Deus ex machina (antzinako grezieraz: ἀπὸ μηχανῆς θεóςapò mēchanḗs theós; eusk. hitzez hitz "makinatik jaisten den jainkoa") latinezko esamolde bat da. Antzinako Greziako eta Antzinako Erromako antzerkian sortu zuten: egoera bat konpontzeko edo argumentua aldatzeko garabi batek (machina) edo beste edozein bitarteko mekanikok eszenatokitik kanpo jainko baten (deus) papera egiten zuen aktore bat sartzen zuen.[1]

Deus ex machina Euripidesen Medea antzezlanean, Sirakusa, 2009

Gaur egun, berezko logikari jarraitu gabe istorio bat konpontzen duen kanpoko elementu bati erreferentzia egiteko erabiltzen dute. Gidoi baten egituraren ikuspegitik, deus ex machina gidoiaren beraren beharrek eragindako edozein gertakariri dagokio, gidoiaren interesa, estetikaren edo beste edozein faktore eusten duena barne-koherentzia mantendu barik.[2]

Erabilera greziar antzerki klasikoan aldatu

Deus ex machina, jatorrian, greziar antzerkian asmatu zuten. Eskilok eta Sofoklesek jada neurrian erabili zuten, lehena Eumenidesen eta bigarrena Filoktetesen. Hala ere, Euripidesetik aurrera, heleniar obretan baliabide komun bihurtu zen: Euripidesek berak hemezortzi obretatik bederatzitan erabili zuen.[3]

Garai hartan, erabileraren aurkako kritikak egin zituzten. Aristotelesek, tragediak nolakoak izan behar ziren aztertzean, deus ex machinaren sinesgarritasunik ezari buruz egindako gaitzespena ezaguna da oso:

« Horregatik, ohiturak eta gertaerak deskribatzean, naturala edo sinesgarria dena beti gogoan izatea beharrezkoa da; pertsona horrek horrelakoak egitea edo esatea, eta horren ondoren hori gertatzea litekeena edo beharrezkoa izatea. Hortik dator, halaber, zailtasunen konponbideak berez agertu behar direla, eta ez Medearen tramoia (deus ex machina) edota Iliadaren itzulera erabiliz. »

Poetika, Aristoteles. III, 15


Horaziok ere deus ex machinaren kontra agertu zen, Nec deus intersit, nisi dignus vindice nodus (euskaraz: «ez iezaiozue jainko bati esku harrarazi, drama jainko batek konpontzea merezi duenean izan ezik») esanez.

Koherentzia aldatu

Normalean, ez dugu gidoietan sakon murgildu behar deus ex machinaren adibideak aurkitzeko: azken uneko heroiaren agerpena, ustekabeko zalditeria-karga, eklipse egokia, edo bilauaren ergelkeria harrigarria protagonistei planak kontatzean denbora galduz gero. Lan gehienetan oso zaila da elementu horiek ez agertzea. Motiboa, orokorrean, sinplea da: gidoi askotan, trama gainontzeko elementu guztiak egokitu behar diren sorkuntzako ideia primarioa da.

Horrelako gertaeren arazo nagusia da barne-koherentziarik eza hautematean datza, irakurleen, ikusleen edo aktoreen artean deserosotasuna sor dezakeelako. Gidoilariarentzat, narrazioak ezarritako kausalitate kopuru justua maneiatzen zaila den osagaia da: batez ere, sortu nahi duen trama lortzeko metodo erraza delako, baina, era berean, multzoa sinesgarria ez izatea edo absurdoan erortzea ere eragin dezake.

Hori saihesteko, zenbait teknika narratibo erabiltzen dituzte, nagusienak planting eta pay-off direlarik. Planting elementu edo eszena baten sarrera da, lehen elementuarekin lotzen duen pay-off baten bidez askatzeko.[4]

Beste modu bat deus ex machina zein gertagaitza edo gorabeheratsua den frogatzea edo argi eta garbi aitortzea da. Casablanca filmean, munduko leku ezkutu batean topo egin ondoren, protagonistak berak horrelakorik esaten du:[4]

« Munduko hiri guztietako jatetxe guztietatik, nirean sartu behar. »

Humphrey Bogart, Casablanca.


Ikus, gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Ceccarelli, Marco. (2004). International Symposium on History of Machines and Mechanisms. Kluwer Academic Publishers ISBN 1-4020-2203-4..
  2. (Gaztelaniaz) Figuras literarias. Deus ex Machina. .
  3. (Ingelesez) Shipley, Joseph T.. (1943). Deus ex machina. in: Dictionary of World Literature: Criticism, Forms, Technique. New York: Philosophical Library, 156 or..[Betiko hautsitako esteka]
  4. a b (Gaztelaniaz) Literaturas. Deus Ex Machina: ¿qué es y cómo evitarlo?. .

Kanpo estekak aldatu