Errose Bustintza

euskal idazlea

Errose Bustintza Ozerin (Mañaria, Bizkaia, 1899ko irailaren 3a - ibidem, 1953ko abuztuaren 20a) euskal idazlea, kazetaria eta etnografoa izan zen. Eusko abertzale sutsua izan zen (Emakume Abertzale Batzako kide) eta euskaltzalea, umore fin eta sarkor baten jabea.[1]

Errose Bustintza

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakErrose Bustintza Ozerin
JaiotzaMañaria1899ko irailaren 3a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaMañaria1953ko abuztuaren 20a (53 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: leuzemia
Familia
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakipuingilea, kazetaria eta idazlea
KidetzaEmakume Abertzale Batza
MugimenduaEuskal Pizkundea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea

Literaturaren Zubitegia: 395
« Idazle biotz-samur ta eztia, mitxeleta egon-ezin antzera, mendi, baserri ta arkaitz-zulo zear ipuin tximel billa, iñoiz nekatu etzana dugu emakume argi au. Irudimen azkarra du, bere errikoen agotik jasoriko ipui, esaera ta elezarrez edesti ta kontaera zoragarriak eratzeko. »
Santi Onaindia[2]

Bizitza aldatu

Erroseren gurasoak Felix Bustintza Lasuen, harrigilea, eta Marzelina Ozerin Arriaga izan ziren, biak mañariarrak. Etxanoa baserrikoa zen aita eta Arriaga Bekoa (Arrixa Bekue) ama. Gordetzen diren jaiotza-agirien arabera, 6 neba-arrebatan gaztena izan zen bera eta Arruetas auzoan jaio zen.

Erroseren bizitzaz ez dago datu larregirik. Herriko eskolara joan zela berak idatzikotik dakigu, baina gainontzeko ikasketarik egin bazuen ez dugu inolako berririk. Ezer gutxi dakigu ere haren bizitza-zertzelada eta gorabeherez, adiskide, izaera, zaletasun, joan-etorri eta abarrez. Gutxi dira haren argazkiak ere.

Mañarian jaio, bizi eta hil zen. Ebaristo Bustintza, Kirikiñoren iloba eta ezkonarreba zen (Erroseren Basile ahizpa honen emaztea zelako) eta bikotearekin familiarena izandako Zumelaga etxean bizi zen.

Euzkadi egunkarian hasi zen kolaboratzen, herriko gertakari xumeak jasoz, baina ez zituen bere kronikak sinatzen. 1929an sinatu zuen bere lehen idazlana, Kirikiño zendu zenean eta hain justu honen heriotzaren berri emateko. Mañariko Errose edo Mañariko hartu zituen izen-ordekotzat. Herrian baina Rosale bezala ezagutzen zuten, eta gogoratzen dute.

Anaien arteko 1936ko gerra baino lehenagoko abertzale mugimenduaren parte izan zen, eta Emakume Abertzale Batzako kide. Gerratean, hasieran Eguna egunkariko kolaboratzailea zen[3] eta ihes eginda Bartzelonan zela, Euzkadi egunkarira bidaltzen zuen egunero bere kronika. Gerora ama Martzelina, eta Basile eta Irene ahizpekin erbesteratu egin zen, Donibane Lohitzun eta Baionara; hemen zendu zen Irene eta bertan lurperatu zuten.

 
Zumelaga, Kirikiño kalean, Errose eta familiaren bizitoki izandako etxetzarra.

Zumelaga etxeko liburutegia aberatsa zen oso. Gerrako gora-beheren ondorioz Bilbora lekualdatu zuten eta hantxe galdu zen. Eskuizkribu baliotsu batzuk gordetzen ziren bertan, beraiekin eraman zituztenak Basile eta Errosek Frantziara erbesteratu zirenean.

Gerra bukatuta Mañarira itzuli eta ahizpa biak Zumelagan bizi ziren elkarrekin. Basile olerkigintza generoan arituko zen ere, baina bere burua ez erakuste arren, olerkiok ez zituen sekula bere izenarekin agertzerik nahi izan.

Errose ezagutu zutenek pertsona zintzo eta elizkoi gogoratzen dute, beltzaran, eder, antiojudun eta arropa beltz dotorez jantzia beti. Irakurriz eta idatziz, gustuko zuen horretara dedikatzeko aukera izan zuen emakume kultutzat duenik ere bada. Beste bizimodu bat zeramala agerikoa zen, bere inguruko andrazko gehienei etxe bueltako zereginez aparte, lana batzen zitzaielako ortuan zein soloan: aitzurrean, laiaketan, ira-ebaten, artajorran, ganadu-zainen eta uzta sasoiko egin beharrekoetan, izan intxaur-, sagar- edo gerezi-batzen, baserri eta kaleko etxekoandreak lanez lepo beti. Erroseren egoera ingurumari hartan ezohikoa izan zen eta berak etekina ateratzen jakin zuen.    

Gazte jendearekin mendira joatea eta paseatzea gustatzen zitzaion, eta herriko nagusiekin ipuinak eta kontakizunak partekatzea. Berak idatzita laga zuen bezala, “…erriko atso-agura guztiakaz adiskide andi egin nintzan. Arekandik amaikatxo gauza on eta eder entzun neban”. Baserriz baserri ibiltzen zen, idazteko beharrezko tresnak hartuta, edadetuen ahotik jasoz elezahar, dantza-koplak, herri-otoitzak, esaera zahar eta baladak. Dantza-kopla sorta ugariena berak batutakoa da ezbairik gabe.[1]

Errose leuzemia edo odol-zurbil gaixotasunak jota, 1953ko abuztuaren 20an zendu zen, Zumelaga etxean eta 54 urte egin aurretxoan. Jaioterriko kanposantuan lurperatu zuten.

Ekarpena aldatu

Herriaren ahotik jasotakoak, berridatziz herriarentzat utzi ditu. Ahozkotasun hutsaren galbide arriskuari erreparatuta, han-hemenka entzundakoak biltzeari ekin zion eta afizioa ofizio bihurtuta, aldizkari eta egunkarien bitartez argira emateko bideari ekin zion. Gaur egun altxorrean bihurtu da bere ekoizpena duen balio etnografiko, folkloriko eta linguistikoagatik.

 
Lurperatu zuten Mañariko kanposantua.

"Aitaitordearen leenengo ipuiña" kontakizunean, bere berbetatik jasotzen dugu ume-umetatik izan zuen "ipuin-egarria aseteko" premia:[4]

« Txikitan be, ipuin zale-zalea nintzan; eta zaletasun begiko ori zala-ta, ipuin politen bat non eta zelan entzungo, artega-samar ibilten nintzan. eskolara joaten nintzanetan, nire laguntxoai sarritan be sarritan ixil-mixilka esaten neutsoen:¿Gaur zelako ipuiñak dakazuez, ba?” “¿Aitaita-amamak bart ze ipuin esan dautsue, ba?”. Eta bereala, nire laguntxoak, itaun orri egokiro erantzunik, sekulako ipuin politak azaltzen eustezan. Baiña nik, tamalez, nire aitaita-amamak iñoiz be ezagutu ez nebazan ezkero, nire adiskide ta lagunai ezin izaten neutsen ipuin askorik azaldu. Nire gurasoen gurasoak ni munduratu orduko bestalderatu ziran ezkero, arein agoetatik ezertxo be entzuteko zorionik ez neban izan… Ori, barriz, zoritxar anditzat joten neban. Eta zoritxar ori gogoan nebala, lagun-artean bein baiño geiagotan esan izan neban: “Neure aitaita-amamak bizi ba-ziran, orraitiño, a zelako ipuiñak azalduko leuskidezan!”. Eta ori esaten neban bakotxean, nire begitxuak malko garratzez bustiten ziran. Olakoxe ipuin-zale errimea nintzan!. »
Errose Bustintza, Mañarikoa.

Mañarikok olerkiak, kantu-letrak eta aldizkarietan kolaborazioak egin zituen: Euzkadi, Ekin Jaungoiko Zale Bazkuna´ren asterokua, Eguna, Jesusen Biotzaren Deya, Karmel... Ipuingintza landu zuen batik bat. Gai mitologikoak biziki maite zituen eta berak jasotakoetan laminak, sorginak, jentilak, prakagorri eta deabruak dira protagonista nagusi.

Irudimen handiko idazlea izan zen, baina ez zuen bere lanak liburu bakarrean argitaratuta ikusteko aukera izan. Durangaldeko herri eta mendietan kokatuta, idatzi zituen ipuinengatik egin da ezagun Errose, eta bere 49 kontakizun Euskal Herriko Ipuiñak izenburupeko liburuan daude bilduta: 1990 urtean Jaime Kerexeta Gallastegiren ekimenez, han-hemenka argitaratuta eta sakabanatuta zeudenak argitalpen bakarrera ekarriz.[5]

Gerra aurrekoa da Erroseren idazte sasoirik oparoena; haren ostean gauza gutxi argitaratuko zuen.

Estiloa aldatu

Osaba Ebaristoren idazkari lanetan jardun zuen: hark besoa apurtu zuenean Errosek idazten zizkion idatzi beharrekoak. Gerora baina estilo erabateko desberdinak garatu zituzten garatu ere, Kirikiñoren eragin literarioaz kanpo zegoela erakutsiz.[6] Ilobaren biltzaile lana, osabarena baino aberatsagoa izan zen eta honek baino kopla eta balada gehiago argitaratu zituen. Ugariak izan ziren Bustintzatarrok eta bien artean 240 kopla eman zituzten argitara.

Idazte estiloan Sabino Aranaren eskolakoa zen Errose, garbizalea, hitz berri ugari erabiliz bere ipuin eta kontakizunetan. Poesia eta hizkuntzaren edertasuna bilatzen zuen une oro, baina era berean euskara jator eta herrikoiaren esaera eta esakunak tartekatuz, beti ere etxean jasotako Bizkaiko euskarari men eginez.[7]

Euskal Pizkundea mugimenduko parte izan zen mañariarra.

Bere ipuinak aspaldiko sasoietara daramate, hauen hasierako esaldietara erreparatu besterik ez dago: “Gure aitaita zaarren aldietan…”, “Zuek gogotan ez dozuen bariku arratsalde baten…”, “Antxiña, gure asabak praka laburrakaz eta ule luzeakaz ebizan aldietan…”, “Beiñola…”, “Antxiña-antxiñako aldietan…”, “Urte asko be asko dirala” edo “Nik  ez dakit noiz be…” bezalakoak erabiliz.[4]

Lanak aldatu

Narrazioa[8][9] aldatu

Errose Bustintza Kultur Etxea aldatu

  • 2013ko apirilean inauguratu zuten Mañariko Kultur Etxe berria. Errose Bustintza izena eman zioten herriko idazlearen omenez.[10][11]
 
Errose Bustintza Kultur Etxea Mañarian.

Sariak aldatu

  • 1932an Kirikiño saria jaso zuen Euzkadi egunkarian argitaratutako lan literarioengatik.[5]

Aitorpenak aldatu

  • 1999an eta haren jaiotzaren 100. urteurrenaren harira atera zen bere figura eta ekarpena ordura arte egondako isiltasun eta ahanzturatik. Mañariko udalak eta Euskaltzaindiak bere omenezko plaka bat josi zuten Zumelaga etxearen kanpoko horman, eta Eusko Jaurlaritzak Jabier Kaltzakorta euskaltzainak idatziriko biografia argitaratu zuen Bidegileak sailean[12]
  • 2023ko urrian eta bere heriotzaren 70. urteurrenaren aitzakiarekin, Europako Ondarearen Jardunaldien barruan Mañariko Erroseren hainbat ipuin, olerki eta dantza-kopla irakurri ziren bere izena daraman Kultur Etxeko ganbaran, haren bizitza eta ekarpen literarioaren gaineko zertzeladak ere gogora ekarriz.[13]

Aipamenak aldatu

Hainbat idazlek esandakoak batu zituen Jose Gonzalo Zulaika, Aita Donostiak Ipuiñak liburuaren hitzaurrean, Jaime Kerexetak prestatutako 49 kontakizunen bilduman:

 "Nik askotan esana: emakumeak ba-dabela, idazle diranean, zerbait berezi-berezia, giza-semeak ez daben zer-edo-zer apartekoa izaten dabe euren liburuetan. Beste orrenbeste diño mugaz bestaldeko Itxaro'k be. Orregaitik-edo, Errose'tzaz duinkiro idatzi izan dabe aipatu dabenak.

Mikel Zarate'k onela: "Aberatsak dira bere idazlanak etnolojia aldetik".

  Andima Ibiñagabeitia elantxobetarrak: "Trebea duzute Mañariko Errose Ipuiak idazten, gure artean garaienetakoa nik uste oraingo ontan. Ba dizu irudimena, eta ba dizu batez ere biotzondoa".

      Eta Juan San Martin'ek beste au: "Mañariko'ren liburua ikusteko pozarren nago. Asko gustatu jataz bere ipuiñak. Bere osabarenari (Kirikiño'renari) ez dautse zorrik".

      Eta nik: "Mañaria izan ere, tokiz eta jendez, orri dagokiona duzu, aukerakoa iñolaz ere, Untzillaitz, Mugarra, Urkulu, Ezkubaratz, Saibigain, sorgin-lamiña ta maitagarriz beterik, egokiak dira, berezkoak noski, elezar-gaiak eskeintzeko, leize beltz, saguxar eta baserri-jende misteriotsuz gaiñezka".

      Txalogarri egiaz Jaime Kerexeta, lanok batu, sailkatu eta argitara emoteko dauanagaitik. Sor begiskue ipuiñok, irakurleoi, poza ta eztia, Errose'k eukan poza zabal ixuriz guregan".[4][14]

Erreferentziak aldatu

  1. a b Xabier KALTZAKORTA: Errose Bustintza, Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaritza, 1999.
  2. Santi ONAINDIA: Milla euskal olerki eder, Itxaropena, 1954.
  3. Garairik zailenean sortua Berria egunkaria (2016-12-30, Mikel Rodriguez)
  4. a b c Bustintza, Errose. (1990). Ipuiñak. Bilbo: Gero, Ediciones Mensajero ISBN 84-271-1656-X..
  5. a b «Bustinza Ozerin, Errose - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-31).
  6. (Gaztelaniaz) Gorriti, Un reportaje de Iban. (2023-08-14). «La escritora patriota a la que su tío hizo sombra» Deia (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  7. «Errose Bustintza Mañariko» Bizkaieraren ataria 2012-09-28 (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  8. (Gaztelaniaz) Errose Bustintza (Mañariko) (1899-1953) – Día de las Escritoras. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  9. (Gaztelaniaz) «Durangaldeko ipuinak = Cuentos del Duranguesado - Bustintza, Ebaristo (Kirikiño); Lasuen Ozerin, Errose; Unzueta Zamalloa, Lourdes (ed.)» durangokoazoka.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  10. «'Errose Bustintza' kultur etxea, zabalik - Mañaria» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2020-03-04).
  11. «Errose Bustintza kultur etxeaz inkesta, zabaldu eta urtebetera - Mañaria» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  12. Kalzakorta Elorza, Javier. (1999). Errose Bustintza (1899-1953). Servicio Central de Publicaciones = Argitalpen Zerbitzu Nagusia ISBN 978-84-457-1443-0. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  13. (Gaztelaniaz) DURANGON. (2023-10-27). «Las Jornadas del Patrimonio se despiden con los cuentos de Errose Bustintza y gastronomía medieval» durangon.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  14. «Errose Bustintza: Euskalerriko ipuñak» klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).

Bibliografia aldatu

Kanpo estekak aldatu