Cañón del Río Lobosko natura parkea

Cañón del Río Lobosko natura parkea (gaztelaniaz: Parque natural del Cañón del Río Lobos) Espainiako Parke Naturala da, Soriako probintziaren ipar mendebaldean dagoena (Gaztela eta Leongo Autonomia Erkidegoan).

Cañón del Río Lobosko natura parkea

Kokalekua Gaztela eta Leon
Azalera95,8
Sorrera1985eko urriaren 10

9.580 hektareako eremua du eta Lobos ibaiaren bi aldeetara hedatzen da, ibaiak dituen 14 kilometroetan. 1985ean izendatu zuten Parke Natural, bere izadi-baliabide garrantzitsuak zirela medio.

Parkea egituratzen duen ibaiak Mesozoikoko kareharriaren sedimentuetan egin du bere ibilbidea, toki batzuetan 40 metroko garaierako hormak dituen arroila ikusgarria eratuz. Arroila nagusia eta bigarren mailako beste batzuk, zona horretako kareharrian gertatutako erosioaren adibide bikaina dira, baina beste era bateko fenomenoak ere aurki daitezke: torkak, dolinak eta hustubideak, esate baterako. Landareetan, miterra da nagusi, tarteka artearekin nahastuta, eta toki garaietan, berriz, larizio pinua erabili da basoa berritzeko. Belar usaintsuek osatzen dute sastraka, ezkaiak, oteak eta izpilikuak. Lobos ibaiak amuarrain ugari du, eta bere ertzetan lertxunez, makalez, sahatsez eta haltzez osatutako basoak daude.

Horrez gainera, parkeak oso fauna aberatsa du, hegaztiek (gehienak harrapariak: sai arrea, sai zuria, belatza eta hontz handia) eta ugaztunek osatua. Hori dela eta, 1979an Hegaztien Babesleku Berezi izendatu zuten (ZEPA, Zona de Especial Protección para las Aves).

Ibaiaren ibilbidean zehar hainbat ermita daude, baina nabarmentzekoa da Parkearen hegoaldean dagoen San Bartolomerena, XII. mendekoa.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu