Josefa Martiarena Lekuona

Oiartzungo serora eta idazle saritua

Josefa Martiarena Lekuona (Oiartzun, Gipuzkoa, 1902ko maiatzaren 31 - Donostia, Gipuzkoa, 1984ko otsailaren 20an). ᾽Pepita serora᾽ izenez ere ezaguna, 36ko gerra aurreko emakume idazle saritua. Harreman zuzena izan zuen Oiartzungo EAJ eta Euzko Emakume Batzarekin.[1][2]

Josefa Martiarena Lekuona

Bizitza
JaiotzaOiartzun1902ko maiatzaren 31
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia1984ko otsailaren 20a (81 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta Serora

Biografia aldatu

Benito Martiarena Iñarra eta Josefa Ignacia Lekuona Olano oiartzuarren seigarren alaba izan zen, guztietan gazteena. Juana (1887), Meltxora (1890), Kontxi (1892), Migel (1895) eta Dionixio (1898) jaio ziren Pepitaren aurretik.[3]

Dionixio izan da, akaso, senide guztietan ezagunena urte askoan Lartaungo Done Eztebe elizako sakristaua izan zelako eta baserriz baserri Oiartzungo familien erretratuak egiten ere ibili zelako 40. eta 50. hamarkadetan.[4]

Familia Donibane kalean (Goiko kalea izena ere bazuen garai batean) bizi izan zen, 1898an Dionisio 42. zenbakian jaio zelako eta 1911n, Miguel anaia kale bereko 45.ean hil, 14 urterekin.

1928an, Mendiburu kaleko 12. zenbakira (Eguesenia) aldatu ziren senideetako lau, lehenengo solairuko eskubiko atera. Han bizi izan zen Pepita Meltxora eta Kontxi ahizpekin, eta Dionisio anaiarekin, heriotzak deitu zituen arte.

Pepita ez zen ezkondu, ezta harekin bizi ziren senideak ere.

Lartaungo Done Eztebe elizako serora aldatu

Kultura handiko emakumea, literaturarekin baino, musikarekin lotzen zuten haren ezagunek. Adibidez, harmoniuma jotzen zuen (harmoniuma organoaren tankerako haizezko instrumentua da, ttikiagoa tamainan eta hodirik gabekoa). Oso emakume jantzia zen, musikaz asko zekiena eta irakurle ona.

Oiartzungo Lartaungo San Esteban elizarekin lotura estua izan zuten Martiarenatarrek. Arestian esan den moduan, Pepita serora izan zen. Serora Euskal Herriko lanbide erlijioso tradizionaletako bat izan da, sakristaua bezalaxe (elizaren mantenuaz arduratu eta apaizari mezatan laguntzen zion gizona). Serorak beti izaten ziren emakumezkoak, ezkongabeak edo, bestela, alargunak. Eliza zaintzea zen beraien egitekoa: Beti elizako lanak egiten, garbitzen, mezetan dirua jasotzeko kaxa pasatzen, aldareak prestatzen...

1928an izendatu zuten Dionisio anaia sakristau, eta hilabete gutxiren buruan, Oiartzungo Elizak Pepita serora izendatu zuen.

36 Gerra aurreko euskal idazlea aldatu

XX. mendeko lehen herena Euskal Pizkunde garaia izan zen: XX. mendearen lehen herenean ehunka lagunek egin zuten lan euskal herritarren garapen aske eta osoaren alde. Euskal kulturak eta literaturarentzako garai oparoa izan zen: aldizkariak, elkarteak, aldarrikapenak (᾽Euskaldunokin euskeraz᾽, adibidez) sortu ziren. Anjel Lertxundik esana omen da hau: “Euskarak inoiz ezagutu zuen mugimendu kultural bizi eraginkorrena protagonizatu zuten Pizkundeko gizon-emakumeek XX. mendearen lehenengo hamarkadetan”.

Tartean, aldizkari eta elkarte asko literatur lehiaketak antolatzen hasi ziren. Sail batzuk propio emakumeentzako izaten ziren, tematika berezituarekin. Aldea nabarmena izaten zen, eta horren adierazgarri ederra da 1929an Euskalerriaren Lagunak-ek antolatu zuen lehiaketako gaitegia. Gizonei nekazaritzari, hegaztiei, fruta-arbolei... buruz idazteko eskatuko zioten, eta emakumeei euskal hizkuntzari buruz (La mujer y el idioma vasco). Beste urte batean, hauxe izan zen emakumeentzako gaia: "Economía doméstica y nociones de agricultura adaptadas a las necesidades de las muchachas guipuzcoanas". Argi eta garbi, garaiko euskal gizartean errotu eta indartu nahi ziren oinarri ideologikoekin lotuta zeuden lehiaketetako gaiak.

Josefa Martiarenak "Euskalerriaren Lagunak" aldizkariak antolatutako lehiaketetan parte hartu zuen eta bi bigarren sari, behintzat, eskuratu zituen. Esaterako, 1930ean bigarren saria lortu zuen eta dirua jaso zuen ordainetan: 25 pezeta. Martiarenak irabazi zuen sailean sei lan aurkeztu ziren. Bere lanak ᾽¡Zorionekua!᾽ izenburua izan zuen. “Gaian ez da osoro sartu, baña lan au, laburtxoa izan arren, gogoko zaigu”, azaldu zuen epaimahaiak Martiarena saritzeko arrazoiak emateko momentuan.

 
Erdian, Josefa Martiarena Lekuona.

Pepitaren anaiak, Dionisiok,[5] lehiaketetan parte hartu eta Euskal Esnalea aldizkarian idazten zuen (Dunixi gisa, bere izena euskaratuta sinatzen zuen). "Euskalerriaren Lagunak" euskara hutsean argitaratzen zen eta "Euskal Esnalea" elkartearekin harreman estua zuen (1907an sortua Zumarragan, Arturo Kanpionen bultzadaz). Elkartearen eta argitalpenaren oinarri nagusia hauxe zen: “¡Gora euskera maitagarria!”.

Idazle emakumeak, mugimendu oso bat aldatu

Garaiko emakume idazleen profila hauxe zen, oro har: 1900 urtearen bueltan jaiotakoa (urte batzuk lehenago, urte batzuk beranduago); kaletarra; alfabetatua eta kulturaduna; eta sarri askotan, ezkongabea.

Sorne Unzueta, Tene Mujika, Julene Azpeitia, Elbira Zipitria, Pantxike Astibia (oreretarra), Margarita Untzalu, Errose Bustintza, Maria Juaristi... idazle mugimendu horretan ibili ziren emakume ezagunak dira.

Ideologiarekin lotura estua zuen sormen literarioa zen gehienek idazten zutena. EAJ-ren Euzko Emakume Batzako militanteak zirenez, alderdiak bultzatzen zuen moral eta idealak sustatzea zuten helburu euren idatziekin: amatasuna (Ama Aberria eta ama biologikoa nahasiz), euskara eta haren transmisioa (ama hizkuntza), erlijioa... Euren lanetan nabarmenak dira gai horiek.

Esaterako, 1930ean lehenengoz Andereño Idazleen I. Batzarra egin zuten Zarautzen.

Abuztuaren 24an elkartu ziren, gutxienez, 11 idazle emakume (tartean Oiartzungo Mirentxu eta Pillipa), Miren Etxabe "Lau Uxoren" proposamenez. Guztiak EAB-ko kide ziren. Hurrengo urtean, Itziarren izan zuten zita, Tene Mujikak antolatuta. Hirugarren batzarra Elgoibarren antolatzeko deia ere egin zuen Maria Juaristik, baina hori ez zen ospatu.

1936ko uztailaren 18an Franco eta enparauen altxamendu militarra izan zen, eta 36ko Gerra hasi zen. Eta ondoren, diktadura frankista. Garai latzak euskal kulturarentzako, oro har: Eta are gehiago kulturgile emakumeentzako. Gizonek eskubideak galdu bazituzten, zer esanik ez emakumeek: erregimenak etxe barrura sartu zituen eta gizonezkoen azpiko bihurtu zituen. Hamaikatan isilarazi zituzten idazle emakumeak: euskaldunak zirelako, kulturgileak zirelako eta... emakume zirelako.

Idazle emakume gehienek, egindakoa ahaztu eta ezkutatu egin zuten. Are, ondorengoek ere ez jakiteraino ama, amona edo izeba idazle izan zutenik. Hain ongi ezkutatu ere, Euskal Herriko zein Oiartzungo kulturaren eta literaturaren memoriatik ezabatu zirela.

Euzko Emakume Batza aldatu

Pepita Martiarenaren etxean bazuten lotura politikarekin, EAJ-rekin harremana zutelako. Dionisio anaiaren aurrekariak eskatu zituen Gobernu Zibilak 1936an, gerra hastean. Pepitarenak ez zituzten eskatu, baina harreman zuzena zuen Oiartzungo EAJ-ko eta Euzko Emakume Batzarekin.[2]

Erreferentziak aldatu

  1. «Bautismo Maria Josefa, Martiarena, Lecuona» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2024-01-31).
  2. a b (Ingelesez) «Oiartzun urtekaria 2022 by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2022-10-03 (Noiz kontsultatua: 2024-01-31).
  3. (Ingelesez) «Oiartzun 2020 urtekaria by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2020-09-01 (Noiz kontsultatua: 2024-01-31).
  4. Txantiloi:Basque Martiarena, Dunixi. «Otoitzaren indarra : ipuia / [Dionisio Martiarena»] catalogo.sanchoelsabio.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-31).
  5. «Martiarena, Dionisio - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-31).