Moskuko metroa
Moskuko metroa (Errusieraz: Московский метрополитен, Moskovski metropoliten), Lur azpiko jauregia ezizenaz ezaguna, Moskuko lur azpiko garraiobide edo metroa da. Errusiako hiriburuaren gune asko lotzen ditu eta munduko metrorik erabilienetakoa da. Garraio sistemak Moskuko erdigunea eta bertako aldiriak lotzen ditu. Koltsevaia lerroak zirkulu baten gisan lotzen ditu gainontzeko lerro guztiak.
195 geltoki ditu eta 325,4 km luze da, lerro guztien batura eginda. Munduko hirugarren metrorik luzeena da, New York eta Londreskoaren ostean[1]. 1935an ireki zen eta ezaguna da geltokiek duten diseinuagatik. Errealismo sozialista izenaz ezagutzen den korrontearen hainbat artelan daude bertan.
HistoriaAldatu
Moskun metroa eraikitzeko lehendabiziko asmoak Errusiako Inperioaren garaikoak dira, baina Lehen Mundu Gerrak plangintza haiek eten zituen, Urriko Iraultza eta Errusiako Gerra Zibilarekin batera. SESBeko Alderdi Komunistak 1931ko ekainean erabaki zuen metroaren eraikitzea eta Lazar Kaganovitxek egin zituen lehendabiziko diseinuak. Horregatik, metroak haren izena eraman zuen, 1955. urtera arte (Metropoliten im. L.M. Kaganovitxa).
Lehendabiziko lerroa 1935eko maiatzaren 15ean ireki zen, goizeko 7etan, Sokolniki eta Park Kulturi geltokien artean. Smolenskaia geltokira zuzendutako adar bat zuen, eta 1937ko apirilean Kievskaia geltokira luzatu zen. Une hartan Moskova ibaia zeharkatzen zuen zubi batetik. Bigarren Mundu Gerra baino lehen beste lerro bi ireki ziren. 1938an Arbatskaia lerroa Kurskaia geltokira luzatu zen (egungo Arbatsko-Pokrovsjkaia geltokira – urdin ilun koloreko lerroa). 1938ko irailean, berriz, Gorkovsko-Zamoskvoretsakaia lerroa ireki zen, Sokol eta Teatralnaia bitartean.
Moskuko metroaren hirugarren plangintzak atzeratu egin ziren Bigarren Mundu Gerraren garaian. Metroaren bi atal abian jarri ziren Teatralnaia-Avtozavodskaia (hiru geltoki guztira, tunel baten bitartez Mosku ibaia zeharkatuta) eta Kurskaia-Izmailovski Park (4 geltoki). Moskuko setioaren garaian, 1941eko udazken eta neguan, aire-erasoen babesleku gisa erabili ziren geltokiak, eta Ministroen kontseiluak Maiakovskaia geltokira eraman zituen beren bulegoak. Stalinek hitzaldiak eman zituen publikoki hainbat alditan. Txistije Prudi geltokia harresiztatu, eta Aire Defentsa bertan egokitu zen. Gerraren ondoren, metroko laugarren eraikitze fasea hasi zen.
Gerra Hotzaren garaian, Arbatsakaia-Pokrovskaia lerroa eraiki zen. Bertako geltokiak oso sakonak dira, babesleku gisa erabili nahi baitziren gerra nuklear bat hasiko balitz.
EzaugarriakAldatu
Moskuko metroa 305,5 km luze da lerro guztien luzera batuta. 12 lerro eta 185 geltoki ditu guztira, eta astegun buruzuri batean 8 milioitik gora bidaiari mugitzen ditu batetik bestera. Hala ere, bidaiarien zirkulazioa lasaiagoa da asteburuetan. Moskuko metroa Errusiako federazioaren menpeko enpresa da. Geltokien arteko batez besteko distantzia 1800 metrokoa da: laburrena Delovoi Center eta Mezhdunarodnaia geltokien artekoa da (502 m) eta luzeena, berriz, Krilatsoie eta Strogino geltokien artekoa (6,627 m). Distantzia luzeei esker 41,55 km/h abiadura hartzen dute trenek batez beste.
Moskuko metroaren hasierako eraikitze lanetan 155 m-ko geltokiak diseinatu ziren, 8 bagoi gelditzeko adina leku egon zedin. Salbuespen bakarrak Filiovskaia lerroan daude, Delovoi Tsentr, Mezhdunarodnaia, Studentxeskaia, Kutuzovskaia, Fili, Bagrationovskaia, Filiovski Park eta Pionerskaia geltokietan zehazki, seina bagoi sartzen baitira bertako geltokietan. Hain zuzen ere, lerro horretako Filiovskaia geltokia ezaugarri hori betetzen ez duen bakarra da.
2., 6., 7., 9. eta 10. lerroek zortzi bagoirekin hornitutako trenak erabiltzen dituzte; 1., 3. eta 8. lerroetan, aldiz, zazpi bagoirekin osatutako trenak daude. Azkenik, 4., 5. eta 11. lerroetan, sei bagoikoak erabiltzen dira. Bagoi guztiak 19,6 metro luze dira, eta launa ate dituzte alde bietan.
Moskukoak sobietarrak izandako hainbat hiritako metroen antz handia du. Hau da, San Petersburgo, Minsk, Kiev, edota Budapest, Sofia eta Varsovia hiriko metroen antzekoa da.
LerroakAldatu
Moskuko metroaren lerroek ezaugarriok dituzte:
Izena | Kolorea | Izen errusiarra | Irekitze urtea | Azken luzapenak | Luzera | Geltokiak |
---|---|---|---|---|---|---|
Sokolnitxeskaia | 1 | Сокольническая | 1935 | 1990 | 26.1 km | 19 |
Zamoskvoretskaia | 2 | Замоскворецкая | 1938 | 2012 | 39.9 km | 21 |
Arbatsko-Pokrovskaia | 3 | Арбатско-Покровская | 1938 | 2012 | 45.1 km | 22 |
Filiovskaia | 4 | Филёвская | 1958 | 2006 | 14.9 km | 13 |
Koltsevaia | 5 | Кольцевая | 1950 | 1954 | 19.4 km | 12 |
Kaluzhsko-Rizhskaia | 6 | Калужско-Рижская | 1958 | 1990 | 37.8 km | 24 |
Tagansko-Krasnopresnenskaia | 7 | Таганско-Краснопресненская | 1966 | 2013 | 40.5 km | 21 |
Kalininskaia | 8 | Калининская | 1979 | 2014 | 19.7 km | 10 |
Serpukhovsko-Timirjazevskaia | 9 | Серпуховско-Тимирязевская | 1983 | 2002 | 41.2 km | 25 |
Liublinsko-Dmitrovskaia | 10 | Люблинско-Дмитровская | 1995 | 2011 | 28.0 km | 17 |
Kakhovskaia | 11 | Каховская | 1995 | 3.3 km | 3 | |
Butovskaia | 12 | Бутовская | 2003 | 2014 | 10.0 km | 7 |
Guztira: | 325.4 km | 195 |
Ikus gaineraAldatu
ErreferentziakAldatu
- ↑ Moskuko metroaren webgunea Mosmetro.ru
Kanpo estekakAldatu
- Webgune ofiziala (Ingelesez) (Errusieraz)
- Moskuko metroko argazki galeria (Ingelesez)