Oñatiko Corpusak

Erdi Arotik datorren jaia

Corpusa Erdi Arotik datorren jai erlijioso bat da, Urbano IV.a aita santuak 1264an sortua. Hala ere, 1311 arte ez zen Eliza Katoliko osora zabaldu, Klemente V.aren garaian. Hala, bada, Europa osoan ospatzen da, eta denboraren poderioz garrantzi handiko jaia bilakatu da, sozialki eta kulturalki oso aberatsa, sorreran zeukan izaera erlijiosotik haratago.

Oñatiko Corpusak
Palioa enparantzan sartzen
TokiaOñati

 Gipuzkoa

 Euskal Herria
MotaErlijiosoa eta herrikoia
EsanahiaEukaristian Jesukristoren presentziari gorazarrea
Data
DataBerpizkunde Igandetik 60 egunera

Eukaristian, hau da, Eukaristiako ogian eta ardoan, Jesukristoren gorputza eta odola daudela aldarrikatu nahi zuen Eliza K

atolikoak Corpus Christi egunean. Beraz, Eukaristiaren omenez urtero egun berezi bat ospatzea zuen helburu, jendartean publikoki poz eta alaitasuna erakutsiz, Sakramentu Santuaren ohoretan dantza eta eta kantuz osatutako jaialdi eta prozesioekin. Hartarako data zehatz bat izendatu zen liturgia katolikoaren barruan: Mendekoste ondorengo bigarren osteguna, azken urteotan hurrengo igandera pasatu bada ere.

Corpus jaiaren historia munduan

aldatu

Jaia Erdi Aroan sortu zen, 1208an Juliana de Cornillon erlijiosoak Eukaristian dagoen Kristoren Gorputz eta Odolaren ohorez jai bat ospatzeko ideia sustatu zuenean. Liejako (Belgika) gotzainak, bere elizbarrutian jaiak ezartzeko zuen ahalmenaz baliatuz, 1247an Mendekosteko zortzigarrenaren ondorengo ostegunean Corpus Christi-koa bere elizbarrutian ospatzea agindu zuen. Hasiera batean, prediku gutxi izan zuen Liejatik kanpo. Hala ere urte batzuk geroago, Hubo San Caro kardinalak ospatu egin zuen eguna, berak meza nagusian predikatuz, eta gainera bere apezpiku guztiei jaia beren elizbarrutietan ospatzeko agindu zien.[1]

1263. urtean, apaiz bat Bolsenako (Italia) elizan meza ospatzen ari zen bitartean, Ostia sagaratua haustean odola sortu zen, tradizioaren arabera. Gertaera horrek, oso zabaldua eta ospatua, behin betiko bultzada eman zion Corpus Christiko liturgia-jai gisa ezartzeari. 1264ko irailaren 8an sortu zuen Urbano IV.a aita santuak, "Transiturus de hoc mundo" buldaren bidez. Tomas Akinokoari agindu zitzaion eguneko Ofizio eta Mezarako testuak prestatzea, ereserkiak eta sekuentziak barne, hala nola "Pange Lingua" (eta bere azken zatia "Tantum Ergo"), "Lauda Sion", "Panis angelicus", "Adoro te devote" edo "Verbum Supernum Prodiens".[2]

 
1887ko Corpus eguneko prozesioa.

Corpusaren ospakizuneko une nagusia prozesioa izaten da, eta bertan, ostia kontsakratua bedeinkatutako kustodia batean erakusten da. 1311ko Vienneko Kontzilioan (Frantzia), Klemente V.ak tenpluen barruko prozesio-segizioa antolatzeko arauak eman zituen, eta desfilera gehitu nahi zuten agintariek bete behar zuten lekua ere adierazi zuen. 1316. urtean, Joan XXII.ak Zortziurrena sortu zuen, Sakramentu Santuaren esposizioarekin. Baina babes handiena Nikolas V.a aita santuak emango zion, 1447. urteko Corpus Christi egunean Ostia Santuarekin prozesioan Erromako kaleetatik irten zenean.[3]

Gaur egun munduko nazio askotan ospatzen da jaiegun bezala. Beste batzuetan, Alemanian edo Suitzan adibidez, eskualde batzuetan soilik da jai. Espainian 1989tik aurrera ohiko osteguna lanegun bezala ezarri zenez, jaia hurrengo igandera pasatu zen. Baina hainbat hiri eta herrietan zaindariaren jai izendatu zuten ostegunean ospatzen jarraitzeko, hala nola Toledon, Bejar-en, Sitges-en, etab.[4]

Corpus jaia Oñatin. Erdi Arotik XX. mendera: 1470-1936

aldatu

Historia

aldatu

Corpus eguneko ospakizunaren ardatza meza nagusiaren ondoren herrian zehar egiten den prozesioa da. Oñatiko Corpus Christi dokumentatuta dago 1470.etik, udal bando batek auzotarrei prozesioa igaro behar zen kaleak garbitu eta ihiak zabaltzeko eskatu zienean.[5] Hala ere, XVI. mendearen hasieran lortu zuen Corpus egunak distira, Apostoladuko Kofradia sortu zenean jaiaren ardura bere gain hartuz. San Migel parrokiako Kontuen Liburuan Kofradiaren lehen aipamena 1526an ageri da, kofrade bakoitzak marabedi bana urtero ordaindu behar zuelako. Gerora, San Frantziskok eskatuta 1553an Julio III Aita Santuak bulda bat eman zuen, Oñatiko kofradeei Italiako Minerva Kofradiako dohain eta induljentzia berdinak ematen. Harrez gero, Oñatiko Apostoladuko Kofradia Minerva izenarekin ere ezagutzen da.[6]

 
Kofrade guztiak XX. mende hasieran, Santa Ana komentuaren aurrean.

Antolakuntza

aldatu

Lau eratako partaide ateratzen dira nagusiki prozesioan: Sakramentu Santuaren Kofradiakoak, santuen imajinak eramaten dituzten andariak, dantzariak, eta parrokiako abadeak. Antolakuntza orokorra Kofradiaren gain joaten zen, eta gero partaide talde bakoitzak bere antolamendu propioa izaten zuen.[7] Kofradiaren barnean, idazkari-maiordomoa zen antolakuntzaren arduraduna, eta San Migel parrokiako kabildoko kide batek izaten zuen horren kargua. Garai honetako azken maiordomoa, 1920tik aurrera, Don Miguel Eladio Diez y Umerez izan zen, Lazarraga jauregiko kapilaua ere bazena.[8]

Aurreko eta ondorengo jarduerak

aldatu

Corpus eguneko ospakizun ezagunenak prozesioa eta dantzak dira. Aurretik, ordea, beste jarduera batzuk izaten ziren. Astean zehar etxe partikularretan zeuden arropak eta Kofradiako gauzak prestatzen zituzten.[9] Bestalde, dantzariak, bezperan udaletxeko plazan elkartu eta herriko kaleetan dantzatzen zuten, txistulariek lagunduta, bi dantzarik etxe guztietan talderako dirua eskatuz.

Ondorengo jarduerei zegokienez, “oktaba” egunean, hau da hurrengo ostegunean, beste prozesio apalago bat egiten zen, San Migel bezala mutiko bat jantziz. Ondoren, Kofradiako kideak bazkaria izaten zuten. Dantzariak berriz, Corpus egunaren biharamunean baserriz baserri aritzen ziren binaka, dantzatu ondoren talderako dirua batuz. Eta oktaba egunean, irudiei laguntzen zien binaka eta kriskitinak joz.[10]

Corpus eguna

aldatu

San Migel Parrokiako hamarretako meza nagusia baino ordubete lehenago, bertara prozesioan aterako ziren irudiak eramaten hasten ziren, ermitetatik edo gordetzen ziren etxe partikularretatik. Irudi bakoitzari apaiz batek eta bi dantzarik kriskitinak jotzen laguntzen zioten, dantzarik egin gabe, parrokiako ate nagusiraino. Bertan egongo ziren txistulariek “San Migelen Zortzikoa” joko zuten dantzariak dantza apur bat egiteko, irudia parrokian sartzen zen bitartean.[11] Irudiak Pietatearen nabean jartzen ziren. Eramaten zuten azken irudia San Migel Goiaingerua zen, udaletxean gordetzen zena, eta haren bila dantzari guztiak joaten ziren, eta amaieran alkatea eta udalbatzako kideak.[12]

Meza hastean, Kristo, San Migel eta hamabi apostoluak Santa Ana komentuko sakristian eta harreran janzten hasiko ziren, jarduera pribatuan. Kristo eta apostoluak eliza ondoko atondoan, hiru emakumeren laguntzarekin, eta San Migel bere aldetik, bisitarien atondoan eta emakume batek lagunduta. Alde bietan aritzen zen beste emakume bat ilea apaintzen. Meza denboran, baita, prozesioko kaleetan ihiak botatzen ziren.[13]

 
Prozesioa enparantzatik parrokia aldera, XX. mendearen hasieran.

Ama Birjina eta Banderaduna irudikatzen zituztenak ez ziren mozorrotzen. Hamabi apostoluen artean San Paulo zegoen, Judas ordezkatuz, eta guztiek alba, kapa, eskularruak, ileordea, kareta, sandaliak eta egurrezko ziria zeramatzaten, eta bakoitzak bere atributua, tradizioaren irudiari jarraituz, hala nola San Pedrok giltzak, San Pablok ezpata, San Juanek kaliza, Santiago nagusiak makulu bat, San Andresek arrain bat zintzilik duen gurutze ikoroskia, etab. San Migel, segizioko pertsonaiarik ikusgarriena, margoetan agertzen zen bezala janzten zen, burdinazko armadura batekin petoan eta bizkarraldean, bi hegalez, bi belaun-babes eta bi besoz osatua. Lepo zuri bat eta tulezko bi eskumutur. Zetazko brodatuak dituzten zapatila zuri pare bat. Buruan kareta, kasko bat bere lumekin, gerrian bi ezpata. Eskuineko eskuan gurutzean bukatzen zen makulu bat zeraman, eta ezkerrekoan zurezko kandela bat. Pertsonatugaiak eta jubilatuak kapa beltz batez estaltzen ziren, eskuan zurezko kandela bat zeramatela. Komentutik prozesioko ordenan irteten zirenean denak, dantzariek “San Migelen Zortzikoa” dantzatzen zuten, San Migeli Corpus eguneko erreberentzia berezia eginez amaieran. Ondoren, parrokiako Donostiako atera joaten ziren, prozesioaren irteerako euren txanda itxarotera.[12]

Prozesioa

aldatu

Goizeko hamaiketan meza nagusia bukatutakoan, herriko kanpai guztiak joz eta suziriak botatzen zituzten bitartean, prozesioa ate nagusitik irteten zen.[14] Kale guztiak ihi berdez estaliak zeuden, eta ehunka herritarrek parte hartzen zuten prozesioaren egitura honakoa izan zen mendeetan zehar:

  • Parrokiako gurutzea, hasiera emanaz
  • Alboetako espaloietan, prozesio osoan, anaidietako partaideak
  • Erdian, imajinen alboetatik igarota, dantzariak gora eta behera arituko dira kriskitinak etengabe jotzen, batzuetan oinez eta bestetan dantzan.
     
    San Migel Kale Zaharrean
  • Zutoihala eta Arantzazuko Amaren imajina
  • Zutoihala eta Sorkundez Garbiaren imajina
  • Bandera eta San Isidroren imajina, San Martinen imajina
  • Zutoihala eta San Rokeren imajina
  • Bandera eta San Krispin eta San Krispinianoren imajina
  • Bandera eta San Juanen imajina
  • Bandera eta San Joseren imajina
  • Bandera eta San Sebastianen imajina
  • Txistulariak
  • Zutoihala eta San Migelen imajina, Pragako Umearen imajina,
  • Zutoihala eta San Frantziskoren imajina
  • Gau Gurtzaren bandera, Katolikoen Ekintzako emakumeen bandera
  • Lehen jaunartzea egin zuten haurrak
  • Aingeru jantzitako neskatilak otzaratxoetan arrosen petaloak daramatzatela

Pertsonatugaiak..........................................Pertsonatugaiak

Jubilatuak.........Kofradiako bandera...........Jubilatuak

San Simon...................................................San Tadeo

San Bartolome.........San Migel....................San Mateo

Santiago Txikiena........................................San Felipe

Santo Tomas............Ama Birjina.................Santiago Handiena

San Juan.....................................................San Andres

San Pablo .................Kristo..........................San Pedro

  • Diakonoak, sakristaua eta bi monagilo
  • Sorbalda-zapiarekin babestuta Jaunaren kustodia zeraman Parrokoa eta bi diakono, palio pean
  • Udaletxeko agintariak
  • Emakumeak [15]
 
San Migel Goiaingerua eta apostoluak prozesioan.

Prozesioa ikusten jendetza egoten zen bi espaloietan eta enparantzan, ohikoa zelako auzoetako jendea bertaratzea, eta herritik kanpo bizi ziren senideak gonbidatu bezala etortzea. Bestalde, arratsaldean parrokian bezperak egoten ziren, eta irudi guztiekin barneko prozesio bat egiten zen klaustrotik bueltan. Ondoren irudiak beraien ermita edo etxeetara eramaten ziren. Oktaba egunean berriz, beste prozesio labur bat egiten zen enparantzaraino joanda, eta irudi barik.[16]

Irudiak edo pausoak

aldatu
  • Arantzazuko ama. Gurutzearen atzetik, Arantzazuko Ama Birjinak ematen dio hasiera Corpus eguneko prozesioari. Santutegiko imajinak ez bezala, prozesiokoak garai batean zeraman mantoa mantentzen du. Gipuzkoako zaindaria da Arantzazuko Ama 1913 urtetik, baina Oñatirekin bostehun urtetik gorako harreman estua du. Herriko kofradiarik zaharrena haren izenean sortu zen 1489an eta 1834a arte iraun zuen.
  • Ama sortzez garbia. Ama Birjinaren beste irudi hau Bakardadeko Amaren kaleko Galartza familiaren etxean gordetzen da urtean zehar. XX. mendearen lehen erdialdean indar handia zeukan Mariaren alabak izeneko nesken kongregazioarekin zerikusia izan zuen. Gerora Eliza Katoliko erakundeko emakumeak arduratu ziren irudi honetaz. Bere tamaina handiagatik ez ezik, burutik behera datozkion hamabi zintengatik ere nabarmentzen da. Haurtxo pilatxoa joaten da prozesioan bere inguruan zintei eusten.
  • San Isidro. Goribar auzoko Santa Katalina ermitan du bere egoitza San Isidrok, orain hango santu titularra da eta. Dena den, prozesiorako ekartzen duten irudia ez da baselizaren aldarean kokatzen dena, geroago egindako beste bat baino. San Isidro nekazarien zaindaria da eta, Oñatin sasoi batean laurehun baserritik gora izanik, ez da harritzekoa santu honenganako debozioak indar handia edukitzea oñatiarren artean.
  • San Martin. Makina bat eliza eta ermita dago Euskal Herrian santu ezagun honi eskainiak. Oñatin ere ermitarik politenetako batek Tourseko apezpiku horren izena darama. Prozesioan irteten dena ez da baseliza horretako aldare nagusirako Pierres Picart eskultore frantsesak XVI. mendean moldatu zuen irudi platereskoa, baizik eta hango sakristian gordetzen den modernoago bat. San Martinen kofradia errementariena zen eta, lanbide horrek Oñatin izugarrizko indarra zeukanez, kide ugari izan zuen. Oraindik ere jarraitzen du hileta ermandadetzat.
  • San Roke. Santu estimatua hauxe, Erdi Aroaz geroztik izurriteen aurkako babeslea baitzen. Oñatiko San Rokek San Martin ermitako eskumako erretaulan dauka bere kokalekua. Egia esan, bi San Roke dira han daudenak: bata txikia eta XVI. mendekoa; bestea handiagoa eta XIX. mendekoa. Azken hori da prozesiorako ekartzen dena.
  •  
    Estandarte bat, irudiak eta dantzariak.
    San Krispin eta San Krispiniano. Bi martiri hauek Lezesarri auzoko San Esteban ermitan dute egonlekua aspalditik. Zapatarien gremioaren zaindariak dira eta euren izeneko kofradia zuten Oñatin 1621era orduko. Prozesioan kaleratzen diren bi irudiek badaukate besteek ez duten berezitasun bat: ez direla gorputz osokoak, hiru laurdenetakoak baizik. Imajinak 1894an eginak dira, zapatatxo batzuk daramatzate zintzilik eskumuturretatik eta anden gainean zurezko estalki dotore bat dute.
  • San Juan Bataiatzailea. Kristandade guztian santu izen zabalduenetakoa izango da San Juanena. Oñatin ere bi ermita izan zituen luzaroan: bata Garagaltzakoa, herrigunetik hurbil, oraindik zutik dagoena; eta bestea Artiakoa, Arantzazuko mendietan. Prozesioan irteten den San Juanen irudiak, orain Kale Barriko Agerrena etxean gordetzen bada ere, antzina Garagaltzako ermitan zeukan bere egoitza. Santuaren izeneko kofradia ere hantxe zeukan 1628ra ordurako eta XX. mendera arte iraun zuen.
  • San Jose. Olabarrieta auzoan baseliza dauka San Josek bere izenean, XVI. mendeaz gero eta kofradia ere bai 1620tik aurrera. Gainera, arotzen ermandadearen zaindaria ere bada. Irudi hau Santa Marina plazako Madinabeitia etxean gordetzen zen, baina orain Aozaratza kaleko lokal batean egon ohi da beste santu batzuekin batera. Duela urte batzuk imajina zaharberritu zenean, Luis Salvador Carmona eskultore ospetsuak egina zela frogatu ahal izan zen.
  • San Sebastian. Ez zuten ermitarik Oñatin, baina San Sebastian eta San Rokeren irudiak herriko lau aldaretako erretauletan agertzen dira, ezker-eskuma, alderdi banatan beti. Antzina herriko patroiak izan zirela uste da, San Migelen aurretik. Baina prozesioan ikus daitekeen San Sebastianen imajina ez da horietako bat, baizik eta lehen Santa Marinako etxe bateko kaperan eta orain Aozaratza kaleko irudi biltegian gordetzen dena. San Sebastianek kofradia ere bazuen, baina nobleentzat bakarrik.
  • San Migel Goiangerua. Ukaezinezkoa da San Migelen protagonismoa Corpus eguneko prozesioan. Herriko patroia izateak ematen dio, nonbait, pribilegio hori. Santuak pertsonifikatzeko janzten diren hamalau kideen artean nagusi baldin bada, irudietan ere badu berezko garrantzia, kontrapas dantza berezia egiten baitzaio plazan eta, udaleko kideek eta dantzari guztiek lagundurik, azkena eramaten baitute parrokiara meza nagusitara. Irudi hau puntura arte kontzejuko areto nagusian zegoen, baina udaletxearen azken eraberritzearen ondoren, Sana Ana aretoko erretaula batean gordetzen da.
  •  
    Pragako Jesus Haurra.
    Arrosarioko Ama. Prozesioan irteten den hirugarren Ama Birjinak tradizio luzea du Oñatin. Ez da alferrik Arrosarioko Ama, San Migelekin batera herriko zaindaria. Kapera dotorea dauka San Migel parrokian XVI. mendeaz geroztik, gutxienez, eta bere izeneko kofradia ere gizaldi berean sortua izan zen. Corpusetarako erabiltzen den irudia ez da elizako kaperan dagoena, baina bai haren antzeko imajina rokoko ederra. Orain parrokiako gela batean gordetzen da.
  • Pragako Jesus Haurra. Irudi honen izenaren jatorria Pragan aurkitzen da, garai batean Bohemia eta gaur egun Txekia den hiriburuko eliza batean, alegia. Oñatin kofradiarik eduki ez zuen arren, herriko jauntxo klasikoenetako batzuen egoitzan gordeta egoteak emango zion Corpus eguneko prozesioan kaleratzeko eskubidea, ziurrenik. Esan bezala, Lazarraga leinu ospetsuaren dorretxeko kaperan egoten da urtean zehar, eta prozesioan eramateko mutiko gazteak aukeratzen dira.
  • San Frantzisko. Asisko santuak debozio handia izan du Oñatin lau erlijio etxeren bitartez bereziki: Arantzazuko santutegia, Bidaurretako monasterioa nahiz ostatua eta Santa Anako komentua. Fraide frantziskotarrek eta klaratar mojek bostehun urteko tradizioa dute Oñatin. Kofradiarik ez bazuen ere, ez da ahaztu behar Frantziskotarren Hirugarren Ordenak sekularren artean izan duen eragina. Irudia Zubikoako Santa Anan gordetzen zen, mojak Garagaltzara aldatu ziren arte. Orain Bidaurretan gordetzen da.[10][17][18]

Ibilbidea eta aldareak

aldatu

Prozesioa parrokiako ate nagusitik ateratzen zen Aita Madina kalera hartuz, barrenean Arkitekto Lizaur kalera ailegatutakoan norabidea aldatu eta Kale Zaharrera sartzen zen gorantz hartuz, eta Foruen Enparantzatik gora Kale Barria ia osoa zeharkatzen zuen, Kaioren kantaletik Iturritxora pasatzeko. Handik Atzeko Kaletik berriro behera Udaletxeraino, eta Enparantza erditik zeharkatuz parrokiako ate nagusira ailegatzeko prozesioari amaiera emanaz.

Ibilbidean hiru aldare zeuden, bat Kale Zaharreko botika aurreko aldean, bigarrena enparantzako arkupeen erdi aldera, eta hirugarrena Iturritxon, Urrutxu etxearen aurreko aldean. Aldare bakoitzaren aurrean prozesioa geratu egiten zen, palioa bertara ailegatzean. Parrokoak kustodia aldarean uzten zuen Sakramentu Santua intsentsu-ontziarekin gurtzeko, eta otoitzak egin ondoren kustodia berriro hartu eta bedeinkazioa ematen zuen. Gero San Migel, zegoen lekutik, handikiro joanaz parrokoarengana hurbiltzen zen, pareraino ailegatutakoan erreberentziarekin batera buelta emanaz. San Migel bere lekura itzultzen zen bitartean, dantzariak gerturatzen ziren parrokoaren aurrera, binaka, eta belaunikatu ondoren buruarekin erreberentzia egiten zioten Sakramentuari.

Azken erreberentziak Foruen enparantzan egiten ziren era berdinean baina bi berezitasunekin. Herriko kanpaia isildu egingo ziren aurretik, eta parrokoaren bedeinkazioaren ondoren, arrosen petaloan botako zituzten bere aurrera hiru neskatilak.[19]

Kasu guztietan, San Migelen zein dantzarien erreberentzietan, Oñatiko herriaren izenean egiten ziren, bera ordezkatuz. Une horiek izaten ziren prozesio osoko adierazgarrienak. Izan ere, prozesioaren oinarrizko zentzua Oñatiko herri guztiak, bere patroi San Migel Goiaingeruan ordezkatuta, Sakramentu Santua gurtzea eta goraipatzea zen.[20]

 
Kofradeak prest prozesiorako, Santa Anako aurre aldean, XX. mendearen hasieran.

Sakramentu Santuaren Kofradia

aldatu

Egitura

aldatu

Corpus prozesioaren ardura nagusia zuen, Maiordomoaren agindupean beti ere. Akta liburuetan agertzen dira urtero kofradeen izenak, eta ohiko aldaketak egon arren, berrogei inguru izaten ziren, gehienak baserritarrak eta artisauak, jende apala.[21] Akta liburu berria 1931n Dn. Migel Eladio Diez y Umerez Oñatiko apaiza maiordomo-idazkaria zela estreinatu zen, eta bertako lehen aktan honako partaideak agertzen ziren, denak izenekin: pertsonatuak 16 eta pertsonatugaiak 46. Horietatik 9 batzordekoak ziren. Halaber, bi meza laguntzaile, bi munidore, eta bi maiordomo. Eta baita 7 apaiz eta 8 jubilatu. . Senarrarekin batera batzarrak onartzen zituztenean emazteak ere agertzen dira izenez akta liburuetan, baina pertsonatu edo pertsonatugaien zerrendetan ez dira agertzen kofrade bezala.[22]

Bestalde, kofradeen liburuan bakoitza nongoa zen eta noiz sartu zen zehazten da, eta horren arabera zeuden sailkatuta. Hamasei pertsonatuak, hots, Kristo, San Migel, Maria, Banderaduna eta Apostoluak zaharrenak ziren, eta pertsonatugaiak zenbakia zuten antzinatasunaren arabera. Pertsonaturen bat hildakoan edo jubilatutakoan lehenengo zegoen pertsonatugaia jantziko zen hurrengo urtean pertsonatu, eta besteak zerrendan postu bat igotzen zuten. Beraz, Kristo eta San Migel kenduta, gorpuzkera handikoak behar zirelako, inork ez zuen postu edo pertsonaia finkorik, baizik eta atzetik aurrera pasatzen ziren. Ondorioz apostolu zaharrenak honakoak ziren: San Pedro eskuineko lerroan, eta San Pablo (Judas-en ordez)[23] ezkerrekoan.[24]

 
Elizara sartzen dantzari eta txistulariekin.

Kofradeen eginkizunak

aldatu

Orokorrean, kofradian sartzeko pertsona zintzoak eta errespetu sendokoak izan behar ziren.[25] Batzarrak onartu ondoren, eta sarrerako kuota txiki bat ordainduta, aldez aurretik ezarritako elizkizun guztietara joateko betekizuna zuten, hala nola herriko jai seinalatuetara. Agertzen ez zirenak isun txiki bat izaten zuten. Kofradeak urtero kuota bat ordaintzen zuten.[26]  

Kofrade  bakoitzaren betekizunak zehaztuta zeuden:

  • Idazkari-maiordomoa: parrokiako apaiz bat izaten zen, eta praktikan kofradiako zuzendaria. Hamabi betekizun zituen, eta horien artean bilerak deitu, aktak jaso, liburuak eraman, etab. Diru-sari bat jasotzen zuen.
  • Maiordomoak: kofradeen elizkizunetako partehartzearen zerrendak eraman, deialdiak pasatu, Oktaba eguneko afaria antolatu, etab.
  • Diruzaina: diru kontu guztiak eramaten zituen, batzar orokorrean horien berri zehatza emanaz. Kobrantzak, pertsonatuen eta pertsonatugaien kuotak eta izunak, zein herritarren donazioak. Ordainketak: mezak, maiordomoei emandakoa, eta muñidoreei, dantzariei, txistulariei, organistari, arropak zaintzen zituzten emakumeei, etab.
  • Muñidoreak: kofradiako morroiak ziren, beste kofradeei abisu guztiak pasatzeko eta lanak egiteko, hala nola arropak gorde, banderak prestatu, etab. Hamalau betekizun zituzten.
  • Pertsonatuak eta pertsonatugaiak: elizkizun guztietan eta prozesioetan parte hartu, eta batzar orokorrera joan.
  • Zuzendaritza Batzordea: bazkide berriak onartzeko edo zerbait berezia erabakitzeko ohiz kanpoko batzarretara joan.
  • Apaizak: elizkizunetan partehartzea, eta bereziki kofradeen hileta mezetan.
  • Mezetako laguntzaileak: kofradiaren izenean ospatutako meza guztietan laguntzen zuten.
  • Erretiratuak: betekizun bakarra kofraderen bat hildakoan bederatziurrenean parte hartzea zen. [27]
 
San Migelen arropak

1729. urtean erabaki zen kofrade berriak, sartu eta urte betera diru bat eman behar ziola kofradiari, eta bazkaria ordaindu behar zietela kofradeei Oktaba egunean.[28]

Gauzen inbentarioa 1923.04.1ean

aldatu
  • Kristoren, San Migelen eta hamabi Apostoluen karetak, ileordeak eta txanoak, hiru pinu-kaxatan gordeta.
  • Kristoren eta hamabi Apostoluen jantziak: alba, gerrikoa, zetazko kapa eta eskularruak.
  • San Migelen arropa: galtzontzillo eta galtzerdi pare bi, alkandora bat, bi saia, eta bi banda borla urreztatuekin. Burdinazko armadura bat, petoz, bizkarraldez, bi hegalez, bi belaun-babes eta bi besoz osatua. Lepo zuri bat eta tulezko bi eskumutur. Zetazko brodatuak dituzten zapatila zuri pare bat. Kasko bat bere lumekin eta bi ezpata.
  • Kristo, San Migel eta Apostoluen intsigniak eta zorroak, apostoluen bi erlikia, eta Santiago Nagusiak daraman zilarrezko arrosario urreztatu bat.
  • Bandera zuri bat Ama Birjinaren irudiarekin, beste bat damasko-gorriarekin eta beste bat beltzarekin, gurutze urreztatuekin eta lokarriekin, eta makila bat hirurak eramateko.
  • Damasko-gorriko estandartea, urrezko borlekin, Jesusen Bihotzaren eta Sortzez Garbiaren irudiekin.
  • Belusezko mantu beltz bat lau xingola beltzekin, kofraderenen bat hiltzen denean hilkutxaren gainean jartzen dena hilerrirako bidean.
  • Mariaren atributua, zinta beltz eta zuriekin.
  • Bi alfonbra luze eta lau argimutil Ostegun eta Ostiral Santuko gurtzan belaunaulkian jartzeko,  eta bi alfonbra luze.
  • Bi argizari-zimur erabili gabeak, eta bat eta erdi erabilitakoak, saskiekin.
  • Zurezko hamalau argizari ordezkoak eta horien zorroak, Kristok, San Migelek eta Apostoluak prozesioan erabiltzeko.
  • Banderak gordetzeko zaku bat eta gauzak gordetzeko banku itxurako hiru tiradera.
  • Kofradiaren akta-liburua, zenduen liburua eta kofradeen liburua.
  • Sakramentu Santuaren Kofradiaren Konstituzio Berretsien liburua.
  • “Oñatiko Sakramentu Santuaren Kofradiaren senidetasun-bulda”. 1553. urtea.
  • Kofradiako limosnen eta haien konstituzioen kargu- eta deskargu-liburua, 1600 eta 1721 bitartean.
  • Kofradiako Kontu liburua 1722 eta 1808 bitartean.
  • Kofradiaren Kontu liburua, 1810 eta 1865 bitartean.
  • Apostolutzaren Kofradiako Kontuen liburua, 1870eko ekainaren 29tik gaur egunera arte.
  • Kofradiako Batzar liburua. 1663tik 1799ra.
  • Kofradiako Batzar liburua eta Anaien sarrerak. 1800. urtetik 1906. urtera.
  • Kofradiako Batzar liburua. 1905. urtetik gaur egunera arte [29]
 
Dantzariak, San Migel, Apostoluak eta Don Miguel Diez y Umerez.

Dantza taldea

aldatu

Taldea

aldatu

Parrokiako Kontu Liburuan agertzen da 1560an jadanik ordaintzen zitzaiela Corpus eguneko prozesioan aritzeagatik. Izan ere, dantzari bakoitzak ditu bat jasotzen zuen herriko kofradietatik eta udaletxetik. Azken honek soldata txikiaz gain bereziki arropak eta oinetakoak mantentzeko ematen zien. Dantzarien moduan, hiru txistulariak eta danbolindariak ere udaletxetik diru bat jasotzen zuten. Corpusetan protagonismo berezia dute dantzariek; hiru egunean herriko dantzariak kalez kale eta auzoz auzo ibiltzen dira, ia gelditu ere egin gabe, eta prozesioan Imajinei laguntzen. Taldea zortzi dantzarik eta buruzagi batek osatzen dute, eta azken honi kapitaina deitzen zaio.[30]

Mendizabalen desamortizazioak hala behartuta, Dantza Taldea 1840an Sakramentu Santuaren Kofradiaren mendean egotetik, Oñatiko udalaren mendera pasatu zen.[31]

Dantzariak

aldatu

Dantzariak zuriz eta gorriz janzten ziren, praka eta alkandora zuriak, zintarri horia zuen gona motz gorri bat, bularra eta bizkarra gurutzatzen zizkien banda bat, eta eskumutur zein besaurre bakoitzean xingola gorri eta zuriak. Zinta gorri gurutzatuez apaindutako abarketa zuriak janzten zituzten, gorbata zeramaten eta txapelarekin estaltzen ziren, prozesioan eta elizan salbu. Kasu guztietan, dantzariak gorria zutena kapitainak urdina zuen, txapela ez ezik. XVI. mendetik XVIII. mendearen erdialdera arte kaskabiloak ere erabiltzen zituzten, eta XIX. mendearen amaiera arte txapela jantzi beharrean kapela zuri batekin estaltzen ziren, eta zapatekin abarketen ordez.[32]

Jantzi tipikoenari dagokionez, gona motza, 1766an behintzat erabiltzen zuten, Udal Artxiboan gordetzen den tresnen inbentario batean agertzen delako: “Zortzi valentziar beste hainbeste gonaren azpikoarekin eta kaskabilo batzuk Corpuseko dantzarientzat.” Penintsulako folklorean asko erabiltzen zen jantzia da, eta badirudi jatorri valentziarra zuela, hortik izena. Izan ere, XVI. eta XVII. mendeetan, Corpuseko prozesioetarako eta beste jai batzuetarako, Iruña, Tutera eta Tolosa bezalako hirietan, dantzari valentziarren koadrilak kontratatzen ziren jaiak alaitzeko. Euskal Herrian Oñatiko dantzariek soilik zuten jantzi hori.

Bigarren berezitasun bat kriskitinak ziren, Oñatin, Bastidan, Balmasedan eta Ultzaman bakarrik jotzen zirenak. Ez da jakina noiz sartu ziren, dantzarien jabetzakoak izaten baitziren, eta beraz, dokumentu ofizialetan ez daude jasota.[33]

Dantzak

aldatu

Corpus Dantzak originalak dira, Oñatin bakarrik dantzatzen baitira, eta esanahi erlijioso garbia duten euskal dantzen kasu bakanetako bat dira. Dantzen funtsezkoena Sakramentu Santuan zegoen Kristo erreberentzia baten bidez goratzea zen. Beraz, ohorezko, adoraziozko eta alaitasunezko ekintza bat zen. Badirudi zortzi dantzarik eta haien kapitainak osatutako taldea ez dela aldatu mendeetan zehar, eta XVII. mendetik dago horren berri. [34]

 
Aita Madina txistulari taldea prozesioan.

Txistulari Taldea

aldatu

Txistulari Taldea Corpusaren jaiarekin batera, XVI. mendean azaltzen ziren Udal Artxibategian danborilariaren (horrela deitzen baitzitzaion txistulariari aspaldiko garaian) aipamenak. Baina zehaztasunak 1848ko abuztuan Oñatiko udalak txistulari bati kontratua luzatu zionean ikus daitezke. Honako hamar baldintza eta arau jarri zizkion:

  • 1- Sei urteko kontratua, urteko 200 dukatez hornitua, Oñatiko udalak hiru hilean behin ordainduko luke.
  • 2- Danborilariaren lana, udalak izendatutako bi herritarri irakastea zen, eta halakorik izan ezean, bi kanpotarri.
  • 3- Arauzko jaiegun guztietan txistu eta danbolinaz joatea herriko enparantza nagusira, ermitetara eta gainontzeko agerlekuetara.
  • 4- Txistua eta danbolina jotzea kaletan zehar ikasleek lagundurik, arauzko jai osoko egunetako goizetan zortzietatik aurrera, uda eta negu,
  • 5- Ikasleekin batera Udalbatzari laguntzea udaletxetik parrokiara meza nagusira joatean eta handik itzultzean urteko egun seinalatuetan. Hemezortzi egun aipatzen ziren, horien artean Corpus eguna. Eta uniformez jantzita joan behar ziren, lebita eta kapelarekin.
  • 6- Jaiegun guztietan, bazkal ondoan danborilariak eta bere laguntzaileak uniformez jantzita joan beharko ziren alkatearen etxera, eta baita herri barruan bizi ziren zinegotzien etxeetara, guztiak atsegintzeko soinuarekin.
  • 7- Ilunabarrean eta otoitz kanpaiekin batera, Corpus eta beste jai batzuen bezperatan, ordu berdinean kaletan zehar buelta bat  eman behar zuten txistua eta danbolina joaz.
  • 8- Danborilaria Oñatin bizi beharko zen, eta ezingo zen atera alkatearen baimenik gabe.
  • 9- Ezin izango zuen danbolina inorentzat jo ezteietan, ezta inoren enkarguz ere, alkateak horretarako baimenik eman gabe.
  • 10- Danborilariak eskrituraren kopia aitortua aurkeztuko zion alkateari urte hasieran, araudia bete eta oñatiarren bizitza alaitu zuela ziurtatzeko. [35]

