Txomin Olano

Piano eta organo jotzaile irurarra

Txomin Olano (Irura, 1890eko abenduaren 10a - Donostia, 1972) piano jotzailea eta musika maisua izan zen, 30 urtez Herrerako San Luis parrokiako organista.[1]

Txomin Olano

Bizitza
JaiotzaIrura1890eko abenduaren 10a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia, 1972 (81/82 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakpiano-jotzailea eta organista

Musika hastapenak aldatu

Musika zalea izaki, Eduardo Mokoroa tolosarrarengana jo zuen pianoa ikasteko ("loreskiña", garaiko euskara sabindarrean). Behin ikasketak eginda, Alkizako elizan hasi zen organista lanean. Han 12 urte igarota, Donostiara joan zen bizitzera, eta alde zaharreko denda batean hasi zen lanean, anaiarekin, sukaldeko eta baserriko tresnak saltzen. Bertan, giro jeltzalean sartu zen, euskal kultura ekimenetan parte hartuz, batez ere piano jotzaile gisa[2] eta koruetako kideentzat partiturak idazten; bereziki entzutetsuak izan ziren 1932tik aurrera Union Radio irrati emisoran egin ziren euskal emanaldietako musika saioak.[3] Lan gehiena musutruk egiten zuenez, 1935an bere lanaz baliatzen ziren hainbat lagun eta elkartek diru bilketa eta omenaldi bat egin zioten, Euzko Gaztedik bultzatuta eta Donostiako Eusko Abesbatzak antolatuta.[1]

Bertsolaritza aldatu

Bertsotan ere aritzen zen Olano. Hark bultzatu zuen, Joxe Zubimendirekin batera, Inazio Eizmendi "Basarri" bertsotan aritzera eta lehenengo Bertsolari Txapelketa Nagusian -1935ekoa alegia- epaileetako bat izan zen Jose Ariztimuño "Aitzol", Toribio Altzaga, Manuel Lekuona eta Jose Olaizolarekin batera.[1]

Gerra Zibila aldatu

 
Matilde Zabalbeaskoa sopranoa eta Txomin Olano Saran, Eresoinkako entsegu batean.

1936ko estatu kolpe saiakeraren ostean Espainian piztu zen Gerra Zibilean, Olanok 46 urte zituen. Lehenik Bilbora joan zen, non besteak beste, abertzale gazteen artean musika emanaldiak bultzatzen aritu zen, haien sexu eta festa gosea bideratzeko.

1937rako Saran zegoen, eta han Euzko Jaurlaritzak bultzatutako Eresoinka kultura enbaxadan sartu zen, bai zuzendaritza artistikoan, baita abesbatzan ere, baritono moduan. Eresoinkak 1939ra arte jardun zuen, Europan zehar Euskal Herriaren askatasunaren aldarrikapena eginez.[1]

Gerra ostea aldatu

1940ko hamarkadan Gipuzkoara itzuli ahal izan zen, eta Altzan (artean, Donostiak anexionatu berria) bizi izan zen arrebarekin, Herrera auzoan; San Inazio Galtzadan zuten etxea. San Luis Gonzaga parrokian sartu zen organista, eta horrekin batera, dirua ateratzeko Pasaiako Maritxu tabernan, ezkontza eta horrelakoetan pianoan aritzen zen; baita musika klase partikularrak ematen ere.[4] Parrokian, Paco Laskonategirekin txandaka aritzen zen organoan.[5] Horrela pasatu zuen bizitza, 1972 inguruan hil zen arte: San Luis parrokiaren egoitza zaharra eraitsi eta Gaiztarrora aldatu zuten garaian.[1]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e MUJIKA, Jose Antonio. 2013. Txomin Olano, Herrerako organista. Altza, Hautsa Kenduz XII:225-244.
  2. «GIPUZKOA 1936» gipuzkoa1936.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-12).
  3. KAPITANENEKO. 2015. Mexikoko txistulariak. Oarso aldizkaria 2015:16-26.
  4. LASCONATEGUY, FRANCISCO JOSÉ. 1999. Anécdotas y recuerdos. Altza Hautsa Kenduz V:35-44.
  5. HERRERATARRAK; SAN LUIS PARROKIA. 2013. Pako Laskonateguyri omenaldia / Homenaje a Paco Lasconateguy. Altza, Hautsa Kenduz XII:219-224.

Kanpo estekak aldatu