Leringo Konderria nafar jatorriko noblezia titulua da. Izena Lerin herritik datorkio. Egungo kondea Carlos Fitz-James Stuart da.

Leringo konde, Nafarroako kondestablearen armarria

Historia

aldatu

Karlos III.a Nafarroakoak sortu zuen, 1424ko abuztuaren 25ean, bere alaba Joanarentzat. Hau Luis Beaumontekoa Nafarroako kondestablearekin ezkondu zenez, titulu biak loturik geratu ziren. 1430 aldean, Nafarroako kondestable izena eman zitzaion antzinako Nafarroako Erresumako alferezari. Karguaren eginkizunak zehazgaitzak baziren ere, nagusiena Nafarroako Gorteetan Estamentu Militarraren (nobleziarena) burua izatea zen.

Karlos II.a Nafarroakoak 1379an Karlos Beaumontekoa bere iloba erresuma-alferez izendatu zuen. 1433an Luis Beaumontekoa bere semeak jarraitu zion, jadanik Nafarroako kondestable titulua erabiliz eta lehendabiziko Leringo kondea zena. Honek, Nafarroako Gerra Zibilaren garaian, Karlos Vianako Printzearen jarraitzaileak gidatu zituenez, hauek beaumontarrak izena hartu zuten. 1464an bere semea zen Luis III. Beaumontekoa, bigarren Leringo kondea izan zuen ordezkaria. 1508an bere iloba zen Luis bihurtu zen konde. Nafarroako konkistan Fernando Katolikoa lagundu zuenez, 1513an lurrak ez ezik Nafarroako kondestable titulua ere berreskuratu zituen.1520ean Karlos I.ak Vianako Printzeak emandako pribilegio berretsi zuen.

1530an Luis V. Beaumontekoak titulua jarauntsi zuen. Leringo kondea izan zen 1565ean hil arte. Kondesa berria Brianda Beaumontekoa zen, 1564an con Albako dukearen bigarren semea zen Diego Toledokoa ezkondu zuena. 1565ean Filipe II.a Espainiakoak Diego Nafarroako kondestable izendatu zuen. 1585 Diegoren anaia nagusia zen Fadrique oinordekorik gabe hil eta Alabako duke bihurtu zen.Ezkontza-hitzarmenetan tituluak ez batzea adostu arren, Brianda eta Diegoren semea zen Antonio Alvarez Toledokoa 1588an Leringo seigarren konde, Albako bosgarren duke eta Nafarroako kondestable bihurtu zen. Ordutik aurrera, titulua Albako etxearekin lotuta izan da.

Basailuak gobernatzeko eta ondareak administratzeko, kondestableak zenbait ofizial zituen Konderriko Alkate Nagusiak zuzenduta. Leringo kondeak, 1822 arte, konderriko herrietan Alkate Nagusia izendatzeko eskubidea izan zuen. Bertokoek Alkate edo ofizialekin arazoak izanez gero, Nafarroako epaitegietara jo behar izan zuten.

Kondeen zerrenda

aldatu
Zbk. Izena
I. Joana Nafarroakoa
II. Luis III.a Beaumontekoa
III. Luis IV.a Beaumontekoa
IV. Luis V.a Beaumontekoa
V. Brianda Beaumontekoa
VI. Antonio Álvarez de Toledo Beaumont

Tituluak

aldatu

1775. urtean Leringo kondeak titulu hauek zituen: Leringo kondea, Erresumako Kondestable eta Kantzelari Nagusia eta Larraga, Deikaztelu, Allo, Arroitz, Mendabia, Sesma, Carcar, Zirauki, Arruazu, Zare, Eslaba, Otxobi, Villamayor de Monjardin, Goldaratz, Deioko gaztelua eta Doneztebeko hiribilduen jauna.

1520an Espainiako handikien zerrenda egin zutenean, titulu hau jatorrizko handitasuna zutenen artean zegoen.

Geografia

aldatu
 
Kokapena.

Konderria Lerin, Carcar, Sesma, Mendabia, Andosilla, Deikaztelu eta Allo herriek osatua zen. Azken biek Jurramendiko eskualdean zeuden eta besteak Lizarreriko erriberan, hau da Jurramenditik Ebroraino zihoan.

Hona hemen eskualdeko biztanleria:

Urtea 1860 1900 1950 1970 1981 2007
Biztanleak 11.666 12.638 15.290 13.854 12.774 12.686

Kanpo estekak

aldatu