Euskal literatura exilioan
Euskal literatura exilioan edo erbestean gaur egun 1936-1939ko Espainiako Gerra Zibilaren ondoren euskal literaturan sortutako egoera zehazteko erabiltzen den kontzeptua da. Behin euskal lurraldeak agintari frankisten eskuetan erori eta gero, euskararen erabilera erabat debekatu zen eta hizkuntzaren espresioak Ipar Euskal Herrian eta euskal diasporan mugatu ziren. Bigarren Mundu Gerrarekin eta armada alemanaren okupazioarekin gauzak larritu egin ziren. 1939tik 1945 arte hizkuntza debekatuta egon zen Pirinioetako bi aldetan. Urte horietan kasik kaleratu ziren euskarazko lan guztiak Euskal Herritik kanpo egin ziren. 1945tik aurrera Iparraldean egoera hobetu bazen, Hegoaldeko egoera larria 60. hamarkada arte luzatu zen.
Orokorrean, nahiz eta lan gutxi izan, garrantzi handia izan zuten gerren aurreko pizkundearekin nolabaiteko zubiak eraikitzen. Egile horiek oso tresna gutxikin, ia hiztegirik eta artxibategirik gabe, oso ahalbide eskasekin, lan duinak eta berritzaileak sortu zituzten. Modu batez 60. hamarkadan ezagutu zen berpiztea egile hauen lanen gainean eraiki ziren.
Salbuespenak
aldatuUrte horietan Euskal Herrian bakarrik eliz-liburuak argitaratu ziren, salbuespen handi batekin: Resurreccion Maria Azkueren Euskaleŕiaren Yakintza lan erraldoia; Azkueren obra lau liburukietan plazaratu zen: I. Ohitura eta sineskeriak. (1935). II. Ipuin eta irakurgaiak. (1942). III. Atsotitzak eta abar. (1945). IV. Herri otoitzak, olerkiak (1947). Edizioa elebiduna izan zen, euskaraz eta gaztelaniaz.
Erbesteko egileak
aldatu- Jose Eizagirre Aiestaran (1881-1949)
- Jon Andoni Irazusta (1882-1952)
- Nikolas Ormaetxea Orixe (1888-1981)
- Kepa Ormaetxea (1891-1949)
- Bedita Larrakoetxea (1894-1990)
- Casto Intza (1894-1992)
- Bingen Ametzaga Aresti (1901-1969)
- Telesforo Monzon (1904-1981)
- Txomin Jakakortajarena (1906-1993)
- Jokin Zaitegi (1906-1979)
- Andima Ibiñagabeitia (1906-1967)
- Andoni Arozena A-bi (1907-1989)
- Salbatore Mitxelena (1919-1965)
- Martin Ugalde (1921-2004)
Erbesteko lehen liburuak
aldatuJose Ramo Zabalak bere "Erbesteko euskal editoreak" lanean liburuen zerrenda bat proposatu zuen 2003an.[1] Zereenda horretan politika eta erlijioari buruzko lanak aipatzen badira ere, hemen lehenengo literatura lanak jasoko ditugu. Hauetako asko ez ziren liburu formatuan argitaratu, aldizkari batean baizik: Jokin Zaitegi lehen Guatemalan eta ondoren Ipar Euskal Herrian zuzendu zuen Euzko Gogoa aldizkarian.
- 1943: Ixaka Lopez Mendizabalen Xabiertxoren berrargitalpena, Buenos Aires. Haur literatura.
- 1945: Henry Wasworth, Jokin Zaitegi itzultzailea, Ebangeline, Guatemala. Olerki liburua.
- 1945: Telesforo Monzonen Urrundik, Mexiko. Olerki liburua.
- 1946: Jokin Zaitegiren Goldaketan, Pizkunde argitaletxea, Mexiko. Olerki liburua.
- 1946: Jon Andoni Irazustaren Joanixio, Ekin argitaletxea, Buenos Aires. Eleberria.
- 1946: Sofokles, Jokin Zaitegi itzultzailea, Sopokel'en Antzerkiak I, Pizkunde argitaletxea, Mexiko. Antzerkia.
- 1947: Telesforo Monzonen Gudarien eginak, Biarritz. Olerki liburua.
- 1947: Lontzi Ormaetxearen Ipuintxoak, Santiago (Txile). Haur literatura.
- 1948: Lontzi Ormaetxearen Bigarren ipuintxoak, Santiago (Txile). Haur literatura.
- 1948: Jose Eizagirre Aiestaranen Ekaitzpean, Ekin argitaletxea, Buenos Aires. Eleberria.
- 1948: Jorge Riezuren Flor de canciones populares vascas, Ekin argitaletxea, Buenos Aires. Antologia.
- 1948: Ylla eta Orixeren Leoi-kumea, La Photolith, Paris.
- 1950: Jon Andoni Irazusta Bizitza garratza da, Ekin argitaletxea, eleberria.
- 1951: Yon Etxaideren Amayur, Euzko Gogoa aldizkarian, Guatemala. Antzerkia.
- 1952: William Shakespeareren Hamlet, Bingen Amezagaren itzulpena, Ekin, Buenos Aires. Antzerkia.
Bibliografia
aldatu- Xabier Apaolaza koordinatzailea: Herri bat bidegurutzean. Donostia: Saturraran Argitaletxea, 2003.
- Gorka Aulestia: Erbesteko euskal literaturaren antologia. Euskal kultura erbestean bilduma, 5.zk. Donostia: Jose Angel Ascunce editorea, 1992.
- Jose Ramon Zabala Agirre: "La lengua desterrada. Literatura del exilio en euskara". Las literaturas exiliadas en 1939, Bartzelona: GEXEL, 1995, 51-56. or.
- Jose Ramon Zabala Agirre: "Ekin: una luz en el túnell (Las editoriales del exilio". La cultura del exilio vasco II, Euskal kultura erbestean bilduma, 2.zk. Donostia: Jose Angel Ascunce editorea, 1992, 129-148.or.
- Jose Ramon Zabala: "«Ekin»: argi bat iluntasunean. Erbesteko argitaletxeak 1936an", Jakin aldizkaria, 080. zk., 1994.[2]
Erreferentziak
aldatu- ↑ Xabier Apaolaza, Herri bat bidegurutzean, 202-204. or.
- ↑ https://www.jakin.eus/aldizkaria/artikulua/«ekin»-argi-bat-iluntasunean/2234