Meteoro (astronomia)
Meteoroa —hizkera arruntean izar iheskorra, izarloka edo izar uxoa izenez ezaguna— meteoroide, mikrometeroide, kometa edo asteroide batek Lurraren atmosfera zeharkatzen sortzen duen distira da. Distira handi-handiko meteoroei bolido deritze. Meteoroa sorrarazi duen gorputza atmosferan guztiz suntsitu ez delako lurrazalera iristen bada, meteorito bilakatzen da.
Gau oskarbi batean, zerura arretaz behatzen bada, arrunta da han eta hemen meteoroak ikustea. Multzoka gertatzen dira zenbaitetan, meteoro zaparradak eratuz, Lurrak kometa batek utzitako partikula-arrastoa zeharkatzen duenean, eta orduan zeruan puntu bertsuan izaten dute jatorri. Esaterako, abuztuaren 12aren inguruan Perseidak izeneko meteoroak heltzen dira, eta abenduaren 13aren inguruan Geminidak.