Santoñako hitzarmena

Santoñako Ituna» orritik birbideratua)

Santoñako hitzarmena 1937ko abuztuaren 24an Espainiako Gerra Zibilaren iparraldeko frontearen galeran Guriezon, Santoñatik gertu, Euzko Alderdi Jeltzaleko eta Corpo Truppe Volontarieko buruzagiek sinatutako bake-hitzarmena izan zen.

Santoña herria, Bizkaiko golkoa eta Asón ibaiaren estuario artean kokatuta.

Historia aldatu

Negoziazioak aldatu

Santanderreko gudua martxan ari zela, frankistek egindako aurreratze bizkorrak defentsa-lerroen behera etortzea eta izua piztu zuen alde errepublikarrean, eta horrek desertzio ugari sorrarazi zituen. Euzko Alderdi Jeltzaleak hala aginduta, Santoñan Euzko Gudarostearen batailoiak bildu ziren; hasieran hiru batailoi eta gero beste hamabi.

1937ko udaberriaz geroztik, Bilbo galdu baino lehen, Juan Ajuriagerra Bizkai Buru Batzarreko presidentea altxatutakoekin bake-hitzarmena negoziatzen jardun zuen hilabete batzuetan zehar, Aulki Santuaren bitartekaritzari esker. Espainiako gobernuak telegrama bat bidean atzeman eta negoziazioen berri izan zuen. Honela zioen telegramak[1]:

« 11126 sss CInA DEL Vaticano 1 200- 199 8 1340 ETAT- Su Excelencia Aguirre, Bilbao - tengo el honor de comunicar a vuestra excelencia que los generales Franco y Mola, interrogados expresamente acerca del asunto, han hecho conocer ahora a la santa sede las condiciones de una eventual rendición inmediata de Bilbao. 1: se empeñan en conservar intacto Bilbao. 2: facilitarán la salida de todos los dirigentes. 3: completa garantía que el ejército de Franco respetará personas y cosas. 4: libertad absoluta para los milicianos soldados que se rindan con las armas. 5: (...). 6: serán respetadas la vida y los bienes de aquellos que se rindieren de buena fe, aún para los jefes. 7; en el orden político, descentralización administrativa en la misma forma que la disfruten otras regiones. 8; (...), el Santo Padre exhorta a vuestra excelencia a tomar en atento y solícito examen dichas proposiciones con el deseo de ver finalmente cesar el sangriento conflicto. Cardenal Pacelli »


(11126 sss CInA DEL Vaticano 1 200- 199 8 1340 ETAT- Agirre Jaun agurgarria, Bilbo - Ohorea dut berorren gorentasunari jakitera emateko ezen Franco eta Mola generalek, gaiari buruz espresuki galdekaturik, Aulki Santuari jakinarazi dizkiotela Bilboren berehalako errendizio baterako baldintzak. 1: Bilbo osorik gordetzeko ahalegina. 2: Agintari guztiei irtetea erraztuko diete. 3: Erabateko bermea Francoren armadak pertsonei eta gauzei begirunea edukiko dietela. 4: Euren armak errenditzen dituzten soldadu-milizianoentzako erabateko askatasuna. 5: (...). 6: Bizitza eta ondasunak errespetatuko zaizkie fede zintzoz errenditzen direnei, baita buruzagiak izanda ere. 7: Politika arloan, deszentralizazio administratiboa, beste eskualde batzuek eduki lezaketen hein berean. 8: (...), Aita Santuak eskatzen dio berorren gorentasunari aipatu proposizio hauek arduraz eta artez azter ditzan, gatazka odoltsua etsian bukatuta ikusteko asmoarekin. Pacelli Kardinala.)

Largo Caballero Espainiako presidenteak, gertuko ministroekin batzartu eta gero, mezua publiko ez egitea erabaki zuen. Espainiako Gerra Zibila bukatu arte, ez EAJk eta ez Eusko Jaurlaritzak ez zuten jakin Espainiako Gobernua jakinaren gainean zegoela.

Italiako armadarekin edukitako negoziazioetan Alberto Onaindia izan zen bitartekari nagusia[2]. Honek, ekainaren 25ean di Carlo koronel italiarrarekin ixilpeko bilera eduki zuen, Algortan. Elkarrizketa eta gero, euskaldunak Erromara bidaiatu zuen, Galeazzo Ciano Kanpo Harremanetarako italiar ministroak euskal arazoaren berri jakin zezan.

Jose Antonio Agirre lehendakariak honen guztiaren aurrean zuen jarrera guztiz ezezaguna da, aipatutako telegrama berari igorria izanagatik ere. Mariano Gámir jenerala Iparraldeko Armada Errepublikarraren agintariak Euzko Gudarostearen jarrera ezagutu zuenean, Agirreri galdetu eta honek ezer ez zekiela erantzun zion. Ezinezkoa da ziur esatea bere alderdikideen insubordinazioa izan zen ala asmo horien jakitun zen. Agirre ez zen italiarrez fio, baina litekeena da kontaktuen bitartez Eusko Gudarostea itsasontziz Ipar Euskal Herrira edo Frantziara eraman nahi izatea, handik Errepublikaren lurraldera Kataluniatik itzuli eta Hego Euskal Herria konkistatzeko.

