Marrubia[1][2][3] edo basamarrubia[4][5] (Fragaria vesca), halaber arrega (Ipar.) edo mailuki (Bizk.), Fragaria generoko espeziea da, sukaldaritzan estimatuak bere fruitu gorri mamitsuengatik. Euskal Herrian topatu dezakegun basoko espeziea da. Ez da baratze-marrubiaren (Fragaria x ananassa) basa barietatea, zeina gehien kontsumitzen den gaur egun, baizik-eta espezie erabat independentea. Marrubia Antzinarotik gustukoena izan zen Europan, eta XIV. mendetik aurrera bere laborantza antolatua hasi zen. XVIII. mendera arte ustiatua izan arren, baratze-marrubiak ordezkatu zuen marrubien ekoizpenean[6], fruitu handiagoko barietate amerikarren hibridoa dena. Marrubiaren zaporea ordea, biziagoa da, eta gourmet batzuek nahiago dute.

Basamarrubi
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaRosales
FamiliaRosaceae
GeneroaFragaria
Espeziea Fragaria vesca
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakFragariae folium (en) Itzuli, alpine strawberry (en) Itzuli eta wild strawberry seed (en) Itzuli
Artikulu hau Fragaria vesca landareari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Marrubi (argipena)».

Euskara batuan forma hobetsia erdialdeko marrubi da [1], baina beste bi forma ere onartuta daude: mendebaldeko mailuki [7] eta Lapurdiko kostaldeko arrega[8][9].

Euskara batuan onartuta ez dauden hitzen artean, euskal hitz hauek ditugu: aulubi, maguri, mahali, mailubi, marabio, maraguri, maramo, maranburu, margu, metra edo oilobio.[10]

Hiztegi batzuetan, merkatuetan gehien hedatu diren baratze-marrubietatik bereizteko basamarrubi[4][5] edo basoko marrubi[11] deritze, batez ere basoetan aurkitzen eta gutxi dendaratzen direlako. Dena den, antzeko izena duen basarregatzea beste landare desberdina da (Potentilla reptans).

Ezaugarriak

aldatu
 
Fragaria vesca
 
Basamarrubiak
 
Fruituaren xehetasuna
 

Marrubia, landare belarkara bizikorra da. Oinaldeko hostoak, peziolo luzekoak, trifoliolatuak eta horzdunak dira. Linbo iletsu samarra, sarri askotan, bigarren mailako nerbioen arabera zimurtua izaten da.

Zurtoin loredunak 30-40 cm luze izan daitezke. Loreak, hermafrodita autoemankorrak, zuriak dira eta apiriletik uztailera loratzen dira. Landarea udazkenean loratzen da berriz batzuetan. Loraldi etengabeko barietateek lau loraldi dituzte egiazki: udaberrian, uda hasieran, uda amaieran eta udazkenean.

Landareak estoloi ugari sortzen ditu, sinpodialak.

Fruitua

aldatu

Ohiko hizkeran fruitu deritzona eterio mamitsu bat da, non akenioak ezartzen diren. Kolore gorri edo hori-zurixka du, barietatearen arabera, eta forma oboide luzanga, apur biribildua. Oso perfumatua izan ohi da. Eterio bakoitzean, 150 eta 200 hazi daude hartuta.

Habitata

aldatu

Fragaria vesca Ipar Hemisferio izan osokoa da, eta Ipar Amerikan, Europa osoan eta Asiako iparralde basoetan hazten da. Nahiago ditu lurzoru hezeak, ongi drainatuak, elikagai eta humus ugari dutenak; eguzki apur bat behar du, baina ez gehiegi, eta basoetako soilgune eta ertzetan hazten da.

Erabilerak

aldatu

Basamarrubia historiaurretik kontsumitzen da, aurkikuntza arkeologiko askoren lekuko. Greziar eta erromatarren artean ezaguna izan zen; olerkari batzuek bertsoak eskaini zizkioten, horien artean Ovidio, Plinio eta Virgiliok. XIV. mendetik aurrera laborantzari ekin zitzaion, eta fruitu handiagoak eta garraztasun txikiagokoak lortu ziren. Hieronymus Bock (1498-1554) botanista eta medikuari zor zaio landarearen lehen deskribapen botaniko zientifikoa.

Txileko marrubia (Fragaria chiloensis) eta Virginiako marrubia (Fragaria virginiana) aurkitu zirenean eta bien arteko hibridoa den baratze-marrubia garatu, bere laborantza murriztu egin zen, eta XVIII. menderako erabat baztertua izan zen.

Basamarrubiak zapore biziagoa duenez, noizean behin fruitu gourmet gisa kontsumitzen da, nahiz eta nukula garratzak izaten diren ahosabaian eta, ondorioz, marrubi honen konfiturak beste fruitu batzuekin nahastu ohi dira.

Gaur egun, sendabelar bezala erabiltzen da; tanino ugari ditu, eta, beraz, astringentea da. Hostoak egostea anemiarako eta gibeleko gaixotasunetarako erabiltzen da, egoskinean. Mendafin (Mentha x piperita) hostoekin nahastuta arropa zuriaren garbiketa antiseptiko gisa erabiltzen zen. Dekokzioa (egosketa) ere erabili izan da hezueria tratatzeko; Lineo bera sendatu zela esaten da, basamarrubi-te bidezko tratamendu batekin.

Printzipio aktiboak

aldatu

Hostoek tanino kondentsatuak dituzte, flabonak, flabonoideak, leukoantozianosidoak, esentzia-olioen arrastoak, azido askorbiko kopuru txikiak, alkohol triterpenikoa: fraganola, gatz potasikoak.

Sustraiek tanino katekikoak (%12) eta pirogalikoak dituzte; alkohol triterpenikoa: fraganola, gatz potasikoak.

Fruituak: eratorri antozianiko ugari, esentzia-olioak, pektina, heterozidoa (fragerosidoa).

Taxonomia

aldatu

Fragaria vesca Lineo naturalistak deskribatu zuen eta Species Plantarum lanean argitaratu (1: 494–495. 1753.[12]).

Etimologia
  • Izen generikoa, Fragaria, latinetikoa da « fraga », « marrubia » edo « lurrina »
  • Izen espezifikoa vesca, « txikia ».
Sinonimoak
  • Fragaria chinensis Losinsk.
  • Fragaria concolor Kitag.
  • Fragaria nipponica auct.[13][14]
  • Potentilla vesca (L.) Scop.

Beste izen arruntak

aldatu

Fragaria vesca tokiko euskarazko testuetan:[10] arrega (arraga, araga, arraba); arregatze (arragatze, aragatze); aulubi (aulobi, ailubi); basa-marrubi (basamailuki); larre-marrubi (larre-malubi); maguri (magauri, magurri); mailubi (malubi, maulubi, mauli, mallabi, maidubi, maubi, malhuri, maiobi); mailuki (mauliki, maillugi, maillugai, mallugin); marabio; maraguri (mariguri, marauri); maranburu (maraburu); margu; marrubi (marubi, mahurri, maurgi, mauri, maruri, marrobi, marhobi, mauru, maurdi, marubil, maduri); marrubiondo (marhobiondo); oilobio (moilobio); batzuetan mahali; manguri; maramo; maruga; marzuza (mazura); metra.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b «Marrubi». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-4-23.)
  2. «Marrubi». Hiztegi terminologikoa (2003). Euskalterm.
  3. «Marrubi». Orotariko Euskal Hiztegia. Noiz kontsultatua: 2021-4-28.
  4. a b Basamarrubi Orotariko Euskal Hiztegian (noiz kontsultatua: 2021-4-23)
  5. a b Elhuyar hiztegia (noiz kontsultatua: 2021-4-23)
  6. Welsh, Martin. Strawberries. Nvsuk.org.uk.
  7. «Mailuki». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-4-21.)
  8. «Arrega». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-4-23.)
  9. Euskararen Herri Hizkeren Atlasa, Euskaltzaindia.
  10. a b Orotariko Euskal Hiztegia, Euskaltzaindia.
  11. Zehazki hiztegia
  12. «Fragaria vesca» Tropicos.org. Missouri Botanical Garden (Noiz kontsultatua: 2014-3-11).
  13. https://web.archive.org/web/20090315183230/http://www.catalogueoflife.org/show_species_details.php?record_id=630211
  14. Fragaria vesca in The Plant List

Kanpo estekak

aldatu