Larrahe

baskoien dibinitatea datibo forman

Larrahe (bere forma datiboan) antzinako baskoien jainko edo jainkosa baten idatzizko izena da[1]. Lau idazkunetan agertu da bere izena, lau aratan: Muruzabal Andionen, Iruxon, Errezun eta Larunben, laurak Nafarroa Garaian eta baskoien eremuan[2]. Ez dakigu bere ezaugarrien inguruko ezer ere, baina Javier Velaza eta Joakin Gorrotxategik proposatu dute -he hori datiboaren forma izan zitekeela eta, beraz, Larra izatea dibinitatearen izena; Larrahe, beraz, idatzitakoa gaurko euskaran Larrari litzateke. Baskoieraz edo akitanieraz h hizkiak hasperena markatzen zuen, eta inguruko beste hizkuntzek ez dute ezaugarri hori[2]. Larra balitz jatorrizko izena, larreei lotutako dibinitatea izan zitekeela proposatu da[3].

Larrahe
baskoi
Ezaugarriak
Sexuaezezaguna
Domeinualarrea

Idazkunak

aldatu

Muruzabal Andiongo aldarea

aldatu
 
Larrahi (forma hori datiboan/Nori forman dago) jainko edo jainkosari eskainitako aldarea. Mendigorriako Muruzabal Andionen aurkitua eta Andeloseko museoan ikusgai.

1940ean aurkitu zen Andiongo lur-sail batean, nekazaritza lanetan ari zirela. Gaur egun Andelosko museoan dago ikusgai. Aldarearen data ez da ziurra, baina K.a. 50. eta K.o. 50. urteen artean egindakoa dela proposatu dute adituek[4]. Aldarea kareharrizkoa da, goian focus bat du eta 61 cm x 32 cm x 27,5 cm neurtzen ditu. Promesa bat du, sei lerrotan idatzia, eta teonimoa azken errenkadan dago, LARRAHI moduan idatzia.

«

MANILI
US MAR
TIALIS
VOTU RE
TULIT
LARRAHI.

»


Amaierako I hori akaso II zen, hau da, E irakurri beharrekoa[4].

Errezuko aldarea

aldatu

Hau da aurkitutako aldarerik txikiena, 27,5 x 15 x 12 cm. baino ez baititu. Gainera, golde batek emandako kolpeak erdiko zati guztia desitxuratu du. Aldarea Errezun aurkitu zen, baina ez zen argitaratu[4]. Testua oso hondatuta dago, baina teonimoa ondo ikusten da azken lerroan (honek ere marra bakarra du E letrari dagozkion bi marra zuten ordez):

«

++VS+
N++Q
TVP[.]+
LARAHI

»

Iruxoko aldarea

aldatu

1996an aurkitu zen Iruxon; badirudi etxe batean berrerabili zela uneren batean. Gaur egun Goñerriko etxe batean dago gordeta. 38 cm x 28cm x 20 cm ditu eta kareharrizkoa da. Epigrafian oinarritua, Erromatar Inperioaren hasierakoa dela uste da[4]. Testuak honela dio:

«

DEO
LARAHE
FELIX
V S L M

»


Velazaren ustez, hasierako "deo" horrek iradokitzen du interpretatio gertatu zela, hau da, erromatarren panteoiko jainko edo jainkosaren batekin parekatu zela teonimo indigena[4].

Larunbeko aldarea

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Larunbeko aldarea»

Larunbeko aldarea 2022an aurkitu zuen Aranzadi Zientzia Elkarteak, XI. mendeko Doneztebeko monasterioaren putzuaren barruan[5]. Kalkarenitazko bloke monolitiko batean egindako pieza da, eta 47 x 18 x 18 cm ditu. Goiko aldean focus biribil bat du, zeina erritualak egiteko erabiltzen zen, eta bi moldura soilek banatzen dute gorputza goiko partetik eta oinetik. Testu epigrafikoa lau idazketa lerrotan banatua dago[2].

«

VAL(ERIA)·V[I]-
TEL·LA
M(ERITO?)·LA·R-
A·HE·VO(TUM)
L(IBENS)·S(OLVIT)

»


Testua, beraz, Valeria Vitella izeneko emakume baten eskaintza da, eta I. mendean datatu dute adituek[5].

Erreferentziak

aldatu
  1. Velaza, Javier. (2012). «El vasco antiguo y las lenguas vecinas según la epigrafía» Euskara eta inguruko hizkuntzak historian zehar (Argitalpen Zerbitzu Nagusia): 75–84. ISBN 978-84-457-3286-1. (Noiz kontsultatua: 2024-06-16).
  2. a b c «'Larrahe' baskoien dibinitateari eskainitako aldare bat aurkitu dute Larunben» Berria 2024-06-15 (Noiz kontsultatua: 2024-06-16).
  3. Gorrochategui Churruca, Joaquín; Ramírez Sádaba, José Luis. (2013-11-10). «La religión de los Vascones. Una mirada comparativa. Concomitancias y diferencias con la de sus vecinos» Cuadernos de Arqueología 21: 113–149.  doi:10.15581/012.21.376. ISSN 2387-1814. (Noiz kontsultatua: 2024-06-16).
  4. a b c d e Zaldua Etxabe, Luis Maria. (2022). Euskal Herriko Antzinaroko jainko eta jainkosen izenak. Euskaltzaindia ISBN 978-84-125463-9-2. (Noiz kontsultatua: 2024-06-16).
  5. a b Aranzadi. «Aranzadik K.o. I. mendeko baskoien aldare bat aurkitu du Larunben» Aranzadi (Noiz kontsultatua: 2024-06-16).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu