Bakea eta Foruak
Bakea eta Foruak (gaztelaniaz: Paz y Fueros) egitasmo politiko bat izan zen, Jose Antonio Muñagorrik 1838an sortutakoa, Lehen Karlistaldia amaitzea helburu zuena. Euskal Herriko karlistak errenditzea proposatzen zuen, sistema forala errespetatzearen truke.[1]
Muñagorri
aldatuJose Antonio Muñagorri 1794an jaio zen Gipuzkoako Berastegi herrian. Bai aitona, bai aita, herriko eskribauak izan ziren, eta aita hiltzean hari egokitu zitzaion ofizioa betetzea.[2] Horretaz gain, hainbat negoziotan ibili zen, Leitzarango burdinolak kudeatzen batez ere. 1832an, Gasteiz eta Irurtzun arteko bidea egiteko lanetan ibili zen kontratista.[1]
1833an Lehen Karlistaldia hasi zen. Gerraren lehen urteetan karlisten aldeko agertu zen, eta bere burdinolek armada karlista hornitzen zuten. Tomas Zumalakarregik berak behin baino gehiagotan bisitatu omen zituen.[oh 1] Baina gerra luzatzeak kalte handia egion zion Muñagorriren ekonomiari. Izan ere, intendentzia karlista gero eta gehiago atzeratzen zen ordainketetan eta, ondorioz, bere langileei ordaintzeko dirurik ez zuen.[3][4]
Beraz, karlisten garaipena ezinezkoa zela ikustean, irtenbide baten bila aritu zen gerrarekin amaitzeko. Lagunak zituen, bai karlisten eta bai liberalen artean, eta hori zela eta, erraztasun handia izan zuen bai batzuekin eta bai besteekin hitz egiteko. Horrela, bai euskal karlistek eta bai euskal liberalek bakearen eta foruen aldeko aldarria egiten zutela ikustean, bi kontzeptu horien uztartzean ikusi zuen bilatzen ari zen irtenbidea.[2]
Gerrari amaiera emateko Bakea eta Foruak proposamena prestatu zuen. Hau da, karlisten errenditzea eta euskal sistema foralaren iraupena.[2] Lehenik buruzagi karlistekin batzartu zen Iturmendin, baina alferrik izan zen. 1837ko azaroan, berriz, Madrilera joan zen Eusebio Bardají Azara presidentearekin mintzatzera. Honek onartu zuen haren egitasmoa, eta miloi bat errealeko laguntza eman zion hura gauzatzen hasteko.[3][4]
Berastegiko aldarria
aldatu1838ko apirilaren 19an, Karlistaldia bosgarren urtean zegoelarik, Muñagorrik Bakea eta Foruak aldarria egin zuen Berastegin:[2]
« | Nafar eta gipuzkoarrok! Bost urte dira hondamen eta heriotza gure sorterriaren gainean dauzkagula. Gure lurraldean isuri den odola senideen odola dugu; su-emaile batzuek bultzatuta, printze baten alde borrokan ari diren anai kementsuen odola. Espainian errege izateko badaezpadako eskubideak dituen baten alde emanak. Zer eskatzen duzue? Zergatik eta zeinentzat ari zarete sutan? Bakea eta foruak. Hauek izan behar ditugu helburu! Handikiek errege-aulkia nahi badute, hor konpon!
Nafarroa eta beste hiru probintziak hainbeste adiskidetasun, odol, ohitura eta eskubidez elkartuak, beti beren buruaren jabe izan dira. Hemendik aurrera ere, ez genuke jauntxo zikin horien mendeko izan nahi. Agintzen ohituak eta behartsuen bizkar aberasten diren horien morroi. Gora gure askatasuna! Har itzazue armak! Bakea eta libertatea! Zaudete agintari berrien esaneko! |
» |
Berastegi, 1838ko apirilaren 19a.
Askatasunaren buruzagi nagusi den Muñagorri. |
Haren helburua gerrari amaiera ematea zen. Gerrak ez zuela ezer onik ekarriko, heriotza eta miseria, besterik ez, zabaldu zuen: “Ez gaitezen Ebroz haranzko karlisten esperantzetan bizi! Odol isurtze gazteen lorea galtzea eta anaiek anaien kontra borrokatzea, gauza tristea baita.. Gaztelak nahi duen erregea har dezala, guri foruak gordez gero, berdin baitzaigu edozein”. [2]
Mezu hori euskal lurraldeetan barrena hedatzeko bertsoak erabili zituen. Muñagorriren bertsoak bazter guztietara zabaldu, eta arras ospetsuak egin ziren, bai liberalen, bai karlisten artean:[2][5]
1) Muñagorrik diona
bere proklamian,
gerrak ondatzen gaitu
bostgarren urtian;
igaz jarrikan Carlos
Madrilko bidian,
bultza zuten atzera,
gerra bere oñian.
2) Agintari onenak
preso daduzkate;
euskalduna izatia
du bakoitzak kalte.
Tejeiro ta Maroto
guzien alkate:
Zer gizon oyetatik
espera gentzake.
3) Carlos agertu ezkero
probintzi auetan,
beti bizi gerade
neke ta penetan.
Naiz kendu guk deguna
beinere ezer eman;
Bost negar egiteko,
nunbait jaio giñan.
4) Semiak soldadu ta
preso gurasuak,
ezin pagaturikan
kontribuzyuak.
Trintxera lanetara
gainiera auzuak.
Dolorezkoak dira
gaur gure pausuak.
5) Kordoiz inguraturik
kostatik Ebrora,
trabaz gaude josirik
bera eta gora.
Atzenikan frantsesak
itxi du frontera.
Gerrak ez dakar onik
Iñundik iñora.
6) Atiak itxi eta
ogia garesti;
artua ari da
igotzen poliki;
dirua ezkutatzen da
egunero emendik.
Nola bizi garen bada,
arritutzen naiz ni.
Eskutitza Karlos Borboikoari
aldatuBerastegiko aldarriaz gain, eskutitz bat ere bidali zion Espainiako errege-nahi Karlos Borboikoari:[5][6]
« | Nire herriaren zorionak, Espainiaren zorionak, betebehar sakratu bat agindu didate. Biek bultzatzen naute gerra zibila amaitzeko bideak bilatzera, izurrite horrek dena suntsitzen baitu, inolako xederik gabe eta errukiaren ahotsa entzun barik. Hogeita hamar mila familia desagertu dira gure lurretik, eta beste ehun mila miseriarik gorrienean daude. Hondamendi hau, nahigabe hauek, zugatik etorri zaizkigu. Suntsipen hauek espainiar zintzo guztien bihotza urratzen dute. Ni deitua sentitzen naiz nire herria gerraren izugarrikerietatik urruntzera. Lortuko ote dut asmo noble hori aurrera eramatea? Heriotza izango dut aurkari bakarra; baina aurre egingo diot. Berorren Errege Gorentasunak erraz ulertuko du probintzia hauetatik irten behar duela. Zuk eta zure aholkulariek basamortu bihurtu dituzue; dolua erein duzue eta hilotzak pilatu. Lekuak hustu, bada, lehenbailehen. Bertan jarraitzailerik baldin baduzu, zorionak. Espainiako koroarako eskubidea baduzu, guk ez dugu horren aurka egingo; baina jakin ezazu guk, nafarrok eta bizkaitarrok, ez dugula inoiz beste erregerik aitortu gure foruak eta pribilegioak baizik. Errege izan nahi duzu? Joan zaitez, bada, erregetzat ezagutzen ahal zaituzten probintzietara; borrokatu, tronurako eskubidea duzula uste duten gizonen laguntzaz. Ezpatak erabaki dezala zu eta Isabelen artean; zu eta gainerako errege-nahi guztien artean; baina aurrerantzean ez espero izan probintzia salbuetsien ahaleginik. Odol gehiegi isuri da zure inguruko landare parasitoak elikatzeko. Uko egin nire ahotik atera den independentzia oihua itzaltzeko itxaropenari; nire ahotsa neure herrikide guztiena da; nire nahia haiena da. Gure haranek eta mendiek geure zinak errepikatuko dituzte. Utzi Nafarroako lurra; alde egin, jauna; guk bakea nahi dugu; atseden-egun batez gozatu nahi dugu. Eraman beste norabait zure arau hondatzaileak. Baina ez ahantzi Jainkoaren justiziak berdin zigortzen dituela printzeak nola gizarteko gizonik behartsuenak. Jainkoak gorde dezala Berorren Errege Gorentasuna urte askoan. |
» |
Armada independentearen kuartel nagusia. Berastegi, 1838ko apirilaren 19a
Sinatua: J. A. de Muñagorri. |
Ekintzak
aldatuMuñagorriren altxamenduak arrakasta txikia izan zuen. Armada xume bat bildu zuen, gehienbat bere burdinoletako langileek osatua. Buruzagitza karlistak Iturbe brigadierraren taldea bidali zuen haien aurka, eta jasandako porrotaren ondoren Sarara ihes egin behar izan zuten aterpe bila. Izan ere, Muñagorriren soldadu gehienak ez ziren sobera trebeak armak erabiltzen, eta horrek karlista etsaien mespretxua eta burla areagotu zituen. Horren oihartzuna dakarte orduko bertso hauek:[2]
Muñagorriren jendiak
sutan ez daude trebiak,
bila litezke hobiak.
Santa sekulan ez du gauza onik
hain gizon gogo gabiak,
endemas desertoriak,
diru bila ateriak,
aditu behar tziten beriak.
Saratik abiatuta Lastaola hartu zuten, Bidasoaren ezkerreko bazterrean, Bera eta Irunen artean. Bertan ezarri zuten beren kanpamendua, eta Gaspar Jauregi eta Lord Hay militarrek instrukzioa eman zieten. Madrilgo gobernuarekin akordioa bazuen ere, buruzagi liberalek mesfidantzaz hartu zuten Muñagorriren proposamena. Horregatik, Leopoldo O'Donnellek debekatu zion Luzaide hartzen saiatzea.[3]
Horiek horrela, 1838ko azaroaren 5ean Goizuetaraino iritsi ziren, Endara, Bianditz eta Artikutzan barrena, bidean areriorik aurkitu gabe. Bigarren sarraldia Urdazubin egin zuten, Olaburuan Nafarroako II. batailoiaren zati bat preso hartuz. Muñagorrik foruen aldeko eta gerraren kontrako mintzaldi bat eman zien gatibu karlistei, eta jarraian libre utzi zituen.[3]
Ikerlari batzuen arabera, Muñagorri nahasirik ibili zen Karlos errege-nahia Azkoitian bahitzeko egitasmoan. Talde txiki batek egin behar zuen ekintza hori, Ramon Elorrio sarjentua buru. Ondoren, Zumaiako portura eramanen zuten, Lord Hayren fragatan alde egiteko. Baina gobernu ingelesak galarazi zion Lord Hayri bahiketan parte hartzea, eta plana bertan behera geratu zen.[3][4]
Gerra amaiera
aldatuBitartean, gerra oso gaizki joan zen karlistentzat, eta 1839ko abuztuaren 31n, Rafael Marotok eta Esparterok Bergaran elkarri emandako besarkadak amaiera eman zion gudateari. Esparterok hauxe adierazi zuen: “Euskaldunak, ez izan beldur. Zuen foruak errespetatuak izanen dira, eta norbaitek haien aurka zerbait egin nahiko balu, ni izango nintzateke lehena nire ezpata ateratzen bere defentsan jartzeko”.[2]
Karlos errege-nahia Frantzian babestu zen, eta bertatik bere eskubideak aldarrikatzen jarraitu zuen. Horrekin batera, bigarren gerrarako bideak prestatzeari ekin zion. Muñagorri, politikagintzaz zeharo desengainatua, Berastegitik gertu zeukan Zumarrestako olara erretiratu zen. 1841eko urriaren 14an, Ramon Elorrio Zumarrestan agertu zen zenbait soldadurekin, Muñagorri preso hartu eta hil zuen emaztearen aurrean.[2]
Oharrak
aldatu- ↑ Joxemiel Bidadorren arabera, bai heziketaz, bai adiskideengatik, Muñagorrik joera liberala zuen. Baina, Berastegi karlisten eremuan baitzegoen, kausa karlistaren zerbitzura jarri zituen bere burdinolak.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b Jose Antonio Muñagorri (1794-1841). zumalakarregimuseoa.eus (Noiz kontsultatua: 2024-10-24).
- ↑ a b c d e f g h i Aurkenerena, Joseba. Muñagorri, bakea eta foruak. Zuzeu, 2020ko urriak 11, CC BY-SA 3.0, zuzeu.eus (Noiz kontsultatua: 2024-10-25).
- ↑ a b c d e Bidador, Joxemiel. La proclama 'Paz y Fueros' de Muñagorri. Diario de Noticias, 2002ko urriak 13, leitzaran.net (Noiz kontsultatua: 2024-10-25).
- ↑ a b c Iztueta Armendariz, Paulo. Berastegi 2 Gatazken tenorean. Utriusque Vasconiae, addi.ehu.es (Noiz kontsultatua: 2024-10-25).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ a b Zavala, Antonio. Karlisten leenengo gerrateko bertsoak. Auspoa, 328–354 orrialdeak, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-10-26).
- ↑ Exposición de Muñagorri á D. Carlos. Gaceta de Madrid, 1838ko apirilak 19, boe.es (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).