Loto sakratu
Loto sakratua edo Indiako lotoa (Nelumbo nucifera), batzuetan loto soilik, Nelumbo generoko landarea da, lore biribil handiak, zuriak eta usaintsuak ematen dituena[1]. Lotoa lore sakratua da ekialdeko erlijioetan (budismoa, brahmanismoa), non jainkoak loto-lorezko tronu batean irudikatzen diren. Loto sakratua Indiako lore nazionala da. Ospetsua da hazien bizitza luzea dela-eta, hamar menderen ondoren erne ahal direnak[2].
Loto sakratu | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Proteales |
Familia | Nelumbonaceae |
Generoa | Nelumbo |
Espeziea | Nelumbo nucifera Gaertner, 1788 |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | Nelumbis Semen (en) , loto hazi, loto errizoma, loto hosto, loto zeta eta loto sustrai olio |
Ez da nahastu behar Nymphaea alba loto-lorearekin[3].
Ezaugarriak
aldatuLoto sakratua landare urtarra da, bizikorra errizoma harro, lodi eta adartsuko zurtoinari esker, urmaelaren hondoan finkatutako tuberkuluak dituena.
Hostoak biribilduak dira eta, zehatzago esanda, nerbio erradial batez peltatuak: hosto peltatu batek hosto biribildu baten forma du, linboaren erdiari itsatsitako pezioloarekin, linboak pezioloa inguratzen duela. 50 cm-ko diametroa izatera hel daitezke, eta flotagarriak, lauak edo tenteak dira, uraren gainetik 75 cm-raino. Hostoen gainazala bereziki hidrofoboak dira. Sakonera gutxiko urak nahiago baditu ere, 2,4 metroko sakonera arte biziraun dezake [4].
Loreak zuri-arrosak dira, handiak, 15-30 cm-ko diametrokoak, eta hogei bat petalo dituzte. Pedunkulu luzeek daramatzate eta hosto altuenetara iritsi edo gainditzen dituzte. Termoerregulatzaileak ere badira: beroa sor dezakete 3O°C eta 36°C arteko tenperatura mantentzeko polinizazio-aldian [5]. Intsektu polinizatzaileak erakartzeko mekanismo bat izan liteke.
Fruitu konposatua lore-errezeptakulu haragitsuak osatzen du. ureztaontzi moko bat dirudi, 15-20 gelaxkakoa, eta horietako bakoitzak hur txiki baten tamainako akenioa du.
Loto sakratua landare garrantzitsua da txinatar medikuntza tradizionalean. Landarearen zati guztiak erabiltzen dira. Errizoma-aterakinak antidiabetes [6] eta antiobesitate[7] propoetateak ditu. Loto haziak fenoletan aberatsak dira eta propietate antioxidatzaile garrantzitsuak dituzte.
-
Zabaldu gabeko lorea
-
Zabaldu gabeko lorea
-
Lorea
-
Fruitua.
-
Hosto biribilak eta fruituak
Banaketa
aldatuLoto sakratua oso hedatua dago Asiako zati handi batean, non gaur egun eskualde bero guztietan dagoen, baina baita negu gorriak eta uda beroak dituzten eskualde kontinentaletan ere. Oso espezie zaildua da, jatorrian bere fenologiak klima epeletara egokituagoa dirudiena, klima tropikaltara baino. Baina landare hau gizakiak landatu eta erabili izan du milaka urtetan eta leku askotan bertakotu da. Beraz, espeziearen jatorrizko banaketa-eremua ez dago batere argi, bereziki egungo banaketa-eremuaren hegoaldean, India barne. Pleistozenoko glaziazioen aurretik, fosilek erakusten dute espezie hau batez ere Eurasiako eskualde epel guztietan bizi zela, baita mendebaldeko Europan ere, non glaziazio hauen ondorioz desagertu baitzen. Haren banaketak gorabehera handiak izan ditu klima-aldaketekin.
Gaur egun, modu naturalean Europa ekialdetik Asiaraino hedatua dago: Errusiako hegoaldean (Volgaren delta), Ekialde Hurbilean (Azerbaijan, Iran), Siberia ekialdean, Txina, Pakistan, Bhutan, Nepal, India, Sri Lanka, Laos, Japonia, Korea, Taiwan, Birmania, Thailandia, Vietnam, Kanputxea, Indonesia, Malaysia, Filipinak, Ginea Berria eta Australian. Gizakiak barreiatuta, Estatu Batuetan sartu da eta Europako hegoaldean (Errumania) naturalizatuta dago. Habitat naturalean, 0 eta 400 m bitartean bizi da.
Erabilerak
aldatuLoto sakratua landare apaingarria da batez ere. Japoniar lorategietan erabilia, Japonian bertan 80 barietate baino gehiago ezagutzen dira, horietako batzuk lore bikoitzak dituztenak. Loreen kolorea zuri garbituk karmin arrosara aldatzen da barietatearen arabera.
Fruitu lehortuak, ureztaontzi itxurakoak, sorta lehorren konposizioan erabiltzen dira. Sendabelarra ere bada, kosmetikan erabiltzen dena.
Loreak, haziak, hosto gazteak eta errizomak, baita pedunkuluak ere, denak dira jangarriak. Asian, petaloak batzuetan jan osagarri gisa erabiltzen dira, eta hosto handi eta biribilak, berriz, plater gisa. Korean, lotoz egindako infusioak daude, hala nola yeonkkotcha (연꽃차), loto zurizko petalo lehorrez egina, eta yeonipcha (연잎차), hostoz egina. Errizoma, nahiko zuntztsua eta zaporegabea, barazki gisa erabiltzen da.
Kulturan
aldatuLoto-loreak, dela edertasun deigarria dutelako, dela uraren «hondotik» sortzen direlako, ikur metaforiko bihurtu ziren Antzinako Egiptoko, Indiako eta Txinako erlijioetan. Indian, lotoa padma deitzen da, sanskritoz. Jainko-jainkosa nagusiak padma edo lotoetan jaio ziren. Padma hindua eredu da mandalak irudikatzeko edo txakrak konfiguratzeko. Txinan, Japonian eta tradizio budistak dituzten leku guztietan, erritu-otoitz berezi batek lotoa aipatzen du: om mani padme hum («Om bitxia lotoan hum!»).
Lotoa, Indiako arkitekturan eta artean oso irudikatuta dago, bereziki Rajasthango tenplu jainistetan. Indiako eta Vietnamgo lore nazionala da. Indiarrek loto lorea (padma) kreazioaren mitoarekin lotzen dute, eta Vishnu eta Brahma jainkoekin, baita Lakshmi eta Sarasvati jainkosekin ere. Lotoa beti izan da sinbolo jainkotiarra indiar tradizioan. Askotan, edertasun jainkotiarraren sinbolo gisa erabiltzen da. Adibidez, Vishnu askotan "loto-begia duena" bezala deskribatzen da. Loto petaloen zabaltzeak arimaren loraldia iradokitzen du. Bere edertasun garbiaren agerpenak, bere jatorri lohitsuetatik, promesa espiritual onbera irudikatzen du. Hindieraz, lotoak Kamal (कमल) du izena eta izen ezaguna da haurrentzat, baita bere neskentzako aldaerarekin: Kamala. Ikonografia hinduan, jainkoak loto-lore batean eserita irudikatzen dira maiz, edo eskuetan loto-lore bat dutela. Harivamsaren arabera, lotoa Vishnuren lehen agerraldia da [8].
Erreferentziak
aldatu- ↑ «loto». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2022-10-21.)
- ↑ (Ingelesez) Long life seeds. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2015-7-1).
- ↑ Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2003]
- ↑ (Ingelesez) Seiichi Nohara et Makoto Kimura. (1997). «Growth characteristics of Nelumbo nucifera Gaerm. in response to water depth and flooding» Ecological Research doi: . nohara1997 ISSN 1440-1703..[Betiko hautsitako esteka].
- ↑ (Ingelesez) R. S. Seymour et P. Schultze-Motel. (1998). «Physiological temperature regulation by flowers of the sacred lotus» Philosophical transactions of the Royal Society B : Biological Sciences doi: . seymour1998 ISSN 1471-2970...
- ↑ (Ingelesez) K. Mukherjee, K. Saha, M. Pal et B. Saha. (1997). «Effect of Nelumbo nucifera rhizome extract on blood sugar level in rats» Journal of Ethnopharmacology mukherjee1997 ISSN 0378-8741...
- ↑ (Ingelesez) Y. Ono, E. Hattori, Y. Fukaya, S. Imai et Y. Ohizumi. (2006). «Antioxidant activity of Nelumbo nucifera (sacred lotus) seeds» Journal of Ethnopharmacology ono2006 ISSN 0378-8741...
- ↑ (Frantsesez) André Couture. (2003-2004). «Variations sur le thème du lotus dans le Puskarapradurbhava du Harivamsa» Studia Asiatica. International Journal for Asian Studies couture2004 ISSN 1582-9111...