Elisabet II.a Espainiakoaren erregealdia

Isabel II.aren erregealdia» orritik birbideratua)

Elisabet II.a Espainiakoaren erregealdia 1843ko azaroan hasi zen, Espartero erbesteratu ondoren. Elisabet II.a Espainiakoari une hartan adin nagusitasuna eman zioten, hamahiru urte baino ez zituen arren. Erregealdi horretan, izaera zentralista zuen estatu liberala finkatuko zen behin betiko, alderdi moderatuak izan baitzuen boterea erregealdi osoan, biurteko progresistan izan ezik. Hego Euskal Herrian, foru sistema erregimen konstituzional berrira egokitzeko negoziazioek aurrera jarraitu zuten.

Elisabet II.a Espainiakoa.

Hamarkada moderatua (1844-1854) aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Hamarkada Moderatua»

Bilakaera politikoa aldatu

Elisabet II.a Espainiakoaren erregealdiaren lehen hamar urteetan Ramón María Narváez jeneral moderatua izan zen pertsonaia nagusia, 1844ko maiatzean boterea eskuratu ondoren. Moderatuen zentralismo gogorra, kontserbadurismo politikoa, hauek estatuaren baliabideen zuten kontrola, hauteskundeetako iruzurrak eta errepresio gogorra zela medio progresistek zailtasun handiak izan zituzten boterea eskuratzeko.[1]

Moderatuek, Esparteroren gainbeheraren ondorioz, boterea berreskuratu zutenean 1841 baino lehenagoko egoerara itzultzea suposatu zuen Hego Euskal Herria eta Pedro Egaña egindako kudeaketei esker, 1844ko uztailaren 4an bikoiztasun instituzionala berrezarri zen, hau da, Foru Diputazioak eta Batzar Nagusiak berrezarri ziren, lehengo eskumen administratibo eta ekonomikoak berreskuratu ziren eta 1845eko konstituzioak hautesle kopurua murriztu zuen Hego Euskal Herrian foruzale aberatsen mesedetan. Baina aduanak, kostaldean eta mugetan mantendu ziren; baita ere justizian egindako aldaketak eta foru baimenaren deuseztapena.

Baina erregimen moderatuak oposizio handiak izan zituen errepublikarrak, progresistak zein karlistak adibidez. 1848an hainbat altxamendu egon ziren, europar mailakoak baino eragin txikiagokoak: Madrilen muturreko progresistak altxa ziren, Katalunian eta Valentzian errepublikanoak eta Pirinioetan karlistak. Hauek guztiak isilarazteko Narvaezek neurri gorrak hartu zituen. 1849an progresisten sektore ezkertiarrenak Alderdi Demokrata fundatu zuen errepublikano eta sozialistekin, hauek erregimenaren erabateko aldaketa, gizakien eskubideen deklarazioa eta sufragio unibertsala aldarrikatzen zutelarik.

 
Baldomero Espartero (1793-1879)

1848tik aurrera kontserbadurismoa areagotu egin zen, adibidez 1852an Juan Bravo Murillok koroari eskumen gehiago eman zizkion eta gorteen boterea baliogabetzen zuen konstituzio atzerakoia planteatu ziren, honen aurka demokratak eta progresistak agertu zirelarik.

Moderatuek galduriko kontrola berreskuratzeko prentsaren zentsura eta desagerturiko Milizia Nazionala ordezkatuko zuen Guardia Zibila sortu zen 1844an. Hurrengo urteko urtarrilaren 8an udalen lege berria onartu zen, izaera zentralista gogorrekoa tokiko agintaritza gobernuko ordezkarien menpe jarri baitzuen eta Hego Euskal Herrian aplikatu zenean, foruzaleek protesta gogorrak burutu zituzten honen aurka. 1845eko Konstituzioak hautesle kopurua murriztu zuen Hego Euskal Herrian eta horrek foruzale aberatsei egin zien mesede.

