José Eduardo dos Santos
José Eduardo dos Santos (Luanda, 1942ko abuztuaren 28a - Bartzelona, 2022ko uztailaren 8a) angolar politikaria izan zen. Angolako Errepublikako presidentea izan zen 1979-2017 bitartean.
Bizitza
aldatuAngolako Errepublikako presidentea 1979tik 2017ra. Aurreko presidente António Agostinho Netoren politika marxista-leninista pixkana-pixkana ordezkatzen joan zen, eta sozialismo demokratikoa ezarri zuen. Angolaren Askapenerako Herri Mugimenduko (AAHM) (Movimento Popular de Libertação de Angola) kide izan zen gaztetandik, eta goi-mailako ikasketak egin zituen Sobietar Batasun ohian (SESB). Portugalek Angola utzi zuenean, AAHMk ezarritako gobernuan, Kanpo Arazoetako ministro izan zen. 1977an gobernuko lehen lehendakariorde eta AAHMko Batzorde Nagusiko kide izendatu zuten. Urtebete geroago, Ekonomia Plangintzako ministro egin zuten. 1979ko irailean Errepublikako lehendakari-kargua hartu zuen, Batzorde Nagusiak aho batez hala erabakita, Agostinho Netoren heriotzaren ondoren.
Gerra Zibilaren eta gosetearen ondorioek eta, geroago, sobietar erregimena desegiten joateak, gobernuaren politika arintzera behartu zuten. Hasieran, lehendakaritza hartu zuenean, harreman estuak izan zituen Sobietar Batasun ohiarekin, eta Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduaren ildoari jarraitu zion. Senegalek erregimena ezagutzea lortu zuen, 1982an. Geroago, Kubako armada Angolatik erretiratzea onartu zuen, Hegoafrikarekin zenbait hitzarmen egin ondoren; izan ere, Hegoafrikako tropak Namibiako tropa matxinatuen kontra borrokatzen ari ziren Angolako hegoaldean.
1985 inguruan, ekonomia liberalizatu zuen, gobernuaren zenbait funtzio deszentralizatu zituen, inbertsio pribatuak onartu, eta mendebaldeko ekonomiekin harreman zuzenagoak izaten hasi zen. 1992ko hauteskundeetan garaile atera zen, baina Angolaren Independentzia Osorako Batasun Nazionaleko (AISBN) buruzagiak, Jonas Savimbik, ez zituen emaitzak onartu, eta gerrillaren ekintzak bultzatu zituen. Dena dela, 1996ko martxoan, Dos Santos eta Savimbik batasun-gobernua eratzea hitzartu zuten, eta armada bakar bat. Hitzarmenarekin hemeretzi urteko Gerra Zibila amaitutzat uste bazen ere, 1997ko urriaz geroztik Nazio Batuek AISBNk oraindik mendean zeuzkan lurraldeak bahitu behar izan zituen, agindutakoa betetzen ari ez zelako.
Savimbik bizia galdu zuen 2002an, Angolako Indar Armatuen eta UNITAko unitate baten artean Lucusse herriaren inguruan, Angola erdialdean, izandako borrokaldi batean. Alabaina, Savimbiren heriotzak, gerra zibila areagotzearen ordez, bake prozesua bultzatu zuen. UNITAko buruzagi nagusia hil eta handik hiru astera, Luandako Armadako eta UNITAko buruzagiek su-etena hitzartu zuten, dos Santos presidentearen begiradapean.[1] Handik aurrera, herrialdea egonkortzen jardun zuen, eta hauteskunde guztiak irabazi zituen 2017 arte. Dena den, hauteskunde prozesu horiek itzal asko izan zituzten. Oposizioak sarri salatu izan zion MPLA alderdiari iruzurkerian ibili izana. Ustelkeria ere leporatu zitzaion; iturri batzuen arabera, 16.000 milioi euroko aberastasuna gordetzen zuen.[2]
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Luandak eta UNITAk bake hitzarmena sinatu dute, laugarrena 1975. urtetik. Euskaldunon Egunkaria, 2002ko apirilak 5, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-6-29).
- ↑ Gartzia Badiola, Ander. Jolasik gabeko tronuak. Berria egunkaria, 2016ko ekainak 7, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-6-29).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: José Eduardo dos Santos |