Bilintx

euskal idazlea (1831-1876)
Indalezio Bizkarrondo» orritik birbideratua)

Indalezio Bizkarrondo Ureña, ezagunagoa Bilintx goitizenaz (1831ko apirilaren 30a, Donostia, Gipuzkoa1876ko uztailaren 22a, Donostia, Gipuzkoa), bertsolaria eta euskal poeta erromantikoa izan zen, bere ideia progresista eta liberalistengatik ezaguna.

Bilintx

Bizitza
JaiotzaDonostia1832ko apirilaren 30a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia1876ko uztailaren 21a (44 urte)
Hobiratze lekuaPolloeko hilerria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakbertsolaria, poeta eta idazlea
Izengoitia(k)Bilintx
Genero artistikoaolerkigintza
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakBigarren Karlistaldia

Literaturaren Zubitegia: 325 Musicbrainz: a1754c96-bf8e-4700-aaa4-4f8e47e92564 Edit the value on Wikidata

Bizitza aldatu

 
Bilintxen alarguna (eserita), semea, erraina eta bilobak.

Izen osoa Gillermo Joakin Indalezio zuen. Ama Joakina Ureña Alana zuen eta aita, Jose Maria Bizkarrondo Amunarriz. Amaren aldeko aitona andaluza zuen, Ayamontekoa (Huelva).

Gaztetan eskaileretatik behera erortzeak aurpegia desitxuratuta utzi zion. Hortik zetorkion nonbait Moko beste goitizena.

Zorigaiztoa lagun izan zuen bere bizitza osoan Bilintxek. Soka-muturrean behin zezenak adarkatu eta hanketan zauri larriak eragin zizkion; handik aitzina, herrenka ibili zen beti.

Nikolasa Erkizia Makazaga azkoitiarrarekin ezkondu zen Donostian, 1869ko apirilaren 5ean. Hiru seme-alaba izan zituzten: Benito (1869, ezkondu aurretik jaioa), Pio Francisco (1871) eta Maria Ana (1874).

Bilintx liberala zen eta Donostiako liberalen laugarren batailoian gudukatu zen Hirugarren Karlistaldian, karlistek hiria inguratuta zutelarik. Antzoki Zaharrean bizi zen, bertako zaindari izan baitzen urtetan, eta 1876ko San Sebastian egunean, karlistek Arratzain menditik botatako granada bat sartu zitzaion leihotik. Granada lehertu eta zangoak moztu zizkion. Sei hilabete luzean oinaze izugarriak jasanda hil zen uztailaren 21ean, Hego Euskal Herriko foruak deuseztatu zituzten egun berean.

Madrilgo egunkari nagusi batentzat kazetari lanetan, Hirugarren Karlistaldiaren berri ematen izan zen Donostian Manuel Curros Enríquez galiziar idazlea, Rosalia de Castrorekin batera Galiziako literaturaren berpiztea ekarri zuena. Curros Enríquezek 1876ko urtarrilaren 21ean El Imparcial egunkarian kronika lazgarri bat argitaratu zuen Bilintxen heriotzaz. Euskal poetaren gorazarrea egiteaz gain, azaltzen du Bilintxen etxera joan zela hura ikustera, zangoetan zauri izugarriak eragin zizkion leherketaren berri jakin orduko.

Donostiako Udalak bere izenarekin kale bat izendatu zuen, Bilintx kalea alegia, bera bizi eta lan egin zuen Antzoki Zaharraren ondoan, hain zuzen.

Idazlea aldatu

Baserri munduko idealizaziotik urrunduta, amodiozko poesia landu zuen batez ere. Koldo Mitxelenaren iritzian, Bilintx da euskal literaturan ahots benetan erromantikoena.

Alabaina, ez da poeta erromantiko klasikoen gisara izakion zorigaiztoa txarrestera emana, baizik umore gazi-gozoko idazlea; umore itxuraz azalekoa edo mamirik gabea, baina munduaren garratzetik babesteko gotorlekutzat hartu zuena.

Sentimendu handiko idazlea zen, amodioaren aurrean biluzik agertzeko lotsarik ez zuena, hain zuzen ere literaturan barne-aitorpen oro bazter uztea agintzen zuen joera nagusi zen garaian. Horretan, Bilintx poeta bakartia izan zen bere garaian. Bilintxen begi zorrotza eta luma zorrotzagoa oso agerian gelditzen dira bere poema satirikoetan. Satiraren zertzelada nagusiak ongi marrazten zituen beti, baina gordinkeriarik gabe, mendekurik gabeko irribarre errukibera gordeta beti.

Literatura kritikariek hizkera arruntegi edo pobrea leporatu izan dioten arren, esan daiteke Bilintxen bertsoetan Donostiako euskara urbano zaharra mintzo dela garbi.

 
Bilintxen panteoia, Donostiako Polloeko hilerrian.

Lanak aldatu

Bildumak aldatu

Bertsoak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Bilintx