Larunbeko aldarea
Larunbeko aldarea Larrahe izeneko (edo Larra, ikus «Interpretazioa» atala) baskoien jainkoari Valeria Vitella izeneko emakume batek eskainitako aldare txiki bat da, K.o. I. mendekoa, Larunbe herriko lurretan dagoen Arriaundi mendiko aztarnategian aurkitua, Itzako udalerrian (Nafarroa Garaia). Jainko horren izena agertzen den baskoien lurraldeko laugarren idazkuna da Larunbekoa, eta bertze hirurak baino iparralderago dago, bertzeak Iruñerritik hegoaldera baitaude. Larunbe Irurtzundik hurbil dago eta aldarea inguru horretako euskarazko testigantzarik zaharrena da.[1]
Larunbeko aldarea | |
---|---|
Jatorria | |
Egilea(k) | Valeria Vitella |
Sorrera-urtea | I. mendea |
Aurkikuntza lekua | Arriaundi |
Ezaugarriak | |
Materiala(k) | kalkarenita |
Dimentsioak | 61 () × 32 () × 27,5 () cm |
Hizkuntza | eusko-akitaniera, latina eta baskoien hizkuntza |
Nori eskainia | Larrahe |
Idazketa-sistema | latindar alfabetoa |
Egile-eskubideak | jabetza publiko |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Itza |
Aurkikuntza
aldatu2022ko abuztuaren 27an aurkitu zuen Aranzadi Zientzia Elkarteak, pixka bat lehenago azaleratutako XI. mendeko Doneztebeko monasterioaren aztarnen barruan, berau kontsolidatzeko egiten ari ziren lanen baitan;[2] eraikinari lotutako putzu baten hondoan zegoen, 77 zentimetroko sakoneran, modu horizontalean jarrita eta lurrez estalita. Pieza osorik atera zuten.
Juantxo Agirre Mauleon Aranzadiko idazkari nagusi eta Arriaundiko aztarnategiko arkeologo zuzendariak esplikatu zuenez, Peio Esain Larunbeko indusketako parte-hartzailea izan zen aldarea topatu eta eskuetan hartu zuen lehena.[3] Baina aldarea putzutik atera baino lehen, inguruan zeuden herritar guztiei deitu zieten, «denek gozatu zezaten momentu hartaz».
Aranzadi 2010. urtetik ari da Arriaundiko aztarnategian indusketa lanak egiten, Larunbeko herritarrek halaxe eskatuta. Hain zuzen ere, arkeologoek eta herritarrek auzolanean egiten dituzte lan horiek, urteko zortzi bat larunbatetan. Abuztuko azken larunbata izan ohi da auzolanean aritzeko larunbat horietako bat, urteko bereziena; lan egiteaz aparte, herri bazkaria egiten baitute, eta adituren bat gonbidatzen dute, hitzaldia emateko. 2022ko larunbat hartan Joseba Asiron historialaria izan zen gonbidatua.
Larubeko tontorrean, Goi Erdi Aroko San Esteban monasterioa azaleratu dute azken urteetan Aranzadiko arkeologoek eta Larunbeko herritarrek. Arriaundi ikuspegi zabaleko lekua da. Bere gailurretik, Bordele eta Astorga lotzen zituen galtzada erromatarra kontrolatzen da, Erdi Aroko Donejakue bidearen oinarri izango dena. Hala, monasteriotik Iruñeko erresuma igarobide nagusietako bat zaindu eta zelatatu zitekeen. San Estebanetik, gainera, komunikazio bisuala dago garai hartako beste gotorleku erlijioso garrantzitsuenetako batekin: Aralarreko Done Migelekin[4].
Ezaugarriak
aldatuKalkarenitazko bloke monolitiko batean egindako pieza da, neurri ertainekoa —gaur egungo kontserbazio egoeran, 27 kilo[1] eta 47x18x18 cm ditu—. Goiko aldean focus biribil bat du, zeina erritualak egiteko erabiltzen zen —ardoa isuriz edo intsentsu motaren bat errez, eskaintza gisa—, eta bi moldura soilek banatzen dute gorputza goiko partetik eta oinetik. Karratua da gorputz hori, eta piezaren aldeetako batean dago testu epigrafikoa, lau idazketa lerrotan banatua.[5][oh 1]
« |
VAL(ERIA)·V[I]- |
» |
Testua, beraz, Valeria Vitella izeneko emakume baten eskaintza da, eta I. mendean datatu dute adituek.[2] Valeria emakume honen izenaren lehen zatia, bere nomena da, bere familiaren edo hobe esanda bere gens-aren izena era adierazten du, emakumeen izenetan izan ohi zen bezala.
Votum Solvit Libens Merito ohiko formula izaten zen jainko-jainkosei eskainitako aldareetan, eta askotan VSML forma laburbilduta idazten zen[6][7]. Esanahia zen, gutxi gorabehera, "bere promesa bete zuen, gogo onez eta merezita". Inskripzioan, ordea, ohiko esamoldearen hitzen hurrenkera ez da ohikoa, eta gainera, "merito" formula barruan egon beharko litzakeena, dibinitatearen izenaren aurretik dago. Ohikoa ez den beste ezaugarri bat da teonimoaren kokapena testuaren barruan. Erromatar aldareetan, ohikoena da jainko-jainkosaren izena lehen lerroan agertzea, beraz, Larunbeko aldareak ez du "araua" jarraitzen, dibinitatearen izena eskaintzailearen ondoren idatzita agertzen baita. Dena den, hurrenkera horixe bera aurki dezakegu Euskal Herrian agertutako beste aldare batzuetan[8].
Javier Andreu Pintado historialariak ohartarazi du lehen aldia dela Vitella cognomena Iberiar penintsulan agertzen dela[9]. Valeria nomena oso zabalduta dagoelarik ere, Vitella cognomena gutxitan azaldu da; DCS - Epigraphik-Datenbank Clauss / Slaby Erromatar Inperio osoko epigrafeen datu basean, bost aldiz agertzen da: bi Narbonan eta hiru Erroma hirian. Bere aldaera maskulinoa, Vitulo (Vitulus izenaren datiboa - Nori / Norentzat - eta ablatiboa), ezaguna zen jada beste hiri baskoi batean, Los Bañalesko foroko idazkunetan. Vitella izena 'txahal' esanahiarekin lotu du nafar historialariak (Vitellus eta bere txikigarria Vitullus, 'zekor' eta 'zekortxo' dira) eta, beraz, elementu onomastiko horrek erakutsiko luke duela 2.000 urteko bertakoen joera beren izen pertsonalak faunaren eremu semantikotik lortzeko, eta hori, adibidez, ondo ikus daiteke Santakrizko aztarnategian aurkitu diren inskripzioetan[9].
Putzuaren indusketaren zehaztasunak
aldatuIndusketa arkeologikoek iraun duten bitartean, mahastegiaren ezkaratzaren barruan eta haren zolaren azpian, hego-mendebaldeko herenean, oinplano zirkularreko putzu bat aurkitu zen, behar bezala mugatuta. Putzu horrek harlangaitzez egindako barruko hormak ditu, eta mortero-hondarrak oso hondatuta daude. Neurri txikikoak, 1 m-ko diametrokoak eta 1,35 m-ko sakonerakoak. Barnealde osoa lurrezko sedimentuz, harrixkaz eta margo-kareharrizko lauzaz beteta zegoen. Putzuaren hondoa bat dator Arriaundi mendiko haitz-geruzaren azaleratzearekin.
Putzua induskatzen ari zirenean, aldarea agertu zen. Aldarea alboka zegoen hondoan, eta putzuaren barrualdea betetzen zuen sedimentuan sartuta. Pieza oso ondo kontserbatuta dago, higatutako puntu batzuetan izan ezik. Inskripzioa eta harrizko piezaren materialak ikertzen ari dira oraindik. Indusketa arkeologiko batean aurkitu izana, testuinguru estratigrafiko batean, oso garrantzitsua da[10]. Ohikoa izaten baita urtetan aurkitu diren epigrafeak bere testuingurutik kanpo aurkitzea, gehienetan, beste eraikuntzetan berriz erabilita.
Aurriaundiko tontorrean, erromatar garaiko materialak erregistratu dira, besteak beste, K.o. II. eta III. mendeetako txanponak, eta horregatik aldarea bera garai horretan eta testuinguru kultural horren baitan kokatu behar da[10].
Interpretazioa
aldatu2024ko ekainaren 15ean aurkeztu zuten jendaurrean Larunbeko aldarea eta Juantxo Agirre arkeologoak aurkezpenean erran zuenez, pieza horrek Valeria Vitella emakumearen sinesmenei buruzko datuak ematen ditu: «Ez dakigu latinez hitz egiten ba ote zekien, ez eta idazten bazekienik ere, baina badakigu oso garrantzitsua zela harentzat erritualean zerbait idatzita egotea, eta latinez idatzi zuela; baina haren dibinitatea indigena zela».[5]
Aurkitu zutenetik, hainbat arlotako espezialistek aztertu izan dute Larunbeko aldarea, hala nola, Aitor Pescador historialariak, Joakin Gorrotxategi eta Javier Velaza hizkuntzalariek eta Oihane Mendizabal arkeologoak. Aipaturiko bi hizkuntzalari horiek esplikatu dute Larrahe izenak berak adierazten duela baskoien jainko bat zela, azken silabako H horrek hasperena markatzen duelako (inguruko hizkuntzen artean, baskoieraz eta akitanieraz baizik ez zen erabiltzen) eta R bikoitza euskararen ezaugarri bat delako. Velazaren ustez, litekeena da bukaerako -HE hori baskoieraren datiboaren marka izatea (egungo euskararen -ri bezalakoa) eta, beraz, jainkoaren izena Larra izatea eta Larrahe horrek «Larrari» erran nahi izatea.
Aranzadiko ikertzaileen arabera, Arriaundiko aztarnategiaren eremu horretan kulturako gune bat egongo litzateke, kristautasunaren aurrekoa. XI. mendean Iruñeko Erresumak kulturako gune horren gainean Donezteberi eskainitako tenplu bat eraiki zuen.
Oharrak
aldatu- ↑ Epigrafistek konbentzio jakin batzuk erabiltzen dituzte inskripzioak transkribatzeko. Erromatar kulturan, inskripzioak laburdurak erabiliz idatzi ohi dira gehien-gehienetan. Adibidez, parentesi artean dagoena, laburdura horien berreraikitako testua da, hau da: ez dago idatzita baina Inperioko beste adibide asko oinarri hartuta, laburdura horrek adierazten duen hitza zein den jakin daiteke, eta dala den testua parentesi artean jarri ohi da. Galderak zalantza adierazten du.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b «“Euskara eta emakumea gurean oso aspaldidanik direla protagonista erakusten digu Larunbeko aldareak” - Nafarroa» euskalerriairratia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
- ↑ a b Aranzadi. «Aranzadik K.o. I. mendeko baskoien aldare bat aurkitu du Larunben» Aranzadi (Noiz kontsultatua: 2024-06-16).
- ↑ «Kontuz! Kasu! Gelditu!» Berria 2024-06-16 (Noiz kontsultatua: 2024-06-16).
- ↑ (Gaztelaniaz) Intxusta, Aritz. (2016-08-27). «Larunbe descubre un monasterio que lleva mil años perdido entre leyendas» GARA (Noiz kontsultatua: 2024-06-20).
- ↑ a b «'Larrahe' baskoien dibinitateari eskainitako aldare bat aurkitu dute Larunben» Berria 2024-06-15 (Noiz kontsultatua: 2024-06-16).
- ↑ «Latin abbreviations» www.trismegistos.org (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
- ↑ Szabó, Ádám. The reason and background of the vota and the different formulae. (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
- ↑ Ikus, Barbaringo aldarea. Selatse teonimoa hirugaren lerroan agertzen da. Zaldua, L.M (2022). Euskal herriko Antzinaroko jainko eta jainkosen izenak. 63. or.
- ↑ a b (Ingelesez) Andreu Pintado, Javier. (2024-06-17). «https://en.unav.edu/opinion/-/contents/17/06/2024/larrahe-los-vascones-y-el-latin/content/CnBM7sduyZOb/107981016» Nafarroako Unibertsitatea (Nafarroako Unibertsitatea) (Noiz kontsultatua: 2024-06-18).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Agirre-Mauleon, Juantxo; Pescador, Aitor; Esain, Peio; Alonso, Euken. (2023). «Un ara romana en el monasterio altomedieval de Doneztebe (Larunbe)» Trabajos de Arqueología Navarra (35): 261–267. doi: . ISSN 2530-5816. (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).