Berria hondartzako fusilamenduak

Berria hondartzako fusilamenduak 1937ko urriaren 15ean gertatu ziren, Espainiako Gerra Zibilaren kontestuan, Santoñako Berria hondartzan (Kantabria), herriko El Dueso espetxetik 14 euskal preso espezifikoki aukeratuta. Alderdi desberdinetakoak ziren, indar frankistek bereziki hautatuak eskarmentu eta mendeku gisa behin amaituta Espainiako Gerra Zibilaren borroka fasea Euskal Herrian.

Berria hondartza, Santoñan.

Santoñako hitzarmenak porrot egin izanaren ondorioa izan ziren fusilatzeak. Abuztuan izan zen hitzarmen hura eta euskal indar armatu askoren atxiloketa gertatu zen Santoñan. Epaiketa garantiarik gabekoetan heriotza zigor ugari ezarri zituzten frankistek. Asko 1937ko urrian burutu zituzten, 57 guztira, eta 14 exekuzio, denak batera, euskal militanteenak, urriaren 15ean.

Fusilatzeak aldatu

 
Polentzi Markiegi alkate fusilatuaren omenezko oroigarria Deban.

Aproba gisa edo, Santoñako lehen exekuzioa Manuel Egidazu Garairena izan zen, urriaren 4an, Perezagua batailoiko buruzagi komunistarena. Ondoren, zazpi erakunde apropos aukeratu zituzten, bina militante hiltzeko. Batzuen partaidetza bikoitza zen (Eusko Gudarostekoa eta jeltzalea, adibidez), baina erakundeari lotutako zigor gisa egin zuten aukeraketa frankistek. Jaiotzez ez bada, bizilekuz eta lanbidearen kokapenez, denak ziren euskal herritarrak[1].

Bezperan bi ziegatan banatu zituzten urriaren 14an. Gutunak idatzi ahal izan zituzten eta Sabino Arana Fundazioak gordetzen ditu haiek[2]. 15ean, egunsentiarekin, binaka hartu zituzten espetxetik, eta Berrian hondarretan fusilatu.

Hildakoak izan ziren:

Ondorengoak aldatu

Hilketak gertatu eta hurrengo igandean, El Dueson meza egin zuten presoentzako (ohikoa zen bezala) eta une batean preso batek, Saturnino Gantxegik, arrosarioa altxatu eta hildakoen omenezko otoitz bat esan zuen ahotsa altxatuta (hildako jeltzaleak, bederen, kristauak baitziren). Inkomunikazioko hilabetera zigortu zuten, "gorri separatista miserable batzuei balio eternalak egozteagatik"[2].

Hurrengo tanda hilgarriago batean, 42 pertsona hil zituzten urriaren 28an, gehienak Kantabriakoak eta Espainiako beste probintzietakoak, baina baita haien artean hiru euskal miliziano ere, José María Díaz de Espada Portearroyo (Izquierda Republicana), Claudio Txarramendieta Solano eta Juan Bautista Unibaso Gorrotxategi (Juventudes Socialistas Unificadas).

Errekonozimendua aldatu

1997. urtean, hilketen 60. urteurrenean, omenaldia egin zen Berria hondartzan, Sabino Arana fundazioak antolatuta[3]. Lore eskaintzan politikari eta sindikalistak izan ziren, eta baita Rabanedaren seme Paco Rabanne. Ez ordea, PP alderdiko ordezkaririk, eta Falange Españolakorik (zinegotzi falangistak zeuden Santoñan 1997an). Orduko Kantabriako presidentea PPko Juan Hormaechea zen, eta haren sailburu-ohi eta PPko eledun José Martín Solaetak esan zuen "historia desitxuratu" nahi zela ekitaldiarekin[4].

Erakusketa bat ere antolatu zen, Espetxean. 1937-1942. Semilla de libertad izenburuarekin, eta boikota iragarri zioten Santoñako zenbait zinegotzik.

Erreferentziak aldatu

  1. «LOS FUSILAMIENTOS DE SANTOÑA» Iñaki Anasagasti (Noiz kontsultatua: 2019-07-20).
  2. a b (Gaztelaniaz) Santoña, catorce hombres fusilados al amanecer – Historias de los vascos. (Noiz kontsultatua: 2019-07-20).
  3. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1997-10-16). «Homenaje en Santoña a 14 presos fusilados en 1937» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-07-20).
  4. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1997-10-12). «La derecha rechaza un homenaje en Santoña a 14 fusilados en 1937» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-07-20).

Kanpo estekak aldatu