Hitzarmena aldatu

Gauzak horrela, EAJko agintariek hitzarmena izenpetu zuten, Valentzian zegoen gobernu errepublikarrak jakin barik. Hitzarmenaren arabera, Eusko Gudarosteak errenditu eta Corpo Truppe Volontarie batailoiari armak eman behar zizkion. Italiarrek, trukean, gudariei bizitza errespetatu behar zieten, Italiako armadaren menpean gerra-preso izanik. Politikariak, funtzionarioak eta gura zuten ofizialak, berriz, itsasoz atera zitezkeen. Jeltzaleek ez zuten baldintza gehiagorik eskatu, nahiz eta Corpo Truppe Volontariearen Agintari Gorena zen Farina koronelari berme handiagoak eskatu, alferrik. Horrela, italiarrak Santoñan sartu eta administrazio zibilaz jabetu ziren.

Abuztuaren 26an Baionatik etorritako "Bobie" eta "Seven Seas Spray" britainiar merkantzia-ontziak Santoñako portuan sartu ziren, "Keith" destruktoreak babesturik. Euskal pasaportea zuten errefuxiatuak laster hasi ziren ontziratzen, baina Dávila jeneralak, Emilio Mola zendu ondoren iparraldeko armada frankistaren buruzagiak, goizeko hamarretan izan zuen gertatzen ari zenaren berri eta berehala eten zuen operazioa, errefuxiatuen lehorreratzea aginduz. Santoñatik "Bobie" merkantzia-ontzia baino ez zen atera, barnean 533 zauritu zituela, "Keith" destruktorearen babesarekin.

 
El Dueso espetxea, Santoñan, gudarien presondegia zena.

Hitzarmena ez zen bete: alde batetik, itsasontziak beranduegi ailegatu ziren hirira, eta bestetik frankisten Agintari Gorenak indarra kendu zien italiarrei. Gudariak berehala El Dueso espetxean sartu zituzten. Azaro inguruan, Gudarosteko 11.000 gudari gelditu ziren aske, 5.400 lan-batailoietan, 5.600 preso eta 510 heriotza-zigorrera kondenatuak.

Arrazoiak eta ondorioak aldatu

Santoñako hitzarmenaren arrazoiak ez dira erabat ezagutzen. Gehienen iritziz, Eusko Gudarosteak ez zuen zergatirik ikusten Euskal Herritik kanpo borrokan jarraitzeko. Eusko Jaurlaritzako agintari batzuek esan zutenez, Espainiako Gobernuak ez zien hegazkinik bidali Bilbo defendatzeko. Espainiarrek, berriz, erantzuten dute Indalecio Prieto orduko Defentsa Ministro eta Bilboko alkate ohiak hiria defenditzeko nahibeste baliabide eman zizkiela. José Luis de la Granjaren ustetan, Prietok Ezkerraldeko industriak leherrarazteko agindua eman zuenean lantegiok frankisten eskutan egon ez zitezen, agindua ez zen EAJko milizianoen gustukoa izan, eta orduan hasi omen ziren bien arteko tirabirak[3].

Agintariek ez ezik, milizianoek ere arazoak izan zituzten haien artean. Jeltzaleak kontserbadore eta katolikoak ziren; errepublikarrak, aldiz, ezkerreko sozialistak, komunistak edo anarkistak. Nahiz eta brigada mistoak sortzeko agindua izan, ez zen hartu-eman handirik alderdi desberdinen artean.

Mendekuzko exekuzioak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Berria hondartzako fusilamenduak»

Hitzarmena ez zenez bete, latzak izan ziren ondorioak Santoñan geratu zirenentzako. Heriotza zigorrak dozenaka ezarri zituzten garantiarik gabeko epaiketetan, eta 1937ko urrian, zigor horietan oinarritutako exekuzio selektiboak izan ziren. El Dueso espetxean zeuden 57 preso fusilatu zituzten frankistek urrian[4].

Lehen exekuzioa Manuel Egidazu Garairena izan zen, urriaren 4an, Perezagua batailoiko buruzagi komunista. 42 pertsona hil zituzten urriaren 28an, gehienak Kantabriakoak eta Espainiako beste probintzietakoak, baina baita haien artean hiru euskal miliziano ere, José María Díaz de Espada Portearroyo (Izquierda Republicana), Claudio Txarramendieta Solano eta Juan Bautista Unibaso Gorrotxategi (Juventudes Socialistas Unificadas).

Baina bi horien artean espezifikoki euskal militanteen kontrako exekuzio txanda bat gertatu zen, urriaren 15ean, zeinean 14 lagun hil zituzten, Euskal Herrikoak, Berria hondartzan.

Erreferentziak aldatu

  1. Xuan Cándano: "El pacto de Santoña (1937): La rendición del nacionalismo vasco al fascismo". La Esfera de los Libros. Madril (2006) ISBN 84-9734-456-1
  2. Santoñako amaiera
  3. Jose Luis de la Granja Sáinz: "Entre el pacto de San Sebastián y el de Santoña (1930-1937)" "Historia 16" liburuan (1998)
  4. «LOS FUSILAMIENTOS DE SANTOÑA» Iñaki Anasagasti (Noiz kontsultatua: 2019-07-20).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu