Ofentsiba Nazional-Sindikalistako Batzordeen Espainiako Falangea
Ofentsiba Nazional-Sindikalistako Batzordeen Espainiako Falangea (gaztelaniaz Falange Española de las Juntas de Ofensiva Nacional Sindicalista [FE de las JONS]) Espainiako alderdi politiko faxista eta ultranazionalista izan zen. 1933ko urriaren 29an Madrilen José Antonio Primo de Rivera, Julio Ruiz de Alda eta Alfonso García Valdecasasek sortutako Espainiako Falangea eta 1931n Onésimo Redondo eta Ramiro Ledesmak sortutako Ofentsiba Nazional-Sindikalistako Batzordeak (JONS) batzearen ondorioz sortu zen.
Falange Española de las Juntas de Ofensiva Nacional Sindicalista (FE de las JONS) Ofentsiba Nazional-Sindikalistako Batzordeen Espainiako Falangea | |
---|---|
![]() | |
Sorrera | 1934ko otsailaren 15a |
Desegitea | 1937ko apirilaren 19a |
Egoitza nagusia | Madril |
Ideologia politikoa | faxista, panhispanista, nazional-sindikalista, nazionalista, anti-komunista eta anti-kapitalista |
HistoriaAldatu
Italiako faxismoaren eraginez sortu zen, eta kapitalismoa eta sozialismoa biak gaitzesten zituen. Hasieran Espainiako Falangea izena besterik ez zuen alderdia. 1934ko otsailean, Onésimo Redondo eta Ramiro Ledesmak sortutako Ofentsiba Nazional-Sindikalistako Batzordeak (JONS) alderdiarekin batu eta Ofentsiba Nazional-Sindikalistako Batzordeen Espainiako Falangea (FE de las JONS) izena hartu zuen, uztarria eta geziak sinbolotzat harturik. Helburuak 26 puntutan laburbildu zituen. Aberriak inperioa du helburu; itsasoko eta aireko potentzia bihurtzea; gizonaren betiko balioen errespetua; giza banakoaren ekimena bultzatzea; kapitalismoa eta marxismoa gaitzetsi eta enpresak nazionalizatzeko joera ziren ideologiazko puntu nagusiak.
Garrantzi handiko papera izan zuen Falange Españolak 1936ko matxinadan. Hala, Espainiako Gerra Zibilean 150.000 falangista borrokatu ziren Francisco Francoren gidaritzapean. 1937an Francok falangistak karlistekin batu zituen, eta Falange Española Tradicionalista y de las JONS (FET y de las JONS) sortu, harrezkero Mugimendu Nazionala deitutakoa. Frankismo garaian, 1939-1975 bitartean, alderdi politiko ofizial bakarra izan zen. Gerra ondoren Falangeko kide izatea nahitaezko bihurtu zen politikan aurrera egiteko, baina pixkanaka hasierako ideologiatik urrundu zen, batez ere 1940 eta 1950eko hamarkaden ondoren
Espainiako Trantsizio Demokratikoan, Falange Española banatu eta politikoki desagertu egin zen. 1996ko Espainiar Hauteskunde Orokorretan Falange Española de las JONS alderdiak 12.114 boto lortu zituen, hau da % 0,05a. Hona hemen egun Falange Españolaren izaera aldarrikatzen duten alderdiak:
- Falange Española de las JONS (FE de las JONS).
- Falange Auténtica (FA).
- Mesa Nacional Falangista (MNF).
- FE/La Falange (bitan zatitua).
BibliografiaAldatu
- Stanley G. Payne, Falange. Historia del fascismo español, SARPE, Madril, 1986. ISBN 84-7291-764-9
- Paul Preston, Las derechas españolas en el siglo XX: autoritarismo, fascismo y golpismo, Sistema, Madril, 1986. ISBN 84-86497-01-9
ErreferentziakAldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/12/11 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.