2020ko urtarrilaren 30eko Hego Euskal Herriko greba orokorra
2020ko urtarrilaren 30eko Hego Euskal Herriko greba orokorra (U30 Greba Orokorra bezala ere ezaguna) egun horretan Hego Euskal Herriko lau probintzietan egin zen lanuztea izan zen, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitua. Greba helburu desberdinak dituzten gizarte ekimenek osatu zuten, izan ere, pentsiodunen elkarteek, langileriarenek, gazte elkarteek eta beste hainbatek parte hartu zuten. Grebak ez zuen babes politiko handirik jaso alderdi politikoen aldetik, soilik EH Bilduk babestu zuen. Sindikatuen aldetik, ELA, LAB eta Steilasen babesa jaso zuen.
2020ko urtarrilaren 30eko Hego Euskal Herriko greba orokorra | |
---|---|
Mota | Greba orokor ekitaldi |
Data | 2020ko urtarrilaren 30a |
Kokaleku | Hego Euskal Herria |
Antolatzailea | Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta |
Parte-hartzaileak | |
Parte hartzaileak | 140.000 |
Aldarrikapenak
aldatuELA eta LAB sindikatuek sortutako argudiotegiaren arabera, honakoak izan ziren grebaren aldarrikapenak:[1][2]
- Rajoyren lan erreforma bertan behera uztea. Euskal Herriko hitzarmenak estatu mailako hitzarmenen gainetik lehenestea aldarrikatu zen, lan eskubideetan egin ziren murrizketak atzera botatzeaz gain, zeinak 2012ko Lan Erreformak ahalbidetu zituen, Alderdi Popularraren gobernuan.
- 2011 eta 2013an gauzatutako pentsio murrizketak indargabetzea. Erretiroa 65 urteetara finkatzea, erretiro aurreratua 61 urtetik aurrera hartzeko eskubidea izatea, baldin eta langileak hogeita hamar urte kotizatu baditu, pentsioa kalkulatzeko lehen hamabost urteak soilik aintzat hartzea, pentsioetan KPI-a bermatzea eta pentsioen jasangarritasun faktorea ezabatzea eskatu zen.
- Pentsioen inguruko aldarrikapen osagarriak. 1080 euroko gutxieneko pentsioa, pentsio sistemaren finantziazioa bermatzea (kotizazio sozialen eta zergen bidez) eta lanaldi partzialeko kontratuetan kotizazioak zenbatzerakoan zigorrik ez aplikatzea, lan egindako egun bakoitzak kotizatutako egun bat bezala zenbatzea, aldarrikatu zen.
- Eskubide sozialen bermea. Menpekotasun egoeran dauden guztiei laguntza zerbitzu, publiko, unibertsal eta doakoa eskaintzea, diru sarrerak bermatzeko errenta lanbide arteko gutxieneko soldatarekin %100ean parekatzea eta azken hori %50ean igotzea eskatu zen. Gainera, alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratzeko eskubidea legeak berma dezala aldarrikatu zen.
- Euskal Herriarentzako esparru propioa. Lan harremanetan eta babes sozialean euskal erakundeek eskumen guztiak izatea eskatu zen.
Steilas sindikatuak bere aldetik, arrazoi horiek azaltzeko hainbat hitzaldi antolatu zituen.[3] Euskal Mugimendu Feministak ere parte hartu zuen greba deialdian, eta haren aldarrikapenek ere hotsa izan zuten.[4] Ikasleen Sindikatuak ere greba egitera deitu zituen euskal ikasle guztiak, hezkuntza publiko euskalduna eta LOMCE legearen indargabetzea aldarrikatzeko, besteak beste.[5]
Jarraipena
aldatuGizarte ekimenak eta sindikatuak
aldatuGrebak ez zuen babes handirik jaso alderdi politikoen aldetik eta eragile sozialek ere euren baitan desadostasunak eduki zituzten. Aipagarria da pentsiodunen elkarteen kasua, zeinen artean eztabaida egon zen.[6][7] Pentsiodunak Martxan elkarteko Xabier Isasa eta Aguijupen elkarteko Agustin Arrieta bat zetozen mugimenduari elkartasuna eman behar zitzaiola adierazterakoan. Arrietak ordea, argi utzi zuen haren ustez pentsiodunen mugimenduak alderdi politiko eta sindikatuen eraginpetik at egon behar zuela. Hori zela eta, zenbait pentsiodunek zalantza izan zuten greban parte-hartu edo ez erabakitzerakoan. Alabaina, pentsiodunen gehiengoaren babesa jaso zuen grebak.[6]
Grebak euskal gehiengo sindikalaren babesa jaso zuen, ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru, Etxalde eta EHNE sindikatuena. Talde feministek, ekologistek eta ikasleen sindikatuek ere greba deialdiarekin bat egin zuten.[7]
Espainiar sindikatuek ez zuten greba babestu, aldarrikapenetan desadostasunak izateaz gain, gobernu berriari (2019ko azaroan izan ziren azken hauteskunde orokorrak) aldaketak egiteko denbora utzi behar zitzaiola uste zutelako. Hala, UGTk "euskal hauteskundeei begira eginiko ekitalditzat" hartu zuen eta CCOOk "pentsiodunak zati zitzakeen grebatzat".[7]
Alderdi politikoak
aldatuAlderdi politikoei zegokienean, Euskal Herria Bilduk bat egin zuen greba deialdiarekin.[7][8] Alderdi abertzaleak beste alderdiek izandako jarrera salatu zuen, izan ere, "grebak EH Bilduri onura politikoa egingo ziola" iradokitzea aurpegiratu zien, oinarrizko arrazoiak gutxietsiz eta gizartearen arrazoiei bizkarra emanda.[9]
Beste alderdi guztiek ez zuten parte hartu greba deialdian eta askok deialdia gogor kritikatu zuten. Elkarrekin Ahal Duguk, greba deialdiaren aldarrikapenekin bat egiten zuen arren, garaia ez zela adierazi zuen, gobernua sortu berria zelako.[10] Alabaina, Ahal Duguren zati antikapitalistak alderdiaren zuzendaritza nagusiaren jarrerari jaramon egin ez eta greban parte-hartzera bultzatu zituen biztanleak.[10] EAJk ez zuen greban parte-hartu eta gogor salatu zuen, "greba politikoa" zela uste zuelako.[11] Greba "erabateko porrota" izan zela ere adierazi zuen.[11] PSE eta PP alderdi espainiarrek ere bide berdina jarraitu zuten adierazpenak egiterakoan.[12]
Elkarretaratzeak
aldatuAntolatzaileek lau mobilizazio nagusi deitu zituzten, hegoaldeko lau probintzietako hiriburuetan.[13] Horretaz gain, beste hainbat herri ertainetan ere egin zituzten elkarretaratzeak, adibidez Leitzan,[14] Oñatin,[15] Agurainen,[16] Araian,[16] Tuteran,[17] Andoainen,[18] Eibarren,[19] Lizarran[19] eta Tafallan.[19] Ipar Euskal Herrian ere izan ziren zenbait elkarretaratze, deigarriena Hendaiakoa.[20] Elkarretaratze hauetan zenbait tirabira izan ziren eta hemeretzi atxilotu izan ziren, gehienak Burlatako mobilizazioan, lau LABeko kide atxilotu baitzituzten industrialderako sarbidea oztopatzeagatik.[21] Donostian, Iruñean, Ermuan eta Zornotzan ere izan ziren atxilotuak.[21]
Bilbo
aldatuBilbon hiru zutabe bildu ziren 11:45etan Errekalde zumarkalea, Deustu eta Jesusen Bihotzean. 12:30etan hasi zen manifestazio nagusia Moyua edo Plaza Eliptikoan, udaletxe aurrean amaitu arte. Arratsaldeko manifestazioak bide berdina jarraitu zuen.
Greba ez zen oso jendetsua izan metalgintza arloan, %12 ingurukoa FVEM patronalaren datuak jarraituz, betiere. Alabaina, ikasleen artean grebak arrakasta izan zuen, %90eko jarraipena izan baitzuen Bizkaiko campusean.[22] Barakaldon ere sekulako indarra izan zuen grebak.[22]
Donostia
aldatuZutabeak Gros, Amara eta Antiguatik atera ziren 11:45etan, arik eta manifestazio nagusia 12:00etan hasi arte, Artzain Onaren plazan; amaiera Boulevard Zumardian izan zuen. Arratsaldeko manifestazioa Boulevard Zumardian egin zen seiak aldera.
Gasteiz
aldatuManifestazio nagusia baino ez zen deitu, hamabietan, Bilbo plazatik hasi zena. Arratsaldeko manifestazioa Andre Maria Zuriaren plazan hasi zen, seietan.[7]
Araba osoan aintzat hartuz gero, grebak jarraipen handiena hezkuntza publikoan izan zuen Steilas sindikatuak eskainitako datuen arabera, %70ekoa. EHUko Arabako campuseko fakultate gehienak itxi egin ziren eta osasungintzan ere eragin nabarmena izan zuen grebak. Industrian alabaina, ez zuen eragin handirik izan grebak beste euskal herrialdeekin alderatuz gero; Gasteizen denda eta tabernak eguerdiko manifestazioan itxi zituzten, protestek eraginda. Mercedes enpresan protestak egon ziren, hainbat grebalarik bidea oztopatu nahi izan zietelako grebarekin bat egin ez zuten langileei, poliziak esku hartu behar izan zuen. Inauxan, Amurrio Ferrocarrilen eta Aguraingo Arcelor Mittalen ordea, lanuzte nabarmenak egin ziren. SEA patronalaren arabera, lanuztea "hutsala" izan zen, haren datuen arabera, %6koa.[23]
Manifestazio nagusia arazorik gabe gauzatu zen eta antolatzaileen arabera, 25.000 bat pertsonak parte hartu zuten. Sindikatuak pozik agertu ziren grebak izandako jarraipenarekin.[23]
Iruñea
aldatuGoizeko hamaiketan abiatu ziren zutabeak Sanduzelai, Berriozar, Txantrea, Arrotxapea, Atarrabia, NUP eta Barañaindik. Manifestazio nagusia Gazteluko plazan abiatu zen hamabietan. Arratsaldean aldiz, manifestazioa Autobus Geltoki Zaharrean hasi zen bostetan.
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Greba egiteko arrazoi nagusiak - Eskualdea» Aiurri.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-02).
- ↑ «Lan-pentsio-bizitza duina U30 Greba Orokorra» Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta (Noiz kontsultatua: 2020-02-02).
- ↑ bizmarije. «U30.Hamaika arrazoi grebarako. GREBA KOMITEA» Steilas (Noiz kontsultatua: 2020-02-02).
- ↑ sindikatua, E. S. K.. «Mugimendu Feminista Greba Orokorrarekin bat» sindicato ESK sindikatua (Noiz kontsultatua: 2020-02-02).
- ↑ Sindikatua, Ikasle. «Greba orokorra urtarrilaren 30ean Hego Euskal Herrian!» www.ikaslesindikatua.net (Noiz kontsultatua: 2020-02-02).
- ↑ a b «Aldarrikapenean denak ados, harturiko bidean ez» Euskal Irrati Telebista 2020-01-21 (Noiz kontsultatua: 2020-02-02).
- ↑ a b c d e «Abian da pentsio duinak eta eskubide sozialak aldarrikatzeko greba orokorra» Euskal Irrati Telebista 2020-01-29 (Noiz kontsultatua: 2020-02-02).
- ↑ Nafarroa, EH Bildu. (). «[EUSGaur #U30 greba orokorrarekin bat egin dugu eta egunean zehar izanen diren mobilizazioetan parte hartuko dugu.»] @EHbilduNafarroa (Noiz kontsultatua: 2020-02-02).
- ↑ (Gaztelaniaz) Deia. «Todos los partidos menos EH Bildu se oponen a la huelga general del día 30» www.deia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-02).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2020-01-29). «Anticapitalistas se desmarca de Podemos y anima a secundar la huelga general» naiz: (Noiz kontsultatua: 2020-02-02).
- ↑ a b Aranburu, Nagore Arin-Iker. «EAJ: «Erabateko porrota izan da. Gizarteak bizkarra eman die»» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-02-02).
- ↑ «"Greba politikoa" deitzea egotzi diete ELAri eta LABi alderdi gehienek» Euskal Irrati Telebista 2020-01-18 (Noiz kontsultatua: 2020-02-02).
- ↑ ARGIA. (2020-01-30). «JARRAIPENA | Mugarria ezarri du milaka lagunek babestutako grebak» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-02-02).
- ↑ «U30 Greba Orokorra - Bereziak - Erran.eus» erran.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-05).
- ↑ «U30. Kalejira, elkarretaratzea eta manifestazioa - Oñati - 2020-01-30» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-05).
- ↑ a b «Araba, greba orokorraren atarian: hamar gako - Araba» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-05).
- ↑ U30 GREBA OROKORRA, TUTERA ARRATSALDEZ. (Noiz kontsultatua: 2020-02-05).
- ↑ (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2020-01-30). «Amplio seguimiento de la huelga en todos los sectores» naiz: (Noiz kontsultatua: 2020-02-05).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) bizmarije. «U30. Mobilizaciones del mediodía» Steilas (Noiz kontsultatua: 2020-02-05).
- ↑ ARGIA. (2020-01-30). «JARRAIPENA | Mugarria ezarri du milaka lagunek babestutako grebak» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-02-05).
- ↑ a b «19 pertsona atxilotu dituzte greba orokorraren protestetan» Euskal Irrati Telebista 2020-01-30 (Noiz kontsultatua: 2020-02-05).
- ↑ a b Prieto, Iñigo Astiz-June. «Bizkaia: mobilizazioak izan dira indargunea» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-02-05).
- ↑ a b Biain, Aitor. «Araba: hezkuntzan izan du eragin handiena» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-02-02).