Hermeneutika (grezieraz: ἑρμηνευτικὴ τέχνηhermeneutiké tekhne, euskaraz: «azaltzeko, itzultzeko edo interpretatzeko artea»), testuak interpretatzeko artea edo teoria da. Interpretatzeko metodologia gisa, giza ekintza esanguratsuak eta ekintza hauek sortzen dituzten produktuak, gehienbat testuak, sortzen dituzten arazoez arduratzen da. Testuen esanahia ahalik eta modu egokienean zehaztea da ikerketa eremu honen helburu nagusia. Diziplina metodologiko gisa, tresna multzo bat eskaintzen du, giza ekintzen interpretazioen arazoei, testu eta bestelako material esanguratsuak, modu eraginkorrean aurre egiteko. Bereziki idatzi sakratu, testu filosofiko eta artistikoak interpretatu ohi dira.[1][2][3]

Hermes, jainkoen mezularia, mitologia grekoa. Hermeneutika izenaren sorburua

Hermeneutika bezalako diziplina baten beharra, baliatzen den hizkuntzaren konplexutasunak sortzen du, maiz esanahi ezberdin edo kontrajarriak diren testu esanahietara bideratzen baikaitu. Testuak ulertzerako garaian zailtasun asko sortu daitezke, eta zeharo ezberdin ulertu testu berdina. Hermeneutikaren historia luzea da, denboran zehar diziplina bera aldatu da, arazoak zein hauei erantzuteko sortutako tresnak ere aldaketa bat jasan dute.[3]

Hermeneutikak, Schleiermacher pentsalariaren obratik aurrera nagusiki, autoreak berak, bere burua ulertzen duen moduan baina hobe ulertzera eramaten gaitu. Hermeneutika, hitzaren atzean aurkitzen den esanahia deszifratzen saiatzen da eta, horrekin batera, esanahiarekiko arrazoiaren interpretazioan saiatzen da. Murray Rothbard bezalako intelektual batzuek hermeneutika “faltsukeria zentzugabe” eta “ulertezin” gisa hartzen dute.[4]

Batzuetan “exegesia” eta “hermeneutika" terminoak sinonimo bezala erabiltzen dira, baina hermeneutika diziplina zabalagoa da, bere barnean hartzen baititu, komunikazio, idatzia, ahozkoa eta ez ahozkoa. Exegesia testuetan zentratzen da nagusiki. Hermeneutikak, interpretazio metodo partikular bat adierazi nahi du. (Alderatzeko ikus, hermeneutika bikoitza).

"Trinkotasun hermeneutikoa" testuen analisiari dagokio, testuen azalpen koherentea lortzeko nahiari. Hermeneutikak filosofian, Martin Heideggerrek hasi eta Hans-Georg Gadamerrek garatutako (Egia eta metodoa liburuan) ezagutzaren teoria adierazi nahi du nagusiki. Tarteka, Paul Ricoeurren teoriak ere aipatzen dira.[5]

Hermeneutika, hasiera batean, idatzi sakratuen interpretazio edo exegesian aplikatua izan zen. Metodo hermeneutikoa, Alexandria, Antiokia edo Pergamoko antzinako eskolen ondoren, Flacius eta ondoren Meierren obretan kokatu zen; gero, Friedrich Schleiermarcherren pentsamenduan. Hermeneutikak, Diltheyek azaldu zuenaren arabera, ezagutzara zuzendutako metodoaren puntu gorena lortu zuen, hain zuzen, erretorika, dialektika, historia, logika eta gramatikari lotuta.[6] Giza ulermenaren teoria gisa sortu zen XVIII. mende amaieran eta XIX. mende hasieran, Friedich Schleiermarcher eta Wilhelm Dilthey filosofoen obren bitartez.

Hermeneutikak, XX. mendean izan zuen indarraz ohartu gaitezke bere eragina kontuan izanik. Esaterako, garatua izan zen Martin Heidegger eta bere ikasle zen Hans-George Gadamer (Egia eta metodoa) pentsalari garrantzitsu bezain eztabaidagarrien eskutik. Hermeneutika modernoa tradizio filologiko eta filosofikoari jarraituz eratzen da, testu handien interpretazio gisa, zehazki biblia, (hermeneutika biblikoa) eta Platonen obra, baina orokorrean testu bereziki zail eta garrantzitsuetara zuzendu da, eta modu naturalean, filologiaren, filosofiaren eta literatur kritikaren berme gisa jardun du. Horrela, edozein giza objektu, humanistikora zabaldu da.

Diltheyen ondoren, filologiaren arloan, eskola idealistak eman dio jarraipena hermeneutikari, zehazki, Leo Spitzerrek eta eskola Estilistikoak. Filosofiaren arloan, ildo alemana izan da nagusi, esan bezala, Martin Heideggerrek zuzendua eta bere ikasle Hans-Georg Gadamerrek jarraitua, aipatutako “Egia eta metodoa” idatzian. [7] XX. mendearen azken laurdenean hermeneutika jarrera filosofiko orokor bat izatera igaro da (koiné moduan izendatua izan dena), bereziki Vattimo pentsalariaren eskolari eta beste europar eta amerikar sektore batzuei lotua: bertatik adar edo eskola asko sortu dira.

Hermeneutikaren jatorria eta bilakaera aldatu

Hermeneutika terminoa grezierako aditzetik dator, ἑρμηνεύειν (jermenéuein), interpretatu, aitortu, iragarri, argitu eta azkenik itzultzea esanahi duena. Zerbait ulergarria bihurtzea edo ulergarritasunera eramatea adierazi nahi du.

 

Terminoa Hermes jainko grekoaren izenetik datorrela uste da: Hermes mezularia da eta grekoek hizkuntzaren eta idazketaren jatorria atxikitzen diote, giza komunikazio eta ulergarritasunaren patroia da. Hermesen esentzia; hizkuntza, egiara edo faltsutasunera eraman dezaketen zeinuetan datzan zerbaiten gisa ulertzearen, greziar ikuspegian datza.  Hermesek, ematen zituen mezuek hartzaileengan sortzen zuten egonezinarekin gozatzen zuela esaten zen.[3]

Terminoak, hasiera batean interpretazio egokia adierazten zuen, hau da, jainkoen edo orakuluaren sententzia ilun eta enigmatikoen ulermena edo azalpena adierazten zuen. Hermeneutika terminoa grezierako ἑρμηνευτικἡ adjektibotik zuzenean eratorria da, jakintza esplikatzailea edo interpretatzaile esan nahi du, bereziki idatzi sakratu eta testuetako hitzen esanahiei buruzkoa; halaber, ikurren eta haien balio sinbolikoen exegesiaren gaineko teoriaren edo zientziaren analisian datza.

Aurrekariak aldatu

Meseneko Evemero-k (K.a IV. mendea) elezahar eta mitoak arrazionalki interpretatzeko saiakera egin zuen, haien edukia elementu historiko eta sozialetara murriztuz (evemerismoa).

K.a VI. mendean Erregioko Teagenes antzeko zerbait egiten saiatu zen, modu alegorikoan interpretatu eta esanahi sakona ateratzen ahaleginduz.

Hermeneutika eta teologia aldatu

Ikerketa hermeneutikoen jatorria teologia kristauan aurkitzen da, non hermeneutikak objektu moduan, bibliako liburu sakratuen interpretazioan erabili behar diren, printzipio eta arauak ezarri zituen. Idatzi sakratuek, jainkoak erakutsiak baina gizakiek osatuak, bi esanahi ezberdin zituzten: literala eta espirituala, azken hori, hirutan banatzen zen: analogikoa, alegorikoa eta morala.[8]

 
  • Zentzu literala, idatziaren hitzen esanahia da, interpretazio egokiaren arauak jarraitzen dituen exegesi filologikoak aurkitua. Tomas Akinokoaren arabera, zentzu guztiak zentzu literalean oinarritzen dira. Summa Theologiae.
  • Zentzu izpiritualak, sineskera kristauaren arabera, jainkoak gizakiarengan ezarria izango dena, zeinuei zentzu erlijioso gehigarri bat eransten die. Zentzu espirituala hiru motatakoa izan daiteke
    • Zentzu alegorikoa. Kristauei, gertakizunen inguruko ulermen sakonago bat ematen die, jainkoarengan izango duen esanahian oinarrituz: modu horretara, itsaso Gorriaren igarobideak Kristoren garaipena eta bataioa sinbolizatzen ditu. (Ikus 1 Co 10:2).
    • Zentzu morala. Idatzietan azaltzen diren gertaerek, modu justuan jardutera gida dezaketela ahalbidetzen du. Haren helburua irakastea da (1 Co 10, 11; ikus Hebrearrei Epistola 3-4,11).
    • Zentzu antagonikoa, (mistikoa). Horren bidez, santuak, esanahi betierekoa duten errealitate eta gertaerak ikus daitezke, (grezieraz anagogue) kristauak zeruko aberrirantz gidatuko dituztenak. Horrela, lurreko Eliza Jerusalem zerutiarraren zeinua da (Ikus Apokalipsia 21,1-22,5).

