Kemiko historia (finlandieraz, Kemin historia edo Kemin kaupungin historia) Finlandia ipar-mendebaldean dagoen Kemi hiriaren historia da. Hiri honen lehenbiziko arrastoak historiaurrean aurki ditzakegu, baina aurreneko aipamena XIV. mendekoa dugu. Ordutik hainbat gertaera bizi izan ditu biztanle-gune honek eta Finlandiako historian bete betean parte hartu izan du; aipatzekoak dira, besteak beste, Gerra Zibileko garaia, Laponiako Gerra eta XX. mende erdialdean hirian izan ziren greba bortitz eta latzak (Kemiko Ostegun Odoltsua), hiriari "Punaisena Keminä" edo Kemi Gorria ezizena eman diotenak.

Lappira iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi zirenean iritsi zela uste da, k.a. 6000. urte inguruan. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoaren kostaldean ezarri zirenez batik bat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estua izan zuten. Nahiz eta oraindik iparraldeko jatorrizko biztanleen, samien jatorria ezezaguna den, badirudi tribu hauen eta beranduago (Harri Aroan) Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren ondorioa direla. Hasiera batean, hauen lurraldea Ozeano Artikoan hasi eta Finlandia, Norvegia eta Suedia erdialdean bukatzen zen eta ehizatik, fruitu-bilketatik eta arrantzatik bizi ziren gehienbat. Nomadak ziren, ehizakiaren atzetik ibiltzen zirenez, sasoiaren arabera bizilekuz aldatzen baitzuten. Inguruan aurkitu diren biztanle hauen aztarna zaharrenak Keminmaako Keski-Penikka muinoan aurkitu ziren; hiriaren mugetan aurkitu diren objektu zaharrenak, bestalde, I. mendekoak diren eta hegoaldeko tavastiar edo ekialdeko kareliarrek eramandako burdinezko tresna batzuk dira [1].

Kemi ibaiaren XVIII. mendeko marrazkia.

Testigantzarik ez dagoen arren, historialariek, lehen egonlekua suediarrek XIII. mende hasieran eraiki zutela uste dute. Egonleku hau, Botniako golko osoaren nagusitasuna bermatzeko edo Kemijokiren itsasadarretik ipar-ekialdeko Laponiako merkataritza-bideak kontrolatzeko eraikiko zuten segur aski. Hiriaren lehenbiziko idatzizko aipamena, aldiz, 1329. urteko Magnus Eriksson erregearen gutunean dago, antzinako Ostrobotnia eta Vestrobotnia probintzien arteko muga erabakitzen ari zela, "Kemi" izeneko herrixka bat aipatzen baitu erregeak. Gutun honetan, bi probintzien arteko muga Kemi ibaian ezarri zen eta, honela, herrixka, Ostrobotniaren barruan eta Turkuko artxidiozesiaren menpe gelditu zen. Herri honen lurraldea itsasadarretik Rovaniemira, eta bertatik Haukipudas herriraino iristen zen, eta parrokia honen erdigunea zen eliza nagusia, gaur egun udalerria den Keminmaan zegoen. Moskutarrek 1473an zurezko eliza zahar hau arpilatu zuten eta 1517an, azkenik, sute handi batek erabat suntsitu zuen. Horrela, gaur egun oraindik zutik dirauen eta Lappiko eliza zaharrena den Keminmaako harrizko eliza eraiki zuten hiru urte beranduago.

Hasiera batean suediarren aliatuak ziren birkarleak, Botniako badiaren ipar itsasertzaren eta Torne ibarraren jaun eta jabe izan ziren XIV. eta XVI. mendeen artean. Eskualde honetako merkataritzaren joan-etorriak kontrolatzen zituzten eta zerga-biltzaileak ziren; gaur egun herritar hauen nortasuna ezezaguna izaten jarraitzen duen arren, jakina da XVI. mendean eskualdearen eta Laponia osoaren garapena hein handi batean oztopatu zutela eta, azkenik, Erresumaren aurka matxinatu zirela. Mende erdirako garaituak izan ziren eta suediarrek, beren boterea sendotzeko, Torneå merkatal-hiria sortzea erabaki zuten. Hiri berria, Kemitik pare bat km-ra dagoen Torne ibaiaren itsasadarrean eraiki zuten eta, Torne ibarraz gain, Kemijokiko eta Laponiako ekonomiaren erdigune ere bilakatu zen. Ondorioz, Kemi, parrokia erraldoi baten jabe izaten jarraitzen bazuen ere, hiri nagusi baten alboan zegoen itsasertzeko herri txiki bat bihurtu zen. Arrantza-herri honen erdigunea Laurila herria zen, baina uda aldean, arrantzaleak Botniako badiako uharteetan zituzten egonlekuetara joaten ziren. Bertan, izokin eta sardinzar ospetsuak harrapatzen zituzten eta antzinako txalupen mugikortasun mugatuaren ondorioz, uharteetan gelditu behar izaten zuten sasoiaren zati handia. Selkä-Sarvi uhartean, esaterako, 300 biztanle zituen arrantza-herri bat bazen XVI. menderako [2].

Kemi hiria XX. mendearen hasieran.

Hurrengo mendeak Tornioren itzalpean igaro ondoren, XVIII. mendearen bukaeran, Finlandiaren kontrola izateko Suedia eta Errusiar Inperioaren arteko guduak iritsi ziren. Finlandiako Gerran, azkenean, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen finn nazionalismoaren laguntzaz eta Finlandia, Inperioko Dukerri Handi bihurtu zen. Muonio eta Torne ibaietan jarri zen muga berria, eta herritar asko, ibaiak igaro eta Suediara alde egin zuen. Krimeako Gerra hastearekin eta golkoko itsas-merkataritza etetearekin batera, Tornio hiriak ere bere garrantzia eta nagusitasuna galdu zuen eta, azkenik, merkatal-hiri tituluari uko egin behar izan zion. Kemi Errusiar Inperioaren mendebaldeko muturrean zegoenez eta itsasertzeko herria denez, tsarrak bertan mugako merkataritza garatzea erabaki zuen. Honela, Alexandro II.ak bultzatuta eta bereganatutako eskumen berriei esker, Finlandiako Dukerri Handiak Torniorekin batera Laponiako eta Ouluko probintzien garapena babestuko zuen hiri bat sortzea erabaki zuen Kemi ibaiaren itsasadarrean. Lindqvist arkitektoak disenatutako merkatal-hiria aurrera atera zen eta, azkenik, 1869. urtean, Kemi hiria sortu zen Sauvosaari uhartean. "Kaupunki" -"Hiri"- tituluak zeramatzan abantailei esker, merkataritza garatu eta hirian botere handiko burgesia eratu zen. Burgesia txiki honek, basogintza industriaren alde egin zuen eta 1893. urtean, Kemi Oy konpainia ospetsua fundatu zuen. Ekialdeko Lappiko baso hostotsu eta sakonetako enborrak Kemijokiren bidez iristen ziren hirira eta enpresak Laitakarin eraiki zuen zerrategian egur hori moldatzeaz arduratzen ziren, ondoren, salgaia Kemiko portutik esportatzeko. Industrializazio hau bultzatzeko, garraiobide berriak ere behar ziren eta horrela, azpiegitura berriak eraikitzen hasi ziren eskualdean; hala nola, Oulu hiriburuarekin bat egingo zuen Oulu-Tornio trenbidea 1903an bukatu zen, Ekialdeko Lappirekin batuko zuen Laurila-Kelloselkä trenbidearen lehen fasea Rovaniemin amaitu zen 1909an, eta Torne ibarrarekin lotuko zuen Kolariko trenbidea, aldiz, 23an iritsi zen Karunkira. Bestalde, Kemi ibaiaren arroaren inguruan sortu zen urre grinak ere, diru asko mugiarazi zuen garaian eta horrela, hiriaren lehenbiziko urre-aroa hasi zen. Ordukoak ditugu Kemiko eliza, Lappi eskualdeko lehenbizikoa izan zen eskola, antzinako udaletxea, tren-geltokia eta portu zaharra [3][4][5].

XX. mende hasieran, Iraultza ondoren Errusian zebilen giro nahasiari probetxu atera nahian, finlandiarrek independentzia aldarrikatu zuten 1917an. Independentzia kontuan finlandiar gehienak ados zeuden arren, bi alderdi nagusienen botere nahiak herrialdea Gerra Zibilera bultzatu zuen. Oulu, Tornio eta Kemi, Sobiet Batasunaren laguntza zuen Armada Gorriak kontrolatzen zuen Finlandia iparraldeko eremu bakarra zen. Hiri hauetako herritar gehienak industrian ziharduten langile sozialistak zirenez, Gerra Zibila deklaratu zen unean bertan, hiria Armada Gorriaren menpe ezarri zen. Gerra Zibila galdu ostean, Finlandia herrialde subirano bihurtu zen eta administrazio berriak, Ouluko probintzia zatitu, Lappiko probintzia berria sortu eta Rovaniemi hiriburu izendatu zuen 1938an. Hiriburu berriak Kemik edo Torniok zuten nagusitasuna ez zuen arren, izendapen horren arrazoi ofiziala, hiriburua, Petsamoko nikel-meatzea kontrolatzeko gai zen hiria izango zela izan zen. Askoren ustez izendapen horrek kutsu politikoagoa zuen, bi hiriek Gerra Zibilean Armada Gorriari laguntza eman baitzioten; dena den, iparraldera zuzendutako azpiegitura berri guztiak Rovaniemira iristen hasi ziren itsas hirien kaltetan [6].

Soldadu finlandiarrak Tornioko guduan (1944).

Herrialdea berpizten hasi zenean, urte batzuk geldituta izandako hiriko industriak garatzeari ekin zion berriro ere. 1920ko hamarkadan beste enpresa berri bat sortu zen, Veitsiluoto Oy ospetsua. Laitakari uhartean zegoen zerrategia ere, izandako hiru sute handiekin batera, handitzen eta eraberritzen joan zen, eta industriak izandako iraultzagatik batik bat, hiriko biztanleriak gorakada izugarria izan zuen; Kemi, 3.500 biztanleko herria izatetik 17.000 biztanle izatera pasa zen. 1939. urtean, Ajos uharteko portu berria eraikitzen bukatu eta Kemi-Tornio aireportua ireki zuten; 30eko hamarkada oparotasunaren garaia izan zen. Hiriaren bigarren urre-aro honetan, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Hirugarren Reicharekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak eta Suediar Boluntarioen Taldea hirian egokitu ziren eta Botniako golkoaren defentsa antolatzeari ekin zioten. Kemitar gehienak August Mäkiniemi koronelaren agindupeko 27. Infanteria-erregimentuan zeuden. Hain zuzen, JR 27ak Neguko Gerran borrokatu eta Raateko guduko garaipenenean bete betean parte hartu zuen. Aipatzekoa da sobietarrek ez zutela hiria behin ere bonbardatu, ez erasotu Neguko eta Jarraipenaren gerretan. Dena den, joera hau Laponiako Gerrarekin aldatu zen. Hain zuzen, Finlandiak SESBekin Moskuko armistizioa izeneko bake-akordioa sinatu zuen, eta horrek, alemaniarrak Finlandiar lurretatik botatzea eskatzen zuen. Laponiako Gerra hasi zen. Lappin zeuden 200.000 soldadu alemaniarrek bizilagun den Norvegiara, Reicharen herrialde satelitera alde egitea pentsatu zuten, baina ihes egin baino lehen, Lothar Rendulic ofizialak probintzia osoa suntsitzeko agindua eman zuen. Kemi eta Tornioko portu estrategikoak ziren probintziako azpiegitura baliotsuenak eta, hain zuzen, bertan izan zen gerra osoko bataila odoltsuena, Tornioko gudua. Kemiren okupazioaren ostean, 1944ko urri hasieran izan zen Tornioko gudua eta bertan, guztira, bi mila soldadu alemaniar eta finlandiar hil ziren eta Kemi eta Tornio bizilagunak errauts-hiri bihurtu ziren. Alemaniarrak eta hiriak galtzaile nagusiak izan ziren, baina finlandiarren garaipenak, behintzat, hirien berreraiketa arindu zuen. Gudu honetan, alemaniarrek 132 kemitar zibil bahitu zituzten eta hauek hiltzeko mehatxua egin zuten. Dena den, azkenean, bahituak urriaren 11ean askatu zituzten eta bahitzaileak, aldiz, fusilatuak izan ziren [7][8].

Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak izugarrizko hazkuntza izan zuen ekonomikoki eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. Hasiera batean, Mundu Gerran Rovaniemi hiriburua erabat suntsituta izan zenez, Kemik Lappiko hiriburu administratiboaren funtzioa bete zuen. Dena den, funtzio hau berreraiketa lanek iraun zuten bitartean baino ez zuen bete, 1945etik 1947ra.

Sauvosaariko Leipätehdas Kulturetxea.

Hamarkada hau, oso gogorra izan zen langileriarentzat, hala nola, 1949ko uztailaren 1ean, Gizarte Gaietako Ministerioak Kemi Oy enpresa langileen %30-40 kaleratzera behartu baitzuten. Honela, 260 bat langile bidali ostean, hiriko gertaera lazgarriena bizi izan zen, Kemiko Ostegun Odoltsua. Kaleratzeen ostean, grebak bizitu egin ziren. Poliziaren eta langileen artean giroa nahastu egin zen eta SKP alderdi komunistak esku-hartu eta Kemiko langile guztiak bildu zituen abuztuaren 18an ospatu zen manifestazioan. Manifestazio baketsu bat zirudien ekitaldia sarraskia bihurtu zen. Polizia armatua, ekitaldia sakabanatzeko asmoz, tiroka hasi zen eta tiroketa horretan, bi grebalari hil ziren; Felix Pietilä ospetsua, eta kotxe baten azpian harrapaturik gelditu zen Anni Kontiokangas gaztea. Hilketa hauen 127 erantzuleak epaituak izan ziren arren, Alderdi Komunistak eta Kemiko herriak ez zuten epaia nahikotzat jo. Alderdi Komunistak udal hauteskundeak irabazten zituen behin eta berriz eta horregatik, 50eko hamarkada guztian, sobieten aldeko taldeek greba eta buruhauste handiak eman zizkioten poliziari inguruan. Muturreko alderdi ezkertiarrak legez kanpo utzi zituen Gobernuak eta iraultza saiakera ugari izan zen bertan. Hain zuzen, hiriak gaur egun oraindik mantentzen duen "Punaisena Keminä" izengoitia irabazi zuen, Kemi Gorria euskaraz. Industria automatizazioak eta mekanizazioak kaleratze asko ekarri zituzten hurrengo bi hamarkadetan eta hiriak ezin izaten zuen langabe horiei lanpostua emango zieten enpresa berriak erakarri. Dena den, 1964an Tornion eta Outokumpu Oyj enpresak 1968an Keminmaan ireki zituzten altzairu herdoilgaitz fabrika eta kromo-meatzea nahikoak izan ziren langabezia krisiari aurre egiteko. 67an hiriak inoiz baino biztanle gehiago zituen, 29.830 lagun. Hala ere, 1970eko hamarkadako krisiaren ondorioz, biztanle-kopurua gutxinaka jaisten hasi zen gaur egunera arte [9][10].

