen duten talde horien helburua da, kanonizatzeari dagokionez, haiek seinalatutako idazle-testu-arau-ereduak babestu eta oroimenean atxikitzea komunitatearen ondare historiko gisa. | » |
Ondorioak
aldatuIdazlan bat kanonaren baitan edo kanonetik kanpo kokatzea, ondorio handiak ditu lan horren hedapenean. Kanonean kokatutako lanak izan ohi dira arlo akademikoan irakurtzeko aholkatzen direnak, gehien editatu eta hedatzen direnak. Kanonetik kanpo geratzea baztertuta eta agian betiko ahaztuta geratzea ekar dezake.
Ikus, gainera
aldatuBibliografia
aldatu- Gabilondo, Joseba: “Kanonaren sorrera egungo euskal literaturan: ETIOPIA-z”, Egan 1993 (2), 33-65. or.
- ATUTXA, Ibai: Kanonaren gaineko nazioaz, Utrisque Vasconiae, 2012.
- (Ingelesez) BLOOM, Harold: The Western Canon: The Books and School of the Ages Riverhead, 1995.
Erreferentziak
aldatu- ↑ 31eskutik. (2025-04-25). «Euskal kanonaz» 31 eskutik (kontsulta data: 2025-04-29).