Txibia
Txibiak edo txokoak[1] Sepiida ordena osatzen duten itsas-zefalopodoak dira. Txipiroien senide hurbilak dira eta hauen antzera sukaldaritzan aintzat hartuak. Euskal Herrian espezierik ohikoena txibia arrunta (edo txibia soilik) da (Sepia officinalis).
Txibia | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Azpierreinua | Bilateria |
Filuma | Mollusca |
Klasea | Cephalopoda |
Superordena | Decapodiformes |
Ordena | Sepiida Zittel, 1895
|
Azpibanaketa | |
Txibiek barne maskorra dute (txibia-hezurra izenekoa), W itxurako begi-nini handiak, zortzi beso eta bi garro. Ohiko tamaina 15 eta 25 cm luze da, baina espezie handiagoak, Sepia apama esaterako, 50 cm luze izan daitezke, eta 10,5 kg pisatu.
Txibiak haragijaleak dira, eta hainbat animalia jateko gai dira: moluskuak, karramarroak, izkirak, arrain txikiak, olagarroak, zizareak eta beste txibiak. Txibien harraparien artean daude izurdeak, marrazoak, arrain batzuk, itsas txakurrak eta beste txibia batzuk. Urte bat edo bi bizi dira.
Azal kolorea lasterren aldatzeko gai diren animaliak dira, olagarroekin eta txipiroiekin batera. Azala 2/3 segundotan egokitzen da ingurura: hondarra, arrokak, landareak... Molusku hauek kromatoforoak (hainbat pigmentuz beteriko zelula elastikoak) uzkurtu edo dilatatzen ditu, arriskua badago edo ehizan kamuflatu nahi badu. Homokromia arrain zapal batzuetan ere izaten da, hala nola, erreboilo edo mihi-arrainetan, baina baita ere itsas zaldi, izkira, kameleoi eta gekoetan.
Ezaugarriak
aldatuTxibia hezurra
aldatuTxibiek barne egitura gogorra dute, txibia hezur izenekoa, porotsua eta aragonitaz egina. Honek flotabilitatea ematen dio. Flotabilitatea erregulatzeko txibia hezurraren hustasunetan gas-likido erlazioa aldatzen du, hezur barneko hodi bati esker. Espezie bakoitzak itxura, tamaina eta uki desberdineko hezurra du. Txibia hezurra da bere senide hurbil txipiroietatik bereizten dituen ezaugarri nagusia. Bitxigile eta zilargileek txibia hezurrak erabili izan dituzte gauzaki txikien moldeak egiteko[2], baina agian txibia hezurrak ezagunagoak dira perikito eta beste kaiola txoriei kaltzio iturritzat ematen zaielako.
Azala
aldatuTxibiek, azalaren kolorea nahi ahala laster-laster aldatzeko duten ahalmena dela-eta, itsasoko kameleoi goitizena hartzen dute. Txibiek kolorea eta argi polaritatea aldatzen dute beste txibiekin komunikatzeko edo beste harraparietatik kamuflatzeko.
Kolore aldaketaren funtzioa kromatoforoek sortzen dute, pigmentu gorri, hori, arre eta beltzak dituztenak. Kromatoforo hauek leukoforo eta iridoforo islatzaileko geruza baten gainean daude, berrehunetik gora milimetro karratuko. Kromatoforo hauek pigmentu zakutxo bat dute eta mintz handi bat, biltzean tolestu egiten dena. 6-20 gihar zelula daude pigmentu zakutxoen aldeetan, uzkurtzean zakutxoa azalaren aurka estutzen dutenak. Kromatoforo horiak (xantoforoak) azalaren kanpoaldetik hurbilago daude, gorriak (eritoforoak) azpian eta arre eta beltzak (melanoforoak) doi-doi iridoforo geruzaren gainean. Iridoforoek argi urdina eta berdea islatzen dute. Iridoforoak kitinazko edo proteinazko plakak dira, txibiaren inguruak islatzeko gai direnak. Zelula mota guzti hauek batera erabili ditzakete. Adibidez, laranja lortzeko kromatoforo hori eta gorriak erabiltzen dituzte, eta morea lortzeko kromatoforo gorriak eta iridoforoak erabiliz.
Begiak
aldatuTxibien begiak animalien artean garatuenetakoak dira. Berez, zefalopodoen begien organogenesia oso bestelakoa da ornodunenen aldean, gizakienak barne[3]. Txibien begi-niniek W leun itxura dute. Nahiz eta kolorerik ikusteko gai ez izan[4], argiaren polarizazioa ikus dezakete, kontrastearen pertzepzioa handituz. Erretinan bi puntu dituzte (foveak), sentsore zelulaz beteak, bata aurrerantz eta bestea atzerantz begiratzeko. Leiarrak, itxuraz aldatu ordez gizakiongan bezala, lekuz aldatzen dira begi osoaren itxura aldatuz.
Zirkulazioa
aldatuTxibien odola ezohiko kolorea du, berde-urdina baita, oxigenoa garraiatzeko kobrea duen hemozianina erabiltzen baitu, burdina duen hemoglobinaren ordez. Odola ponpatzeko hiru bihotz bereiziz egiten da, horietako bi zakatzetara (bakoitzera bihotz bat) eta hirugarrena gainerako gorputzera. Txibiaren odola beste animaliena baino lasterrago ibili behar da, hemozianinak hemoglobinak baino oxigeno gutxiago eramateko gai baita.
Tinta
aldatuTxibiek tinta jariatzen dute, txipiroi eta olagarroen antzera, harraparietatik ihes egiten laguntzeko.
Taxonomia
aldatuZefalopodo dekapodo ordena hau bi familiatan banatzen da:
- Sepiadariidae familia, Fischer, 1882
- Sepiidae familia, Leach, 1817
Lehen Belosaepiidae familia ere bazuen, baina iraungi egin zen.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Barrutia, Eneko. (2003). «Arrainen izenak Bizkaian XX. mendean» (pdf) Zainak (Donostia: Eusko Ikaskuntza) (25) ISBN 8484198790. ISSN 1137-439X. Bibcode: 1137-439X..
- ↑ Zilar moldeak txibia hezurrekin
- ↑ Muller, Matthew. «Development of the Eye in Vertebrates and Cephalopods and Its Implications for Retinal Structure» The Cephalopod Eye.
- ↑ Mäthger, Lydia M.. «Color blindness and contrast perception in cuttlefish (Sepia offcinalis) determined by a visual sensorimotor assay» Vision Research, Volume 46, Issue 11, May 2006.
Kanpo estekak
aldatu- Txibia arrautzak zaintzen[Betiko hautsitako esteka] artikulua Zientzia.net gunean