Erromantizismoa eta Friedrich Schleiermarcher aldatu

Mendeetan zehar teologiaren arloan gotorturik egon ondoren, erromantizismoaren garaian mota guztietako testu idatzietara zabaldu zen hermeneutika. Testuinguru honetan kokatzen da Friedrich Schleiermarcher (1768-1834), hermeneutikan gure arbasoen izpirituaren berreraiketa prozesu bat ikusten zuena. Schleiermarcherrek, testuak interpretatzeko  zirkulu hermeneutiko bat proposatu zuen: bere ustetan, interpretazio zuzenak dimentsio objektiboa izan behar du, autorearen testuinguruaren eraikuntzarekin erlazionaturik egongo dena. Beste dimentsio bat subjektiboa eta jakina da, autorearen lekuan kokatzean datzana. 1829an Friedrich Schleiermarcherek printzipio moduan hartzen du nozio hau; osotasuna, indibiduoari dagokionez ulertzen den bezala, indibiduoa ere osotasunari dagokionez bakarrik uler daiteke.

Schleiermarcherren arabera, hermeneutika ez da jakintza teorikoa, praktikoa baizik, hau da, praxia edo testu idatzi zein ahozkoen interpretazio egokiaren teknika da. Ulermena antzinatik bihurtu zen hermeneutikako kontzeptu oinarrizko eta xede. Schleiermarcherrek hermeneutika definitzen du “diskurtso jakin baten berreraiketa historiko eta iragarle gisa, objektiboa eta subjektiboa dena”.

Historizismo Diltheyarra aldatu

Friedrich Schleiermarcherren ikuspuntutik abiatuz sortu zen Wilhelm Diltheyren (1833-1911) proposamena. Immanuel Kanten obra irakurtzeak filosofiarenganako jakin-mina piztu zion Diltheyri. Horretaz gain, testu historiko eta filologikoenganako interesa zuen, eta 1861ean izpirituaren zientzien inguruko teoria zehatz bat sortzen hasi zen, Izpirituaren zientzietarako sarrera bere liburuan ageri dena eta natur zientziekiko ezberdintasunean oinarritzen dena.  Bi zientzia moten arteko ezberdintasunak, haiek garatzeko prozesuak eratzen diren baldintzetan daude.

Izpirituaren zientziak, ulertzen ditugun eta barnetik aurkezten diren errealitate eta konexio bezala dauzkagu, izpirituaren hizkuntz objektibazioez arduratzen dira. Aldiz, natur zientziak azalpenetan oinarritzen dira, kanpotik eta fenomeno gisa sortuz. Azaltzearen eta ulertzearen arteko kontrajartze hori oroimenean gordetako errealitate historiko-sozial gisa moldatuko da eta ondoren albiste edo teorema gisa adierazia izango da. Izpirituaren Zientziak, gizakiak testu eta agirietan gordetako zentzumenen hornitzaile gisa duen jardueraz jabetzen denean sortzen dira, eta arreta berezia jartzen zaio ulertzeari, eta ez azaltzeari. Azaltzeak mugak ditu baina ulertzeak ez du mugarik, hau da, aukerak zabaltzen ditu eta gizakiak nahi duena kontuan hartzeko aukera dauka.

Diltheyrentzat, mundu historikoa ulertzea, ez da mundua modu zientifikoan ezagutzea, ezta gizabanakoaren barnekotasuna ezagutzea ere, baizik eta aurrez aipatutako bideen bitartez indibiduoek besteekin dituzten erlazioetan sortutako zentzumenetan barneratzea; orduan, testu eta dokumentu horien interpretatzailea, ulermenaren bitartez, norberarenak balira bezala erreproduzitzeaz arduratzen da.

Gizabanakoen arteko eta haiek munduarekin duten harremanaren ulermena zabaltzea bilatzen duen hermeneutikari buruz, Schleiermarcherrek egindako ekarpenaren aurrean, Diltheyk ohartarazten du ulergarri bihurtzen dena idazketan etengabe finkatutako "bizitzaren adierazpenak" baino ez direla, adierazpen horiek testuinguru historiko baten inguruan irakurri eta ulertu behar direla.

Esperientziaren eskurapenak historiaren esparru batera eramaten du, hermeneutika Izpirituaren Zientzien oinarri gisa ezarriz, gizabanakoa giza oroitzapenez betetzen den eta oroitzapenean bizi den izaki historiko gisa definitzen du. Ulermenaren ekintza errepikatzen den berreraikuntza bezala eratzen da, ulertu nahi diren beste garai bateko mezuen berreskuratzeari esker gertatzen da. Ulertu ahal izateko beharrezkoa da zubi bat eraikitzea, zubi hori testu edo dokumentua izango da eta aldi berean, denboran zehar erreproduzitzen den betiereko zerbait sortzen du. Hermeneutika baliatuz, hitz eta testuen interpretazioetatik esanahiak aurkitzen ditugu; osotasun baten zentzua eta elementuak berreskuratzen dituen teoria bat da, eta ulermena momentuan interpretatzen denaren barnekotasuna ulertzeko bidea da.

Martin Heidegger aldatu

XX. mendean ulermenaren analisiari dagokionez, edozein izanda ere, egitura zirkularra izango duela baieztatzen du Heideggerrek.

 
Martin Heidegger

"Ulermena sortu nahi duen interpretazio orok, ulerturik izan behar du interpretatu nahi duena."

Testuaren eta testuinguruaren arteko elkarrekikotasuna, Heideggerrek zirkulu hermeneutikoa deitzen dionaren zati da. Kontzeptu honen beste pentsalari nagusi bat izan zen Max Weber soziologoa.

Heideggerrek bide berriak sartzen ditu hermeneutikan, beste garai batzuetako izpiritua ulertzeko modutzat bakarrik hartzeaz utzi eta gizakia munduan kokatzeko funtsezko modutzat hartzen baitu: existitzea ulertzea da.

Modu honetan, hermeneutikaren fokua, interpretaziotik ulertze existentzialera aldatzen du, mundua izateko modu zuzenagoa bezala ikusten da, ez bitartekatua, hortaz egiazkoagoa, ezagutzeko modu bat bezala. [9]Enpatiaren hermeneutika berezi baten beharra adierazi zuen, arazo filosofiko klasikoa den, “besteen buruan” egotea eta giza erlazionatzearen testuinguruan jarrita argitzerako garaian.[10]

Ordutik, bere “faktikotasunaren hermeneutika” egia historikoki kokatutako interpretazio batekin identifikatzen duen filosofia bat bihurtzen da (Hans-Georg Gadamer).

Ikuspegi honen jarraitzaileek, anti-positibismotik gertu dauden jarreretara helduz, babesten dute testuek eta beroriek sortzen dituzten autoreak ezin direla natur zientziek erabiltzen dituzten metodo zientifikoekin aztertuak izan. Are gehiago, testu horiek egilearen esperientziaren adierazpen konbentzionalak direla diote. Hortaz, testu horien interpretazioak sortu ziren testuinguru sozialari buruzko daturen bat eskainiko du, eta, nabarmenago, irakurleari autorearen esperientziei aurre egiteko tresnaren bat eskainiko dio. Arrazoi hauengatik, hermeneutika positibismoaren aurkako eskola gisa ulertzen da.

Paul Ricoeur aldatu

Paul Ricoeur  (Essais d’herméneutique, Paris: Seul, 1969) pentsalariaren ekarpenek aurreko bi korronteak gainditzen ditu. Distantziaren hermeneutika proposatu zuen: honen arabera, igorlearen eta hartzailearen artean distantzia bat egoteak sortzen du interpretazioa.

Hermeneutika honetatik, testua paradigma den teoria bat sortzen da, hau da, idazketak finkatutako diskurtsoa. Aldi berean, diskurtso honek, igorri ondoren, egilearen asmotik banantzen da  eta harekiko independentzia lortzen du. Orain, testua igorletik banandurik aurkitzen da,  errealitate metamorfizatua da non obra irakurtzean igorlea bertan sartzen den. Baina errealitate metamorfizatu honek, ni bat, dasein bat proposatzen du, irakurleak atera beharrekoa. Ricoeurren arabera, interpretatzea testuan aurkitzen den “munduan izatea” ateratzean datza. Modu honetan testuaz jabetzearen arazoa aztertzen jardungo da, hau da, testuaren esanahiak irakurlearen bizitzan duen ezarpenaren arazoa landuko du. Paul Ricoeurren teoriaren ardatzetako bat irakurleak egiten duen testuaren berreraiketa da.

 
Mircea Eliade

Mircea Eliade aldatu

Mircea Eliadek, hermeneuta izanik, erlijioa “sakratua denaren esperientzia” gisa ulertzen du,  sakratua laikoarekin erlazioan interpretatzen du.[11] Filosofo errumaniarrak azpimarratzen du, laikoa sakratu gisa interpretatu ostean, sakratuaren eta laikoaren arteko erlazioa ez dela aurkakotasunean oinarritzen, osagarritasunean baizik.[12] Mitoen hermeneutika erlijio hermeneutikaren zati da. Mitoa ez da interpretatu behar ilusio edo gezur moduan, egia berraurkitzeko aukera baitago mitoan.[13] Mircea Eliadek mitoa, historia sakratu moduan interpretatzen du. Eliadek hermeneutika osoaren kontzeptua sortu zuen.[14]

Mauricio Beuchot aldatu

Cuernavaca hirian (Morelos, Mexico) 1993an egin zen filosofiako biltzar nazionaletik sortu zen Mauricio Beuchoten hermeneutika analogikoaren proposamena, Hermeneutika analogikoaren tratatua (1997) izeneko idatzian sintetizatu zuena. Enrique Dussel filosofo argentinarrak eta metodo analitikoak eragina izan zuten Beuchotengan. Ondoren, Peirceren analogiaren ideiak berreskuratu zituen, eta hermeneutika analogikoa edo hermeneutika analogiko-ikonikoa bezala izendatutako proiektu hermeneutikoa proposatu zuen.

Hermeneutika analogikoa, analogiaren kontzeptuan oinarritzen da, eta esanahi bakarraren eta okertzearen arteko bitartekari gisa egituratzen da. Unibokotasunak edo esanahi bakarrekoa izateak esanahiaren eta erabileraren arteko identitaterantz jotzen du eta halaber, objektibitatea bilatzen duen ideia positibista eta indartsua da. Adibidez, Emilio Bettiren hermeneutika. Bitartean, okertzea esanahiaren eta erabileraren ezberdintasuna da, erlatibismora eta subjektibismorantz doana. Esaterako, Richard Rortyren filosofia. Hermeneutika analogikoa muturreko jarrerak ekiditen saiatzen da, interpretazioen tartea zabalduz, analogiatze nagusia den interpretazio bat eta bigarren mailan analogiatutako interpretazioak existitzeko modu ordenatuan hierarkizatzen ditu. Modu horretan, fronesiaren nozio aristotelikoa berreskuratzen du eta testuen interpretazioan jarrera zuhurra, jarrera moderatu gisa, lehenesten du, muturreko jarrerak (unibokotasunaren aldekoak nahiz ekibokotasunaren aldekoak) baztertuz.

Hermeneutika diatopikoa aldatu

Bestalde, hermeneutika diatopikoa soziologian eta antropologian erabilia den terminoa da,  eta kokapen etnozentrikoetatik urrutiratutako elkarrizketak babesteko beharrezkoak diren kulturarteko argudiaketa espazioak deskribatzen ditu. Prozedura honen abiapuntua kultura guztiak osagabeak direla eta osotasun mailarik altuena lortu ahal izateko argudioen trukaketa beharrezkoa dela da.

Hermeneutika diatopikoa, besteek  gure autoezagutza eta oinarri ezagutza bera ez dutela suposatuz, ulertu behar denaren kontsideraziotik abiatzen da.

Hermeneutika diatopikoa, tradiziozko hermeneutika morfologiko eta hermeneutika diakronikotik haratago doan hermeneutika bat da. Abiapuntu gisa topoia hartzen du: kultura ezberdineko lekuak, ezin direla ulertu kultura bakarreko ulermen baliabideen bitartez.  Hemeneutika morfologikoak kultura bakarreko baloreak aztertzen ditu, eta hermeneutika diakronikoak gizateriaren historia kulturalaren denbora distantzien arteko hartu emanak, baina, tradizio bakarra hartzen du erreferentziatzat.[15]

Hermeneutika diatopikoa saiatzen da, kultura bakarrak sortutako zirkulu hermeneutikoa gainditzen, erradikalki ezberdinak diren kulturen mugak bateratzen saiatzen da. Topoi ezberdinak elkartzen ditu, kultura ezberdinak kontutan izango dituen elkarrizketa diatopikoa sortzeko.

Leku hauen bitartez ulermenera heltzeko artea da, (dia-topos). Horretarako, beharrezkoa da mythos eta logos, subjektibitate eta objektibitate, bihotza eta burua, pentsamendu arrazionala eta izpiritu askea, berriz elkartzea. Buruko eskema zurrun guztiak hautsiz.[15]

Ulermenaren oinarrizko egiturak aldatu

  • Horizonte egitura: Zentzudun testuinguru baten osotasunean, eduki berezia eta ikasia da. Aurre ikasia eta elkarrekin ikasia dena.
  • Egitura zirkularra:[16] Ulermena mugitzen da, aurre-ulermen eta gauzaren ulermenaren dialektika batean. Espiral moduan aurre egiten duen gertakizuna da. Elementu batek bestea aurresuposatzen duen neurrian eta aldi berean aurretik doala ematen duelarik.
  • Elkarrizketa egitura: elkarrizketa batean ulermena zabalik mantentzen dugu, hau (ulermena) aberasteko eta zuzentzeko.
  • Bitartekaritza egitura: eduki guztietan ageri eta adierazten da bitartekaritza, baina gure munduan eta gure historian gertatzen den ulermen moduan interpretatzen da.

Bungeren kritika hermeneutikari aldatu

 
Mario Bunge

Mario Bungeren arabera, hermeneutika filosofikoa gizarteari buruzko ikerketa zientifikoaren aurka doa. Zehazki, estatistika sozialak eta modelo matematikoak gutxiesten ditu. Hau gertatzen da, hermeneutikak, soziala dena izpiritualtzat hartzen duelako, horrela, hermeneutikak ingurumen faktoreak, eta faktore biologikoak edo ekonomikoak gutxiesten ditu eta aldi berean fenomeno makro-sozialak (besteak beste, gerra eta pobrezia) ez ditu aztertzen. Hori dela eta, hermeneutika gizarteko egien ikerketetarako eta gizarte-politiken oinarrien ikerketarako oztopo izango da.[17]

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Audi, Robert. (1999). The Cambridge Dictionary of Philosophy. (2. argitaraldia) Cambridge: Cambridge University Press, 377 or. ISBN 0521637228..
  2. (Ingelesez) Resse, William. L. (1980). Dictionary of Philosophy and Religion. Sussex: Harvester Press, 221 or. ISBN 0855271477...
  3. a b c Mantzavinos, C.. (2020). Zalta, Edward N. ed. «Hermeneutics» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2020-04-27).
  4. (Ingelesez) kanopiadmin. (2006-09-25). «The Hermeneutical Invasion» Mises Institute (Noiz kontsultatua: 2020-04-27).
  5. (Ingelesez) Grodin, Jean. (1994). Introduction to Philosophical Hermeneutics. Yale University Press, 2 or. ISBN 0-300-05969-8..
  6. (Gaztelaniaz) Dilthey, W.. El mundo historico. , 321-344 or..
  7. (Gaztelaniaz) ASALE, RAE-; RAE. «hermenéutica | Diccionario de la lengua española» «Diccionario de la lengua española» - Edición del Tricentenario (Noiz kontsultatua: 2020-04-27).
  8. Duvall and Hays, J. Scott, and J. Daniel. (2001). Grasping God's Word: A Hands on Approach to Reading, Interpreting, and Applying the Bible.. Grand Rapids, Mich.: Zondervan,.
  9. (Ingelesez) Martin, Heidegger. (1927/1962). Being and Time. Harper and Row., 125 or..
  10. (Ingelesez) Agosta, Lou. (2010). Empathy in the Context of Philosophy. Palgrave Macmillan, 20 or..
  11. Eliade, Mircea. (2014). Lo sagrado y lo profano. Ediciones Paidós, Barcelona. ISBN 978-84-493-2983-8..
  12. Itu, Mircea. (2002). Introducere în hermeneutică. Orientul latin, Brașov,, 63 or. ISBN 973-9338-38-8..
  13. (Ingelesez) Itu, Mircea. (2007). The Hermeneutics of the Myth. Lumină lină., 33-49 or. ISBN 1086-2366..
  14. (Frantsesez) Eliade, Mircea. (1978). La nostalgie des origines. Méthodologie et histoire des religions. Editorial Gallimard, Paris, 116 or..
  15. a b «panikkar - obras» www.raimon-panikkar.org (Noiz kontsultatua: 2020-04-27).
  16. «Wayback Machine» web.archive.org 2009-12-22 (Noiz kontsultatua: 2020-04-27).
  17. Bunge, Mario. (2007). Diccionario de Filosofía.. Madrid: Siglo XXI Editores, 96 or. ISBN 968-23-2276-6..

Ikus gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu