Andre Mariaren Jasokundearen eliza (Gasteiz)
Andre Mariaren Jasokundearen eliza Gasteizko Lasarte herrian dagoen eraikin erlijiosoa da. 2003ko, urtarrilaren 28an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.
Andre Mariaren Jasokundearen eliza | |
---|---|
Kultura ondasuna | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Araba |
Herria | Lasarte |
Koordenatuak | 42°49′09″N 2°41′25″W / 42.81909°N 2.69038°W |
Historia eta erabilera | |
Izenaren jatorria | Mariaren Jasokunde |
Erlijioa | katolizismoa |
Elizbarrutia | Gasteizko elizbarrutia |
Arkitektura | |
Estiloa | arkitektura gotikoa |
Ondarea | |
BIC | RI-51-0000361 |
Ezaugarriak
aldatuLasarte herri txikia izanagatik ere, garrantzi historikoa izan zuen. 1286an, Antso Ausartak Gasteizi eman zion. Hiribilduaren jurisdikzioko kapareak "Insigne y Noble Junta de Caballeros Hijosdalgo de Lorriaga"n batu ziren eta jurisdikzio bereko gizon onek, berriz, Lasarten egoitza zuen "Junta de Francos Infanzones" osatu zuten. Era berean, XVI. mendeko parrokia-liburuek egoera ekonomiko ona islatzen dute.
Jasokundearen Ama Birjinaren eliza eraikin exentua da, eta bertan, atalez atal, hainbat eraikin-zati ikus daitezke: nabe nagusia, oso altua; dorrea, aurrekoaren oinetan; sakristia, eta eskailera exentua iparraldean; eta eliz ataria eta etxebizitza hegoaldean.
Eraikin nagusia gotiko aurreratukoa da eta gurutze-gangez osatuta dago. XIX. mendean, hormak indartu ziren eta erlaitz dentikulatu sendo bat eraiki zen kapitel konposatuak dituzten pilastren gainean
Oinplanoa areto-tenplukoa da eta abside poligonala du, eta horren ondorioz, presbiterioko ganga izartua bihurtzen da. Giltzarriek –XVI. mendekoak– Andre Mariaren Jasokundea islatzen dute. Mende berekoak dira bost puntako izarra duen absidearen begiak eta hegoaldeko hormako beste bi begi.
Bi leihate erromaniko ditu goialdean eta XII. mendeko azken urteetakoak edo XIII. mendeko lehendabiziko urteetakoak izan daitezkeela uste da. Horrek oraingo tenplu gotikoa baino lehen beste tenplu erromaniko bat bazela adierazten du. Hegoaldera begira dagoenak erdi-puntuko arku bat du, eta horrek akantoz eta adar okerrez jantzitako hiru arkibolta ditu. Zutabeek fuste lisoa dute eta kapiteletan daramatzaten apaindurak akantozkoak edo kardulatz-orri gurikoak dira. Ondoko leihateak, berriz, hamabi apostoluen irudiak daramatza. Janbak orri horzdunez eta korapiloz apainduta daude.
Portada arku zorrotz batez egina dago eta erromaniko berantiarrari dagokio. Hiru arkibolta baketoidun ditu eta korapilodun bat. Arkuaren kanpoaldeak lorezko apaindurak ditu esfera erdien gainean. XIII. mendekoa izan daiteke.
Eliz atariko beheko solairuak arku zorrotz bat du, laua eta dobelduna. Eliz atariaren gainean, apaizen etxebizitza edo kofradiakideen batzar-gela izan zitekeena dago. Alboetan beste zenbait gela daude arku zorrotzezko leihoez argiztatuta.
Sakristia ere kanpotik antzematen den atala da. Sakristiaren gurutze-gangatik arku tertzeleteak luzatzen dira eta lore geometrikoz moldeztatutako idulkien gainean jasota daude. XVI. mende amaieran edo XVII. mende hasieran egindako obra da.
Dorrea, defentsarako kanpandorrea dirudien atal zakarra da. Kanpoaldetik du sarbidea, gezi-leihoz inguratutako eskailera kiribil baten bidez, hain zuzen ere. Kanpaien multzoak zortzi bao zorrotz ditu. Azken tarte horren gainean ganga bat egon zitekeen, haren abiamenak antzematen baitira alboetan.
Elizari itsatsita dago hilerria. Sarrera duen horma bat besterik ez da, Arabako herri txikietan gertatu ohi zen bezala.
Argazki galeria
aldatu-
Leiho erromanikoa
-
Leiho erromanikoa
-
Absidea eta kontrahormak
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
Kanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |