Ireki menu nagusia

Aita Jose Domingo Ugartetxea Urkieta (jaiotzez, Franzisko Maria ; Markina-Xemein, 1888ko irailaren 23a - ib., 1980ko uztailaren 18a) musikari eta erlijioso bizkaitarra izan zen.

Jose Domingo Ugartetxea
Bizitza
Jaiotza Markina-Xemein1888ko irailaren  23a
Herrialdea  Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza Markina-Xemein1980ko uztailaren  18a (91 urte)
Jarduerak
Jarduerak musikaria eta apaiza
Sinesmenak eta ideologia
Erlijio-ordena Karmeldarrak

Gaztetatik musika ikasten ibili zen. Besteak beste Markinako Mesedeetako mojen elizan meza-mutil ibili zen, baita Xemeingo elizako koroan ere.

1905ean karmeldaren komentuan sartu zen profesa eginez, eta Aita Jose Domingo Santa Teresarena izena hartu zuen. Karmeldarren artean lan handia egin zuen eliz musika Erromatik zetozen arau eta eredu berrietara egokitzen. Gehienbat koroko musika berriztatzea izan zen bere zeregin aipagarriena. Karmeldarren musika berriztatzean ez ezik, elizaren musika Euskal Herrian berriztatzeko lan egin zuen, bereziki Gasteizko elizbarrutiko musika batzordean sartu zenean.

Musika pieza berriak sortzen hasi zen gaztetatik. 1904an, Avilako Teresaren jaiotzako laugarren mendeurrenean, "Oh, Teresa, los vascos te aclaman..." ereserkia konposatu zuen Avila eta Salamancara zihoazen erromesentzat. Bizitzako hainbat egoerei doinuak jarri zizkien, hala nola, etxeko eta senideen heriotzei, karmeldarren historiako gertakari garrantzitsuei...

Gasteizen zela, kantu gregoriarreko lanak egin zituen, Euskal Herrian eta Espainian gai horretan zegoen hutsunea betetzeko. Sasoi hartako da bere lehenengo Gabon meza edo Missa Pastoralis, Euskal Herrian oihartzun zabala izan zuena.

Simon Bolivar Amerikako askatzaileari beste apaiz batzuek eginiko ereserkiari musika jarri zion. Geroago, musika horri ingelesezko berbak ezarrita Amerika osoan hedatu zen.

1930-1936 bitartean Iruñako karmeldarren buru izan zen eta horren ondoren Larreako komentura aldatu zuten. Espainiako Gerra Zibileko urteak bertan igaro behar izan zituen. Gerra ostean espetxerik espetxe ibili behar izan zen, abertzalea zela leporatuta. Espetxe aldia amaituta, Euskal Herritik kanpo egon behar izan zen, harik eta 1942rako Begoñara itzultzeko baimena eman zioten arte. 1967an Markinako karmeldarren komentura itzuli zen. Bertan egon zen 1980an hil zen arte.

Bere lanen artean aipa daitezke organoz eta harizko instrumentuz jotzeko Stabat Mater, biolin eta pianorako Suite Vasca, 1966an argitaratutako Eliz abestiak eta 1975eko Jainko Erriarentzat Meza Berria eta Agate deunaren abesti txorta, besteak beste. Horrez gain, musika herrikoia ere egin zuen euskaraz; aipagarriena Markinako kalejira (Goazen, bai, markinar danok...) izango litzateke.