Abertzaleen Batasuna

Ipar Euskal Herriko alderdi politikoa
Abertzaleen Batasun» orritik birbideratua)

Abertzaleen Batasuna (AB) Ipar Euskal Herriko alderdi politiko abertzale eta ezkertiar bat da.

Abertzaleen Batasuna (AB)
Idazkari nagusia Menane Oxandabaratz
Sorrera 19881
20012
Egoitza nagusia Cordeliers karrika 25, Baiona
Ideologia politikoa abertzalea eta ezkertiarra
abertzaleen-batasuna.over-blog.com
1 Koalizio bezala.
2 Alderdi bezala.

Abertzaleen Batasunak (AB) euskal alderdi abertzaleen plataforma bat du sorburu. 1988an sortua, hasiera batean Euskal Batasunak, EMAk, EAk, bestelako erakunde zenbaitek eta independenteek osatu zuten hauteskunde-koalizio gisa, urte horretako hauteskunde legegileetan hautagaitza bateratua aurkezteko asmoz. 1995ean, plataforma horretan alderdi berri bat sartu zen, Herriaren Alde. Aldiz, EA desmarkatu egin zen Eusko Alderdi Jeltzalearekin (EAJ) hauteskunde-akordio bat egiteko.

1993an, ABk botoen %5,48a lortu zuen, aurkezten zen lurraldeetan. 1997ko hauteskundeetan hautagaitza abertzaleei emandako babesa nabarmen hazi zen, ABk botoen % 6,45 lortu baitzituen eta EA-EAJ koalizioak % 2,87. Hau da, botoen % 9,32 abertzaleak izan ziren.

1998tik aurrera, Lizarrako ituna sinatu ondoren, ABko hautetsiek Udalbiltzan parte hartzea erabaki zuen. 1998ko Pirinio Atlantikoetako kontseilurako kantonamendu hauteskundeetan, ABk Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako kantonamenduetan botoen % 9 lortu zuen.

Emaitza hauek hobetu egin ziren 2001eko kantonamenduetan, % 12 eta kontseilari kantonal bat (Jean-Michel Galant) lortu zituztenean Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusian Baigorriko kantonamenduan, baita Lapurdiko Hiriburuko (Alain Iriart) edo Azkarateko alkatetzak ere

2001ean koalizioa izateari utzi eta alderdi bezala antolatu zen, Herri Batasunak (HB) bi alderdiak Batasunan batera zitezen egindako proposamena gehiengo handiz errefusatu ondoren. Era berean, ABren eta HBren arteko bereizketa politikoaren alde zegoen korronte nagusia Lizarrako Itunarekin irekitako prozesuari berrekitearen eta ETAren indarkeria gaitzesten zuten euskal indar abertzaleekin lankidetzan aritzearen aldekoa zela adierazi zuen, erakunde armatuari su-eten bat eskatuz. Akordio horiek militanteen bi herenek babestu zituzten, Batasunarekin bat egitearen alde zegoen gutxiengo korrontea (Xabi Larralde, besteak beste) bereizi eta izen bereko elkarte gisa eratu zelarik. Zatiketaren ondoren, 7656 boto lortu zituzten Frantziako hauteskunde legegileetan.

Pirinio Atlantikoko Kontseilu Orokorrean 2001etik 2008ra Jean-Michel Galant izan zen ABren ordezkaria.

2007ko hauteskunde legegileetan Euskal Herria Bai hautes koalizioan hartu zuen parte, Batasuna eta Eusko Alkartasunarekin batera. Berdin egin zuen 2008ko martxoaren 9ko kantonamendu hauteskundeetan ere. EH Baik ez zuen kantonamendu kontseilaririk lortu, baina Alain Iriart, ABko militantea eta Hiriburuko alkatea, lehen itzulian hautatu zuten kontseilari, etiketa politikorik gabeko hautagaia gisa[1][2]. Iriartek alkatetza mantendu zuen kantonamenduekin batera egindako udal hauteskundeetan.

2009ko otsailaren 7an, Ustaritzen bildutako alderdiaren urteko batzar orokorrak bere ibilbide politikoarekin jarraitzeko eta Aralarrekiko harremanak estutu eta ofizialtasuna emateko erabakia hartu zuen.

2009ko Europako hauteskundeetan, Abertzaleen Batasunak, Eskualde eta Herri Solidarioen Federazioko kide behatzaile gisa, bere babesa eman zion erakunde horrek babestutako hautagaitza ekologistari, Europe Écologie, zeinaren hego-mendebaldeko barrutiko zerrendaburua Jose Bové globalizazioaren aurkako ekintzailea den. Europe Écologiek bi eserleku lortu zituen barrutian, 6 beraz, ABko militantea zen Menane Oxandabaratz, barruti horretan hautagaitzaren zortzigarren postuan zegoena, ez zen hautetsi atera.

Europe Écologiek (Eusko Alkartasunak ere babestu zuen) 30.419 boto (%14,57) jaso zituen Pirinio Atlantikoetako departamenduan, Europako hauteskundeetara joan ziren beste euskal indar abertzaleak gaindituz. Euskadi Europan, EAJk sustatutako hautagaitzak, 4.138 boto jaso zituen (%1,98) eta Euskal Herriaren Alde, Batasunak babestutako hautagaitzak, 5.639 boto (% 2,70).

2011ko abenduaren 3an ABren batzar orokorrak bere etorkizun politikoari buruzko bi txosten eztabaidatu zituen. Horietako batek ezker abertzalea "ikuspegi historikoak zabaltzen dituen testuinguru politiko berri batean" birsortzearen alde egiten zuen, hamar urteko zatiketa gainditzeko, Euskal Herria Bai batasun horretarako lehen urratsa dela adieraziz; eta beste lantaldeak Bildurekin eta Amaiurrekin lan eginez "ezker abertzalearen konfederazioa" sortzea proposatzen zuen, baina Euskal Herriko lurralde bakoitzean hauteskunde estrategia bereizi bat aukeratuz.

Azkenik, ABko militanteek lehenengoa onartu zuten eta, beraz, Batasuna eta Eusko Alkartasuna gonbidatu zituzten, lehenik eta behin Euskal Herria Bairen aldeko apustu bateratua sendotzeko 2012ko hauteskundeei begira (presidentzialak eta legegileak) eta, ondoren, birfundazioari buruzko eztabaidari ekiteko. Ildo horretan, estrategia horren oinarrizko puntutzat jo zituzten presoen egoera, lan instituzionala eta Udalbiltzaren berrantolatzeko asmoa. Era berean, ABko batzarrak 15 kidez osatutako idazkaritza berria aukeratu zuen, horien artean Filipe Bidart Iparretarrak erakundeko kide historikoa dagoelarik.

ErreferentziakAldatu

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu