Zume zuri
Zume zuria edo sahats zuria (Salix alba) eskualde epeletako zume espeziea da. Bere izena, hostoek azpialdean hartzen duten kolore zuritik datorkio. Salix izen generikoa, zeltikozko "sal" (hurbil) eta "lis" (ura) hitzetatik omen dator, zona hezeetan hazteko joera baitu.
Zume zuri | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Malpighiales |
Familia | Salicaceae |
Generoa | Salix |
Espeziea | Salix alba |
Banaketa mapa | |
Dagoeneko Hipokratesek K. a. V. mendean zume zuritik erauzitako substantzia mingots bati buruz idatzi zuen, sukarra jeitsi eta minak apaltzeko gai zena. Geroago substantzia hori salizina zela jakin zen, aspirinak gaur egun duen konposatu bera.
Ezaugarriak
aldatuZume zuria zuhaitz ertaina da, 6-20 metroko altuerakoa. Enbor sendoa du, zuzena eta azal arre-grisekoa, longitudinalki zartatua alerik zaharrenetan eta gris-berdexka gazteetan. Adakera luzanga du, zertxobait irregularra, adar luze eta malguekin. Ale gazteen adarrak beherantz erortzen dira eta zetakara-zurixkak dira, baina ilea segituan galtzen dute eta azala arre ilun (edo horixka) bilakatzen da.
Hostoak
aldatuHosto sinpleak ditu, txandakatuak eta erorkorrak. Formaz oblongo-lantzeolatuak dira eta ertza leunki zerratua dute. Peziolo motza dute, 5-12 cm-koa. Hostoak jaiotzean ile zetakara zuriz beterik daude (hortik datorkio, hain zuzen ere, izena), eta itxura zilarreztatua ematen diete, baina gainaldetik galdu ohi dituzte kolore berde distiratsukoak bilakatuz.
Loreak
aldatuZume zuria, Salix guztiak bezala, dioikoa da, hau da, ale ar eta emeak bereizirik agertzen dira. Sahatsen loreak amentu motako multzoetan agertzen dira, baina hauek, amentu gehienak ez bezala, intsektuen bidezko polinizaziora moldaturik daude. Zume zuriaren amentuak hostoekin batera jaiotzen dira (Salix askotan hostoen aurretik), adar berrien puntan. Zilindrikoak dira, estuak, laxoak, tenteak, zuzenak edo pixka bat kurbatuak eta lateralak. Braktea hostokara zorrotzak dituzten pedunkuluen gainean hazten dira. Brakteak homogeneoki horiak dira, glabreszenteak kanpoaldetik baina pubeszenteak barrualdetik, eta erorkorrak.
Lore estaminatu arrek 4-5 cm-ko luzera dute, bi nektario (bata kanpokoa eta bestea barnekoa) eta harizpi askeko bi estamine iletsu.
Lore emeek, aldiz, 3-4 cm-koa polinizazio garaian, nektario bakarra eta pistilo glabroa, sesila edo subsesila. Lore pistilatu hauek obario obal bakar batez osaturik daude, eseria eta nektar guruin txiki batez lagundurik doana. Estilo mardula dute eta estigmak banatuta eta pixka bat okertuta daude.
Fruituak
aldatuFruituak, amentu emetik aurrera agertzen dira, multzokatuta. Kapsula motakoak dira, obarioaren antzeko itxurakoak, eta 2 kuskuren bidez irekitzen dira. Zume zuriaren kapsulak 4 mm-koak dira. Forma aobatu-konikoa dute, kolore zuria, iletxoak eta peziolo iletsua. Hazi txiki asko dituzte barruan, itxura kotoitsukoak.
Banaketa
aldatuEskualde epeletan hazten da, Europako erdialdean, Afrikako iparraldean eta Asiako mendebaldean. Ipar Ameriketako ekialderaino zabaldu da. Aspalditik kultibatu dela eta, bere jatorrizko banaketa-eskualdea zein den ondorioztatzea zaila suertatzen da.
Ekologia
aldatuEskualde hezeetan hazten da, ibai inguruetan, ibar-basoetan... Lurzoru alubialetan hazten da, hareatsuak edo hareatsu-buztintsuak. Itsas mailatik 1800 metrora aurki daiteke, argitasun gutxiko eremuetan. Tenperatura epelak behar ditu, kontinentalitate ertaina eta pH basikoa 5,5-8 bitartekoa. Lur aberatsetan hazten da.
Fenologia
aldatuMartxotik maiatzera bitartean loratzen da eta fruituak apirila-maiatza bitartean heltzen dira.
Erabilera
aldatuBere zurak zurgihar gorria du eta zurgizen zuria. Pospoloak, txotxak, habeak, tornuak, kalotxak... egiteko erabili izan da, baita eskulturan ere. Bere ikatza bolborarako erabiltzen zen. Adar gazteak saskigintzan erabiltzen dira. Gainera, salizina konposatua zenbait gaixotasunen tratamenduan erabiltzen da.
Zume zuria ubideen errestaurazioan ere erabili izan da, bere sustrai-sistema adarkatuak lurra babesten baitu.
Espezieen arteko elkarrekintzak
aldatuGaixotasun ugari pairatzen dituen espeziea da. Arruntenak, Marssonina salicicola onddoak eragindako antraknosia eta Brenneria salicis bakteriak eragindako 'ur-marka' gaitza.
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).