Hiriko azpiegitura nagusiak hemendik aurrera iritsi ziren, hala nola, 1965. urtean Kemi-Tornio Ardatzeko Länsi-Pohja Ospitalea ireki zen. Gainera, kultura tradizio handiko hiria denez, Udalak hiru fasetan Kemi eraberritzea pentsatu zuen; horrela, 1977. eta 90. urteen artean, Arte Museoa, Liburutegi Nagusia, Auditoriuma eta Kulturetxea eraiki zuten. Bestalde, 1997. urtean, Kemi-Tornioko Zientzia Aplikatuen Unibertsitatea eta Meri-Lappi Institutua ere ireki ziren. 1990ean, azkenik, gaur egun 500 langile gaitu dituen Digipolis Kemin Teknologiakylä edo Teknologia Zentroa ireki eta Perämeri Parke Nazionala sortu zen [11][12][13].

90eko hamarkadan izan zen krisialdi ekonomikoaz gero, industria garai berrietara moldatu zen. Enpresen fusioak izan ziren; Kemi Oy eta Veitsiluoto Oy, gaur egun zelulosa orea ekoizten duten nazioarteko bi enpresa nagusiekin bat egin zuten, Metsä-Botniarekin eta Stora Ensorekin hurrenez hurren. Udalak hirian beste sektore batzuk garatzearen aldeko apostua egin zuen eta negu-turismoa bultzatzea erabaki zuen. Gaur egun, turismoak diru-sarreran duen pisua hazten ari den arren, industria ezinbestekoa izaten jarraitzen du eta hiriko ekonomia guztiz baldintzatzen du. Kemi-Tornio Ardatza Lappiko BPG per capita handiena duen azpieskualdea da; Finlandiako bosgarrena Mariehamn, Helsinki, Salo eta Loviisa ondoren [14][15][16].

Bibliografia aldatu

  • Hedman, Ossi: Kemin kaupungin historia. 1. osa. Tampere: Kustannusosakeyhtiö Sanan Tien kohopaino, 1969.
  • Hedman, Ossi: Kemin kaupungin historia. 2. osa. Kemi: Pohjolan Sanomat Oy, 1966. ISBN 951-99060-1-0.
  • Huusko, Jorma et al.: Lapin rakennusperintö. Oulu: Kirjapaino Oy Kaleva, 1984. ISBN 951-9152-74-1.

Erreferentziak aldatu

  1. Lapin esihistoria 2010.12.21
  2. Perämeren kansallispuisto Perämeren kansallispuisto, Luontoon. 2011.01.19
  3. Kemin seurakunta 2010.12.01
  4. Kemin sataman historiaa 2010.08.12
  5. Kemin historiaa 2010.12.02
  6. Suomen sotasurmat Historiaa. 2010.10.29
  7. Lapin historiaa 2010.11.02
  8. Lapin sota Rajajoki. 2010.11.02
  9. Kemin veritorstai 2010.11.29
  10. Kemin historiaa[Betiko hautsitako esteka] Vuosiluvut. 2010.11.29
  11. Kemin kulttuuri[Betiko hautsitako esteka] 2010.11.30
  12. Kemi-Tornion ammattikorkeakoulu 2011.02.08
  13. Kemin Teknologiakylä 2011.02.08
  14. Metsä-Botnia Kemin valmistaa. 2010.12.27
  15. Veitsiluodon tehtaat[Betiko hautsitako esteka] Valmistaa. 2011.12.17
  16. Elinkeinoministeriön tilastot[Betiko hautsitako esteka] 17.or. 2011.12.17

Kanpo estekak aldatu