Huntz

Hedera» orritik birbideratua)

Huntz edo xira (Hedera generoa) 15 espezietako genero botaniko bat da, araliaceae familiakoa. Landare bizikorrak dira, betiberdeak eta zurkarak, herrestariak nahiz igokariak. Euskarririk izanez gero, hormetan, harkaitzetan nahiz zuhaitzetan gora hazten dira eta 25-30 metroraino igo daitezke. Euskarririk ezean, berriz, lur gainean zabaltzen dira.

Huntz
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaApiales
FamiliaAraliaceae
SubfamiliaAralioideae
Generoa Hedera
Espezieak

Jatorriz Makaronesia (Atlantikoko uharteak), Europako mendebalde, erdialde eta hegoaldekoak, Afrikako ipar-mendebaldekoak, Asiako erdi-hegoaldekoak eta Japoniako ekialdekoak. Euskal Herrian dagoen generoaren ordezkari bakarra Hedere helix edo Huntz arrunta da, oso ugaria leku heze eta ospeletan.

Ezaugarriak aldatu

Bi hosto mota dituzte: goranzko zurtoinetan palmatu gingildunak, eta lore-zurtoin emankorretan gingilik gabeko erronbo-formakoak, azken hauek eguzkitara jarriak eta normalean zuhaitzen adaburuan edo harkaitz goialdean kokatuak. Kimu gazteak eta helduak ere ezberdinak dira elkarren artean, horrela, kimu gazteak argalak eta malguak dira eta sustrai arrotzak dituzte igotzeko. Helduak, ostera, lodiak eta sustraigabeak dira.

Loreak txikiak dira eta udazkenaren amaieran banaka sortzen dira, 3–5 cmko diametroa duten ginbailetan elkartuta, berde-horixkak dira, eta nektar ugari dute, hau oso elikagai iturri berantiar garrantzitsua izaten da erleentzat eta beste intsektu batzuentzat; fruitu txikiak, baia beltzak, neguaren amaieran heltzen direnak eta hegazti askorentzat elikagai garrantzitsuak direnak. Gizakiarentzat pozoitsuak dira. Fruitu horiek jaten dituzten hegaztiek haziak barreiatzen dituzte. Hostoak lepidoptera bezalako beldarrek jaten dituzte, esate baterako Phlogophora meticulosa, Noctua janthina, Odontopera bidentata, Euplexia lucipara, Idaea seriata (huntza besterik ez du jaten), Ourapteryx sambucaria, Peribatodes rhomboidaria.

Ohar taxonomikoa aldatu

Espezieak oso alopatrikoak dira eta elkarrekiko harreman estuan daude, eta horregatik inoiz “hedera helix” espeziearen aldaeratzat edo azpiespezietzat jo dituzte. Bestalde, Errusiako hegoaldeko eremuetan zenbait espezie deskribatu dira, baina botanikari askok ez dituzte ontzat eman.

Erabilpenak eta landatzea aldatu

 
Huntz fruituak Ayrshire-n, Eskozian

Asko landatzen dira, bai bere bizimodu basatiaren erakargarritasunagatik bai bere hosto betiberdeagatik. Azken urteotan hosto koloreaniztunak eta forma ezohikoak landatu dira. Oso erabilgarriak dira hormak estali eta babesteko. Ipar Amerikako hainbat lekutan, ordea, inbaditzaile bihurtu da eta orain haren kultiboa arbuiatzen da eremu askotan. Antzeko arazoak ere Australian dituzte lorategietatik ihes egindako aleengatik. Gainera, eskualde horietan jatorrizko eremuetan landarearen zabalkuntza kontrolatzen duten izurrite naturalik eta gaixotasunik ez izateak arazoa areagotzen du..

Asko eztabaidatu da ea huntzak zuhaitzak kaltetzen dituenentz; horren gainean Europan onartuta dago zuhaitzei ez diela kalte handirik egiten, nahiz eta biek lehian egon lurra, elikagaiak eta ura lortzearren, eta begetazio dentso eta astuna duten zuhaitzek hausturak izan ditzakete haizeak eraginda.

Huntzak hormetan egin ditzakeen kalteak ere aztertu izan dira. Huntzak zailtasunak ditu hormetan erabiltzen den morteroan sustraiak sartzeko eta kaltetu ordez eguraldiarengandik (euriarengandik gehienbat) babesten duela esan daiteke. Bestalde, zaharrak diren hormek, mortero galera dutenek, kalteak jasateko aukera gehiago dute. Zainek mortero ahuldua zulatu eta puskatu dezakete, hormetan sustraiak sar daitezke eta horma apurtu. Kasu hauetan huntza bertatik kentzea zailagoa da eta gainera honek paretetan kalteak egin ditzake. Gaur egun erabiltzen diren morteroak (porlanezkoak eta kare gutxiagokoak) sendoagoak dira areaz eta kareaz bakarrik egindakoak baino.

Irudiak aldatu

Erreferentzia aldatu

  • McAllister, H. (1982). Huntzei buruzko ikerketa berriak. Int. Dendrol. Soc. Yearbook 1981: 106-109.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Huntz