Jose Mari Larrea
Jose Mari Larrea Muxika (Basauri, Bizkaia, 1954 – Bilbo, 2018ko uztailaren 29a) euskal idazle, kazetari, unibertsitateko irakasle eta militante politikoa izan zen.[1]
Jose Mari Larrea | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Basauri, 1954 |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Bilbo, 2018ko uztailaren 29a (63/64 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea eta unibertsitateko irakaslea |
Bizitza
aldatuJose Mari Larrea Basaurin jaio zen 1954an, eta kazetaritza ikasketak egin zituen Bilbon. Klandestinitatean eman zituen euskarari eta Euskal Herriari lotutako lehen urratsak. ETAko militantea izan zen frankismo garaian. Gasteizen zegoelarik, tiroketa batean hainbat bala jaso zuen hankan, eta hilzorian izan zen horren ondorioz. Atxilotu, eta preso sartu zuten, baina aske geratu zen 1977an, orduko Espainiako presidente Adolfo Suarezek agindutako amnistiari esker.[2][3]
Espetxetik irten ostean eman zituen lehen urratsak prentsaren munduan, Zeruko Argia aldizkarian. Lau urtez aritu zen Iruñeko berriemaile gisa lanean. Beste hainbat hedabiderentzat ere lan egin zuen gerora, hala nola Xaguxarra, Jakin eta A Nosa Terra. Urte batzuk geroago, Pamiela argitaletxeak kaleratu zuen Mazantini aldizkaria sortu zutenetako bat izan zen. Aingeru Epaltza, Luigi Anselmi, Aurelia Arkotxa, Jesus Etxezarraga, Jose Enrike Urrutia eta Dario de Zaurieta izan zituen, besteak beste, kide aldizkarian.[2]
Lagun minak zituen Federico Krutwig eta Joseba Sarrionandia idazleak, eta literatura konplizitate handia zuten elkarrekin. 1984an, Sarrionandiarekin batera argitaratu zuen Alkohola poemak olerki bilduma, Akademia Sekretua goitizena erabilita.[3] Euskaldungoa erroizturik saiakera da haren lanik esanguratsuenetariko bat. Doktoretza tesia izan zena liburu gisara argitaratu zuen Pamielak 1994an. Euskararen historia sozialaren kontakizuna da, kritika zorrotz eta hausnarketa sakonetan oinarritua. Gai horren bueltako beste hainbat liburu ere idatzi zituen, Ele neumatikoak antologia, besteak beste.[2]
Hizkuntzaz gaindi, euskal idazleak ere pasio zituen, Axular eta Jon Mirande, beste askoren artean. Haien prosa klasikoa miresten zuen, eta bere idatzietan islatu zuen hori, nafar-lapurteran idazten baitzuen sarri. Miranderen olerkien inguruko bi liburu kaleratu zituen: Poemak 1984an, Erein argitaletxearekin; eta Miranderen lan kritikoak 1985ean, Pamielarekin. XX. mendeko euskal idazleen inguruko beste bi liburu ere argitaratu zituen: Nafarroako euskal idazleak 1987an, eta Nafarroako euskal idazleak II 1995ean.[2]
1980ko hamarkadaren erdialdean, Euskal Herriko Unibertsitatera egin zuen jauzi, eta Historiako irakasle lanetan aritu izan zen azken urteetan. Bilbon hil zen, 2018ko uztailaren 29an.[2]
Lanak
aldatuNarrazioa
aldatuSaiakera
aldatu- Nafarroako euskal idazleak (1987, Pamiela): Pedro Diez de Ultzurrunekin elkarlanean
- Euskaldungoa erroizturik (1994, Pamiela)
- Nafarroako euskal idazleak II (1995, Pamiela)
Haur eta gazte literatura
aldatu- Amonatxoa (1980, Hordago)
- Ipurtargia (1980, Hordago)
- Tulipan txikia (1980, Hordago)
- Urriztiko txitoa (1980, Hordago)
- Zuri izan nahi zuen hartza (1980, Hordago)
Antologia
aldatu- Miranderen lan kritikoak (1985, Pamiela)
- Ele neumatikoak (1994, Pamiela)
Erreferentziak
aldatu- ↑ Txema Larrea idazle eta militantea hil da. Berria, 2018ko uztailak 30, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-30).
- ↑ a b c d e Biain, Aitor. Euskal kulturaren aktibista. Berria, 2018ko uztailak 31, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-16).
- ↑ a b Felix, Ibargutxi. Beti eragiten, erakartzen. El Diario Vasco, 2018ko abuztuak 5, diariovasco.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-16).
Kanpo estekak
aldatu- Jose Mari Larrea literaturaren zubitegian, zubitegia.armiarma.eus
- "Literaturak ezin du hizkuntzarik salbatu", elkarrizketa Habe aldizkarian, 1987ko abenduak 15, pamiela.com
- "Momentu honetan pentsatzen duen jendea batez ere Nafarroan dago", elkarrizketa Argia aldizkarian, 1995eko uztailak 9, argia.eus