Gerra ostea eta Kontzilioa: 1939tik 1978ra

aldatu

Antolakuntza

aldatu

Don Miguel Eladio Diez y Umerez 1956an zendu zen, eta maiordomo kargua Don Jose Maria Agirrebaltzategi Untzuetak hartu zuen, 1981ean hil zen arte. Bere agindupean Corpus egunak urte kritikoak bizi izan zituen, Kontzilioak ekarri zituen aldaketen eta elizaren egokitzapenen ondorioz.[36]

 
Urte horretan jaunartzea egin zuten neskatilak prozesioan.

Prozesioa

aldatu

Gerra zibila frankistak irabazi ondoren, herritarren arteko giroa zaildu egin zen, kofradian zein prozesioan ere nabarituz. Prozesioa pasatzen kaleetako balkoietan Espainiako banderak jartzera gonbidatu zuten, dantzarien gona motzen amaieran eta eskumuturretan ere banderen koloreetako zintzak eramatera gonbidatu zituzten, eta palioa galaz jantzitako guardia zibilak zaintzen zuten. Hiru hamarkada beranduago, ezaugarri guzti hauek desagertu egin ziren prozesiotik, lehenetara itzuliz.[37] Bestalde, prozesioari solemnitatea emateko musika banda parte hartzen hasi zen, palioaren ondoren eta udaleko autoritateen aurretik.[38]

Kofradia

aldatu

1947. urte arte, pertsonatuen arropa zein gauzak Kasablanka auzoko bi etxetan gordetzen ziren, maskarak Santa Ana komentuan, eta pertsonatugaien kapak berriz kaleko etxe batean. Urte horretako ekainean, zaintzen zituzten emakumeek lan horregatik jasotzen zuten diru-saria igotzea eskatu zioten kofradiari, eta batzorde bat osatu zen gaia aztertzeko. Kaleko beste etxe batzuetan saiatu ondoren, Santa Ana komentuko mojei luzatu zitzaien proposamena, eta gogo onez onartu zuten, ez soilik arropak, baizik eta beste gauza guztiak eta kapak gordetzeko prestutasuna erakutsiz. Trukean, kofradiako partaide izendatu zituzten moja guztiak. Harrez gero, komentuan gorde ziren.[39]

Gerra osteko giroaren eraginez zati handi batez, kofradian hildakoen erreleboa jaisten joan zen apurka. Eta beherakada handiagoa nabarmendu zen 1962tik 1965era ospatu zen Vatikanoko II kontzilioaren inguruan eta ondoren. Izan ere, Oñatiko laterandarren eta Arantzazuko frantziskotarren apaiztegiak hustutzeaz gain, aldaketak gailendu ziren mezen zeremonietan eta elizaren inguruko ekimenetan, horien artean kaleko prozesioetan. Hainbat eztabaida eta bilera izan ziren apaizen eta kofradeen artean, Aste Santuko eta Corpusetako prozesioei buruz. Eta azkenean Corpus egunekoa mantentzea onartu zen, oktaba egunekoa kenduz. Bestalde, 70eko hamarkadan kofradeen kopurua hainbeste jaitsi zenez, prozesioa egin ahal izateko laguntza eskatu zitzaien Gaueko Gurtzako kideei, apostoluz janzteko.[40]  

Kofrade kopuruaren gainbehera horren ondorioz, kofradiaren ekimen maila apaldu egin zen. Kuoten diru sarrerak murriztu egin ziren, urteko elizkizun nagusietara joateko betekizuna desagertu egin zen isunik jarri gabe, eta ondorioz inork ez zuen diru-saririk jasotzen kofradiatik, ez bertako partaideek ez txistulariek, dantzariek edo organistak. Era berean, irudien eta arropen mantentze lanak moteldu egin ziren. Eta aurretik zeuden maiordomo, muñidore eta horrelako karguak desagertu egin ziren, ardurak zuzendaritza batzorde txiki baten esku geratuz.[41]    

Ibilbidea eta aldareak

aldatu

Hirurogeigarren hamarkadan hiru aldaketa nagusi eman ziren. Lehena, hirurogeigarren hamarkadan meza nagusia hamarretatik hamaiketara atzeratu zela, jendearen erosotasunerako. Horrek bigarren aldaketa bat ekarri zuen, prozesioa beranduago amaitzen zelako, ibilbidea nabarmen moztea. Arrazoi nagusia prozesioa lehenago amaitzea izan zen, ondorengo bazkaldu aurreko jai giroa sustatzeko eta herritarrek gehiago sozializatu ahal izateko. Meza nagusia hamaiketatik hamabietara irautea aurreikusten zen, eta prozesioa ordu batak aldera bukatzea. Horretarako, 1968an prozesioa Aita Madina kalearen barreneraino ailegatu beharrean, Agustindarren eliza parean pasatuko zen Kale Zaharrera, eta Ortizenaren etxe aurreko aldarea Kale Zaharreko farmaziaren alboan jarriz.[42] Goiko Kale Barria aldean berdin, Kaioren kantaleraino ailegatu ordez, Kirrinen kantoitik pasatuko zen Atzeko Kalera, Urrutxu etxe aurreko aldarea kenduz. Beraz, aldare bat gutxiagorekin erreberentziak murriztu egiten zirenez, beste modu batera konpondu zen arazoa: San Migelek Kale Zaharrean eta Kale Barrian aldare bariko tokietan  egingo zituen kendutako erreberentziak, eta dantzariak antzera, parrokiatik prozesioa ateratzerakoan eginaz lehen erreberentzia bat, eta Atzeko Kalean beste bat.[43]

Eta hirugarren aldaketa garrantzitsua amaiera izan zen, Foruen Enparantza gurutzatu beharrean, aldarea arkupetatik udaletxe azpira eramanaz, eta prozesio osoa Enparantzan geratuz. Parrokoak ohiko otoitzak eta bedeinkazioak egiten zituen, eta ondoren zetozen San Migelen erreberentzia eta buelta, eta dantzarien erreberentziak, baina kasu honetan “Kontrapasa” dantza gehituz. Ikusgarritasuna gehitu zitzaion prozesioari, Enparantzako amaiera bilakatuz une gorena.[44]

Dantza taldea

aldatu

Taldea

aldatu

Corpus egunera soilik mugatu beharrean dantzak, 1975an herri osora zabaltzea erabaki zen, beste dantza mota batzuk ere egiteko, eta neskak gehituz “Oñatz dantza taldea” sortu zen. Udalarekin zegoen harremana aldatu egin zen, eta dantzari bakoitzak Corpus eguneko prozesioagatik dirua jaso beharrean, taldeari ematea eskatu zitzaion, urtean zehar beste emanaldi mota batzuk ere antolatuko zirela aginduz.[45]

Dantzak

aldatu

Corpus egunean sarri gertatzen zen bezala, 1972ko ostegun hartan euria zen etengabe eta prozesioa parrokia barruan eta klaustrotik bueltan egitea erabaki zen, ohi bezala halako kasuetan. Baina hiru urte lehenago Oñatiko jubilatuei egindako omenaldi egunean “Banakoa” dantzatu zuten meza denboran, eta egoki iruditu zitzaienez, orpus egunean errepikatzea erabaki zen. Ikusgarritasuna gehitzen zion mezari, eta jendearen onespena jaso zuen. Ondorioz urtero dantzatzen hasi zen, eguraldi ona egon arren eta prozesioa kaleetan zehar egin.[46]

Txistulari taldea

aldatu

1969an taldeak Aita Madina izenarekin txistu akademia bat eratu zuen, gazteak erakartzeko eta taldea handitzeko.[47]

Jaiaren berpiztea: 1978tik gaurdaino

aldatu

Antolakuntza

aldatu

Kofradian gazte kaletar batzuk sartu ziren, baserritarrak edo artisauak ez zirenak, laster zuzendari talde txikiko partaide bilakatuz. Horrek kofradiaren irudia eraberritzen lagundu zuen, Corpus egunaren zentzu herrikoi eta kulturala sustatuz, erlijiosoaz gain. Era berean, frankismotik demokraziarako urratsak eman ziren, Jaurlaritzaren, Aldundiaren eta Udalaren lehen hauteskundeak eginaz. Eta ordura arte ez bezala, udalaren aurrekontuak gora egin zuten, eta baita beraiek kudeatzeko autonomia. Testuinguru horretan, kofradiako zuzendari taldeko ordezkariek udaleko kultura sailera jo zutenean diru premiaren azalpenak ematera, jasotako erantzuna erabat baikorra izan zen.

Ondorioz, pertsonatuen jantziak eta gauzak konpontzeko edo berriak egiteko, pertsonatugaiei kapa berriak egiteko, eta prozesioko irudiak konpontzeko aurrekontuak onartu ziren. Harrez gero, udalak urtero izendatu zuen aurrekontu-sail bat kofradiarako. Eta berrikuntza horiek jende askoren iritzia aldarazi zuten, Corpus eguna beste begirune batekin hartuz.[48][49]

2009an kofradiak Santa Ana komentuan egindako Batzar Orokorrean urteetako tradiziotik zetozen eginbeharrak zehaztu ziren, hala nola partaide ezberdinen eginbeharrak: A- Parrokiako liturgia taldekoak, B- Kofradiakoak, C-Imajinen andero taldekoak, D- Dantza taldekoak eta txistulari taldekoak, E- Aldare taldekoak eta laguntzaileak, eta F- Udaleko langile taldekoak eta udaltzainekoak. Era berean, prozesiorako gomendio orri bat banatu zen:

  • Corpus bezperako arratsaldean ibilbidean ardurak zituztenak gelditzeko edo jarraitzeko, itzuli oso bat emango zuten denak adostasunez jarduteko. Hala nola kofradiako juntakoak, prozesio buruko gurutzea, eta kofradiako banderaduna. 
  • Gurutzea bi aldiz geldituko zen, Kale Zaharreko aldarea pasatu ondoren, eta Don Pedrueneko etxe parean. Irudi bat geldituko zen gurutzea edo aurreko irudia gelditzen zenean, eta martxan jarriko zen atzeko irudia martxan jartzen zenean. Irudiak elkarrengandik 10/15 metrora joango ziren.
  • San Migel banderadunaren atzetik 5 metro ingurura joango zen, eta palioa 20 metro ingurura. Banderaduna gelditzen zenean geldituko ziren beste biak, hala nola, Hernani etxeko kantoian, Kale Zaharrean aldaretik 20 metrora, Kale Zaharraren amaieran, Kale Barriko farmazia ondoan, Atze Kaleko Madina etxe parean, eta azkena enparantza erdian. San Migelek bi erreberentzia egingo zizkion palioari, Kale Zaharrean eta Kale Barrian, eta dantzariak hiru erreberentzia palioari, Hernani etxekoa, Kale Zaharreko aldarekoa, eta Atzeko Kalekoa. Enparantzan, bai San Migelek eta bai dantzariak egingo zituzten amaierako erreberentziak.[50]

Bestalde, 2011ko Batzarrean zehaztu zen tradizioari jarraituz prozesioan pertsonatuak eta pertsonatugaiak bata bestearengandik bizpahiru metrotara joatea, eta erreberentzietako geldiunetan beti palio pean zegoen kustodiari begira egotea.[51]

Prozesioa

aldatu

1999an atera zen lehen aldiz emakume bat prozesioaren erdian pertsonatu bezala, Mariaren pertsonaiaren ordezko, eta 2008an atera ziren prozesioan kapekin lehen aldiz lau emakume, apostolugaiekin eta jubilatuekin.[52] Bestalde, 2018an emakume bat irten zen prozesioan apostolu jantzita. Apostoluak aurpegia estalita erabiltzen dutenez, berrikuntza hori ezkutuan gertatu zen, ez beste apostoluek ez ekitaldiaren antolatzaileek ez zutelako aurretik horren berri eman.[53]

Zazpi urtetan musika banda prozesioan atera gabe egon ondoren, 1979 berriro hasi zen jotzen, irudien ondoren eta kofradiaren aurretik joaten dela.[52]

 
Oñatiko patroia den San Migelen irudia enparantzan sartzen,

Irudiak

aldatu
  • San Migel Aozaratza. Oñatin jaiotako fraide domingotarra, Japoniara joan zena misiolari gisa. Nagasakin hil zuten 1637an, martirio luze baten ondoren. Eliza katolikoak dohatsu aldarrikatu zuen 1981ean Manilan eta santu Erroman 1987an. Prozesioan lehen aldiz 1989ko Corpus egunean atera zen, Santa Ana komentuan gordeta zeuden andekin,[54] eta harrez gero irteten da. Hartarako irudia Jesus Etxezarreta artista oñatiarrak zizelkatu zuen. Urtean zehar bere jaiotetxea izandakoaren orubean jaso den kapera txiki batean egoten da.
  • San Kristobal. Aspalditik zegoen ermita bat Olabarrieta auzoan santu honen izenean. Alabaina XIX. mendearen lehen urteetan bota egin zuten eta irudiak apur bat beherago ekarri zituzten, errepidearen ertzean dagoen santutxora. XVI. mendearen amaiera aldekoa ematen du San Kristobalen irudiak, eta estilo manierista-herrikoia du. Prozesioan 2004an atera zen lehen aldiz, bi urte lehenago kamioilariak eta txoferrak eskaera egin eta kofradiako juntak onartu ondoren.[10]

Kofradia

aldatu

Barneko araudia eta tradizioa erabat aldatu zen, eta pertsonatu izateko ez zen gehiago antzinatasunari begiratu. Beraz, norbait kofradian sartu berria izan arren, hurrengo prozesioan pertsonatu janzteko aukera izango zuen alde batetik. Eta bestetik, ez zuen izango pertsonatu horren “jabetza” jubilatu arte izango, baizik eta urtetik urtera aldatzeko aukera egongo zen. Asmoa zen dinamismoa eta malgutasuna indartzea. Beste urrats garrantzitsu bat arropak janzten eta ileordeekin laguntzen aritzen ziren emakumeak, kofrade oso egitea, zerrendetan eskubide berdinekin agertuz. Eta horietako bi zuzendaritza taldetxora gehitzea, ekarpenak egiteko eta parekotasun erreala lortzeko.[55][56]

1982ko uztailaren 16an, alde historikoko San Juan kalean zegoen Santa Ana komentu ohiko moja klaratar frantziskotarrak, San Juan ermitatik gertu eraiki zen Garagaltza auzoko komentu berrira lekualdatu ziren.[57] Horrek Corpus egunaren hasieran aldaketa ekarri zuen, San Migel, Kristo eta Apostoluen arropak eta gauzak komentu berrian gordetzera pasatu zirelako. Beraz, goizeko zortzietan Garagaltzara igo, eta kamioi baten jaisten ziren Santa Ana komentu ohira, aurretik eliza zena eta ondoren zine areto bilakatutako tokira. Bederatzietarako dena prest egoten zen, hamarretan laguntzaileak joaten zirenerako.[58]

Dantza taldea

aldatu

Taldea

aldatu

2018an neskek dantza egin zuten lehen aldiz mutilekin batera, bezperan nahiz Corpus egunean, prozesioan zein arratsaldean. Dantza jardun guztietan, alegia. Harrez gero, Corpus egunean ere, taldea mistoa da.[53]

Dantzak

aldatu

Goizeko prozesioaz gain, arratsaldean enparantzan urteko emanaldi nagusia eskaintzen dute, Corpus dantzen errepertorio osoa eskainiz. Beraz, bi eratako sailkapena egin daiteke, alde batetik goizeko elizkizunen osagarri bezala, eta bestetik arratsaldeko emanaldian dantzatuak. Corpus eguneko bezperako eta biharamuneko dantzak, arratsaldekoen laburpenak dira. Dantza guztien sailkapena honelakoa da:[59]

1- SAN MIGEL DANTZA (Doinu I)

 
Santa Anako irteeran, kofradiaren aurretik

A- Kontrapas: Birritan dantzatzen da prozesio aurretik: enparantzan San Migelen irudiaren aurrean, udaletxetik parrokiara eraman baino lehen, eta Santa Ana komentu ohiaren aurreko lorategian, Apostoladuko kofradiak prozesiorako irteten duenean. Dantza honen adorazioko esangura ezin da adierazkorragoa izan. Saio erdi inguruan, dantzariak txapela kendu ondoren begirunetsu makurtuko dira gerri ondoraino, txapela duen eskua alde batera eta bestera soseguz mugitzeko. Edozein dantzaren izatea mugimenduan oinarritzen da, eta nola makurturik dagoen dantzariak ezin duen mugitu ez gorputzik ez oinik, txapela darabil eskuan.

B- Zortziko: Oraintxe dantzan eta gero oinez, dantzariak prozesio guztian arituko dira joan etorrian alde batetik besteraino, kriskitinak arretaz jotzeari utzi gabe. Horrez gain, ibili dabiltzan bakoitzean Zortziko hau dantzatuko dute, eta horrela goizean bikoteka irudi guztiekin parrokiaraino joaten direnean, udaletxetik San Migelekin parrokiara doazenean eta itzultzerakoan, eta bai Santa Anatik parrokiara eta bai alderantziz Apostoladuen kofradiari laguntzerakoan. Oktaba eguneko prozesioan ere dantzatzen zen, eta baita ondoren irudiak ermita edo etxeetara itzultzen zirenean.

Dantza honen esanahia, prozesioa alaitzeko eta edertzeko eginda dagoela esan zitekeen. Eta Corpusetako dantzetan bereizgarria den erreberentziako keinua ordezkatzeko, dantzariek belaunikaldi bikoitzak egingo zituzten prozesioko hainbat tokitan.

C- Koadro: Arratsaldetik soilik egiten da, aurreko bi dantzei amaiera bikaina emateko.

2- BANAKO (Doinu II)

A- Motza: Makila barik egiten den antza hau, garai batean arratsaldetik soilik egiten zen. Baina prozesioaren ibilbidea aldatu zenean eta enparantza erdiko geldialdia ezarri, bertan Sakramentu Santuaren aurrean egingo dute. Eta 1972tik aurrera, parrokia barnean ere arituko dira, meza nagusiko konsagrazioaren ondoren. Arratsaldetik berriz, gaur egun ez da egiten. Banakoak oso garbi agertzen du bere esangura, dantza egiteari utzi gabe belaunikaldi bikoitza eskaintzen diotelako Sakramentu Santuari, erreberentzia keinu argia erakutsiz.

B- Luzea: Makilekin oraingoan, aurreko Banako Motzaren eranskina dugu, arratsaldeko jaialdian bakarrik egiten den dantza ezagun hau. Euskal Herrian zehar ere, hamaika lekuetan ikus daiteke egitura berdintsuko makil dantzak.[60] 

3- LAUNAKO: (Doinu II) Banako luzearen moldaera bat, lau dantzarien artean egitekoa.

4- ZORTZIKO: (Doinu II) Aurreko Launakoaren moldaera bat da, talde osoak egitekoa.

 
Larunbat goizean, kalean arku-dantzaren "salamalan".

5- ARKU-DANTZA: (Doinu III)

Corpus dantzen artean arku-dantza da ikusgarriena, zalantzarik gabe. Euskal Herriko folklorean badira beste arku-dantza batzuk ere, baina normalean patxadatsuak eta zeremoniatsuak diren bitartean, Oñatiko dantza orijinal hau azkar eta adoretsu egingo da. Bere egituran, bi berezitasun azpimarratu daitezke, arkuekin eskainiko dituzten erreberentziak eta amaierako “salamala” edo nahaspila.

Dantza denbora guztian, posizio aldaketa bakoitzean arkuak gerriraino beheratzen dituztenean, erreberentzia polit bat eskaintzen dabiltzala dirudi, agurra hain txukun eta azkar moldatzen baitute. Eta azkenean, saio guztian hainbestetan errepikatzen den keinu hori, dantzaren izatearen arrazoi nagusia bilakatzen dela esan daiteke. Baina arku-dantzaren pasarterik ikusgarriena amaierako salamalak dakar. Apurka borobileko pausoak bizituz joango dira, amaieran dantzari denen artean halako zurrunbiloa moldatzeko. Eta dantzariak, abiadan eta ia bata bestearen gainean aritu arren, nahastu gabe aterako dira berriz salamalatik zirkulu zabala osatuz azken erreberentzia egiteko.

Arku-dantzaren esanahia Corpusetako Bulda Santuaren aginduan dator, egun honetan poza eta alaitasuna agertu behar direla gomendatzen duenean. Salamalaren amaierak jasoko du hori, nahaspilatik atera ondoren dantzariek agurra eskaintzen dutenean. Hogeigarren mende arte dantza hau “Kristoren Garaipena” izenarekin ezagutzen zen, eta goizetik ere egiten zuten. Meza nagusi aurretik Kontrapasarekin dantzarien omenaldia San Migelentzat izaten zen moduan, prozesio ondoren Kristok hartuko zuen aurreneko lekua. Horrela, Apostoluen kofradiarekin Santa Anara itzultzerakoan, parrokiako San Sebastian ate aurrean dantzatuko zioten, bera izanik dantzarien arkupetatik igaroko zen santu bizi bakarra.[61]

6- AURRESKU: (Doinu IV) Arratsaldeko jaialdiari amaiera emateko, aurresku dantza herrikoia egiten dute, jaialdi guztiko dantza luzeena izango dena. Ikuslegoaren artetik aukeratutako neska bati eskainiko dio dantzari bakoitzak bere saioa, gero denak batera jarduteko.[61]

Txistulari taldea

aldatu

Aita Madina taldea garatzen eta indartzen joan zen, eta ostiralean zein larunbatean binaka aritu arren dantzariekin auzoetan eta kaleetan, prozesioan lau txistulari soilik irten beharrean talde osoa aritzen da.[62]

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) Zumalde, Iñaki. (1964). Ensayos de historia local vasca. Colección Auñamendi, San Sebastian, 34-36 or. ISBN DL. SS. 7-64..
  2. (Gaztelaniaz) Espasa Calpe. (1913). Enciclopedia Universal Ilustrada Europeo Americana.. Madrid: Espasa Calpe. «Tomo 14», 843 or. ISBN 84-239-4515-4..
  3. (Gaztelaniaz) Espasa Calpe. (1913). Enciclopedia Universal Ilustrada Europeo Americana. Madrid: Espasa Calpe. «Tomo 14», 844 or. ISBN 84-239-4515-4..
  4. (Gaztelaniaz) Fiestas de interés turístico internacional. Madrid. Ministerio de Industria y Turismo.
  5. (Gaztelaniaz) Zumalde, Iñaki. (1970). Oñate. La festividad del Corpus. Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián, 55 or. ISBN DL. SS 103/70..
  6. (Gaztelaniaz) Zumalde, Iñaki. (1964). Ensayos de historia local vasca. Colección Auñamendi, San Sebastian, 71-72 or. ISBN DL. SS. 7-64..
  7. Iñazio Irizar. (1987). Oñati Korpus eguna 1986. Oñatiko Udala, 43 or. ISBN DL. Vi-229/87..
  8. (Gaztelaniaz) Don Miguel Eladio Diez y Umerez. (1931). Libro Registro de Actas y acuerdos de la Cofradía del Santísimo Sacramento llamado del Apostolado o de la Minerva. Iglesia parroquial de San Miguel Arcangel de Oñate, 9 or..
  9. (Gaztelaniaz) Zumalde, Iñaki. (1964). Ensayos de historia local vasca. Colección Auñamendi, San Sebastian, 73-74 or. ISBN DL. SS. 7-64..
  10. a b c «Korpus aurrekoak Oñatin» Atauri 2011-06-28 (Noiz kontsultatua: 2018-07-21).
  11. (Gaztelaniaz) Zubia, Juan; Azpiazu, Jose Antonio. (2002). Memorias de aquél Oñati, Oñatiko udala, 147 ,LG, SS-963/02. Oñatiko udala, 147 or. ISBN LG, SS-963/02..
  12. a b (Gaztelaniaz) Zumalde, Iñaki. (1964). Ensayos de historia local vasca. Colección Auñamendi, San Sebastian, 77-83 or. ISBN DL. SS. 7-64..
  13. (Gaztelaniaz) Peña Santiago, Luis Pedro. (1973). Fiestas tradicionales y romerías de Guipuzcoa. Ed. Txertoa, Donostia, 270, 271 or. ISBN 84-7148-011-5..
  14. (Gaztelaniaz) Zubia, Juan; Azpiazu, Jose Antonio. (2002). Memorias de aquél Oñati,. Oñatiko udala, 145,146 or. ISBN LG. SS-963/02..
  15. Irizar, Iñazio. (1987). Oñati Korpus eguna 1986. Oñatiko Udala, 42 or. ISBN DL. Vi-229/87..
  16. (Gaztelaniaz) Zubia, Juan; Azpiazu, Jose Antonio. (2002). Memorias de aquél Oñati. Oñatiko udala, 147 or. ISBN LG. SS-963/02..
  17. (Gaztelaniaz) Zumalde, Iñaki. (1964). Ensayos de historia local vasca. Colección Auñamendi, San Sebastian, 84 or. ISBN DL. SS. 7-64..
  18. (Gaztelaniaz) Zubia, Juan; Azpiazu, Jose Antonio. (2002). Memorias de aquél Oñati. Oñatiko udala, 150 or. ISBN LG. SS-963/02..
  19. (Gaztelaniaz) Zubia, Juan, Azpiazu, Jose Antonio. (2002). Memorias de aquél Oñati. Oñatiko udala, 150 or. ISBN LG. SS-963/02..
  20. Irizar, Iñazio. (1994). «Oñati. Corpus eguna» Txistulari (Euskal Herriko Txistulari Elkartea) 160: 13. ISBN LG. VI-607-77..
  21. (Gaztelaniaz) Fr. Jose Ignacio Lasa. (1977). Tejiendo historia. Contribución a la pequeña historia de Guipuzcoa. Sociedad guipuzcoana de ediciones y publicaciones, SA., de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del Pais, 196 or. ISBN 84-7173-052-9..
  22. (Gaztelaniaz) Don Miguel Eladio Diez y Umerez. (1931). Libro Registro de Actas y acuerdos de la Cofradía del Santísimo Sacramento llamado del Apostolado o de la Minerva. Iglesia parroquial de San Miguel Arcangel de Oñate, 4-6 or..
  23. Ramirez de Okariz Telleria, Iñigo. (1994). Oñati Gure Herria. Oñatiko Udala, 158 or. ISBN 84-606-1903-6..
  24. (Gaztelaniaz) Don Miguel Eladio Diez y Umerez. (1931). Libro Registro de Actas y acuerdos de la Cofradía del Santísimo Sacramento llamado del Apostolado o de la Minerva. Iglesia parroquial de San Miguel Arcangel de Oñate, 4-6 or..
  25. (Gaztelaniaz) Fr. Jose Ignacio Lasa. (1977). Tejiendo historia. Contribución a la pequeña historia de Guipuzcoa. Sociedad guipuzcoana de ediciones y publicaciones, SA., de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del Pais, 195 or. ISBN 84-7173-052-9..
  26. (Gaztelaniaz) Don Miguel Eladio Diez y Umerez. (1931). Libro Registro de Actas y acuerdos de la Cofradía del Santísimo Sacramento llamado del Apostolado o de la Minerva. Iglesia parroquial de San Miguel Arcangel de Oñate, 18-26 or..
  27. (Gaztelaniaz) Don Miguel Eladio Diez y Umerez. (1931). Libro Registro de Actas y acuerdos de la Cofradía del Santísimo Sacramento llamado del Apostolado o de la Minerva. Iglesia parroquial de San Miguel Arcangel de Oñate, 8-14 or..
  28. (Gaztelaniaz) Zumalde, Iñaki. (1964). Ensayos de historia local vasca. Colección Auñamendi, San Sebastian, 99 or. ISBN DL. SS. 7-64..
  29. (Gaztelaniaz) Arana, Damian. (1905). Libro de Actas de la Cofradía del Apostolado. Iglesia parroquial de San Miguel Arcangel de Oñate, 49 or..
  30. (Gaztelaniaz) Zumalde, Iñaki. (1964). Ensayos de historia local vasca. Colección Auñamendi, San Sebastian, 77 or. ISBN DL. SS. 7-64..
  31. (Gaztelaniaz) Zubia, Juan; Azpiazu, Jose Antonio. (2002). Memorias de aquél Oñati. Oñatiko udala, 150 or. ISBN LG. SS-963/02..
  32. (Gaztelaniaz) Zumalde, Iñaki. (1964). Ensayos de historia local vasca. Colección Auñamendi, San Sebastian, 102,102 or. ISBN DL. SS. 7-64..
  33. (Gaztelaniaz) Zumalde, Iñaki. (1964). Ensayos de historia local vasca. Colección Auñamendi, San Sebastian, 103, 104 or. ISBN DL. SS. 7-64..
  34. (Gaztelaniaz) Zumalde, Iñaki. (1964). Ensayos de historia local vasca. Colección Auñamendi, San Sebastian, 99 or. ISBN DL. SS. 7-64..
  35. Oñatiko txistulari taldea. (1994). Txistua Oñatin. Txistulari (Euskal Herriko Txistulari Elkartea), 160, 17-18 or. ISBN LG. VI-607-77..
  36. (Gaztelaniaz) Don Miguel Eladio Diez y Umerez. (1931). Libro Registro de Actas y acuerdos de la Cofradía del Santísimo Sacramento llamado del Apostolado o de la Minerva.. Iglesia parroquial de San Miguel Arcangel de Oñate, 78 or..
  37. Irizar, Iñazio. (1994). Oñati. Corpus eguna. Txistulari (Euskal Herriko Txistulari Elkartea) 160, 8 or. ISBN LG. VI-607-77..
  38. (Gaztelaniaz) Zumalde, Iñaki. (1964). Ensayos de historia local vasca. Colección Auñamendi, San Sebastian, 85 or. ISBN DL. SS. 7-64..
  39. (Gaztelaniaz) Don Miguel Eladio Diez y Umerez. (1931). Libro Registro de Actas y acuerdos de la Cofradía del Santísimo Sacramento llamado del Apostolado o de la Minerva. Iglesia parroquial de San Miguel Arcangel de Oñate, 103 or..
  40. Irizar, Iñazio. (1987). Oñati Korpus eguna 1986. Oñatiko Udala,, 54, 55 or. ISBN DL. Vi-229/87, 54, 55 or. ISBN DL. Vi-229/87..
  41. (Gaztelaniaz) Don Miguel Eladio Diez y Umerez. (1931). Libro Registro de Actas y acuerdos de la Cofradía del Santísimo Sacramento llamado del Apostolado o de la Minerva. Iglesia parroquial de San Miguel Arcangel de Oñate,, 187 or..
  42. (Gaztelaniaz) Don Miguel Eladio Diez y Umerez. (1931). Libro Registro de Actas y acuerdos de la Cofradía del Santísimo Sacramento llamado del Apostolado o de la Minerva. Iglesia parroquial de San Miguel Arcangel de Oñate, 183 or..
  43. (Gaztelaniaz) Zumalde, Iñaki. (1970). Oñate. La festividad del Corpus. (Gaztelaniaz) Zumalde, Iñaki, 56 or. ISBN DL. SS 103/70..
  44. Irizar, Iñazio. (1994). «Oñati. Corpus eguna» Txistulari (Euskal Herriko Txistulari Elkartea) 160: 14. ISBN LG. VI-607-77..
  45. Irizar, Iñazio. (1987). Oñati Korpus eguna 1986. Oñatiko Udala, 54 or. ISBN DL. Vi-229/87....
  46. Irizar, Iñazio. (1987). Oñati Korpus eguna 1986. Oñatiko Udala, 41 or. ISBN DL. Vi-229/87..
  47. Oñatiko txistulari taldea. (1994). Txistua Oñatin. Txistulari (Euskal Herriko Txistulari Elkartea) 160, 19 or. ISBN LG. VI-607-77..
  48. (Gaztelaniaz) Don Miguel Eladio Diez y Umerez. (1931). Libro Registro de Actas y acuerdos de la Cofradía del Santísimo Sacramento llamado del Apostolado o de la Minerva. Iglesia parroquial de San Miguel Arcangel de Oñate, 190 or..
  49. Irizar, Iñazio. (1987). Oñati Korpus eguna 1986. Oñatiko Udala, 36 or. ISBN DL. Vi-229/87..
  50. Don Miguel Eladio Diez y Umerez. (1931). Libro Registro de Actas y acuerdos de la Cofradía del Santísimo Sacramento llamado del Apostolado o de la Minerva. Iglesia parroquial de San Miguel Arcangel de Oñate, 239,240 or..
  51. Don Miguel Eladio Diez y Umerez. (1931). Libro Registro de Actas y acuerdos de la Cofradía del Santísimo Sacramento llamado del Apostolado o de la Minerva. Iglesia parroquial de San Miguel Arcangel de Oñate, 243 or..
  52. a b (Gaztelaniaz) Don Miguel Eladio Diez y Umerez. (1931). Libro Registro de Actas y acuerdos de la Cofradía del Santísimo Sacramento llamado del Apostolado o de la Minerva. Iglesia parroquial de San Miguel Arcangel de Oñate, 181 or..
  53. a b kattalin. «Lehen aldiz emakumeek dantzatuko dute Oñatin Korpus egunean» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-21).
  54. (Gaztelaniaz) Mendizabal Mujika, Martin. (2002). Las Monjas de Santa Ana de Oñati. Cinco siglos, tres casas, una misión. Ediciones Franciscanas Arantzazu, 258 or. ISBN 84-7240-191-X..
  55. Irizar, Iñazio. (1987). Oñati Korpus eguna 1986. Oñatiko Udala, 35 or. ISBN DL. Vi-229/87..
  56. (Gaztelaniaz) Don Miguel Eladio Diez y Umerez. (1931). Libro Registro de Actas y acuerdos de la Cofradía del Santísimo Sacramento llamado del Apostolado o de la Minerva. Iglesia parroquial de San Miguel Arcangel de Oñate, 185 or..
  57. (Gaztelaniaz) Mendizabal Mujika, Martin. (2992). Las Monjas de Santa Ana de Oñati. Cinco siglos, tres casas, una misión. Ediciones Franciscanas Arantzazu, 247 or. ISBN 84-7240-191-X..
  58. Irizar, Iñazio. (1987). Oñati Korpus eguna 1986. Oñatiko Udala,, 43 or. ISBN DL. Vi-229/87..
  59. Ramirez de Okariz Telleria, Iñigo. (1994). Oñati Gure Herria. Oñatiko Udala, 157 or. ISBN 84-606-1903-6..
  60. Irizar, Iñazio. (1987). Oñati Korpus eguna 1986. Oñatiko Udala, 55-60 or. ISBN DL. Vi-229/87....
  61. a b Irizar, Iñazio. (1987). Oñati Korpus eguna 1986. Oñatiko Udala, 55-60 or. ISBN DL. Vi-229/87..
  62. Oñatiko txistulari taldea. (1994). Txistua Oñatin. Txistulari (Euskal Herriko Txistulari Elkartea) 160, 19 or. ISBN LG. VI-607-77..

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu