Onddoa arnas-bidetik sartu ohi da gorputzean, inhalatzen denean. Legamia hori ugaria da lurrean, batez ere hegaztien gorotzez kutsatutako lurzoruetan [1]. Mikrobioa biriketara iristen da, eta bertan gizabanako osasuntsuengan infekzio azpi-klinikoa (hots, sintomarik gabekoa) garatzen du. Immunitate-sistema gailentzen zaio onddo oportunista horri eta, egoera normalean, gaixotasuna ez da garatzen.
Gizabanako immunogutxituengan, ordea (HIESa dutenak, botika immunosupresoreak hartzen dituztenak...) Cryptococcus neoformansek bizirik dirau eta arnas-bidean bronkitisaren antzeko koadro klinikoa eragiten du. Horretaz gain, onddoa odolera irits daiteke eta hortik gorputzeko atal ezberdinetara hedatu.
Infekzioak, odolaren bidez hedatua, gorputzeko hainbat atal kaltetu ditzake:
biriketako kriptokokosia: gaixoek bronkitisaren antzeko sintomak dituzte [1].
nerbio-sistemaren kriptokokosia: meningitisa sortzen du. HIESaren gaixoen artean meningitis mota honek 600.000 hildako eragin zituen mundu osoan 2009an soilik [2]. Meningitisaren ohiko sintomak (sukarra, zefaleak, buru-nahasmendua, garondo-zurruntasuna...) dira gaitzaren zantzuak. Meningitis horren eboluzioa meningitis birikoaren baino askoz motelagoa da.
larruazaleko kriptokokosia: larruazaleko ultzerak agertzen dira legamia gaiztoa larruazalera iristen denean.
kriptokokosi sistemikoa: beste organo batzuk (gibela, barea...) kaltetzen direnean
Meningitis dagoenean likido zefalorrakideoaren azterketak (txinatar tinta erabiliz) legamia patogenoaren zelulak agerian jarriko ditu, diagnostikoa egiaztatzeko balio duena. Arnas-aparatutik hartutako laginen (karkaxak, esaterako) azterketa mikroskopikoak ere berdin balio du. Hemokultiboa ere batzuetan positiboa izango da, baina ez beti.