Santakrizko aztarnategia

erromatar eta beste garaitako aztarnategi arkeologikoa, Eslaban kokatuta

Santakriz Eslaba herriko mendi edo muino bat eta bertako aztarnategia dira. Ingurune horretan Burdin Aroko herri harresitu bat dago mendiaren toki garaienean eta metro batzuk beherago erromatar garaiko hiri bat, baskoien lurraldean kokatzen zena. Zangotzako eskualdean dago, eta izen hori aztarnategia dagoen 544m.ko muino bati ematen zaio. Zaldinaga mendiaren oinean dago eta Eslaba herritik hegoaldera, Indusi ibiaren eskuineko ertzean. Aztarnategi honetan eta inguruetan, Nafarroako epigrafeen multzo esanguratsua aurkitu da[1].

Santakrizko aztarnategia
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaEslaba
Koordenatuak42°32′43″N 1°27′03″W / 42.54536°N 1.45094°W / 42.54536; -1.45094
Map
Arkitektura
Azalera12,5 ha
Ondarea
Santakriz
Datuak
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaEslaba
Koordenatuak42°32′43″N 1°27′03″W / 42.54536°N 1.45094°W / 42.54536; -1.45094{{#coordinates:}}: cannot have more than one primary tag per page
Map
Azalera12-13 hektarea
Historia
GaraiaAntzinako Erroma eta Burdin Aroa
Garaia(k)Antzinako Erroma eta Burdin Aroa
KulturaErromatarra eta baskoia
Indusketa
ZuzendariakJavier Andreu Pintado
BisitagarriaBai
https://www.santacrizdeeslava.com/

Gaur egun, Javier Andreu Pintado historialari nafarra, arkeologoak eta Nafarroako Unibertsitateko irakasleak zuzentzen duen taldeak ikertzen du. Ikerlari horrek zuzentzen du aldi berean, baskoien lurraldeetan zegoen Zaragozako Los Bañales aztarnategia.

2016ko abuztuaren 24an, Nafarroako Gobernuak Santakrizko hiriaren aztarnak Kultur Intereseko Ondasun (KIO) izendatu zituen[2][3].

Indusketen historia aldatu

Aztarnategia 1917an aurkitu zuen Juan Castrillo apaizak[4]. Rosa María Armendariz eta Maria Pilar Sáez de Albeniz arkeologoek eremu osoaren prospekzioa egin zuten 1994. urtean. 1995 eta 1996. urteetan indusketa egiteko baimena jaso zuten, eta zundaketak egin zituzten Foroan, nekropolian eta Burdin Aroko herrian. Geroago, 2016an, Induskatutako eremuari balioa emateko proiektua aurkeztu zuten[5].

Geroago, indusketak berriz egiten hasi ziren Javeir Andreu historialariaren gidaritzapean.

Izena eta kokapena aldatu

Santa-Crís edo Santa Crís bezalako izenak iturri askotan aipatu badira ere, gaur egun izen ofiziala Santa Criz de Eslava da. Eslabako udal mugen barruan dago, Zangozako merindadean, Nafarroako ekialdeko erdialdean. Eslabako kaskotik 2 km. eskasetara dago. Galipentzu distantzia berera dago eta Iruñetik 50 kilometro ingurura. Halaber, Tafalla eta Zangoza arteko bidearen erdian dago, NA-132 errepidearen gainean.

Gaurko egunean badago aukera autoarekin aztarnategiaren sarreraraino joateko, bide osoa asfaltaturik baitago eta, gainera, bertan aparkaleku bat egin baitute. Dena dela, merezi du ibilgailua Eslaban edo aztarnategirako bidearen hasieran uztea eta Santakrizeraino oinez joatea; ordu erdiko paseo polita da, olibondo artekoa.

Historia aldatu

K.a. 195. urte inguruan izanen zen, Erromako armadak, ordurako Penintsulako iparraldean zeudenak, Indusi ibaiaren ertzeko mendixka malkartsu baten gainean zegoen kastro baskoi batekin kontaktuan jarri zirenekoa.[6] Santakrizetik gertu dauden Uxue (6 km) eta Lerga (4,6 km) herrietan aurkituriko erromatar inskripzioetan agertzen den antzinateko euskararen oihartzunek —Lacubegi jainkoa, Abisunharis eta Narhungesi antroponimoak, eta umme sahar kalifikatibo edo pertsona izena— oinarria ematen dute aipaturiko kastro horretako biztanleak baskoiak zirela pentsatzeko.

Kastroaren azalera bikoiztu zen erromatarren garaian, 13 hektarea inguru hartzeraino. Fuente del Moro iturriaren eta Pisaldeko sakanaren presentziak uraren hornidura bermatuko zuten, Aragoi haranak Pirinioekiko eta Ebroko haranarekiko komunikazioak baimentzen zituen bitartean.[6]

Santakrizko hiri erromatarrak I. eta II. mendeetan izan zuen loraldia, baina itzaltzen joan zen gero, eta geroago berriz biziberritu. Dena dela, ez dago argi antzinate berantiarrean (IV. eta V. mendeak) zer indar izan zuen, baina jakina da han bazela jendea, hiri zaharreko aurrien gainean.

Ez da ezaguna antzinatik Santa Criz hagiotoponimo[oh 1] misteriotsuarekin deitua izan den hiriaren erromatar izena. Pentsatu izan da Nemanturista edo Biturís izan zitekeela, biak aipatzen baititu Ptolomeok K.o. II. mendeko baskoiei esleitutako hirien artean. Bi hipotesiak, tamalez, ezin dira oraindik berretsi[6].

Erromatar hiritik gertu, gorago aipatu bezala, muino baten gainean, Burdin Aroko herri baten zantzuak daude, baina oraindik ez da ikertu.

Galeria aldatu

Oharrak aldatu

  1. Santu baten izena duen toponimoa.

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) Andreu Pintado, Javier. (2018). «El hábito epigráfico entre los vascones antiguosSanta Criz de Eslava como paradigma» Príncipe de Viana 79. zenkaidun urtea, 22 Zk. (Ejemplar dedicado a: Viejos y nuevos espacios de frontera): 1007-1026. ISSN 0032-8472..
  2. «Santa Crizko (Eslaba) eta Los Cascajosko (Los Arcos) aztarnategiak kultur intereseko ondasun izendatu dira» www.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
  3. «ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2016ko abuztuaren 24an hartua, interes kulturaleko ondasun deklaratzen duena Santa Crizko hiri erromatarra izeneko eremu arkeologikoa (Eslaba)» Nafarroako Aldizkari Ofiziala (Iruñea: Nafarroako Gobernua) 173: Iragarkiaren kodea: F1609806. 2016ko irailaren 6a.
  4. (Gaztelaniaz) «Santa Criz de Eslava» Santa Criz de Eslava (Eslabako Udala eta Nafarroako Unibertsitatea) (Noiz kontsultatua: 2024-04-19).
  5. (Gaztelaniaz) Armendariz Aznar, Rosa María; Sáez de Albeniz, María Pilar. (2016). «Aproximación al paisaje urbano del yacimiento arqueológico de Santa Criz (Eslava)» Trabajos de arqueología de Navarra (Iruñea: Nafarroako Gobernua) separata, 28 ISSN ISSN-e: 2530-5816 0211-5174 ISSN-e: 2530-5816..
  6. a b c https://www.santacrizdeeslava.com/la-ciudad-prerromana/ 2020ko abenduaren 13an irakurria.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu