Landare-olioak edo landare olioak landare jatorriko lipidoak dira, gantz azidoen glizeridoz osatuta daudenak. Giro-tenperaturan (20 °C) likido direnean olio esaten zaie eta tenperatura horretan solido direnean, berriz, koipe.[1] Denak ez dira jateko onak. Linazi olioa, tung olioa eta errizino olioa, esate baterako, labaintzaileak, margoak, kosmetikoak, farmazia produktuak eta beste industria gai batzuk egiteko erabiltzen dira.

Oliba olioa.

Osagaiak

aldatu

Landare olio eta koipeak %100ean lipidoz osaturik daude (%99an triglizeridoz, eta gainerakoa, batez ere, lezitinak eta E bitamina dira). Ez dute urik eta kaloria ekarpen handia egiten dute. Olio mota bakoitzak gantz azido osaketa desberdina dauka. Gantz azido monoasegabe eta poliasegabeen proportzio handia dutenak hobeak dira osasunerako.[1][2]

Landare olio ohikoenen ezaugarriak
Olio mota[3] Jatorria Gantz azido aseak (%) Gantz azido monoasegabeak (%) Gantz azido poliasegabeak (%) Ke-puntua[4]
Arbendol olioa Arbendolondoa (hazia) 8,6 73,2 18,2 216 °C
Arto olioa Artoa (hazia) 13,6 29 57,4 232 °C
Ekilore olioa Ekilorea (hazia) 10,8 20,4 68,8 227 °C
Ekilore olioa (oleiko ugarikoa)[5] Ekilorea (hazia) 9 82 9 232 °C
Kakahuete olioa Kakahuetea (hazia) 17,8 48,6 33,6 227 °C
Kakao gurina[6] Kakaoa (alea) 62 34 3 230 °C[7]
Kartamo olioa Zamo txikia (hazia) 6,5 15,1 78,4 232 °C
Koko olioa Kokondoa (hazia) 91,9 6,2 1,9 177 °C
Koltza olioa Koltza (hazia) 7,5 64,1 28,4 204 °C
Kotoi olioa Kotoi-landarea (hazia) 27,1 18,6 54,3 216 °C
Mahats pipiten olioa Mahatsa (hazia) 10 16,8 73,1 216 °C
Oliba olio birjina estra Olibondoa (fruitua) 14,2 75 10,8 207 °C
Oliba olio findua Olibondoa (fruitua) 14,2 75 10,8 225 °C
Palma olioa Olio palmondoa (fruitua) 51,6 38,7 9,7 232 °C
Palmiste olioa[8] Olio palmondoa (hazia) 82 15 2 232 °C
Sesamo olio (iluna) Sesamoa (hazia) 14,8 41,5 43,6 177 °C
Sesamo olio (argia) Sesamoa (hazia) 14,8 41,5 43,6 232 °C
Soja olioa Soja (hazia) 16,2 23,7 60 232 °C
Ziape olioa Ziapea (hazia) 12,6 64,3 23,1 254 °C

E bitamina liposolugarria da, hots, lipidoetan disolbagarria. Landare olioak, antioxidatzailea den eta zahartzearen aurka eragiten duen bitamina honen iturri garrantzitsuena dira, baina fintze prozesuetan edukiaren parte bat galtzen dute[9]. Hiri dela eta, botilaratu aurretik batzuetan olio finduei E bitamina gehitzen zaie.

Trans koipeak

aldatu

Landare koipe hidrogenatuak (trans koipeak) 1960ko eta 1970eko hamarkadetan sortu ziren, animalia-koipeak ordezteko asmoz. Hidrogenazio prozesuaren bitartez giro-tenperaturan koipea solidoa izatea lortzen da. Horrez gain, koipe hidrogenatuek luzaroago irauten dute zaharmindu gabe. Elikagaien industrian trans koipeak asko erabiltzen dira, kostuak merkatzen dituztelako[10]

Trans koipeek ez dute kolesterolik, lipido hau animalia jatorriko elikagaietan besterik ez dagoelako. Hori dela eta, hasiera batean animalien koipeak baino osasungarriagoak zirela uste zen. Baina, ikerketa zientifiko ugarik agerian jarri dutenez, koipe hidrogenatuak ohiki jateak gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua handitu egiten du. Izan ere, koipe hauek jaitsi egiten dute kolesterol onaren (HDL) tasa eta igo kolesterol txarrarena (LDL) eta triglizeridoena[10].

Ke-puntua

aldatu

Ke-puntua olioa glizerol eta gantz-azido asketan desegiten hasten den tenperatura da. Ke-puntura iristen denean olioak ke urdinxka jariotzen du. Sukaldatzean ez da komeni tenperatura horretara heltzea, konposatu toxikoak (bentzopirenoa, akroleina) sortzen direlako.[11][12]

Ekonomia

aldatu
 
Kakahuete olioa.

Bederatzi olio mota hauek dira munduan gehien kontsumitzen direnak. %80 jateko erabiltzen da, eta gainerakoa industrian eta bioerregaiak ekoizteko[13].

Olio mota Munduko ekoizpena 2011/12an[14]
(milioi tonak)
Palma olioa 50,67
Soja olioa 41,95
Koltza olioa 23,60
Ekilore olioa 14,15
Palmiste olioa 5,84
Kotoi olioa 5,33
Kakahuete olioa 5,27
Koko olioa 3,56
Oliba olioa 3,10

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Lorenzo, Arantza; Uranga, Ane Miren. Koipe onuragarriak: olioak. Elhuyar aldizkaria, 1998/03/01, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2024-9-8).
  2. Olio motak: Guztiak ez dira oliba. revista.consumer.es (Noiz kontsultatua: 2024-9-8).
  3. Characteristics of different Cooking Oils. chartsbin.com (Noiz kontsultatua: 2024-9-8).
  4. Smoke Points of Various Fats Cookingforengineers.com
  5. Four types of sunflower oil. National Sunflower Association, sunflowernsa.com (Noiz kontsultatua: 2024-9-10).
  6. Fat Comparison Chart Jivaka.com
  7. Cocoa Butter: Learn all about this amazing ingredient. ilariamarzullo.com (Noiz kontsultatua: 2024-9-11).
  8. Fatty acid composition of common fats and oils Healthy-india.org
  9. Olibaz, ekilorez, soiaz, artoz... eginiko olioak Eroski Consumer
  10. a b Arratibel Gascon, Ainara. Trans gantzak, zokoratze bidean. Berria, 2015eko irailaren 9a, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2024-9-8).
  11. Acroleina en los alimentos. botanical-online.com (Noiz kontsultatua: 2024-9-8).
  12. Elika. Bentzopirenoak elikagaietan. kontsumitzailea.elika.eus (Noiz kontsultatua: 2024-9-8).
  13. [https://web.archive.org/web/20120526160202/http://www.bioenergytrade.org/downloads/vegetableoilstudyfinaljune18.pdf A global overview of vegetable oils with reference to biodiesel] Bioenergytrade.org
  14. Major Vegetable Oils: World Supply and Distribution United States Department of Agriculture. Foreign Agricultural Service