Chicxulub kraterra

Chicxulub kraterra(tʃʼikʃuluɓ) antzinako talka-kraterra da. 180 km-ko diametroa du, eta ezagutzen den Lurreko talka-krater handiena da. Yucatan Penintsulako plataforma kontinentalean asteroide baten talka eman zen. Gutxienez 10 km-ko zabalera zuen talka egin zuen asteroideak.

Chicxulub kraterra
Cratere Chicxulub detail1.png
Diametroa 180 km
Geografia
Koordenatuak 21° 24′ 00″ N, 89° 31′ 00″ W / 21.4°N,89.516666666667°W / 21.4; -89.516666666667Koordenatuak: 21° 24′ 00″ N, 89° 31′ 00″ W / 21.4°N,89.516666666667°W / 21.4; -89.516666666667
Estatu burujabe Mexiko
Mexikoko estatu Yucatán
Garaia 65 milioi urte
Eragilea Chicxulub

Arroken adinak eta isotopo-analisiak erakusten dutenez, talka Kretazeoaren amaieran izan zen, duela 65 milioi urte inguru (-65Ma). Lurrean gertatutako suntsipen masibo nagusietako bat eragin zuen, eta dinosauroen desagerpenarekin lotzen dena. Hala ere, zientzalari batzuen arabera talka ez da desagerpenaren arrazoi bakarra[1], edo garai bertsuan izandako talketako bat baino ez da Chicxulub.

Glen Penfield geofisikariak kraterra aurkitu zuen 1970eko hamarkadan petrolio bila zebilela. Hala ere, hasieran Penfieldek ez zekien egitura geologiko hau krater bat zenik. Gerora, Alan Hildebranden laguntzarekin, talka-egitura bat zela iradokitzen zuten frogak aurkitu zituen: talka-kuartzoa[2], grabitate-anomalia bat eta tektita inguruetan.

2010eko martxoan, 33 erakundeko nazioarteko 41 adituk 20 urteko ikerketa-lanak eta frogak aztertu zituzten, paleontologia, geokimika, klimatologia, geofisika eta sedimentologia arloetan. Lantaldeak ebatzi zuen Chicxulub talkak K-T muga garaiko espezie-galeraren prozesua piztu zuela, dinosaureoena barne.[3][4]

Kokapen geografikoaAldatu

Kraterra Yucatán penintsularen azpian lurperatuta dago, Mexikon. Erdigunea Yucatán estatuko Chicxulub herritik hurbil dago, eta hortik datorkio izena. Talka itsasoan gertatu zen, karbonatozko plataforma kontinental batean. Bertan, sedimentazioa gertatu da, eta 1000 metroko sedimentuz estalita dago.

GeologiaAldatu

Tupa-kareharrizko geruzak ageri dira kratoiaren gainean, 1000 metroko lodiera dutenak, arroka horietan egindako datazioak Paleozeno garaian kokatzen dute horien adina. Beherago, 500 metroko lodierako andesita-osaeradun beirak eta bretxak daude. Arroka igneo horiek talkaren egituran aurkitu ziren; bestalde, talken ondorioz sortu ohi diren Feldespato eta augita elementuak ageri dira, baita talkaren ondoriozko coesita ere. Egituraren barnean eta 600-1100 metroko sakoneran, K-T muga dago, ohikoa den 500 metroko sakoneraren azpitik eta talka-egituratik bost kilometrora. Kraterraren inguruan, Zenozoikoaren ur-arro baten seinale diren dolinak daude. Arro horretako lurpeko urek kareharriak disolbatu, eta gaur egun ikusgai diren lur azpiko leizeak eta dolinak sortu zituzten. Egindako ikerketek erakutsi dute Haiti herrialdean aurki daitezkeen tektiten jatorria krater honetan dagoela.

Bertako arrokak konposizio kimiko ezohikoa duten arroka igneoak dira. Horien konposizioa talkak eragindako urtzearen ondorioz sortutakoa da. Chicxulub azpian dauden arroka igneoek Iridio kantitate handia dute, eta horren adina 65 Mu-ko da, Kretazeo/Tertziario muga edo K/T mugarena bezala.

Meteorito-talkek sortutako egiturek metamorfismo-gradu handiko kuartzoa eta esferulak dituzte beraien baitan askotan. Beira hori talkaren ondorioz urtutako eta hozte azkarraren ondorioz eratutako esfera txikiak dira. Denboraren poderioz, esferula horiek buztin bihurtuko dira desintegrazioaren ondorioz.

Ipar Amerika osoan zehar, K/T mugako buztinek beirazko esferulak dituzte, eta buztinen gainean, iridiozko geruza fin bat ageri da kuartzoa ere duena. Froga horiek guztiak ikusita, meteoritoa Ipar Amerikan edo bertatik gertu erori zela ondoriozta daiteke.

Talka-krater askok tektitak dituzte, besteak beste, kuartzoa eta esferulak. Tektitak beira-ale handiagoak dira, eta ezohiko forma eta ehundura dute. Talkaren ondoriozko zipriztinak dira, eta arroka urtzen den heinean, hozten joaten dira airerekiko kontaktuan jartzen direnean.

Meteoritoaren ezaugarriakAldatu

10 km baino gehiagoko diametroa zuen asteroide batek Yukatan Penintsularen kontinente-plataformaren kontra talka egin zuen, eta 1000 gPa-eko konpresioa eragin zuen. Konpresioak 150 km-ko diametroa duen kraterra eragin zuen. Kraterrak protuberantzia bat du, errebote elastikoaren edo/eta kolapso grabitatorioaren ondorioz sortutakoa. Horrenbestez, talka jasan zuen arrokan aldaketa mineralogikoak eragin zituen, talka-metamorfismo deritzon prozesuan. Talkaren potentzia mekanikoa eta termikoa, gaur egun aurki daitezkeen bonba atomiko eta nuklear guztiena baino ehun aldiz handiagoa zen. Izan ere, eremuan eragindako beroak lurruntzea eta arroken urtzea eragin zituen, eta hamarka kilometroko diametroa duen eremuan, meteoritoaren morfologiako hutsunea utzi. Jausitako material zati batzuk zatikatu eta atmosferara igorri ziren, eta beste zati batzuk, aldiz, kraterraren barnean bretxa moduan zementatuta geratu ziren.

Talkaren eraginakAldatu

Talkaren ostean, meteoritoa desegin zenean, lurrazalaren zatiak, ur-lurruna eta aerosol sulfatodunak aireratu ziren. Errautsezko eta kuartzo-kristalezko laino bat eratu zen, hasieran 100-200 kilometroko diametrokoa, eguratseko goi-geruzetara iritsi eta planeta osoa inguratu zuena. Lainoko partikulak Lurrera erortzen hasi ziren, jaurti ziren energiarekin. Eguratsa 7.000-40.000 kilometro orduko abiaduran[erreferentzia behar] zeharkatu zuten, milioika izar iheskorren antzera, eta airearen tenperatura ehunka gradu handitu zen.

Gainera, inpaktuaren ondorioz, olatu bortitzak sortu ziren itsasoan eta lurrikara globalak ere gertatu ziren. Bestalde, badirudi jarduera bolkaniko bizia piztu zela, agian talkak mantua pitzatu zuelako. Sufre oxido kantitate handiak ihes egin zuten lurbarnetik, euri azido bihurtu eta itsasoko animalia ugariren heriotza eragin zuten. Fauna eta flora ere kaltetu ziren.

Landareriaren kaltetzeaAldatu

Talkaren ondorioz askatutako partikula beroak lurrean pausatu ziren apurka, eta errauts-geruza sortu zen. Errauts bero horiek landaredia erre edo larri kaltetu zuten Lurraren zatirik handienean. Gainera, partikula-lainoak eguzki-argia sartzea galarazi zuen hein handi batean, eta landareen fotosintesia eten. Landareak laster hil ziren.

Itsas paleoinguruneko faunaren aldaketaAldatu

Kretazeoan existitzen ziren foraminifero planktonikoak bat-batean desagertu ziren; Tertziarioko sedimentuetan jada ez dira ageri. Horien ordez, foraminiferoen elkarte desberdina dago, morfologia sinpleagoa eta tamaina txikiagoa dutenak. Horiekin batera, ur-zutabeko moluskuak ere desagertu ziren, horien artean, ammoniteak, belemniteak edota errudistak. Beraz, K/T mugarekin lot daitezkeen desagerpenak dira.

Dinosauroen desagerpenaAldatu

Dinosauroak Triasikoan garatu ziren, eta Jurasiko eta Kretazeo garaietan gailendu ziren. Dinosauroen dibertsitatea handia zen oso, lehorreko espeziak (tiranosauroak, trizeratopsak…), urtarrak (iktiosauroak, plesiosauroak…) eta hegan egiten zutenak ere (pterosauroak) bazeuden. Tertziarioan, ordea, ez dago dinosauroen arrastorik. Hortaz, K/T mugarekin lot daiteke desagerpena.

TeoriaAldatu

1980ko hamarkadan egindako azterketa geologikoetan ohartu ziren estratu batzuetan zentimetro batzuetako geruza fin eta beltza ageri zela,Kretazeoko eta Tertziarioko geruzen arteko mugan (K-T muga). K/T mugari dagozkion geruzetan, iridio metala kantitate handitan azaltzen da, bai ozeano azpian dauden geruzetan, bai lehorreko geruzetan ere. Ozeano Barean eta Karibe itsasoan, iridioa ageri da buztin-geruzan; Europan, kontinente-plataformako metaketetan, eta Ipar Amerikan, eta Kanadatik Mexiko Berrira, deltetan eta uholdeek eragindako ikatz-sekuentzietan ikus daiteke iridioa. Datazioa zehatza da, geruza hau Lurreko 100 leku baino gehiagotan aurkitu baita. Itsasoko sedimentuetan, Goi Kretazeoko mikrofosilen ondorengo geruzan kokatuta dago eta geruza horretan ageri diren mikrofosilak Behe Zenozoikokoak dira, Paleozenokoak, hain zuzen ere.

Iridioa muga honetako arroketan bakarrik aurkitzen da, eta oso fina den geruzan metatu zen. Ozeano-hondoko sedimentazio-geruzetan iridioa kantitate mikroskopikoetan azaltzen da, baina K/T mugarekin lotzen badugu, kantitate hori handia da. Izan ere, iridioa ezohikoa da Lur planetan, baina ugaria zenbait meteoritotan. Horrela, garai hartan meteorito bat Lurrera erori zela aldarrikatzen zuen teoria azaldu zen.

Garai berean, zientzialariak negu nuklear kontzeptua garatzen hasi ziren, hau da, urte asko iraungo lukeen mundu mailako negualdia, ehunka arma nuklearrek sortua, milioika hauts tonek gau artifiziala eta tenperaturen hoztea eragingo bailituzkete. Kontzeptu horri jarraiki, talka-negu kontzeptua garatu zuten, ondorio bertsukoak baina meteorito baten talkak sortua.

Luis Walter Alvarez fisikari estatubatuarrak, bere seme Walter Alvarez geologoak, Frank Asaro kimikari nuklearrak eta Helen Michael paleontologoak hipotesi berri bat proposatu zuten. Teoria horren arabera, meteorito honen talkak Kretazeoaren amaieran, duela 65 milioi urte, dinosauroen eta beste animalia lehortar zein itsastarren espezie ugariren galera eragin zuen. Gainera, eurite azidoa agertu bide zen beste efektuen gainean, itsas organismoen maskorra disolbatzea eragin bide zuena (foraminiferoena, nanoplankton kalkareoena, etab.).

ErreferentziakAldatu

  1. Bakker interview. "Does the [impact theory] explain the extinction of the dinosaurs? There are problems..."
  2. Shocked quartz
  3. Schulte, et al.
  4. Rincon.

BibliografiaAldatu

  • Arz, J. A., Arenillas, I., & MOLINA, E. (2000). El impacto de un asteroide en Yucatán y la gran extinción del límite Cretácico/Terciario. Ciencia UANL, 3(2), 154-159.
  • Molina, E. (2015). Evidencia del impacto meteorítico del límite Cretácico/Paleógeno e interés de los cenotes de Yucatán. Naturaleza Aragonesa: Geologia. ISSN: 1138-8013.
  • Alemán, C. O. (2002). Investigaciones geofísicas sobre cráteres de impacto y el cráter de Chicxulub (Yucatán, México) (Vol. 13). UNAM.

Kanpo estekakAldatu