Enkarni Genua
Enkarni Genua Espinosa (Donostia, Gipuzkoa, 1942ko ekainaren 15a - ) euskal idazlea, kultura-dibulgatzailea eta txotxongilolaria da. Deustuko Unibertsitatean lizentziatu zen Filosofia eta Letretan.[1] 2022an Manuel Lekuona saria jaso zuen.
Enkarni Genua | |
---|---|
Ahotsa | |
Bizitza | |
Jaiotza | Donostia, 1942ko ekainaren 15a (82 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Heziketa | Deustuko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, txotxongilolaria, komikigilea eta haur literaturaren idazlea |
Lan nabarmenak | |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Txotxongiloen Nazioarteko Batasuna |
Deustuko Unibertsitateko Filosofia eta Letretako lizentziaduna, 1971n, Manolo Gómezekin batera, Txotxongillo taldea sortu zuen. Talde horrekin, mende erdi baino gehiagoan, txotxongilo-antzerkia euskaraz egin du hainbat herrialde, hiri, eskualde, herri eta auzotan.[2]
Idazle gisa, hainbat generotako haur eta gazte literaturako lanak (antzerki eta telebista gidoiak, ipuinak, diskoak...) eta material didaktikoak argitaratu ditu. Bere sorkuntzetan, ahozko literaturaren eta euskal mitologiaren elezaharrak suspertzeko ahalegina nabarmentzen da, publiko berrietara egokituz.[2]
1992tik aurrera, Titirijai, Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia martxan jartzen lagundu zuen, eta, ondoren, TOPIC—Txotxongiloaren Nazioarteko Zentroa sortzen, biak Tolosan. Sormen-gaitasuna eta ezagutzak ere partekatu ditu, aisialdiko begiraleen, irakasle-eskolako ikasleen eta eskola-tailerretako ikasleen prestakuntzaren bidez.[2]
« | Txontxongiloen bidez, Enkarni Genuak euskal mitologiaren kondairak biziberritu eta gizarteratu ditu, ahozko transmisioaren bidez haurrenganaino helduz, euren iruditeria aberastuz eta euskal ahozko tradizioa balioan jarriz. Txotxongiloen euskarazko emanaldiak nazioarteko jaialdietara eraman ditu, euskal kulturaren sustraiak ederki islatuz. | » |
Literatur ibilbidea
aldatu60ko hamarkadan Donostiako hainbat antzerki taldetan hartu zuen parte. 70ko hamarkadan haurrei euskaraz zuzendutako ikuskizunik eza nabarmena zen eta egoera hori aldatzeko erabakia hartu zuen.[3] Lehenenetariko saio bat 1971. urtekoa izan zen, Donostiako irailaren euskal jaietan, Aupa xoruak lana aurkeztuz.[4]
1971. urtean Txotxongilo Taldea sortu zuen Manolo Gomezekin batera. Txotxongilo taldearen lehendabiziko saioa Jakintza ikastolan eman zuten, bigarrena Amezketan. Gipuzkoan zehar herriz herri ibili ziren, Bizkaian (Algortan, Durangon, Amorebietan...) eta Baionako Euskal Museoan. Ordutik, makina bat ikuskizun taularatu dituzte. Bere lehenengo pertsonaiak Otso Bixente eta Txano Gorritxo izan ziren. Beranduago beste pertsonaia batzuk sortu zituzten: Altxa Felipe eta Jaxinto eta Joxepa, besteak beste.[3]
1975. urtean RTVE delakoak Euskalerria izenbuararekin euskaraz eginiko lehenengo telesaioan parte hartu zuten, programa horretan haurrei zuzendutako Pinpilinpauxa izeneko atalean.[5]
2013an, Donostiako Udalak Hiritar Merezimenduaren Domina eman zion Txotxongilo Taldeari.[6] Talde horrekin, batez ere, Euskal Herrian aritu da lanean, baita Estatuko Nazioarteko Festa garrantzitsuenetan ere. Horrez gain, Europan, Miamin (AEB) eta Hego Ameriketan ere aritu da.
1982an Tolosako CIT-eko (Tolosako Ekinbide Etxea) partaideekin batera, Titirijai jaialdia jarri zuten martxan, hau da, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia. Ekitaldiaren antolaketan laguntzaile izaten jarraitzen du eta TOPIC (Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa) egitasmoan ere elkarlanean ari da. 2018an Tolosako Topic Zentroak Iparragirreren txotxongiloa jaso zuen Enkarni Genuaren eskutik.[7]
Literaturari dagokionez, batez ere haur eta gazteentzako liburuak idatzi ditu. 40 liburu baino gehiago argitaratu ditu (ipuinak, antzerkiak, txotxongiloen antzerki didaktikoak eta dramatikoak), horrez gain, ipuin eta abesti desberdinen 21 disko ere argitaratu ditu. Horrez gain, Larramendi Ikastetxean eta Donostiako Elizbarrutiko Irakasleen Eskolan irakasle izan zen.[8]
Estetika
aldatuEnkarni Genuarentzat oso garrantzitsua da estetika zaintzea eta denbora eskaintzea horri. Bere estetika sinpletasunean oinarritzen da. Lau gauzatxorekin eszena eder bat osatzen du eta ez dagoen hori haurrek beren irudimenarekin osatzeko bidea irekita uzten du.[9]
Artea hezkuntzan
aldatuEnkarni Genuarentzat arteak hezkuntzan garrantzi handia du. Izan ere, bere aburuz haurrak sortzaile hezi behar ditugu bizitzeko. Horrez gain, nortasuna lantzeko ere tresna garrantzitsua dela uste du. Hala ere, eskola gehienetan nahiko gaizki lantzen den arloa dela dio, ez delako kontuan hartzen publiko aurrean moldatzeko norbera bere buruaz oso seguru egon behar dela.[9]
Txotxongiloak
aldatuBi eta lau urteko haurrek txotxongiloak eskuan hartu eta antzezteko gai ez diren arren, haiekin harremanetan egon behar direla iritzi dio Enkarni Genuak. Irakaslearen eskuetan txotxongiloak egon behar direla uste du, batetik eredu delako (haren arabera egingo dute gero haurrek) eta bestetik, tresna izugarria delako. Idazlearen ustez, txotxongiloak indar handia du, haurrek ez baitute ikusten atzean nor dagoen eta identifikatuak sentitzen dira txotxongiloarekin. Gainera, askotan txotxongiloari kontatzen diote irakasleari esaten ez diotena edo gehiago askatzen dira, gehiago hitz egiten dute.[9]
Antzerkia
aldatuErein argitaletxeko Antzoki Txikia bilduman, 6-10 urte bitarteko hiru lan argitaratu zituen; horiek bide ematen dute haurrak hainbat eremutan aritzeko, hala nola, plastika, musika, gorputz adierazpena, etab.[10]
Ostiralero afaria obrarekin irabazi zuen Enkarni Genuak Donostiako Hiria Literatur Saria euskarazko antzerki modalitatean.[11] Obra horrek pertsonaia anonimoak hartzen ditu barne, ez daude ez euskal politikako izenik, ez partidu politikorik, ezta sindikatu edo foro konkreturik ere.
Eszenatokia jarrera politiko ezberdina duten anaiez osatutako familia batean kokatzen da, eta ezberdintasun horrek elkarrizketa bat izatearen ezinezkotasunera eramango ditu. Beraz, nabarmenak dira isiltasunak. Eta gainera, amaiera irekia duen istorio horrek, anaia bakoitzak iraganarekiko duen pertzepzio desberdinak, zailtasunak ekarriko dizkie hitz egiterako garaian. Horrek guztiak egiten du Enkarni Genuak idatzitako obra komedia garratz bihurtzea.
Lanak
aldatuAsko dira Enkarni Genuak sortutako ipuin, gidoi eta antzerki obrak. Ipuin, komiki-liburu, testu-liburu eta disko zerrenda luzea da berea. Hauek dira azken urteetan Haur eta Gazte Literaturan argitaratu dituenak:
- Munstroak eta lagunak (2001, Erein)
- Zatoz lehenbailehen! (2004, Erein)
- Elurrezko panpina (2005, Erein)
- Katu gaiztoak ez dira gaiztoak (2005, Erein)
- Altxor bat esku artean : txotxongiloak (2009, Erein)
- Zergatik bizi da basoan Txangorritxoren amona? (2006, Erein)
- Kontu kontari (33+3 urte) (2006, Erein)
- Hitzen lapurra - bertso-txotxongiloa - (2008, Lanku)
- Altxor bat eskuetan: txotxongiloak, teorizazioa, historia, lan praktikoak (2009, Erein)
- Mahatsak eta neskatilak ondu zireneko uda (2010, Erein)
Sariak
aldatu- 1980, Ercilla Saria, Bilbo
- 1985, Haurren Operako Lehen lehiaketa
- 1997, Umeentzako Antzerki Testuen lehiaketako Saria, Nafarroako Antzerki Eskolan
- 2001, Donostiako Hiria Literatur Saria
- 2007, Victoria Eugenia Saria. Arte Eszenikoetako Ibilbidea aitortzen duena
- 2013, Donostiako Hiritar Merezimenduaren Domina, Donostiako Udalarena
- 2022. Manuel Lekuona Saria
Erreferentziak
aldatu- ↑ Marijose Olaziregi, Xabier Etxaniz. (1989). Euskarazko Haur eta Gazte Literatura Idazleak. Eusko Jaurlaritza. Kultura Saila, 30 or..
- ↑ a b c «2022. Enkarni Genua» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-03).
- ↑ a b Garmendia=, Elixabete. «Txotxongilo: gure giñola’’» Zeruko argia,(654. Zkia, 1975 / 09 /20 ) (Noiz kontsultatua: 2017/ 05/08).
- ↑ (Gaztelaniaz) Aramburu=, Javier de. «Fiestas euskaras: se celebró el día del niño y el festival “Kanta Berri’’» La Voz de España,(N. 1180, 1971/09/11, p.16 ) (Noiz kontsultatua: 2017/05/08).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Euskalerria programa de vascuence en RTVE: comenzará a emitirse el 12 de diciembre» La Voz de España,(N. 1180, 1775/12/?) (Noiz kontsultatua: 1917/05/08).
- ↑ «Erakusketatik erakusketara» Tolosaldeko ataria 2013-03-27 (Noiz kontsultatua: 2019-01-25).
- ↑ «Txotxongilo berria Topic Museoan, 2018ko maiatzaren 30an» topictolosa.
- ↑ «Enkarni Genua» erein.eus.
- ↑ a b c «Elkarrizketa. Enkarni Genua» web.archive.org 2016-06-11 (Noiz kontsultatua: 2019-01-25).
- ↑ Etxaniz Erle, Xabier; López Gaseni, José Manuel .- XXI. mende hasierako haur eta gazte literatura. Gasteiz : Arabako Foru Aldundia, 2011. ISBN 978-84-7821-784-7. orr. 125
- ↑ «Genua, Enkarni - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-25).
Bibliografia
aldatu- Zubeldia, Iñaki: Enkarni Genua, Euskal Herriko txontxongilolaria. - Egan, 2013-1/2, 215-239.
Kanpo estekak
aldatuWikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Enkarni Genua |
Wikidatan datu irekiak daude honi buruz: Enkarni Genua |