Orotariko Euskal Hiztegia

euskarazko hiztegi eta corpusa

Orotariko Euskal Hiztegia (OEH siglaz eta Orotarikoa izen laburtuaz ere ezaguna) euskararen aro eta euskalki guztietako idazkietako lexikoa jaso eta antolatzea xede duen hiztegi historiko deskriptibo bat da, Euskaltzaindiak egin duen lanik handienetako bat.[1] Koldo Mitxelenaren ardurapean hasi zen egiten, eta lantaldearen burua Ibon Sarasola izan da.[2] 1987an argitaratu zen paperean lehen liburukia, eta 2005ean azkena, hots, 16.a. Euskaltzaindiak Internetez eskaintzen du hiztegiaren oinarrizko bertsio elektronikoa, Creative Commons lizentziapean (CC-BY-NC-CA), paperezko bertsioa osatu (adibidez, geroago agertu zen Lazarragaren eskuizkribuarekin) eta zuzendu duena.

Orotariko Euskal Hiztegia
Jatorria
Sortzailea(k)Koldo Mitxelena eta Ibon Sarasola
Sorrera-urtea1987
Argitaratze-data1987
ArgitaletxeaEuskaltzaindia
Ezaugarriak
Dimentsioak5.800.000 (luzera) hitz
Hizkuntzaeuskara
Emanaldia
Amaiera-data2005
euskaltzaindia.eus…
Euskarazko testu-corpusak, Igone Zabalaren aurkezpen batean (2018)
Ibon Sarasola

Hiztegirako hitzak biltzeko —hau da, corpusa osatzeko—, 1970eko hamarkada arterainoko 310 obra oso aukeratu zituzten. Hortik, 5.800.000 hitzeko testu-corpusa sortu zuten. Orotariko Euskal Hiztegiaren corpus moduan ezaguna dena. Hiztegiko sarrera bakoitzean xehetasun hauek ageri dira: hitza, hitzaren aldaerak, aldaera bakoitzaren euskalkiak, aldaeraren idatzizko lehen erabileraren urtea, hitzaren esanahia eta erabileraren adibideren batzuk. Orotariko Euskal Hiztegia 310 idazki horietan oinarritzen da gehienbat, baina bestetako iturriak ere (hiztegiak, lexiko bilduma dialektalak, etab.) erabili ditu; jakina, munduko hiztegi guztiek bezala, ez ditu euskaraz izan diren eta diren hitz guzti-guztiak jaso, ezinezkoa da eta.

Koldo Mitxelenaren ekimenez abiatu zen, eta hark ezarri zituen lanaren oinarriak. Lehen liburukia kaleratu baino lehentxeago hil zen, 1987an, eta orduan Ibon Sarasolak hartu zuen lanaren gidaritza. Gabriel Fraile ere ari da hiztegian lan egiten.

Orotariko Euskal Hiztegia Hiztegi Batuaren oinarri nagusia da, baina ez bakarra.

OEH Corpusa aldatu

 
Koldo Mitxelena

Orotariko Euskal Hiztegiko corpusak garai, toki eta mota guztietako euskal hitz-ondarea bildu nahi du. Hots, tradizioaren bilketa-lanean oinarritzen da proiektua.

Orotariko Euskal Hiztegia corpus diakroniko itxia da, 1970. hamarkada arte iristen baita. 310 obra oso "aukeratu" biltzen ditu, 5.800.000 hitzek osatua; kodetu eta lematizatu gabea. Hala ere, euskararen historiaren altxor ezinbestekoa da. Sailkapen orokorra du: epea, euskalkia, eta testu mota zabala. 2020ko bertsioak 146.134 sarrera eta 56.781 azpisarrera biltzen ditu, eta 485.168 adibide erakusten ditu (hiztegiak dituenetatik % 80 inguru). Hiztegiaren egitura formala Text Encoding Initiative (TEI) gidalerroen arabera definitu da. Creative Commons lizentziapean banatzen da (CC-BY-NC-CA).[3]

Erreferentziak aldatu

  1. «Orotariko Euskal Hiztegia Euskaltzaindiak burutu duen egitasmo handienetakoa da, zalantzarik gabe, handiena ez bada. Hiztegigintzan ari direnentzako nahitaezko erreferentzia da. Hiztegi historiko honetan jaso dira euskaraz idatzi diren liburu esanguratsu gehienak, aro eta euskalki ezberdinetakoak.»
    Euskaltzaindiaren webgunean Orotariko Euskal Hiztegiak duen hasiera orritik jasoa, 2010eko ekainaren 6an.
  2. Pello SALABURU: «Orotariko Euskal Hiztegia, autoritateen hiztegia», Sareko Euskal Gramatika.
  3. «Orotariko Euskal Hiztegia - OEH - OEH» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-28).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu