José Manuel de Goyeneche

militar eta diplomatikoa
José Manuel Goienetxe» orritik birbideratua)

José Manuel de Goyeneche y Barreda[oh 1] (Arequipa, Peruko Erregeorderria, 1776ko ekainaren 12a - Madril, 1846ko urriaren 10a),[1] Huaquiko lehenbiziko kondea eta Espainiako handikia, Espainiar Inperioko militar eta diplomatikoa izan zen. Ameriketako Espainiar lurraldeen independentzia gerretan nabarmendu zen, Espainiako monarkiaren alde.[2]

José Manuel de Goyeneche

diputatu



Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua



Espainiako senataria

Bizitza
JaiotzaArequipa1776ko ekainaren 13a
Herrialdea Espainia
 Peru
HeriotzaMadril1846ko urriaren 10a (70 urte)
Hobiratze lekuaSan Isidroko hilerria
Familia
AitaJuan Goienetxe Agerrebere
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta militarra
Zerbitzu militarra
Adar militarraPeruko Errege Armada
Graduajeneral
Parte hartutako gatazkakAmeriketako Espainiar lurraldeen independentzia gerrak

Find a Grave: 106347631 Edit the value on Wikidata

1808an, Baionako abdikazioen ostean, Sevillako Batzarrak Rio de la Platako eta Peruko erregeorderrietara bidali zuen, Fernando VII.aren eskubideak babestera. 1809ko ekainean, Cuscoko Errege Auzitegiko presidente izendatu zuten. Peru Garaiko independentziaren aurka borrokatu zen, eta aurre egin zien Río de la Platakoen inbasioei. 1811n, matxinatuen aurkako garaipena lortu zuen Huaquin. Tropen aginteari uko eginik, Espainiara itzuli zen 1814an, eta hainbat ohore jaso.[1]

Lehenbiziko urteak

aldatu

José Manuel de Goyeneche y Barreda Arequipan jaio zen, Peruko Erregeorderrian, 1776ko ekainaren 12an. Aita, Juan Goienetxe Agerrebere, Baztanen sortutako militar eta merkataria zen; ama, Maria Josefa de Barreda y Benavides, Peruko familia aberatsenetako baten alaba; eta amaren aldeko aitona, Nicolas de Barreda, landa mariskala.[2]

1783an martxoaren 3an, zortzi urte besterik ez zuela, Arequipako Milizia Erregimentuan sartu zen, kadete gisa, eta urte horretako abenduaren 12an teniente mailara goititu zuten Camanako Zalditeria Erregimentuan. Baliteke aitak erregimentuko gastuen zati bat bederen ordaintzea; horrek azal dezake ofizial mailara horren gazte igo izana.[3]

Oinarrizko hezkuntza Arequipan hartu ondoren, 1788an Sevillara joan zen ikasketak osatzera. 1795ean amaitu zuen Filosofiako doktoregoa hiri horretako unibertsitatean. Karrera militarra ez zuen alboratu, eta 1795eko abenduan kapitain maila eskuratu zuen Estatuko Granadarien Erregimentuan; zalantzarik gabe, Konbentzioaren Gerran haren familiak Espainiako Koroari egindako diru-emaitza handiek erraztu izanen zuten maila igoera hori.[3]

1802an, Europan zehar bidaiatzeari ekin zion, Prusiako, Austriako eta Frantziako armaden antolaketa militarra eta taktikak ikertzeko. 1805ean, Espainiara itzulitakoan, Memorias del viaje por Europa idazteaz gain, gaztelaniara itzuli zuen Prusiako armadaren eskuliburua. 1806an, "Sobrinos de Aguerrevere y Lostra" Sevillako merkataritza-konpainiaren sortzaileetakoa izan zen.[2]

Rio de la Plata eta Peruko egonaldia

aldatu

1808ko maiatzeko Baionako abdikazioek Josef Bonaparteren esku utzi zuten Espainiako erregetza. Maiatzaren 14an, Joachim Murat frantziar jeneralak Peruko erregeordearengana bidali zuen Goyeneche, penintsulan gertatutakoaren berri ematera, Josef erregeari leial izan zekion. Beraz, Cádizerantz abiatu zen, Ameriketara joateko prest.[3]

Maiatzaren 27an, ordea, frantziar okupatzaileen aurkako altxamendua gertatu zen Sevillan. Horiek horrela, Goyenechek beste alderdira pasatzea erabaki zuen. Sevillako Biltzar Gorenarekin batzartu zen, eta bere burua eskaini zuen Rio de la Platako eta Peruko erregeorderrietara joateko, bai, baina Fernando VII.aren eskubideak babestera. Biltzar Gorenak onartu zuen haren eskaintza, eta Ameriketara bidali zuen, brigadier eta Espainiako legezko gobernuaren ordezkari ahalguztidun izendaturik.[3][1]

Ekainaren 15ean Carmen goletan ontziraturik, abuztuaren 19an lehorreratu zen Montevideon. Francisco Javier Elio gobernadorearekin elkarrizketatu ostean, Buenos Airesera joan zen, eta Santiago de Liniers erregeordearekin batzartu. Irailaren 22an, Peru Garairantz abiatu zen; Potosí, Chuquisaca, Oruro eta La Paz bisitatu ondoren, Peruko Erregeorderrian sartu eta 1809ko ekainaren 8an sorterrira, Arequipara, heldu zen.[3]

1809ko ekainean, Liman hilabete batzuk igarota penintsulara itzultzekotan zegoela, José Fernando de Abascal erregeordeak Cuscoko Errege Auzitegiko presidente izendatu zuen.[3] Kargua hartu orduko, Chuquisacan eta La Pazen gertatu berriak ziren altxamenduak erreprimitzera bidali zuen Abascalek. Urriaren 24an sartu zen La Pazen, eta gogor zapaldu zuen matxinada.[2] 1810eko apirilean itzuli zen Cuscora.[3]

 
Santiago de Liniers erregeordea

1810eko maiatzean, Buenos Airesko iraultza independentista gertatu zen. Matxinoek Liniers fusilatu eta gero, Abascalek Goyenecheri agindu zion Peru Garaiko armada prestatzeko. Zazpi hilabetez entrenatu zituen soldaduak, sei mila inguru, bertako milizianoak gehienak. 1811ko ekainaren 20an, garaipen erabakigarria erdietsi zuen Huaquiko guduan Río de la Platako independentisten aurka.[1] La Paz, Oruro, Cochabamba eta Potosin sartu ostean, Peru Garaiko zatirik handiena okupaturik zuen 1811ko irailerako.[2]

Hala ere, Cochabamba berriz altxatu zen hurrengo urteko udaberrian, eta Goyenechek hiria arpilatzeko agindua eman zuen zigor gisa. Horretaz gain, armadaren abangoardia hegoalderantz bidali zuen, Pío Tristán buru, Buenos Airesko matxinoen aurka. Pío Tristán ia borrokatu gabe sartu zen Jujuyn eta Saltan, baina irailaren 24an, Tucumánen, independentistek aurre egin zioten. Hil eta zauritu asko izan ondoren, armada erregezaleak Saltara erretiratu behar izan zuen. Baina han ere eraso zieten buenosairestar osteek, Manuel Belgrano buru zutela, eta erabat garaituak izan ziren 1813ko otsailaren 20ko Saltako guduan; izan ere, preso erori zen Tristánen armada osoa.[3]

Egoera larri horretan, Goyenechek ihes egitea erabaki zuen: Potosiko kaserna bertan behera utzi, eta Oruron babestu zen. Ondoren, Abascali idatzi zion, indar gehiago eskatuz; bestela, kargutik kentzeko galdegin zion. Erregeordeak, haserre, haren kargu-uztea onartu zuen. Era horretan, 1813ko maiatzaren 22an utzi zuen Peru Garaiko armadaren buruzagitza, Joaquín de la Pezuelak ordezturik.[3]

Azken urteak

aldatu

1814an, espainiar tropen buruzagitzari uko egin eta gero, Iberiar penintsulara itzuli zen. Hainbat ohore eta kargu jaso zituen bertan, hala nola, teniente jeneral gradua, Huaquiko konde titulua eta bizi bitarteko senatari izendapena.[1] 1846ko urriaren 10ean hil zen Madrilen, ezkongabe eta ondorengo zuzenik gabe.[3]

Oharrak

aldatu
  1. EIMAko Onomastika irizpideak, 56. or: "Euskal herritar ez direnen euskal deiturak ez dira egokituko".

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e Goyeneche Barreda, José Manuel (1776-1846). pares.mcu.es (Noiz kontsultatua: 2023-12-21).
  2. a b c d e Malamud, Carlos D.. La consolidación de una familia de la oligarquía Arequipeña: los Goyeneche. revistas.ucm.es (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  3. a b c d e f g h i j Albi de la Cuesta, Julio. José Manuel de Goyeneche y Barreda. Real Academia de la Historia, dbe.rah.es (Noiz kontsultatua: 2023-12-22).

Kanpo estekak

aldatu