Euskara zaharra 1600-1745 arteko euskara da. Garai hartako euskara gaurko hizkuntzatik gertu dago; izan ere, 1600. urterako euskarak galdu ditu aurreko garaian (euskara arkaikoan) bizirik zeuden arkaismo gehienak. Garai hartakoa da lapurtera klasikoa izenarekin ezagutzen duguna. Garaiaren bukaera 1745. urtean jartzen dugu, urte horretan Manuel Larramendik Hiztegi Hirukoitza argitaratu baitzuen, literatur hizkuntzaren aldaketa handi bat ekarri zuena.

Mugak eta egoera

aldatu
 
Euskararen atzerakada mendez mende.

Mende hauetan gutxi aldatu ziren euskararen mugak. Nafarroa Garaiaren hegoaldean Lizarran eta Tafallan koka genezake muga. Arabako lautadan bizirik zirauen euskarak, Gasteizen gaztelania erabiltzen zen nagusiki, euskara ulertzen zen arren. Arabako Errioxan XIV eta XV. mendeen artean galdu bide zen. Gipuzkoan eta Bizkaian euskara zen hizkuntza nagusia, baita hiriburuetan ere. Iparraldea euskarak estaltzen zuen, Baiona barne.

Egoera

aldatu

Euskarak ez zeukan prestigiorik, Lapurdiko kostaldean izan ezik. Hegoaldean, Iparraldean bezala, inoiz ez zuen estatus ofizialik erdietsi. Halere, Nafarroako erresuman herritarren egoera linguistikoa ikusita, euskararen aldeko neurriak hartu behar izan zituzten. Lapurdin bilkurak euskaraz egiten ziren, erabakiak Erregeren komisarioari frantsesez helarazten ziren arren.

Eliza izan zen garai honetan gehien bultzatu zuena euskara, Trentoko kontzilioak ateak zabaldu baitzizkien herri hizkuntzei. Idazkien kopurua zabaldu zen (ez nahi beste, dena den) Lapurdin idatzitako liburuek asko lagundu zutelarik zabaltze honetan. Oyharçabalek esan zuen bezala[1], "leihotxo" bat zabaldu zitzaion euskarari, maila ertaineko Iparraldeko euskaldunek oraindik ez baitzuten frantsesa menderatzen eta, beraz, euskaraz irakurtzeko aukera har zezaketen. Hala ere, Iparraldean euskara erabiltzen zen bitartean, Hegoaldean dotrina xume batzuez beste ezer ez zen argitaratu, gaztelania baitzen kultura hizkuntza.

Irakaskuntzari dagokionez, XVI. mendeaz geroztik irakaskuntza-eskaintza zabala dago Hegoaldean, baina dena gaztelaniaz. Bizkaian eta Gipuzkoan irakaskuntzaren kudeaketa Biltzarren esku geratu zen, eta hauek euskararen irakaskuntzaren aldeko neurriak ez hartzeaz aparte, honen aurkako legeak abiatu ziren. Iparralden, irakaskuntza laikoak ez zuen ez aldeko ez kontrako eraginik izan euskaran.

Lekukotasun garrantzitsuenak

aldatu

Garai honetan euskal testuen kopuruak gora egin zuen, batez ere Lapurdin. Euskal Herri osoan obra asko inprimatu ziren, Iparraldean erlijiozko prosa eta poesia liburu elebakarrak eta Hegoaldean, berriz, dotrinak eta bestelako eliza liburu elebidunak. Hona hemen inportanteenetariko batzuk:

Bizkaieraz

aldatu

- Viva Jesus[2] (c. 1640)

- Kapanagaren Exposición breve de la doctrina christiana compuesta por el P. M. Geronimo de Ripalda de la compañia de Iesus (Bilbo, 1656)

Goi-nafarreraz

aldatu

- Beriainen Tratado de como se debe oyr missa, escrito en romance y bascuence [3](1621)

Gipuzkeraz

aldatu

- Jose Otxoa Arinen Doctrina Christianaren explicacioa[4] (Donostia, 1713)

- Juan Irazustaren Doctrina Cristiana Aita Gaspar Astete Jesuitac erderaz compondua ipiñi zuan Eusqueraz D. Juan de Irazusta Erretore Hernialdecoac...[5] (Iruñea, 1742)

Lapurteraz

aldatu

- Esteve Materraren Doctrina Christiana[6] (Bordele, 1617)

- Joanes Etxeberri Ziburukoaren Manual devotionezcoa, edo ezperen, oren oro escuetan erabilltçeco liburutchoa[7] (Bordele, 1627)

 
Axularren Geroren lehenbiziko argitaraldiaren azala (Bordele, 1643).

- Pedro Agerre, "Axular", Guero bi partetan partitua eta berecia[8] (Bordele, 1643; 2. argit. Gueroco Guero, s.a.)

Zubereraz

aldatu

- Belapeireren Catechima laburra eta Jesus-Christ goure ginco jaunaren eçagutcia, salvatu içateco[9] (Paue, 1696)

- Arnaut Oihenarten Les Proverbes Basques, recueillis par le Sr. d'Oihenart; plus les poésies basques du mesme auteur[10] (1657)

Hizkuntza

aldatu

Zeharo aldatu zen hizkuntza 1600. urtetik aurrera, gaur egun ezagutzen ditugun hizkeretara hurbilduz. Hizkuntzak pairatu zituen aldeketen artean, honako hauek dira aipagarrienak:

Grafian

aldatu

Garai honetan oraindik inguruko hizkuntzen menpe dago euskara ortografiari dagokionez. Erabilitako grafema gehienak gaztelania, frantsesa eta gaskoiarenak dira; hortaz, euskarak dituen fonema batzuk ez dira egoki aurkezten, eta, beste batzuek, tradizio erromantzeari jarraituz, grafema bat baino gehiago dute.

Bokalak:

aldatu
  • /u/ (atzeko bokal itxia) adierazteko, hitz hasieran <v> erabiltzen zen eta <u> gainerako testuinguruetarako, salbuespenak salbuespen (vrte, 'urte').
  • /b/ (herskari biezpainkari ahostuna) adierazteko; <b>, <v> eta <u> grafemak erabiltzen ziren, <b> erabiliena zen arren (garuienac, 'garbienak').
  • Iparraldean: Leizarragari jarraituz, oro har, txistukari frikari eta afrikatuak grafikoki bereizten dituzte; lepokari afrikatua adierazteko <tz> grafema baliatu zuten eta frikarirako <c> (/e/ eta /i/ bokalekin), <ç> (/a/, /o/ eta /u/ bokalekin) eta <z> (silaba amaieran) grafemak erabili ziren. Dena den, Etxeberri ziburukoa, Haranburu etab. horietatik eratorritakoak erabili zituzten testuinguru beretan: <tc>, <tç> eta <tz>.
  • Hegoaldean: Larramendiren garaira arte ez zen bereizketa grafikoa egonkortu.

Fonologian

aldatu
  • Txistukari bizkarkari eta apikarien arteko neutralizazioa gertatu zen bizkaieraz, euskara arkaikoan honen hastapenak aurkitzen ditugun arren (segaitic, 'zergatik').

Izen morfologian

aldatu
  • Ae > e bokal multzoaren soiltzearekin batera (-aen > -een > -en), bizkaierak aurreko garaian zeukan singular/plural bereizketa galtzen du genitiboan, bietarako -en erabiliz (ceruaen > ceruen, 'zeruaren').

Aditz morfologian

aldatu
  • Aoristoaren galera (ez erabatekoa, hurrengo mendeetan zehar galdu zen erabat) (joan cidin, 'joan zen').
  • Ondare zaharreko aditzen e- aurrizkia > i- asimilatua da euskalki gehienetan (ekusi > ikusi).
  • -ke atzizkiaren hedatzea ahaleran, -te- erabat ordezkatuz edo -teke morfema sortuz. Dena den, aldaketa ez da erabatekoa (lizate > litzateke).
  • Trinkoen funtzioak urritzen dira eta aditz askok lehenago zeukaten jokabide trinkoa galtzen dute.
  • Mendeko perpausetan, 3. pertsonako adizkiek, l- beharrean, z- edo ø- aurrizkidun adizkiak erabiltzen dituzte perpaus nagusiko aditza iraganean izanez geroz (zubereraz izan ezik). ("eus. arkaikoa" alcanzaduco leucela > euguico ebela).

Sintaxian

aldatu
  • ABS-DAT (Nor-Nori) jokoa duten aditzek behera egiten dute eta ABS-ERG (Nor-Nork) eta DAT-ERG (Nor-Nori-Nork) alineazioak hedatzen dira Iparraldean eta Hegoaldean. Aldaketa hau XVIII. mendeko lehen erdirako burutu zen. (jarraiki natzaio > jarraiki dut, jarraitu natzaio > jarraitu diot)

Erreferentziak

aldatu
  • Artikulu honen edukiaren zati bat Euskara Zahar eta Klasikoa (1600-1745)tik aterea da 2018-4-25 egunean. Egile-eskubideen jabeak: Mounole, Céline & Ricardo Gómez, 2018, “Euskara zahar eta klasikoa”, in J. Gorrochategui, I. Igartua and J. A. Lakarra (arg.), Euskararen Historia, Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 469-541. ISBN: 978-84-457-3433-9
  1. .[Betiko hautsitako esteka]
  2. Ulibarri Orueta, Koldo. (PDF) [www.ehu.eus/ojs/index.php/ASJU/article/download/7323/6515 VIVA JESUS DOTRINA: EDIZIOA ETA AZTERKETA. ].
  3. .
  4. Doctrina christianaren explicacioa  : Villa-Franca Guipuzcoaco onetan euscaraz itceguitendan moduan... / Joseph Ochoa de Arinec Pueblo onetaco Aurray iracasteco dedicatcen dio Erri Illustre oni Cartilla au... 2015-03-03 (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  5. Txantiloi:Ba Doctrina cristiana ipiñi zuan euzqueraz Juan de Irazusta erretore Hernialdecoac .... 2010-01-29 (Noiz kontsultatua: 2018-05-14).
  6. «preview» letrak (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).[Betiko hautsitako esteka]
  7. Altuna, Patxi. (PDF) [http://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/6755.pdf MANUAL DEVOTIONEZCOA (Lehen zatia) (EDIZIO KRITIKOA). ].
  8. VILLASANTE, LUIS. (pdf) [http://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/villasante/testuak/430.pdf Pedro Axular GERO. ].
  9. Davante, Jean Louis. (pdf) [http://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/6759.pdf CATECHIMA LABURRA ETA JESUS-CHRIST GOURE GINCO JAUNAREN EÇAGUTCIA, SALVATU IÇATECO. ].
  10. (Frantsesez) Bilketa. «Les proverbes basques recueillis par le Sr d'Oihenart. Plus les poesies basques du mesme auteur, 1657» www.bilketa.eus (Noiz kontsultatua: 2018-05-14).