Euskararen mitoak errealitatean oinarririk ez duten uste edo ideia zabalduak dira. Euskararen mito gehienak orokorrak dira eta beste hizkuntzetan ere aurkitzen ditugu, batzuk bereziki euskararen kasura moldatu egin badira ere[1].

Kasu batzuetan mitoak euskarafobia edo baskofobia sustatzeko erabili izan dira.

Mito motak aldatu

Tipologikoak aldatu

  • Hizkuntza arraroa da.

Ez da egia. Europan euskararen ezaugarri batzuek parekorik ez badute ere, munduan zehar normalak dira.

  • Hizkuntza bakartua izan da.

Ez da egia. Historian zehar euskarak harremanak izan ditu hizkuntza askorekin, eta horren ondorioz, mailegu asko hartu ditu. Adibidez, azoka, ausart, bake, denbora, estatu, fidatu, gorputz, harea, ideia, koilara, labana, txapel, zeru eta abar. Beraz, euskarak Europako eta munduko hizkuntza askorekin hitz amankomun ugari ditu.

  • Euskara zaila da.

Ezin da frogatu, baina batzuk zaila dela esaten duten bitartean, beste batzuk erraza dela diote[oh 1]. Dena den, egia da milaka erdaldunek ikasi dutela euskaraz azken urteetan.

Batzuk uste dute hizkuntzen arteko ahaidetasunak markatzen duela ikasteko zailtasuna. Hau da, zaila litzateke erdaldunentzat euskara ikastea, eta euskaldunentzat erdara ikastea, hizkuntza familia desberdinetakoak direlako. Hala ere, gaur egun euskaldun guztiek dakite erdaraz, baina Euskal Herrian jaio eta bizi diren erdaldun guztiek ez dakite euskaraz.

  • Zaharra da.

Hau iruzur terminologikoa da: batzuek duela bostehun, bi mila edo bost mila urte egiten zenari euskara deitzen diote, beti hizkuntza berbera izan balitz bezala, eta gaztelaniari, aldiz, garaiaren arabera erromantzea, latin edo indoeuroparra esaten zaio. Hizkuntza guztiak etengabe aldatzen dira,[oh 2] eta familia bereko beste hizkuntza ondorengo batek hartzen badu lehengo baten lekua, ez dago argi noiz hasten edo bukatzen den hizkuntza hori.

Irulegiko EskuaBaskoiIzen arruntNafarroaBaskoiBizkaiaKantabria (argipena)Euskal HerriaEuskara
LatinLatin arruntErromantzeGaztelaniaEspainia
    • Euskararen dialektoak ez dira historian zehar aldatu.
    • Euskalkien arteko bereizketa erromatarren garaikoa da.

Jatorriaren ingurukoak aldatu

  • Euskararen jatorria ezaguna da.

Hainbat hipotesi dago, baina oraingoz frogatu gabe. Mendez mende aldatu ohi dira euskararen jatorriari buruzko hipotesiak.

Zabalerari dagokienak aldatu

  • Penintsula osoan hitz egin zen.

Ez dago frogarik.

  • Euskara Euskal Herrian bakarrik izan da nagusi bere historian zehar.

Euskal Herriaz gain, jakina da euskara Kataluniako Aran bailararaino gutxienez (Huescan Erdi Aroan ere euskaraz hitz egiten zela frogatuta dago), Burgos, Errioxa (hemen ere Erdi Arora arte) eta Sorian eta Akitaniaren zati gehienetan eta Okzitaniako zati esanguratsu batean hitz egin izan dela mende ugari atzera. Gainera, zenbait teoriak euskara Euskal Herrira Okzitaniatik iritsi zela baieztatzen dute.

  • Bizkaia, Gipuzkoan eta Araban ez zen euskaraz hitz egiten erromatarren garaian.

Ez dago frogarik.

  • Araba eta Nafarroan ez da inoiz euskaraz hitz egin.

Ez da egia. Herri gehienetan euskararen testigantzak aurkitzen dira, gaurkoak edo historikoak. Agian herri batzuetan euskara ez da inoiz gehiengoaren hizkuntza izan, baina ez dago horren froga argirik.

