Liztor asiar

Asiako liztor» orritik birbideratua)

Liztor asiarra (Vespa velutina nigrithorax) edo Asiako liztor beltza liztor espezie bat da, gorputz beltzekoa, jatorria Asiako hego-ekialdean duena. Espezie inbaditzailetzat jotzen da Europako hainbat tokitan.[1][2][3][4][5]

Liztor asiar
Asiako liztorra
Irudi gehiago
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaArthropoda
KlaseaInsecta
OrdenaHymenoptera
FamiliaVespidae
GeneroaVespa
Espeziea Vespa velutina
Eguneko zikloaeguneko

Asiatik Europara egurra zekarren itsasontziren batean etorriko zirela uste da. 2005. urtean Bordeleko portutik sartu zela uste da. Bost urte geroago, iberiar penintsularaino heldu ziren.[6]

Ezaugarriak aldatu

Liztorra izateko nahiko handia da: 30 milimetro inguru luze da. Erkatze aldera, bertako erle arrunta (Apis mellifera) baino hiru aldiz handiagoa da.[7]

Hala ere, pixka bat handiagoa da Europako bertako liztor espezie handiena, Euskal Herrian ere badugun liztortzarra (Vespa crabro).

Jatorriz India iparraldeko liztorra da. Txinatik zetorren barkuren batean sartu zen Bordelen (Frantzia) 2004an. Ipar Euskal Herrian sartu zen 2008an edo, eta handik Hego Euskal Herrira. Kalte handiak eragiten ari da erlezaintzan eta oraindik ez da erremediorik aurkitu eraso horri aurre egiteko. Erleez aparte, ez da ezagutzen zer kalte egiten ari den beste intsektuen artean.[8]

Deskribapena aldatu

Erregina: 3,5 cm neur dezake eta urte bat inguru bizi ohi da.

Langilea: Hau Vespa velutina motaren artean txikiena da. 2,5 cm neurtzen du eta arra, berriz, 3 cm-ra erraz iristen da.

Liztor beltz asiarraren, Velutinaren, ziklo biologikoa aldatu

 

Ezinbestekoa da liztor asiarraren ziklo biologikoa ezagutzea hari aurre egiteko:

Urtarrila: Hibernazioa.
Otsaila, martxoa, apirila eta maiatza: Erregina esnatu eta habia primarioa egiten du. Velutinari aurre egiteko garai hau da aproposena tranpak jartzeko.
Ekaina: Erregina eta langile gazteak bigarren mailako habiaren kokaleku bila.
Uztaila eta abuztua: Erreginak arrautzak erruten ditu. Erlauntza hazi egiten da.
Iraila eta urria: habia handiagoa da. Eme berriak sortzen dira.
Azaroa eta abendua: Hibernazioa.

Habia aldatu

Bi motatako habiak egiten dituzte espezie honetako liztorrek, udaberriaren hasieran erreginak habia primarioak eraikitzen ditu, gero, eme askoren artean bigarren habia handiagoa eraikitzen dute.

Habia edo liztor-etxea, mastekatutako zelulosazko zuntzez egina dago, liztor gehienen kasuan bezala (Vespidae ez diren batzuek lokatzez eraikitzen dute). Metro bateko altuera har dezake eta diametroko 80 cm, baina normalean ez dira hain handiak izaten. Udaberrian eraikitzen dituzte.[9] Leku altuetan kokatu ohi dituzte, gehienetan lurretik metro askotara dauden zuhaitzetan, baina batzuetan arbola baten azpiko aldean zintzilik edo teilatu edo tximinietan [10]. Liztor hau oportunista izanik, bere habia, bai gizakien bizilekuetan edo fabriketan, bai zenbait hiri-altzaritan ere aurkitu izan da.

Normalean forma nahiko esferikoa izaten dira habiak eta alboko irteerako zulo bat izaten dute. Habia bakoitzean 2.000 bat kurumino egoten dira, eta horien artean 550 erregina baino gehiago. Ernalduz gero, hurrengo urtean habiak egin ditzaketen erreginak, beraz, bostehun erregina baino gehiago izan daitezke habia bakoitzeko. Hala ere, erregina horietako askok ez dute negua bizirik igaroko.

Neguan ikusten diren liztor beltzen habiak abandonatuta egoten dira. Frantzian, non liztor hauek inon baino lehenago sartu ziren, 2005ean, inoiz ikusi izan dira hegazti batzuek habia hauek suntsitzen. Jokabide honek ez du inolako ondoriorik espeziearen iraupenean, habia hutsik baitago. Alferrik da neguan topatzen diren habiak suntsitzea.

Liztor langile gazte baten batez besteko ekintza-eremua 350 m-koa da. Zahartuz gero eta behar izanez gero, batez besteko erradio hori 700 m-koa izan daitekeela uste da, eta gehienez ere 2.000 m-koa, bere habiatik nahiko urrun.

Nahaste posibleak aldatu

Vespa velutina antzekoak diren beste espezie batzuekin nahastu daitezke.

'Vespa crabro aldatu

Vespa crabro, (Europako kuruminoa), Vespa velutina baino handiagoa eta koloretsuagoa da. Haren kolore gorri eta horiak ez datoz bat Vespa velutinaren itxura ilunagoarekin.

Europako kuruminoaren habia ez da Vespa velutinarena bezain handia, eta beheko aldetik irekita egoten da (Vespa velutinarena alde batean izaten du sarrera-irteera). Enbor huts batean edo aterpe baten azpian eraikia egon ohi da, batzuetan lurrean, baina sekula ez zuhaitz handien goialdean.

Megascolia maculata aldatu

Megascolia maculata edo bekoki horiko liztorra orban hori zabalak ditu buruan eta sabelaldean. Emeak 4 cm neurtzen du, Vespa velutinak baino ia 1 cm handiago.

Liztor honek ez du habiarik eraikitzen, baizik eta ninfan aterpe izango den palko moduko bat. Emeek arrautzak erruten dituzten koleopteroen larben inguruan.

Bombus terrestris aldatu

Vespa velutina batere ezagutzen ez duten batzuek agian pentsa dezakete Bombus terrestris bezalako intsektu hegalari handiak Asiako liztor beltzak izan daitezkeela, baina ondo begiratuz gero, ez daukate antz handiegirik. Erlastarrek itxura potoloagoa eta iletsuagoa izaten dute.

Azpiespezieak aldatu

[[Fitxategi:Vespa velutina MHNT.jpg|thumb|Vespa velutina nigrithorax - eme langilea. (Okzitaniako Tolosan) Euskal Herrian vespa velutina nigrithorax bakarrik bizi arren, badaude beste azpiespezie asko munduan zehar:

Espezie inbaditzailea Euskal Herrian aldatu

 
Garrantzi handia du kabiak lehenbailehen aurkitzeak.

2005ean lehendabizikoz egurra zeraman itsasontzi batean Bordeleko portuan agertu zenetik[7], Europan espezie inbaditzailetzat jotzen dute. Asiako liztorrak, erlauntzak erasotzeaz gain[11], hego-mendebaldeko Europan kalteak eta alarma egoera sortu ditu[12]. Zuhaitzetan, lau eta sei metro artean, bere habia jartzen duen liztor hau jadanik zenbait urtez Ipar Euskal Herrian izan arren, 2010an lehendabizikoz Hego Euskal Herrian aurkitu zuten, izan ere, Gipuzkoako Erlezainen Elkarteak eta Neiker-Tecnalia erakundeak Irunen Vespa velutina nigrithorax espezimen batzuk topatu zituzten[13].

Liztor asiarraren kaltea izugarria izan zen, esate baterako, Bidasoaldean 2022 urtearen amaieran.[14]

Tranpak aldatu

 
Arabako Foru Aldundiak lagunduriko programa bateko tranpa.
 
Honelako tranpak erabiltzen dira liztor beltzak harrapatzeko. Liztorrak azpiko erdiko zulotik sartuko dira eta edari goxoaz asetu eta gero gorantz joko dute.

Neguaren amaieran eta udaberriaren hasieran boluntario askok eta zenbait erakunde publikok tranpak jartzen dituzte liztor beltz erreginak harrapatzeko. Tranpa nahiko sinpleak dira: ontzi batean garagardoa eta edari goxo baten nahasketa likidoa jartzen da. Batzuek ura azukrearekin eta legamia pixka bat erabiltzen dute, beste batzuek etxean jandako fruituen hondarrak eta edozein freskagarri.

Ontzian gaineko zulo batetik edo azpitik gora sartuko dira liztor beltz erreginak eta nahi beste edan eta gero euren joera hegaz alde egitea izango da. Baina sarrera-irteera topatzeko orain ez dute usaimenaren laguntzarik eta ez dute irtenbidea topatuko. Liztorrek usaina erabiltzen dute urrutitik edari goxoa topatzeko baina irteera aurkitzeko ez dira moldatzen.

Etxean horrelako tranpa bat eginez gero, gomendatzen da 8 mm edo 8,5 mm-ko zulotxoak egitea tranpan sartzeko. Tamaina horretako barautsak erabil daitezke. Horrela babestuko dira hainbat intsektu edo koleoptero handi: tximeletak, erlastarrak, hainbat kakalardo...







Zergatik jotzen da Asiako liztor beltzen kontra? aldatu

Gizon bat teilatu bateko liztor asiarren habia suntsitzen.

Liztor beltz asiarrak espezie inbaditzailetzat jotzen dira. Europara duela gutxi ailegatu ziren eta bertan azkar hazi dira. Harrapari gutxi topatu dituzte etsai eta bertoko erleak Asiakoak baino errazago ehizatzen direla ikusi dute.

Asiako liztorra oso harraparia da. Erleen erlauntzak suntsitzen ditu janaria lortzeko. Erlauntza bat topatzen badute, liztor beltzeko egunean 50 erle hil ditzake bere populazioa arriskuan jarriz. Bertako erleak ia ez du defentsarik Asiako erraldoiaren aurrean.

Espezie inbaditzaile kezkagarritzat jotzen da Europar Batasunean. Botere politiko ezberdinetatik planak egin dira espezie inbaditzaile honen hedapena gelditzeko, baina, gelditzeko hainbat plan egon arren, liztorrak Europan iparraldetik hegoaldera doaz urtean 100 km-ko erritmoan.

Velutinek arrisku larrian jartzen dute Europako ekosistemen oreka, berez nekazaritza industrialak eta gizakion jarduerak oro har nahiko larri utzitako ekosistemak.

Argazki galeria aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Tan, K.; Radloff, S. E.; Li, J. J.; Hepburn, H. R.; Yang, M. X.; Zhang, L. J.; Neumann, P.. (2007-01-19). «Bee-hawking by the wasp, Vespa velutina, on the honeybees Apis cerana and A. mellifera» Naturwissenschaften 94 (6): 469–472.  doi:10.1007/s00114-006-0210-2. ISSN 0028-1042. (Noiz kontsultatua: 2018-11-23).
  2. Vespa velutina. Euskalterm, euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-27).
  3. «Zer egin behar dut liztor asiarren habia ikusten badut?» EITB (Noiz kontsultatua: 2022-06-04).
  4. Liztor asiarrak Espainian, zergatik atxilotu (sic) behar dira? | Consumer. 2013-01-27 (Noiz kontsultatua: 2022-06-04).
  5. Goiena Komunikazio Taldea: Liztor asiarra harrapatzeko tranpa berria (bilatu bideoa online).
  6. (Gaztelaniaz) «¿Cómo llegó la avispa asiática a España? - mont medi» www.montmedi.com (Noiz kontsultatua: 2024-04-11).
  7. a b Arratibel, Ainara. (2011-05-10). «Erleen borrero, erlezainen amesgaizto» Berria.
  8. Aizpurua, Martxel. (2020). «Erleekin solasean» www.buruxkak.eus (UEU) ISBN 978-84-8438-706-0. (Noiz kontsultatua: 2020-03-02).
  9. (Frantsesez) Mollet {et al.} (2007) - (Ikusi argazki-erreportajea habia nola eraikitzen duten jakiteko)..
  10. (Frantsesez) Vidéo d'un nid de Vespa velutina analysé aux rayons X dans La Libre Belgique, 2009.
  11. Arratibel, Ainara. (2011-05-10). «Arriskuetatik harago, natura aberasten» Berria.[Betiko hautsitako esteka]
  12. «Tourists warned as Asian hornets terrorise French» The Telegraph 2009-8-19.
  13. «La avispa asiática ya está aquí» Noticias de Gipuzkoa 2010/11/23.
  14. erleekin-dantzan. (2023-01-05). «Liztor asiatikoaren kaltea izugarria izan da Bidasoaldean 2022 urtearen amaieran» Erleekin dantzan (Noiz kontsultatua: 2024-04-11).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu