Etxe-txolarre

Plozeidoen familiako hegazti paseriformea. Jatorriz graniboroa bada ere, gaur egun gizakiak ekoitzitako hondarrak ere baliatzen ditu jakitzat. Oso arrunta da hiriguneetan, baina azken urteotan gainbehera nabaria pairatu du hainbat herrialdetan.

Etxe-txolarrea (Passer domesticus) passeridae familiako hegazti paseriforme bat da, jatorriz ia Eurasia osokoa, gizakiaren laguntzaz ia mundu osora zabaldua.[1] Izan ere, gizakiarekin erlazionatzen jakin izan du, eta, horregatik, egun hegaztirik hedatuenetakoa da.

Etxe-txolarre
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaPasseridae
GeneroaPasser
Espeziea Passer domesticus
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Habitatbaso, Sastrakadi, hezegune eta larre-belardi
Zabalera239 mm
Kumaldiaren tamaina2
Eguneko zikloaeguneko

Izen arruntak

aldatu

Euskaraz, erdaretan bezala, izen arrunt ugari ditu. Euskara baturako, etxe txolarre edo etxe-txolarre hartu da,[2] baina euskalkiz euskalki, anitz dira: artatxori, burrigoi, burringoi, burrugoi, eletxori, eliza-txori, eliz txori, erretxori, etxe-txori, errota-txori, etxaxori, etxe-sori, etxe-xori, etxolar, gala-txori, galar-txori, galtxori, garraio, gurrigoi, gurringoi, itxe-txori, karatxori, karrato, kurloe, kurloi, kurriloe, lastatxori, murruxori, murrutxori, ormatxori, pareta-txori, pareta-xori, parra-txori, parra-xori, patxi-zarra, torratxori, torre-txori, torrotxori, torrutxori, ttau, ttau-ttau, txao, txau, txau-txau, txoarre, txolarre, txori arre, xoarre, xori.[3]

Ezaugarriak

aldatu
Arra eztei-lumekin (ezkerrean) eta emea eztei-arteko lumekin (eskuinean).

Hegazti txiki bezain sendoa da; burua proportzionalki nahiko handia du eta moko gogorra. Hegaldi traketsa duela esaten da eta lumadi ugariak ordenarik gabekoa dirudi askotan.

Kolore arreak nagusi dira, eme eta gazteetan apalak, baina ar helduek kontraste handiagoa dute. Bizkarrazldea marroi iluna dute, marra beltzez betea, eta sabelalde grisa. Arrek bularraldetik mokoraino orban beltz bat dute, udan nabariagoa, eta buru-gain grisa (ezaugarri horrengatik txolarre ilunarekin erraz desberdin daiteke). Emeek eta gazteek zerrenda superziliar marroi argia izaten dute askotan[4].

Dimorfismo sexuala lumetan ez ezik, tamainan ere dago: arren hegalak batez beste 76,2 mm luze dira ditu eta emeenak, aldiz, 74,3 mm . Pisuari dagokionez, batez besteko balioa 27,59 g da.

Kantua

aldatu

Etxe-txolarrea espezie iskanbilatsua da, batez ere taldeka biltzen denean. Horrelakoetan kantu monosilabiko tipikoa egiten du, txip-txip edo txirr-r-r modukoa. Ugalketa-garaian soinu horien bariazioak egiten ditu.

Banaketa

aldatu
 
     Habitat naturala      Hedapen eskualdea

Agian jatorria Mesopotamia ingurukoa du: hor, azken glaziazioan bertan babestuta geratu omen ziren. Gainera, bertan nekazaritza sortu zenez, gaur arte dirauen gizakiaren eta etxe-txolarrearen arteko harremanari hasiera eman zitzaion [5]. Erlazio horrek hedapena erraztu zion, eta egun Palearktikoan (Europa, Afrikako iparraldea, Asiako mendebaldea, Siberia, Txinako iparraldea eta Japonian), Ekialdeko eskualdean (Asia tropikalean) eta eskualde etiopiarrean (Saharaz hegoaldeko Afrikan eta Arabiako hegoaldean) aurki daiteke[6]. Horrez gain, itsas mailatik 4.500 metroraino hedatuta dago[7]. Horren ondorioz, banaketa handiena duen hegaztia da, itxura osoz.

Etxe-txolarrea hegazti sedentarioa da, urte osoan gizakiarengandik gertu bizi dena. Halere, ez dago argi benetako migraziorik egiten duen. Izan ere, ale batzuek Gibraltar edota Pirinioak zeharkatzen dituztela ikusi da, baina ez da argitu benetako migrazioak diren ala sakabanatze mugimendu soilak[8].

Hiri handietako erdiguneetan bizi diren txolarre helduak ez dira ia mugitzen haien kolonia inguruetatik. Ordea, hiri hazi haietako periferietan eta herri txikietan bizi direnak hiritartu gabeko guneetara hurbiltzen dira egunean zehar, elikagai bila batez ere (Bernis, 1989).

Habitata

aldatu

Etxe-txolarrearen eta gizakiaren arteko harremana estua da, habitataren hautaketan argi ikusten denez: gizakia urte osoan bizi den inguruei lotuta dago, are gehiago abereak inguruan badaude[9]. Bestela, hezegune, baso eta sastrakadietan nekez ibiltzen da.

Habia zuloetan edo adaburuetan eraikitzen du. Zuloetan egiten duenean, irekia izaten da, baina adarren artean egiten duenean, itxia, zulo bakar batekin.

Elikadura

aldatu

Espezie orojale eta oportunista da, hau da, aurkitzen duen ia gehienaz elika daiteke, baina belarrak eta ornogabeak hobesten ditu[10]. Dena dela, hiri handien periferietan eta herri txikietan bizi diren etxe-txolarreak inguruko hiritartu gabeko guneetan bazkatzen dira, eta eremu horien araberakoa izaten da hegaztion dieta. Horrela, hirietako txolarreek parkeetako belarrak eta zuhaitzetako fruituak edo haziak jaten dituzte batik bat, baina landa inguruetakoek zekale aleak eta hondakinak.

Ugalketa eta ontogenia

aldatu
 
Bikotea ugaltzen.
 
Passer domesticus domesticus

Ugalketa aroa apiriletik uztaila artekoa da; alabaina, araldia urte osoan zehar da. 1etik 9ra arrautza bitartean erruten dituzte, eta urtean zehar 1-5 errunaldi egoten dira. Inkubazioak 11-19 egun dirau eta arrek zein emeek hartzen dute parte. Txitak jaiotakoan, 13-16 egunez bazkatzen dituzte eta gero habia uzten dute.

Bizimodua

aldatu

Etxe-txolarrea espezie taldekoi eta monogamoa da eta bikoteak bizitza osoan iraun dezake. Hala eta guztiz ere, poliginia maiz ikusten da, hau da, arrak beste eme batzuekin ikusten dira[11]. Bikoteak 6 eta 20 bikote artekoak izaten diren kolonietan biltzen dira.

Espezieen arteko elkarrekintzak

aldatu

Batzuetan, etxe-txolarreak eta landa-txolarreak (Passer montanus) habi eta elikagaiengatik lehian ibiltzen dira. Horrelakoetan, etxe-txolarrea oldarkor agertzen da (landa-txolarreak hiltzera ere irits daiteke) eta landa-txolarrea ingurune traketsagoetara bidaltzen du[12]. Habi kutxengatik, kaskabeltz handiarekin (Parus major) ere lehian ikusi izan da, bai eta arratoiekin ere, zuloengatik[13]. Inoiz, etxe-txolarreak eta txolarre ilunak (Passer hispaniolensis) talde beretan ikusi izan dira.

Etxe-txolarrearen hainbat espezieren harrapakinak dira: habietan arratoiak, eskulapioren eta eskailera sugeak, soro muxarrak, etxe-saguak, lepitzulia eta mika; gainontzean hontz zuriak, urubiak, eskinosoak, mozoloak, mirotz urdina, zuhaitz belatza...

Taxonomia

aldatu

Etxe-txolarrearen azpiespezieak bi multzotan banatzen dira:

  • domesticus multzoa
    • Passer domesticus domesticus
    • Passer domesticus balearoibericus, von Jordans, 1923
    • Passer domesticus tingitanus, Loche, 1867
    • Passer domesticus niloticus, Nicoll eta Bonhote, 1909
    • Passer domesticus persicus, Zarudni eta Kudashev, 1916
    • Passer domesticus biblicus, Hartert, 1910
  • indicus multzoa
    • Passer domesticus hyrcanus, Zarudni eta Kudashev, 1916
    • Passer domesticus bactrianus, Zarudni eta Kudashev, 1916
    • Passer domesticus parkini, Whistler, 1920
    • Passer domesticus indicus, Jardine and Selby, 1831
    • Passer domesticus hufufae, Ticehurst and Cheeseman, 1924
    • Passer domesticus rufidorsalis, Brehm, 1855

Erreferentziak

aldatu
  1. Barrows, Walter B.. (1889). «The English Sparrow (Passer domesticus) in North America, Especially in its Relations to Agriculture» United States Department of Agriculture, Division of Economic Ornithology and Mammalology Bulletin (Washington: Government Printing Office) (1).
  2. Hala dator Elhuyar eta Zehazki gaztelania-euskara hiztegietan, bai eta Euskalterm terminologia bankuan ere.
  3. Plazido MUXIKA BERRONDO: Diccionario castellano-vasco, Mensajero, 1965.
  4. Cramp, 1988; Mullarney et al, 2010
  5. Murgui, 2011
  6. Cramp eta Perrins, 1994; Hudde, 1997; Murgui, 2011
  7. Summers eta Smith, 2009
  8. Snow et al, 1955; Bernis, 1989; Frias et al, 2009
  9. Bernis, 1989
  10. Cramp eta Perrins, 1994; Hudde, 1997
  11. Veiga, 1992
  12. Cordero eta Senar, 1990
  13. Faus eta Vericad, 1985; Barba et al, 1995

Kanpo estekak

aldatu