  • Araba eta Nafarroan duela mende asko galdu zen euskara.

Ez da zuzena. Galera handiena batez ere XX. mendean gertatu zen Nafarroan, eta XIX. mendean Araban, baina inoiz ez zuen lurralde osoa hartu, eta bertako euskal hizkerak gaur arte mantendu dira.

Estandarizazioaren ingurukoak aldatu

  • Euskalkiak oso diferenteak dira euren artean; dialektoak barik, hizkuntza bana dira.

Dialekto eta hizkuntza arteko bereizketa subjektiboa da, baina euskararen dialektoen arteko desberdintasunak ez dira bereziki beste hizkuntza batzuetako dialektoen artekoak baino handiagoak. Euskara ikergai duten hizkuntzalariek ez dute hainbesteko ezberdintasunik topatzen euskalkietan[2] dialekto edo hizkuntza ezberdinak direla adierazteko funtsezkoa den elkarrekiko ulergarritasuna neurtzean. Ikuspegi hau aditu gehienek onartua da, tartean Koldo Zuazo, Koldo Mitxelena edo Larry Traskek. Traskek dio: "Hala eta guztiz ere, dibertsifikatzea ez da puztu behar, askotan literaturan egin duten bezala: euskalkiak erabat kongruenteak dira euren oinarrietan eta hiztegietan, eta maila beheko arau fonologiko batzuetan baino ez dira bereizten"[3].

  • Euskara batua artifiziala da.

Artifizialtasunaren eta naturaltasunaren arteko bereizketa subjektiboa da. Hizkuntza guztietan, aldaera estandarrak arau jakin batzuei jarraitzen die, aldaera estandarra ez da kalean hitz egiten den hizkuntzaren berdina, baina horrek ez du esan nahi estandarrak artifizialak direnik. Hizkuntza asmatuak artifizialtzat jo dira: esperantoa, volapuka... Baina euskara batua ez da horrelakoa. Euskara batua (frantses estandarra, espainol estandarra, ingeles estandarra eta abar bezala) hizkuntza horretako tradizio idatzian oinarrituta dago, euskalki guztietako testu nagusiak aintzat hartuta, ez da ezerezetik sortu.

  • Euskara estandarrak euskalkiak hil ditu.

Ez da zuzena. Desagertutako euskalkiak erdarek ordezkatu dituzte.

  • Sabino Aranak euskara batua asmatu zuen, bizkaiera oinarri harturik.

Sabino Aranak ez zuen euskara baturik proposatu, euskalkiak defendatu zituen, batez ere Bizkaikoa. Euskaltzaindiak proposaturiko euskara batuan Euskal Herri osoko edo erdialdeko formak hobesten dira, euskarazko tradizio idatziari jarraituz: Leizarraga, Axular, Larramendi, Mogel...

Soziologikoak aldatu

  • Euskaldun guztiek beti jakin izan dute gaztelaniaz.

Ez da egia. Gaztelaniaz ez zekiten euskaldunen kasu ugari dokumentatu dira, eta horregatik hainbat dokumentutan apaiz eta notario euskaldunen beharra aipatzen zen.

  • Herri txikietan baino ez zen egiten, hirietan ez.

Ez da egia. Historian zehar hainbat aldiz aipatu izan da Gasteiz eta Iruñean euskaraz egiten zela.

  • Herri xehearen hizkuntza baino ez zen.

Ez da egia. Udal-ordezkari, noble eta militar euskaldunen berri baditugu.

  • Hiztun komunitate txikia du.

Izan ere, gaur egun milioi bat euskaldun inguru daude, eta munduan dauden hizkuntzen artean, hiztun gehien duten ehuneko hamarren artean dago.

  • Euskara ez da gaur egun erabiltzen.

Euskal Herri osoan euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen zutenek % 17a osatzen zuten 2016an. Hala ere, kopuru hau herrialdez herrialde asko aldatzen zen: Gipuzkoan % 40 ziren, eta Lapurdin % 5.[4]

Gaur egun euskara kalean, hezkuntzan, administrazioan eta interneten erabiltzen da: Wikipedia, sare sozialak,... 2016an, Interneteko sare sozialetan 16-24 urte bitartekoen % 23k euskara erabiltzen zuen erdara beste edo gehiago.

Prestigioari lotuak aldatu

  • Tradizio idatzirik gabeko ahozko hizkuntza da.

Ez da egia. Bost mendetako euskal literatura idatzia badago, Europako hizkuntza asko bezala.

  • Ez du balio gaur egungo zereginetarako, adibidez, zientziarako.

Ez da egia. Gaur egun euskara zientzian erabiltzen da.

  • Hizkuntza pobre eta atzeratua da eta horregatik hizkuntza aurreratuetatik hartzen ditu hitz berriak, abstraktuak edo unibertsalak.

Hizkuntza aurreratu eta atzeratuen arteko bereizketa subjektiboa da. Hizkuntza denek hartzen dituzte hitz berriak, abstraktuak edo unibertsalak beste hizkuntzetatik, izan latinetik, grekotik edo ingelesetik, adibidez.

Oharrak aldatu

  1. « Ez, euskara ez da zaila. Bigarren hizkuntza gisa milaka lagunek ikasi dute. Izatez, euskara harrapatzen hastea nahikoa erraza da, eta ondo jakitea, ez beste hizkuntza batzuk ondo jakitea baino zailagoa. Ahoskatzea erraza da, ortografia erregularra, ez dago genero gramatikalik, izen edo aditz klaserik, ez dago izen irregularrik eta apenas aditz irregularrik. »
    Larry Trask (1997). Sustatu.
  2. Bibliako pasarte bat garai desberdinetako euskaraz, ingelesez, gaztelaniaz eta latinez:
    « Entzun! Atera zen behin batean ereilea hazia ereitera. Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen; eta txoriek etorri eta jan egin zuten. »
    Elizen Arteko Biblia, 1994
    « Huná, ereillebat ilki cedin ereitera. Eta ereitean hacitic batzu eror citecen bide bazterrera: eta choriak ethorri içan dirade, eta iretſi vkan dituzte hec. »
    Leizarraga, 1571
    « A farmer went out to sow his seed. As he was scattering the seed, some fell along the path, and the birds came and ate it up. »
    New International Version, 1973
    « Behold, a sower went forth to sow; And when he sowed, some seeds fell by the way side, and the fowls came and devoured them up. »
    King James version, 1611
    « Soþlice ut eode se sædere hys sæd to sawenne and þa þa he seow. sume hig feollon wiþ weg. and fuglas comun and æton þa; »
    West Saxon Gospels, c. 990
    « Un sembrador salió a sembrar. Y al sembrar, una parte de la semilla cayó en el camino, y llegaron las aves y se la comieron. »
    Dios Habla Hoy, 2002
    « Heaqui el que ſembraua, ſalió à sembrar. Y ſembrando, parte de la ſimiente cayó junto al camino: y vinieron las aues, y comieronla. »
    Biblia del oso, 1573
    « Salio uno a ſembrar ſu ſemiente. E quando ſembraua lo uno cayo cabo la carrera e uinieron las aues del cielo e comieron lo. »
    Biblia prealfonsina, 1250
    « exiit seminans ad seminandum et dum seminat aliud cecidit circa viam et venerunt volucres et comederunt illud »
    Vulgata, IV-V

Erreferentziak aldatu

  1. «Euskararen historian barna: uste dugunetik dakigunera» www.ueu.eus 2015 (Noiz kontsultatua: 2021-10-3).
  2. Pagola, RM. (1984). Euskalkiz Euskalki. Hezkuntza Unibertsitate eta Ikerketa Saila, Glotodidaktika –lanak. Eusko Jaurlaritza.
  3. Trask, Larry. (1997). The History of Basque. Routledge, 402 or. ISBN 0-415-13116-2..
  4. VI. Inkesta Soziolinguistikoa.Euskararen eremu osoa. 2016 (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu