San Frantzisko Asiskoaren eliza (Bilbo)

San Frantzisko Asiskoaren eliza edo Bostgarren parrokia Bilboko zabalgunean dagoen eliza da, Hurtado Amezaga kalean kokatuta.

San Frantzisko Asiskoaren eliza
Kostaldeko Donejakue bidea Kostaldeko Donejakue bidea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaBilbo
Koordenatuak43°15′27″N 2°55′58″W / 43.2575°N 2.93278°W / 43.2575; -2.93278
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza1890 - 1902
Izenaren jatorriaFrantzisko Asiskoa
Erlijioakatolizismoa
ElizbarrutiaBilboko elizbarrutia
Arkitektura
ArkitektoaLuis de Landecho (en) Itzuli
Materiala(k)hareharria
Estiloaarkitektura neogotikoa
Arkitektura eklektikoa
Ondarea
352

Historia

aldatu

Lanak 1890eko ekainaren 30ean hasi eta Luis Landetxo Urries bilbotarrak zuzendu zituen. Honek, katedral gotikoetatik hartu zuen inspirazioa eta Oitz menditik ekarritako hareharria erabili zuen. Lehen gertutik bere etxea zuen Mazarredo-Zabalburu familiak zuen eraikina zegoen. 1896ko urriaren 16an lanak bukatu, hilabate batzuk geroago ireki eta 1902ko azaroaren 9an sagaratu zuten.

Sagaratzean oraindik dorreak eraikitzeke zeuden eta zurezko behin behinekoak erabili zuten kanpaiak kokatzeko. Behin betikoak 1906an bukatu eta, era berean, arrosa-leiho nagusia 1909an. Lan hauek Manuel María Smithek egin zituen.

2000ko urriaren 24an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Deskribapena

aldatu

Elizak luzetara egindako hiru nabe ditu; erdikoa hegaletakoak baino zabalagoa eta garaiagoa da eta bere alde banatan haiengandik banatzen duten seina zutabe ditu. Pilareak, Ereñoko marmol gorrizko harroin batetik gora ateratzen direnak, sekzio karratuzkoak dira eta eurei atxikita goiburuan korintiar kapitela duten zutabeak dituzte. Kapitel horietatik ateratzen dira nabeak estaltzen dituzten ojibazko gurutzeria osatzen duten nerbioak. Ez du triforiorik eta haren ordez zutabe bitartean enmarkatutako nabe nagusiaren pareten goialdeko espazioan leihate handi bi ditu; leihate horietarako beirateak Alemaniatik ekarri ziren.

Buruhormak, elizaren lur mailatik gora eraikia, poligono itxura du eta bertan San Frantziskoren ikonografiaren motiboak jasotzen dituzten sei beirate kokatzen dira. Bere bobedari nabe nagusiaren estilo bereko arku zorrotzek eusten diote eta gurutzeriak disposizio oktogonala du. Aldare nagusiak kokapen asimetrikoa du eta Ereñoko marmol gorriz egina dago. Pulpituan eta eraikinaren barruko behe aldean ere material hori erabili izan da; gainontzean erabilitako materiala Oitzko hareharri horia da.

Nabearen burualdeak abside poligonala osatzen du eta hor dago, nabe honen azpian dagoen Zabalburutarren kriptara joateko atea. Pareta zuzenean amaitzen den ezkerreko nabearen burualdean beste ate bat dago Mazarredotarren kriptarako sarbide dena.

Gurutzadura elizaren eskuinaldean lurraren mailatik gorako maila batean eraikita dagoen Jaunartze-mahaiaren kapila dagoelako antzeman daiteke. Ezker aldean, ornamentuzko motiboak dituen paretak Jaunartze-mahaiaren simetrikoa zen kapila bat izan zela noizbait erakusten du, eliza berritu zen noizbait kendutakoa, nonbait.

Korua atrioaren gainean dago. Bertaratzeko barruko eskailera bat dago, dorreetaraino doana. Elizaren eranskinen artean sakristia dugu, 1950ean berritua eta aipatzekoa da bere egurrezko kasetoidura. Goiko solairuan dira parrokiaren gelak.

Iturriza kalea hartu eta atrio txiki batetik barna, bai tenplura bai sakristiara hel daiteke.

San Frantzisko Elizak Hurtado de Amezaga kalera ematen duen fatxada nagusian arrosetoi zentral bat du. Atrioa kalearen mailaren gainetik dagoen plano batean kokaturik dago eta hortik harmailadi bat igarota elizarako sarrera dago; atrioa, burdina forjatuzko burdinesi txirikordatu batek ixten du. Arkupea erdi-puntuko arkuz egina dago, bere tinpanoaren goi aldean veneziar mosaiko bat du San Frantzisko Asiskoaren heriotza erakusten duena eta behe aldean, altuerliebean egina, sei santu-irudi. Tenplura sartzeko ate bikoitz zentral bat eta alboetako bi daude, guztiak ere zur tailatuzkoak.

Elizak bi dorre biki ditu alde banatan, eta euren goiak gezi edo orratzez errematatua daude, dorreen itxura horrekin eraikin osoaren goranzko mugimendua areagotzen da.

Hurtado de Amezaga kaleko 19. eraikina mehelin bitarteko etxea da, alde batetik, 17. zenbakidun eraikina eta San Frantzisko Asiskoaren Eliza ditu, bi horiekin batera eraikin multzoa osatzen duelarik, eta bestetik, bere bikia den 23. zenbakidun eraikina. Eraikin txikiak dira harlanduzko fabrikan eginak eta behe solairua, altuera bi eta atiko txapituladuna dute; osoan hartuta, eraikinok erakusten duten kontzepzioarekin eta diseinuarekin, Europako iparraldeko arkitektura gogorazten dute. Behe solairuan sarrera arku beheratuak dituzte. Lehen solairua altura txikikoa da eta hiru bao bakun ditu, egitura horren bidez solairu nagusirako trantsizio bisuala eta fatxada antolatzea lortzen duelarik; fatxada nagusiak altura handiagoa du eta harrizko balkoi zentrala du, diseinu sendo eta irmoduna berau. Ardatz zentral horrek gora egiten du estalkiraino eta han profil eskalonatua duen gorputz batean errematatzen da. Estalkia arbelez egina dago eta bi bao txiki ditu.

Galeria

aldatu

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Bilbo