Manba beltz
Manba beltza (Dendroaspis polylepis) Elapidae familiako sugea bat da, oso pozoitsua, Saharaz hegoaldeko Afrikako hainbat lekutan bizi dena. Albert Güntherrek formalki deskribatu zuen 1864an[2], eta bigarren suge pozoitsurik handiena da, errege-kobraren ondoren. Nahiz eta lau metro baino zertxobait gehiagoko aleak ikusi izan diren, helduek bi eta hiru metro artean neurtzen dute normalean. Larruazalaren kolorea grisetik marroi ilunera aldatzen da; ale gazteak helduak baino argiagoak izaten dira eta adinarekin ilundu egiten dira.
Manba beltz | |
---|---|
Iraute egoera | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Reptilia |
Ordena | Squamata |
Familia | Elapidae |
Generoa | Dendroaspis |
Espeziea | Dendroaspis polylepis Günther, 1864[1]
|
Banaketa mapa | |
Eguneko zikloa | eguneko |
Lurrean zein arboletan bizi da; sabanan, basoan, mendi-mazela harritsuetan eta, eskualde batzuetan, baso trinkoetan. Egunez ibiltzen da eta hegaztiz eta ugaztun txikiz elikatzen da. Gainazal egokietan, 20 km/h-ko abiaduraz mugi daiteke distantzia laburretan. Helduek harrapakari natural gutxi dituzte.
Mehatxu moduan ahoa irekitzen du, barruan kolore beltz urdinxkakoa (izen arrunta ematen dion ezaugarria), lepo estua zabaltzen du eta, batzuetan, txistuka hasten da. Distantzia handi samarrean eraso egiteko gai da, eta hozkada bat baino gehiago egin ditzake segida azkarrean. Haren pozoia neurotoxinaz osatuta dago batez ere. Neurotoxina horien sintomak hamar minuturen buruan agertzen dira sarritan, eta gizakientzat hilgarria gertatzen da usu pozoiaren kontrako antitoxina bat ematen ez bada behintzat. Espezie beldurgarri eta oldarkor gisa duen ospea gorabehera, mehatxatuta edo inguratuta sentitzen bada bakarrik egiten die eraso gizakiei. Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasuneko Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian (UICN), ardura txikiko espezie gisa dago sailkatuta.
Deskripzioa
aldatuGorputz zilindrikoa du, luzea eta mehea, burua sarkofago-formakoa aurrealdean gandorra duena eta begiak tamaina ertainekoak[3]. Helduek 2 m eta 3 m bitarteko batez besteko luzera dute, nahiz eta 4,3 eta 4,5 m bitarteko aleen berri eman bada ere. Suge pozintsuen artean bigarren espeziea da tamainaz, errege-kobraren (Ophiophagus hannah) atzetik. Ahoaren aurre aldean, goi-masailezurrean, 6,5 mm arteko luzera dute letagin proteroglifoak dituzte pozoia injektatzeko. Isats luzea eta mehea du gorputzaren luzeraren % 17-25 bitartekoa.1,6 kg inguru pisatzen du.
Bere kolorea oso aldakorra da: oliba-berdea, marroi horixka, kakia edo gris berunkara, baina oso gutxitan izaten dira beltzak, nahiz eta adineko ale batzuk kolore ilunagoak dituzten eta urrunetik beltzak diruditen[4]. Noizean behin orban ilunak izaten dituzte, eta zerrenda zeiharrak sor ditzakete alboetan. Sabelaldea zuri grisaxka da. Suge gazteak kolore argikoak dira, gehienetan grisak edo berde argiak, eta heldu ahala ilundu egiten dira. Ahoaren barrualdea gris urdinxka da, oso iluna eta ia beltza, baina aho argia duten aleak ere aurki daitezke. Begiak marroi grisaxkaren eta tonu beltzen artean aldatzen dira; begi-ninia kolore zuri zilar-kolorez edo horixkaz inguratuta dago.
Habitata eta banaketa
aldatuSaharaz hegoaldeko Afrikako eremu zabal batean bizi da. Hauek dira haren banaketa-eremuak: Burkina Faso, Kamerun, Afrika Erdiko Errepublika, Boli Kosta, Ginea, Ginea-Bissau, Senegal, Sierra Leona, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Hego Sudan, Etiopia, Eritrea, Somalia, Kenya, Uganda, Tanzania, Burundi, Ruanda, Mozanbike, Swazilandia, Malawi, Zambia, Zimbabwe, Botswana, Hegoafrika, Namibia eta Angola[5].
Nahiago ditu ingurune nahiko lehorrak, hala nola dentsitate txikiko basoak eta sastrakadiak, eremu harritsuak eta sabana erdiidorrak. Sabana hezeetan ere bizi da. Ez da ohikoa 1.000 m-tik gorako altueretan egotea, nahiz eta haien banaketan Kenyan 1.800 m-ra eta Zambian 1.650 m-ra topatu badiren ere[3].
Portaera
aldatuLurrean zein arboletan ibiltzen da. Lurrean, burua eta lepoa altxatuta dituela mugitzen da, eta normalean termita-tontorrak, gordeleku abandonatuak, arroketako pitzadurak eta zuhaitzen arrakalak erabiltzen ditu babesleku gisa. Azkar igo daitezke zuhaitzetara. Beren lurraldean bertan mugitzen dira, beren habitataren ezaugarrien eta presen dentsitatearen arabera aldatzen den azalera izango duena. Alabaina, ez dira bereziki territorialak. Egunez bizi dira.
Urduria da eta, sarritan, portaera iragarrezina izaten du. Azkar mugi daiteke; 20 km/h-ra ere irits daiteke. Naturan, manba beltzek nekez onartzen dute gizakiak berrogei ingurura hurbiltzea. Mehatxatuta sentitzen direnean, sasitzan edo zulo batean babesten dira. Probokatzen badira, mehatxu-jarrera hartzen dute: ahoa zabaldu, mihia mugitu, txistuka hasi maiz eta kobren antzera lepoan duten mintza zabaltzen dute. Erasoa, hala ere, gutxitan gertatzen da, bakar bakarrik ihes egiteko edo babesteko modurik ez dutenean[6].
Ugalketa
aldatuUgaltze-denboraldia irailetik otsailera bitartean izaten da. Arrek elkarren aurka borrokatzen dira, besteak menperatzeko, gorputzak elkarri txilikordatuta eta lepoarekin borrokatuz. Estalaldian, arra emearen bizkarraldean irristatzen da mihia mugitzen duen bitartean. Emeak adieraziko du ernaltzeko prest dagoela, isatsa altxatuz eta geldirik egonik. Orduan, arra emearen atzeko muturraren inguruan kiribilduko da eta isatsa emeenarekin lerrokatuko du zeharka. Kopulak bi ordu baino gehiago iraun dezake, eta bikotea geldirik egoten da, arren noizbehinkako espasmoak izan ezik[7].
Suge gehienek bezala, manba beltza obiparoa da. Ernaldia 80-90 egunekoa da eta emeak 6-17 arrautza bitartean erruten ditu. Arrautzak obalatu luzangak dira, 60-80 mm luze eta 30-36 mm-ko diametroa dutenak. Eklosionatzean, kumeek 40 eta 60 cm arteko luzera dute. Azkar hazten dira, eta lehenengo urtetik aurrera 2 m-tara iristen dira.
Ez dago argi zenbat bizi dira, baina gatibutasunean 11 urtera arte bizi daitezkeela ikusi da.
Elikadura
aldatuEzkutaleku iraunkor batetik ehizatzen du. Ornodun txikiz elikatzen da nagusiki, hegaztiz, batez ere kumeak, zein ugaztun karraskariez. Gehienetan odol beroko harrapakinak hobesten dituzte, baina beste suge batzuez ere elikatzen dira[8].
Manba beltzak ez dio harrapakinari eusten heldu eta gero, libratu egiten du eta perlesiak jo dezan itxaroten du irensten hasi baino lehen. Bere digestio-sistema ahaltsuak erabat digeri dezake harrapakina, zortzi eta hamar ordu bitartean.
Predatzaileak
aldatuGizakiek, eragiten duten beldurragatik, suge hauek hiltzen dituzte hozkadaren beldur direlako, ez jateko.
Pozoi indartsua dutenez, manba beltz helduek harrapakari natural gutxi dituzte, hegazti harrapakariez aparte. Egiaztatu ahal izan denez, arrano sugezale arreak (Circaetus cinereus) eta arrano sugezale bularbeltzak (Circaetus pectoralis) manba helduak ehizatzen dituzte.
Hala ere, gazteek harrapari gehiago dituzte, hala nola Lurmuturreko sugea (Mehelina capensis), pozoiarekiko immunea dena eta irentsi ahal izateko behar bezain txikiak diren aleak ehizatu ditzakeena. Mangostak (Herpestidae) eta azkonar eztijaleak (Mellivora capensis) manbaren pozoiarekiko immune samarrak eta behar bezain azkarrak direnak, ale txikiak ehizatzen dituzte. Uste da bi ugaztun horiek erabiltzen duten hozkadaren aurkako erresistentzia-mekanismoa hau dela: haien muskuluen hartzaile nikotinikoak ez dira lotzen sugearen alfa-neurotoxinekin.
Manba beltzak beste harrapari batzuk izan ditzake banaketa geografikoaren arabera hala nola Niloko krokodiloa (Crocodylus nilenglus), hegoaldeko lur-kalaoa (Bucorvus leadbeateri), mairu-hontza (Asio capensis) eta sai iluna (Necrosyrtes monachus).
Erreferentziak
aldatu- ↑ The Species 2000 and ITIS Catalogue of Life
- ↑ «Dendroaspis polylepis» The Reptile Database (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
- ↑ a b Spawls, Stephen. (2018). A field guide to East African reptiles.. (Second edition. argitaraldia) ISBN 978-1-4729-3562-5. PMC 1029759820. (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
- ↑ «Kruger Park Times - Myths, facts and more about the Black Mamba...» www.krugerpark.co.za (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
- ↑ https://www.iucnredlist.org/species/177584/15627370. .
- ↑ Marais, Johan. (2004). A complete guide to the snakes of southern Africa. (2nd ed. argitaraldia) Struik ISBN 1-86872-932-X. PMC 55743880. (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
- ↑ (Ingelesez) Haagner, G. V.; Morgan, D. R.. (2007-12-18). «The maintenance and propagation of the Black mamba Dendroaspis polylepis at the Manyeleti Reptile Centre, Eastern Transvaal» International Zoo Yearbook 32 (1): 191–196. doi: . (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
- ↑ Txantiloi:En-ZA Marais, Johan. (2018-12-10). «True facts about the Black Mamba» African Snakebite Institute (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).