Galeoia belaontzi bat da, XVI. mendearen hasieran sortua. Merkataritzarako edo gerrarako erabilitako galeoiak boteretsu eta motelak ziren. XVI. mendearen erdialdetik, Europako merkataritzako ontzi nagusi bihurtu ziren. Galeoiak, Euskal Herrian maizenean "itsasontzi" soilik edo "nao" deituak, Europako askotariko puntutan eraiki ziren. Euskal ontziolek puntako aurrerabide teknikoak garatu zituzten, eta Euskal Herriko naoak Europako itsasontzi onenetakoak izan ziren XV. eta XVI. mendeetan.

Espainiar Inperioaren galeoi bat, kanoiarekin tiro egiten.

Etimologia

aldatu

Galeoi hitza, 'ontzi handia' zentzuan, frantses zaharreko galion hitzetik edo gaztelaniazko galeón hitzetik dator ('zamarako ontzi armatua' esanahia zuen bietan). Haietara agian italierazko galeone hitzetik heldu zen horietara ('galea edo galera handia'). Bestalde, frantses zaharreko galie hitzari -on atzizki handigarria gehitu izana ere posible da, italieratik mailegatu beharrik gabe. Azken buruan, erdi aroko grezierazko galea litzateke jatorria. Izan ere, galea Bizantziar inperioaren gudarako ontzia izan zen eta izena greziar galeos ala gelba (Galeorhinus galeus) marrazo antzeko arrainetik etor daiteke.

Hastapenak

aldatu

Badago eztabaida galeoia (portugesez: galeão; gaztelaniaz: galeón) portugalen ala espainian sortutako ontzi mota den; ziur aski bi nazioek, aurreko galera, nao, karraka eta karabelen ezaugarrietan oinarrituta, aurrerakuntzak eta aldaketak ezarri zituzten, eta aldi berean, bi etsaiek elkarren aldaketa eta berrikuntzak aztertuz, galeoiaren krosko eta ezaugarriak burutu zirela. Pedro Menéndez de Avilés eta Álvaro de Bazán, espainiako armadako bi kapitainak izan ziren azkenean, espainarako krosko estuzko galeoiak 1550arako diseinatu zituztenak. Espainiar Inperioaren ontzi tipikoa inperio horren beharrei erantzuteko sortua izan zen. Aldiz, terminoaren lehen aipamena zalantzazkoa da. Galeoia arrantza eta gerrarako erabiltzen zen 1567an, baina galeón hitza 1567 baino askoz lehenago agertzen zen dokumentu batzuetan.

Badirudi galeoia galeraren tamaina txikiagoko aldaera dela, eta oso daitekeena da galeoia eta galeota ontzi mota bera izatea. Gehienbat Espainiar Inperioko asmakizuna izan arren, XVI. mendearen hasieran Frantzisko I.a Frantziakoak galions direlako ontziak eginarazi zituen. Euskal Herrian, itsasontzi edo nao izendapenak erabili ziren batez ere.

Deskribapena

aldatu

XIV. eta XV. mendeetako ontzien proportzioak Murtziako formula zaharretik lortzen ziren, hots, 3:2:1 proportzioak: luzera zabaleraren hirukoitza zen, eta zabalera, berriz, altueraren bikoitza. Galeoiarentzat (4:2:1) erabiltzen zen, galera bat baino pixka bat laburragoa eta zabalagoa, eta ontzi bat baino luzeagoa eta baxuagoa.

Altuera handia zen akastilajearen ondorioz. Desplazamendua aldatu egin zen denborarekin, eta 334 tona ingurutik 1556 tona ingurura bihurtu zen. Geroago, araketek tamaina handitzeko joera erakusten dute, gero eta ontzi handiagoak aipatzen baitira. Adibidez, Itsas Armada Handirako, 1588an, 1000 eta 800 tona inguruko 3 galeoi portugaldar handik parte hartu zuten, baita Miguel Okendoren agindupeko Santa Anak ere, 1.200 tonako itsasontzitzarra berau.

Aparailua

aldatu

Hasierako galeoiek lau izan zitzaketen arren, azkenean hiru masta erabiltzeko ohitura finkatu zen, eta trinketa atzerantz eraman zuten. Bestalde, belak eta gabiak txikiagoak ziren.

Kroskoa

aldatu
 
Portugalgo galeoi baten kroskoaren modeloa.

Erruna zabala zen flotazio lerroan, eta estutzeko joera zuen, amulak barrurantz etzanak egonkortasun ona emateko. Grabitate-zentroa jaisteko, ontziaren bizkarraren atzealdea beheratu zen, arrufoa konpentsatzeko. Brankako gaztelua bularraren atzerantz mugitu zen. Beste aldetik, pinzote sartu zen, lemaren luzapen bertikal bat.

Galeoien ezaugarri bat galeria zen. Galeria popa inguratzen zuen pasabide bat eta ofizialen komunak dauden lekua zen. Galeria, geroago, ofizialen ganbaretan sartu zen.

Eraikuntza

aldatu

Galeoiak eraikitzen hasi zirenean, Bizkaian, Kantabrian eta Cadizen ardaztu zen eraikuntza, eta geroago Lisboan.[erreferentzia behar]

Galeoiak, hasieran, Europako egurrarekin eraikitzen ziren. Orokorrean, haritza erabiltzen zen gilak, izurrak eta beste elementuak egiteko. Beste aldetik, pinua mastarako eta bergarako, eta hainbat egur forrurako.

Dekorazioa

aldatu

Espainian ontziolak ontzia hutsik eta aparailu gabe ematen zen koroari. Estatuaren ardura zen ontzia tresnatzea, prozesu luze eta garestia. Txopako ispilua margotzeko ohitura zuten, haren santu irudi batekin. Zatirik apainduena txopako gaztelua zen. Obra hila edo ur-gainean geratzen den kroskoaren zatia, orokorrean, pintura okre ilun batekin babesten zen.

Landutako tokiak sarritan urreztatzen ziren. Masta bakoitzean, bandera bat altxatzen zen, eta ontziaren beste alde batzuetan, beste estandarte batzuk ere zeuden.

 
Armamentua.

Armamentua

aldatu

Artilleriako piezak kategoria eta kalibre askotan sailkatzen dira, baina hemen daude hiru mota nagusienak:

  • Tiro zuzeneko arma txikiak.
  • Tiro zuzeneko arma astunak
  • Tiro makurreko arma astunak.

Tripulazioa

aldatu

Galeoien garaian, espainiar armadak tripulatzaile bat zeukan karga tona bakoitzeko, baina hori garaiaren, egoeraren eta beharren arabera aldatzen zen. XVII. mendeko galeoi tipiko batek, 500 tona ingurukoa, 90 itsasgizon inguru zeuzkan; 15 ofizial, 25 marinel, 20 itsasmutil, 10 paje edo haur ikastun eta 20 artillari. Bestalde, gerrari ontziratuekin, 125 pertsona gehitzen zitzaizkion.

Indiako Karrera egiten zuten ontziterietan, kapitain jeneral batek agintzen zuen. Kapitain jeneralak amirala hautatzen zuen. Flota bakoitzak pilotu nagusi bat zeukan itsasbideen kargu. Maisu bat ere bazegoen, zama ikustatzen zuen pertsona. Gainera, flota bakoitzean, erregearen interesen ordezkari bat zegoen, baita eskribau bat ere, itsasontziko karga-mugimendu guztiak erregistratzen zituena.

Galeoi batzuek aginte bikoitza zuten: itsas kapitaina eta gerra kapitaina, baina maila handiagokoa itsas kapitaina zen. Maisua zen ontziaren gobernaketa, hornikuntza eta mantenuaren arduraduna. Zaindari bat eta despentsari bat ere bazeuden. Gainera, ontzi bakoitzean zirujau bat zegoen, kapitainak izendatuta, eta kapilau bat kapitain nagusiak izendatuta. Arma-lantegia marinel espezializatuez osatuta zegoen. Barne, zurgina, istinkari, errementari, itsaspekari eta korneta bat zituen. Kondestable izeneko ofizial batek artilleriei agintzen zituzten.

Abiadura

aldatu

Espainiako galeoia 7 korapiloetara irits zitekeen, orduko 13 kilometro inguru.

Historia

aldatu

Indiako lasterketa

aldatu

Espainiar galeoiek, Indiako Flotaren bizkarrezurra izateko misio garrantzitsua izan zuten. Flota horrek Habanatik Sevillara urtero ekarritako merkantziaz elikatzen zituen Espainiako koroaren diru-kutxak. Ingalaterrako, Frantziako eta Herbehereetako kortsarioek irrikatutako harrapakina zen. Bere defentsarako, flota konboi batean antolatu zen, arrakasta handiarekin. Ontziteriak, Kanaria uharteetan egiten zuen eskala, Gomeran normalean, eta han egiten zuten ur-hornikuntza. Bidaiaren abiadura ontzi motelenen mendean zegoen. Beste aldetik, Dominika Uhartean edo Martinikan ere eskala egiten zuten. Batzuetan, Indietako misio berezietarako Galiflota bat nabarmentzen zen.

Bilakaera eta behin betiko eredua

aldatu

Denboraren poderioz, galeoiaren funtzioak beste ontzi mota batzuek egiten zituzten. Ontzi mota hauek galeoiak baino espezializatuak ziren. Zamaketa funtzioetan, nederlandar filibote edo flute bezalako ontziek ordeztu zuten. Hauek gutxi armatuak zeuden baina merkeagoak eta eraginkorragoak ziren. Beste itsasontzi txikiago batzuek, bergantinek, galeoi txikienak ordezkatu zituzten. Galeoia funtzio batzuetarako erabiltzen da Espainian gaur egun.

Galeoiak munduan

aldatu

Munduan zehar, galeoi mota gehiago aurki ditzakegu, espainiarrak eta portugesak alde batera utzita. Mota honetako itsasontzien adibideak, veneziar galeoia, herbeheretarra eta ingelesa dira.

 
Andalucía galeoia, 2010ean egina, XVII. mendeko galeoien erreprodukzio bat da.

Gaur egungo berregiteak

aldatu

Ez dago jatorrizko galeoirik. Hala ere, Vasaren kaskoa 1961ean erreskatatu zuten. Ontzi hauei buruz dakigun guztia dokumentu historikoei esker izan da.

2010ean, Espainiako Erresuman, Punta Umbrían, Andalucía galeoia eraiki zuten, XVII. mendeko galeoi generikotzat.

1986ko Pirates filmerako irudimenezko diseinuko galeoi bat eraiki zuten, gaur egun Genovako portuan ikusgai dagoena.

Erreferentziak

aldatu
  • (Gaztelaniaz) «Galeón» Gaztelaniazko Wikipedia 2020-04-10 (Noiz kontsultatua: 2020-04-21).

Kanpo estekak

aldatu