Erregimen moderatuak oposizio taldeak eduki zituen eta maiz borroka armatua erabili zuten, adibidez 1846an Bigarren Karlistaldia hasi zen, 1849 arte luzatu zena. Katalunian izan zuen eragina eta Montemolingo kondea izan zen eragile nagusia, Don Karlos infantearen semea hain zuzen ere. 1848an hainbat altxamendu egon ziren, Europan bizi zen bolada iraultzailea eragin txikiagoa izan bazuen ere:

  • Madrilen muturreko progresisten hainbat altxamendu gertatu ziren.
  • Katalunian eta Levanten errepublikanoak altxatu ziren.
  • Pirinioetan karlistak izan ziren protagonistak.

Altxamendu guzti hauek isilarazteko Narvaezek neurri gogorrak hartu zituen. 1849an progresisten sektore ezkertiarrenak Alderdi Demokrata fundatu zuen errepublikano eta sozialistekin. Alderdi horrek honako eskakizunak egin zituen: erregimen erabateko aldaketa, gizakien eskubideen deklarazio unibertsaleko printzipioak betetzea (biltzeko eta elkartzeko askatasuna) eta sufragio unibertsala. 1848tik aurrera kontserbadorismoa areagotu egin zen, 1852an Juan Bravo Murillok koroari eskumen gehiago eman eta gorteen boterea baliogabetzen zuen konstituzio proiektu atzerakoia planteatu zuen; ondorioz, progresistak, demokratak eta baita moderatuak berak ere aurka agertu ziren.

Moderatuen ekintzak aldatu

Narvaezen gobernuan aldatu

Moderatuek, kontrola eta ordena lortzeko asmoz, bi bide erabili zituzten: batetik, prentsaren zentsura; bestetik, Guardia Zibilaren sorrera, 1844an, progresistek kontrolatzen zuten eta jada desagertua zen Milizia Nazionala ordezkatzeko eta nekazaritza guneetan eta bideetan jabetza eta ordena bermatzeko.

1845ean moderatuek hainbat lege erreforma bultzatu zuten:

  • Urtarrilaren 8an udalen lege berri bat onartu zuten, izaera zentralistakoa, tokiko agintaritza gobernuko ordezkarien menpe jarri baitzuen. Hego Euskal Herrian aplikatu zenean, foruzaleen protestak eragin zituen.
  • 1845eko Konstituzio moderatua: Guztien artean banaturiko subiranotasuna jasotzen zuen, bai eta botereen arteko lankidetza eta bi ganbaratako gorteak ere: Senatua eta Kongresua. Lehena, Senatua, biziarteko karguek eta erregeak izendaturikoek osatzen zuten. Bigarrena, Diputatuen Kongresua, 1846ko hauteskunde legearen arabera, errolda-sufragioz aukeratutako ordezkariek osatzen zuten, hiri eta landako erdi eta behe mailako klaseak at gelditzen zirelarik.
  • Alejandro Monen erreforma sakona: Zerga-sistema arrazionalizatu eta liberalizatu zuen. Hiri ondasun higiezinen gaineko zerga zuzenak eta nekazaritzaren lurren etekinak estatuaren haziendaren sarrera-iturri bihurtu ziren.
  • Pidal ministroaren hezkuntza erreforma: Hezkuntza zentralizatu zuen, baina bigarren hezkuntza unibertsitateen eta probintzia agintaritzen kontrolpean jarri zuen.

Bravo Murilloren gobernua aldatu

1851n Vatikanorekin konkordatua sinatu zen, bertan honek desamortizazioak onartzen zituelarik eta horren truke hezkuntzaren kontrola berreskuratu eta estatuaren esku utzi zuen gurtza eta kleroa mantentzea. Makineria burokratiko modernoa osatu zen funtzionarioek oposizio bidez eskuratu beharko zutelarik beraien lanpostua eta gobernuak aldatu arren hauen lanpostuak ez lirateke aldatuko.

Biurteko progresista (1854-1856) aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Biurteko Progresista»

Mugimendu iraultzaileak aldatu

 
Leopoldo O'Donnell (1809-1867)

1852. urtearen bukaeran, Bravo Murillok dimititu ondoren, hainbat gobernu ezegonkor izan zen, progresista, demokrata, errepublikano eta zenbait sektore moderatuen ezinegona areagotuz. 1854ko ekainean Leopoldo O'Donnell jeneralak(irekitasunaren aldeko moderatua) altxamendu bat burutu zuen Vicalvaron, Vicalvarada.[2] Honen ondoren mugimendu iraultzailea progresista, demokratak eta errepublikanoengan hedatu zen. Madril, Bartzelona, Sevilla eta Bilboko altxamendu erradikalen aurrean erreginak gobernuaren zuzendaritza Espartero progresistaren eskuetan utzi behar izan zuen.

Esparteroren gobernua progresistek eta joera irekiko moderatu batzuek, Leopoldo O'Donnell, etab, osatu zuten. Ezarritako erregimena aldatzeari ekin zion, inprimatzeko askatasuna mugatzen zuten dekretuak baliogabetuz eta 1837ko hauteskunde sistema berrezarriz. Hau dela eta hainbat sektore politiko beraien aurka jarri ziren:

  • Alderdi atzerakoienak, karlistak, altxamenduak egin zituen 1855-1856an.
  • Alderdi iraultzaileek gizarte gatazkak bultzatu zituzten lehen aldiz, langile kataluniarren lehen greba bitartez, adibidez 1855eko greba orokorra Gaztelara hedatu zen, O'Donnellek berehala zapaldu batzuen ere. Honek burgesia kontserbadorismora zuzendu zuen, ordena eta jabetzaren errespetua eskatuz.
  • 1856ko uztailean Esparterok dimititu ondoren, erreginak gobernua osatzeko agindua eman zion O'Donnelli, honen gobernuan moderatuek eta progresista kontserbadoreenek hartu zuten parte, moderantismo politikorantz zuzenduz bidea. Era honetan Elisabet II.aren erregealdiaren azken faseari hasiera emanez, hau da, moderantismoaren berrezarkuntzari.

Hego Euskal Herrian burgesiak jarrera liberal kontserbadoreagoak hartu zituen, jarduera ekonomikoa garatu ahal izateko beharrezko ordena bermatzeko. Une horretan foruzale aberatsak tesi liberal moderatuetara hurbildu ziren, foruen aldekoak baitziren eta egonkortasun handiko sistema sortu baitzuten liberal moderatuek.

Progresisten ekintzak aldatu

Progresistek boterean eman zituzten bi urteetan legedia, administrazioa, ekonomia eta finantzetan ekintza garrantzitsuak burutzen saiatu ziren, guztiak aplikatzeko denborarik eduki ez zuten arren.

Legedia eta administrazioan aldatu

1856ko konstituzio non nata sortu zuten, honako printzipioak jasotzen zituelarik:

  • Subiranotasun nazionala
  • Kongresu eta senatuaren hautazko izaera eta botere berbera
  • Norbanakoen eskubideen arautzea
  • Milizia nazionalaren berrezarpena
  • Probintzietako eta udaletako gobernuen hauteskunde bidezko aukeraketa, gorteetan aplikatutako errolda-sistema aplikatuz

Biurtekoaren amaieran ia, 1856ko uztailean, udalen lege berri bat idatzi zen, tokiko instituzioek agintea berreskuratu zutelarik, baina 1868 arte indarrean jarri ez zena.

Ekonomian eta finantzan aldatu

Biurtekoan egindako ekintzarik garrantzitsuenak harturiko neurri librekanbistak izan ziren, bi helburu zituztelarik: Estatuko haziendaren diru sarrerak areagotzea eta herriaren industri garapena eta azpiegiturak sustatzea. Pascual Madoz hazienda ministroak desamortizazio lege bat eman zuen, jabetzan zibiletan izan zuena eragin handiena, batez ere estatuaren eta udalerrien ondasunetan. Hau dela eta nekazariek herri mendien erabilera komuna galdu zuten, baina Hego Euskal Herrian ez zuen eragin handirik izan XIX. mendetik saltzen ari baitziren herri lurrak.

Sozietate anonimoak eta jaulkipen bankuak liberalizatzeko zenbait lege jarri ziren indarrean, finantza sistemaren hedapena ahalbideratu zutenak. 1855ko Burdinbidearen Lege Orokorra ere onartu zen, harrezkero ordu arte ikusi gabeko industria eta ekonomia-arloko dinamika bati hasiera emanez. 1856an, nazioarteko kapitaleko MZA eta Crédito Mobiliario sortu ziren, burdinbideen eraikuntzarako proiektuak ahalbideratzeko.

Moderantismoaren berrezarkuntza (1856-1868) aldatu

O'Donnellen gobernuak 1845eko Konstituzioa berreskuratu zuen, Milizia Nazionala desegin zuen berriro eta hamarkada moderatuko legedia berrezarri zuen. 1856 eta 1858 artean O'Donnell eta Narváez txandakatuz joan ziren boterean eta 1858tik 1863ra gobernuak egonkortasun handiena lortu zuen, Unión Liberal alderdiaren zuzendaritzapean. 1863tik aurrera, moderatuek hartu zuten berriro ere boterea, baina, aldi berean, ezegonkortasun politikoa itzuli zen, alderdien zatiketaren ondorioz.

Hauteskundeetako iruzurren ondorioz, progresistak eta demokratak joko politikotik at geratu ziren; eta honen ondorioz bi taldeek jarrerak muturreraino eraman zituzten, bide iraultzailea aukeratuz erreforma handiagoak lortzeko. Progresistak demokratengana hurbildu ziren eta azken hauek monarkia edo errepublika ezartzearen egokitasuna eztabaidatzeari ekin zioten.

Militarren ospea (Joan Prim jenerala bezala progresisten irudi nagusia adibidez) geroz eta handiagoa bihurtzen hasi zen Espainiak nazioartean izandako parte hartzei esker, Afrikako gerra edo Kotxintxinako kanpainan Frantziari eskainitako laguntzan adibidez.[3]

1866. urtean Europan gertatu zen krisi ekonomikoak (finantzetan, industrian, trenbidean eta nekazaritzan) hornigaien krisiak ekarri zituen; ordura arteko egoera politiko eta sozial gatazkatsua areagotuz eta Narvaez eta Gonzalez Bravoren azken gobernu moderatuek oso gogor zapaldu zituztelarik gobernuaren kontrako altxamenduak. Eta politika autoritario honen ondorioz gizarteko behe mailak moderatuen sistema politikoaren eta Elisabet II.aren monarkiaren aurka jarri ziren eta progresistak, demokratak, errepublikanoak eta Unión Liberal Prim jeneralaren agindupean elkartu ziren Elisabet II.aren erregimena deuseztatzeko.

Bitartean Hego Euskal Herrian foruzaletasuna liberal moderatuen eta progresisten artean hedatu zen, burges zein nekazaritza munduko aberatsentzat onuragarriak baitziren autogobernua eta foruetatik ondorioztatutako zerga berezitasunak.

Ikus, gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Comellas García-Llera, José Luis. (1970). Los moderados en el poder, 1844-1854. Madril: Consejo Superior de Investigaciones Científicas ISBN 84-00-01958-X..
  2. (Gaztelaniaz) Urquijo y Goitia, José Ramón de. (1984). La revolución de 1854 en Madrid. Madril: Instituto de Historia "Jerónimo Zurita."; CSIC ISBN 84-00-05689-2..
  3. Thomazi, A.. (1934). La conquête de l'Indochine. Paris.

Kanpo estekak aldatu